Hastea, eta astea. Astea egin du txoko honek. Hastea omen da zailena. “Hasiak erdia egina; egina, urre gorria”, dio esaerak. Hemen urre gorririk ez duzue aurkituko, baina solasgaia bederen topatzen baduzue, nahikoa eta sobera litzateke Solasturirentzat.
Zenbatean behin? Horra blogari eta blogari ustekoon galdera. Lehenbiziko egunetan egunero sartu dut zerbait, abian jartzeko gehienbat, baina ez da nire asmoa hala jarraitzea. Astean bizpahiru testutxo egiten baditut, aski. Hain zuzen ere, zenbatero ongi esana dagoen izan dugu hizpide, aste honetan, Itzul posta-zerrendan (urtarrileko mezuen sail horretan, bukaera aldean ikusiko duzue). Ezezko iritzia atera da nagusi, nahiz batzuei normal samar egiten zaigun eta idazle batzuek ere erabili duten. Zenbatetik, zenbatean behin eta halakoak dira adierazpide jatorrenak. (“Zenbatero” baino are okerragoa “noizero”). Erantzunetan “bi astero” modukoak gaizki daudela esana zegoen lehendik, orain iturri zehatza aurkitu ez badut ere (“astero” bai, baina “bi astean behin”, “bi astetik behin” edo “bi astez behin”).
Itzalaldia argitu. Bikaina, herenegun, izenburu hau Berrian: “Jaurlaritzak espedientea zabaldu dio Iberdrolari, itzalaldia argitu dezan”. Ez dakigu argirik ikusiko dugun, baina.
Zipetara erotua. Aitortu behar dut, literatura-lanetatik baino gehiago, Berrian idazten dituen zutabeetatik ezagutzen dudala Aurelia Arkotxa. Gauza xumeen kontakizun xehean, harrapatu egiten nau. “Amua hartzen nuelarik, harrak eta zizareak ontzietan sartzen, bazekien zipa arrantzara nindoala: harendako besta. Erotua baitzen zipetara.” Zipa, txipa edo ezkailua.
Blas eta Bladi. Alegia, gaur San Blas eguna dugula. (Badaezpada: hor Blaskoain deitura agertzeak ez du esan nahi herria Belaskoain ez denik). Olariagaren marrazkian ageri den moduan, “artaburuak bedeinkatzeko eguna”.
Artaburu on! Barkatu, asteburu on! Ez ibili urduri, eta izan solasturi.
Erantzunak
Nork: Iñigo R..2006/02/03 13:36:41.547 GMT+1
Nork: Solasturi.2006/02/03 13:52:42.732 GMT+1
http://www.blogak.com/solasturi
Eta bizkaitarrona ahaztu dozu, Patxiku: aste birik behin. Ea sarriago egiten deutsudan kukuren bat, polito ekin deutsazu eta.
Nork: Iratxe.2006/02/07 21:37:08.645 GMT+1