Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2010/08/10 16:39:19.519 GMT+2

Mundua zuretzat, beija flor

Aspaldiko Maia,

denporia da gure arteko bizipenik idatziz jaso ez dotela. Deskantzuan dihardut aspaldi honetan (nagikerixan, alperkerixan be deittu leikixo). Kanpokuak pixkat ahaztu eta geuretako denporia hartzen, neure burua zaintzeko eta zurekin tarte gehixago elkarbanatzeko. Igarri be geruago eta gehixago egitten zaittut barruan, hazi eta hazi jarraitzen dozu eta nere sabelak ez dau asko gehixagorako emoten. Sotina eta arnasia eta dantzak eta danak igartzen dotsuraz honezkero. Eta nik zuri horrek danok igartzen badotsuraz, zuk neri zer ez? Azken 8 hilabetietan onduen ezagutzen nabena zeu izaten zabiz. Zeuk dakizu nere barruko sekretuen barri. Gizurretan jardun neikixo neure buruari, baitta inguruko edozeini be, nahi izan ezkero, baina zuri ez. Zuk nere benetako energia zuzen-zuzenian jasotzen dozu, nere pozak edo amorruak edo beste edozein sentipenek sortzen dittuen hormona danak zuzen-zuzenian jasotzen dozuz. Nahitta be ezin plantarik egin zuri. Eta zelako ederra dan hori, ezta? Gure arteko harremana hasiera-hasieratik zintzua, purua, benetakua izatia. Betiko ahalko bagendu hola... Zuk urte bittan edo halaxe jarraittuko dozu, inuxente-inuxente, natural-natural, konturatuko zaran arte itxurak, gizurtxuak zenbaterainoko tartia dauken giza harremanetan. Baina ez naiz aurreratuko. Gozatu deigun gure zintzotasun eta edertasunaz.
Badatoz zuretako oparixak. Erropak, zapixak, telazko pardelak, krema-olixo-suero eta abarrak, euskal jantzixa be badaukazu ia, panpinak, jolasak, sehaskia... Zure mundutxua osatuz doia. Mundutxo txikixa gertu dago zu hartzeko: familixa dana irrikaz beteta, lagunak ze esanik ez, danak zurtako oparixok ekartzen... danak zure galdez, noiz ezagutuko zaittuen zain. Mundutxo txikixa gertu dago, baina eta mundu haundi hori??  Ze mundu lagako dotsugu zuri eta zurekin batera datozen belaunaldi barri horri?

Aspaldi juan zan Euskal Herri bukoliko haura, inoiz izan bazan. Eta pixkaka-pixkaka hainbeste desarrollismo, txikiziño eta abixadakin lora bakar bat hazteko tarterik be ez da izango baztarretan. Zure birraittittan jaiotetxia eta hango historia, hango baztarrak, hango landare eta animalixak, hango bakia... abixada haundiegixa eruango daben trenak aurrian eruango dittu danak. Ez da zuretako halako altxorrik izango. Eta ez dakizu ba aittittak zelako penia daukan horrekin. Bizi guztian zaindu eta bizi eraindako baztar eder horrek ezin zuendako laga. Hainbeste urtian sortutako edertasun eta armonia hori, txof! Oinpian zapaldutako karakola moduan geratuko da. Eta emoten dau gainontzeko danok ez garala konturatzen, ez garala benetan bizitzeko biha doguna ze dan konturatzen. Harrapatzen dogun dana kontsumitzen eta apurtzen eta apurtzen gabiz, berdin da zeinen gainetik edo azpittik, zeinen kontura, zeinen sufritzen daben horren erruz, zer galtzen dan, zer ondatzen... Berdin da. Oin oin oin oin oin eta oin. Ni ni ni ni ni eta ni.

Eta zuretako zer, Maia? Ipuintxo hau behintzat bai:

A liçao do beija-flor
Herbert de Souza


”Há muito tempo atrás, uma floresta cheia de árvores, pássaros e flores começou a pegar fogo. Na confusão, os animais corriam tratando de salvar sua própria pele. Foi aí que um leão parou ao ver um beija-flor que, com seu minúsculo bico, pegava água do rio e jogava no fogo. Fazia sucessivamente este movimento, indo ao rio e voltando à floresta para aspergir o fogo.

— Ah! Beija-Flor, você acha que sozinho vai apagar esse fogaréu todo? Questionou o leão.

E o Beija Flor respondeu:

—Sei que não posso apagar esse fogo sozinho, estou apenas fazendo a minha parte.”


Nork: Arianne.2010/08/10 16:39:19.519 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2010/06/21 08:00:29.014 GMT+2

Betiko edo

Kaixo matte!

Pentsatzen jardun dot gaur zelako berdinak eta kontrakuak dian baten bat hil edo jaiotzen daneko sentipena. Gertuko batek gure munduari agur esan dotsa "betiko" eta pentsakor laga nau. Negar egitten dogu eta tristetu egitten gara gehixago gure artian egongo ez dalako, gure zentzumenekin igarriko ez dogulako. Gure pentsamendu eta imajinaziñuak laguntzen dosku pertsona maitatu horren desagerpena gutxinaka izan dein, berakin emondako ordu ederrak akordauaz, bere irriparra gogoratuz... Antzerako zeoze pasatzen jata neri zurekin, baina alderantziz. Ezerezetik zatoz, lehen ez zinana zara, eta pixkaka nere sabel barruan hazten diharduzun eran, zu sortuz noia. Argittara etorriko zaran momentuan zelakua izango zaran imajinatzen, zure irriparra sortzen, zure begiradia, zure irri eta negarrak, zure maittasuna... Ikusi eta usaintzen ez bazaittut be, bazabiz ezebez hortatik betiko etortzen. Betiko. Behin jaixotzen zaranian betiko izango zaralako neretako. Ez dago bueltarik. Betiko juaten dia batzuk eta betiko etorri bestiak. Bi sentipenak izan dittut eta bata bestiak konpentsatu moduan egin nau, betikotasun hori zalantzan ipinitta.

Eta zu sortzen-sortzen zabizen hala, izena be ipiniko dotsugu. Badaukagu pentzauta honezkero eta mila bidar entzungo zenduan zuk: Maia izango zara guretako. Eta konturatu naiz zuk gu be sortu gaittuzula eta izen barrixa ipiniko doskuzula: zuretako AMA izango naiz. Barriketan ikasten dozunian ez nauzu Arianne, andereño, neska edo bestelako modu baten deittuko, AMA esango dostazu. Hunkittu egin nau momentu horretan pentsatziak. AMA. Hain da berba sakon, sinple, goxo eta esanguratsua. Berdin Iñigori be: ATTE esango dotsazu. Ez dau aitatxo eta holakorik nahi: ATTE nahi dau, goxotasunez, sentimenduz eta nortasunez esandakua. Guk zu sortu zaittugu, MAIA, eta zuk beste gu bat sortuko dozu: AMA eta ATTE. Betiko edo.

Nork: Arianne.2010/06/21 08:00:29.014 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2010/05/19 17:12:49.001 GMT+2

Euskara esnetan

Arratsalde on txiki!

Saiatzen naiz zu ondo elikatzen, ez pentsau, danetik jaten, garbi jaten, goxo tentagarrixeri tartian behin ezetz esaten... Eta nahi beste, ase ezineko beste emoten dotsut euskeria. Ama hizkuntza, amagandik datorrena, hasi zara hartzen biribiltxo huts bat zinanetik, eta horrek be elikatzen zaittu.

Elikatzen dau zure izatia,
gure komunitate eta familian parte egitten zaittu,
 kultura eta komunikazio era baten parte,
 belaunaldiz belaunaldi ahoz aho etorri dan hizkuntza eder baten testigu eta eramaile.
Bihotzetik gorputz guztira banatuko dotsut euskara,
zure zelula txiki guztiak elikatu deixezen
eta nor izate baten harrotasuna izan deizun,
mundu zabal honetan txiki haundi bat izan zaittezen,
uniformizatzeko arriskuan daguan mundu honetan kolore tanta baten zati izan zaittezen.
Sustarrak dittuan zuhaitz zabal, adartsu eta bizixa izan zaittezen.

Sarasuak diñuan moduan, "elean hiztun" izan zaittezen, etorkizunian eleaniztun izateko.

Hori be esne dozu, elikagai. Euskara esnetan.



Aho hortzetatik
emango dizut nire esnea;
fonemak, silabak, hitzak, esaldiak...
neure beste esnea.
Zure abestiaren fonetika,
zure ipuinen lexikoa,
zure jolasen ortografia,
zure sentimenduen sintaxia,
zure pentsamenduaren gramatik.

                        Miren Agur Meabe

Amaren sabeletik erditzen gara,
ama hizkuntzaren sabeletik.

                       Jon Maia

Nork: Arianne.2010/05/19 17:12:49.001 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2010/04/26 19:36:37.395 GMT+2

Kanguroen pare

Roxa, roxa, roxa eta roxa. Neskatila bat datorrela inguruan jakin dutenetik arropa roxa, toalla roxak, txaketa roxak... jaso ditugu. Ez ote dago beste koloreren batekin umeari ondo-etorria ematerik? Hau txikle mundua!!

Barruan daroadana kanpora agertzen denerako gertu egotea da gurasoen lan haundietako bat, eta prestakuntzetan dihardugu ordua heltzen denerako. Alaba batetik bestera zela erabili pentsatzen jardun dugu eta gure aukera hauxe: zapi artean. Umearentzat amaren sabelean egotearen antzekoena zapiz batuta aita edo amarengandik zintzilik joatea da, kanguroek beren kumatxoak eramaten dituzten modura.



Pisua hartzen duenean, zer? Gurasoei laga behar diezuenean, zer? Euria eta giro exkaxa egiten duenean, zer? Zenbat holako entzun ditugun denbora laburrean. Betikotik urtetzea gogorra egiten zaigu gero! Zapi artean erabiltzea izango da gure aukera, baldin eta arazorik sortzen ez badigu. Bizkarreko minez hasten bagara, edo aittitta-amamek umea horrela erabiltzeari guztiz uko egiten badiote edo umea izoztu egiten bazaigu, ba noski, beste zerbait pentsatu beharko dugu. Baina berdina galde diezaiokegu kotxetxoan umea eramaten duenari: umeak amarengandik hain urruti egotearren kontaktua negarrez eta negarrez eskatzen badu, edo hain leku zurrunean posturarik hartu ezinda ibiltzen bada eta aldakako arazoak baditu, edo zerura begira joateak gusturik ematen ez badio edo... Kotxetxoak ere baditu bere alde txarrak, ezta? Onak bezain beste, seguru.



Gure aukeraren alde on batzuk:
  • Amaren sabelean umeak ezagutzen duen soinurik ohikoena amaren bihotz taupadena da. Umea jaiotzen denetik zapi artean, bularraren ondoan, eramateak lasaitasuna ematen dio, bereziki amarekiko (baita aitarekiko) kontaktuagatik eta bihotz taupadak entzuteagatik. Helduok maitasuna behar badugu, zenbaterainoko maitasuna behar duen jaioberriak! Norberarekin bat eginda maitasuna erabatekoa da.
  • Bularra emateko ere, postura aldatzea besterik ez du. Tente joan beharrean, etzandako postura eman, zapiarekin berarekin sehaska forman eutsita, eta bertatik bertara elikatzeko aukera.
  • Gure herriko aldapa eta eskaileretan gora eta behera ibiltzeko... zer esanik ez...Edo autobusera igotzeko, edo komunera joateko, edo leku estu xamar batera sartzeko...
  • Umea aldean izanda ere, norberarekin, eskuak libre izan ditzaket beste edozer egiteko; bloga idazteko, sukaldatzeko...
Eta jarraitu nezake arrazoiak ematen eta ematen...baina bi izan dira erabaki hau hartzera bultzatu nautenak: Guatemalan haurrak neure aldean eramateko bizipena oso gustagarri eta eder sentitu izana eta Iñigoren adostasuna.



Ni ere kanguro!

Nork: Arianne.2010/04/26 19:36:37.395 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2010/04/07 08:03:15.937 GMT+2

Beldurrei aurre egiten

Kaixo matte,

Hasi zara dantzan zu ere. Hasi zara hanka eta beso eta buru eta lepo astintzen. Xuabe-xuabe diharduzu, goxo, baina nik igartzeko moduan. Ba igartzen zaitut, bai. Hasieran beldur pixka batekin, lehenengo aldiz horrelako sentipenak izatearen ezjakintasuna. "Zer ote da? Zu ote zara? Ala zeoze txarra gertatzen ari da?". Ergela izan behar... baina hala hezi gaituzte, mesfidati izateko, txarrena pentsatzeko, beldurraren gizartean... ene... eta zeu zinen jolasean barren! Emaginari ez zintudala sentitzen ere esan nion, pentsa zenbaterainoko zalantzak! Baina badakit zu zarela, bai, orain bai.

Eta beldurrak aipatzen hasita, beldurrekin segi behar. Lehenengo aldiz haurdun geratzeak beldurrak eragiten ditu, ezezagunari beldurra (horrela hezi gaituzte). Eta izan ditut beste beldur momentu batzuk ere: lehenengo hilabeteetan zu galtzeko beldurra, erditzean gerta daitekeenari beldurra, arazoren batekin jaioko ote zaren beldurra, hazten zarenean zerbait txarrik gertatuko ote zaizun beldurra... eta segi nezake zerrendarekin. Baina argialdiak ere izaten ditut, egunak bezela, eta beldurrei barre egin eta aldamenera baztertzen ere badakit.

Irakurri aurretik banekien zurekiko komunikazioa barbantxotxo bat zinen momentutik hasiko zela eta horrek zure garapena eta geroa baldintzatuko dituela. Behin baino gehiagotan irakurri dut: sabel barrutiko heziketa edo jaio aurretiko heziketa. Garrantzitsua dela zurekin harremanetan egotea, biok elkarrekin komunikatzeko tarte intimoak hartzea, zuri berba egitea, kantatzea, kulunkatzea, dantzatzea, poza transmititzea, ilusioak, alaitasuna, lasaitasuna... Hori dena jasotzen duzula jakinekoa da eta hortan saiatzen naiz, zilbor-hestean zehar maitasuna eta bizitzaren edertasuna ematen. Tarteka amorrua, haserrea, tristura eta antzekoak ere probatu badituzu ere... Hortatik ere ikasiko duzu, munduratzean balioko dizute eta. Baina nire indarrik handiena bizipenak eta prozesu guztia ondo eta lasai joango dela pentsatzen emango dut. Seguru nago, adibidez, erditze lasai, erraz eta eder bat imajinatzen badut behin eta berriz, halaxe gertatuko dela. Norberaren esku dago eta ia dena.

Komunikatzeko gaitasunak egiten gaitu pertsona. Orduan, nola ez komunikatu pertsona izateko garapenean zauden horrekin? Noski baietz. Ulertu ez dakit zenbat egiten duzun oraindik, baina sentitu badakit baietz. Nere sentipenik onenak zuretzako, ttiki!

Nork: Arianne.2010/04/07 08:03:15.937 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/03/14 20:09:22.291 GMT+1

Arroxa ala urdina?

Kaixo ttiki,

zer zara arroxa ala urdina? Hainbeste jendek galdetu dit... "neska ala mutila?". Eta oraindik ez dakit galdera topiko bat den ala benetan inori ardura dion bata ala bestea zaren.
Neska esaten badut, seguru askok soineko arroxa batekin barrez-barrez imajinatuko zaituztela, neskatila txintxo eta xinpatika bat. Mutila esaten badut, baloi bati ostikoka edo bihurrikeriaren bat egiten ("mutiko-mutikua da!"). Noraino dauzkagun klitxe horiek sartuta!
Neri berdin-berdin dit neska ala mutila zaren. Egia esan, jaio eta besoetan izaten zaitudan arte ez baldin badakit ere ez dit batere axola. Agian medikuari esan ere egingo diogu ez esateko. Gerta daiteke guk geuk geure begiekin ikustea zure gorputzak zein sexu daukan baina gu, tontolapikook, konturatzen ez bagara, ez dugu galdetu ere egingo. Ala porai! Eta baldin badakigu, ez dugu esango! Toma!
Bestela, badakigu zer datorren: arroxa edo urdin argi koloreko arropa bata bestearen atzetik. Eta ez dugu ume arroxa edo ume urdinik izan nahi. Eta ez digu axola ezezagun batek neska izanda "zelako mutiko politta!" esaten badu edo alderantziz.
Gure moduan, kolore alaiz jantzitako umea nahi dugu gure artean.

Nork: Arianne.2010/03/14 20:09:22.291 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/02/22 19:19:01.953 GMT+1

San Jose lorak

kaixo txiki,

ikusten ez badituzu ere, seguru usaintzen dituzula: hasi dira loratzen San Jose lorak. Negua azkenetan da. Hasi da udaberria bazterretan azaltzen. San Jose lore horixkak mugetan, margaritak zelaietan, lore txiki more eta urdinak bazterretan... badatoz kolorea eta alaitasuna. Eta bazatoz zu ere, kolore eta alaitasuna zabaltzera.

(Argazkia: aiapagoeta.com)

Joan zen astean ikusi zintugun parez pare berriz pantailatxoan. Agur-agur egiten zenigun eskuarekin. Edo agian dantzan zenbiltzan. Edo agian jolasean. Zuk bakarrik jakingo duzu, baldin badakizu. Ezin geldi egon zure txoko txikian. Irriparrak, zirrarak, poza sabeletik bihotzera.

Egunotan txikitako kantuak gogoan dauzkat. Jaio aurretik ere kantatzen dizkizudanak iadanik, gauez lo egin aurretik, egunean zehar bion gozagarri. Amarengandik ikasitakoak, eskolan ikasitakoak, entzunaz ikasitakoak... Zenbat izkutuko mezu dagoen kantu txiki horietan orain konturatzen naiz.

Gaur amets bat egin dut
lotan nengoenean
orain esango dizut
zer dudan bihotzean.

Loretxo bat jaio zait
hemen bihotz erdian
ez du geldi egon nahi
bere txoko txikian.

Burura igotzen da
esnatzen naizenean
bihotzera jeisten da
gaua iristen denean.


Ez dakit zer transmititu nahi zigun eskolan kantu hau erakutsi zigun irakasleak baina nik horrelaxe sentitzen zaittut, bihotzean sortzen ari den eta geldi egon ezin den lore eder bat bezala.

Nork: Arianne.2010/02/22 19:19:01.953 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2010/02/17 10:00:39.822 GMT+1

Barne bidaia: edertasuna sortzen

Kaixo ttiki, ondo etorri!

Pentsatu dut egunen batean nahiko dituzula nere sabelean pasako dituzun 9 hilabeteotako zure amaren bizipenak ezagutu. Zer hoberik gutunak bidaltzea baino, noizbait irakurriko dituzu eta.

Ereindako hazitxoa, ernetzen ari zara, hazten, hazten eta hazten. Mendeak behar dituen edertasuna loratzen ari da nere barrenean. Ezin duzu imajinatu ere egin zure etorreraren berri emateak zenbat irripar eta zorion sortu duen. Banekien haurdun egotearen albistea beti ondo hartua eta pozgarria izaten dela, baina ez nuen hainbesterakorik espero. Hori poza! Horrek maitasun muxu eta besarkadak! Irripar zabalak! Hain gertukoa ez denaren irripartxoa ere, nik ere badakit... esaten duena. Hainbeste zorion sortzen ari zara, oraindik argitara etorri ez zaren horrek. Oraindik lehenengo ernemuina irten zaion baba-aletxo baten parekoa zaren horrek. Baina hain gozoa izan ere!

Eta noiz jakin nuen zure berri? Uste dut sortu zinen momentua zein den ere badakidala. Ezin esan zergatik, baina noizkoa zaren ere sentitu egiten dut. Eta harrezkero nere gorputza aldatzen ari da: bularrak handitzen ari zaizkit, haizea gora eta behera dabil nere barrunbeetan zehar, janariarekin oso mizkin nabil, nekatu egiten naiz, lo pilo-piloa egiten dut... Zenbat eta zenbat aldaketa sortu dizkidazun. Baina oso ondo nago, denek zaintzen naute, goxo-goxo, behar dudan guztia ematen didate. Ezin dut gehiago eskatu.

Louis Amstrongen "What a wonderful world" entzuten ari naiz, eta halaxe imajinatzen dut zure etorrera ere, mundu koloretsu maitasunez betea, bluesaren ikutuarekin. Ederra kantua, ezta? Denetik entzungo duzu hor barrutik, baita Ventos de Saudaderen kontzertuetan nirekin batera fadoak abestu ere (baina xuabe, mesedez, ea norbaitek entzungo zaituen...). Ez zaizu doinu ederrik faltako belarritxoetan.

Ez zaizu ezta norekin jolasturik faltako. Ez herrian ezta kanpoan ere. Inguruko asko daude haurdun, gu bezala. Hor zehar, Buenos Airesko Tigren Rodo eta Flaviaren mutikoarekin txipli-txapla ibiliko zara; Atitlaneko lakuan Tony eta Catalinaren neskatilarekin arrainak harrapatzen irrist eta irri egingo duzu eta Suitzako Alpeetan Audrey eta Vincent-en bikiak zain izango dituzu elur pilotekin borrokan egiteko. Denak zure adinekoak gainera! Hau politta! Desiatzen nago zuek denokin jolasean egiteko!


Nork: Arianne.2010/02/17 10:00:39.822 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2009/11/10 17:33:25.203 GMT+1

Goseari aurre egiteko, txikleak!

Ez da denbora asko pasatu "goseari aurre egiteko, galletak!" artikulua idatzi nuenetik, notiziaren aurrean erabat harrituta. Orain zer eta txikleak!!

EITBk emandako albisteari esker jakin nuen "berri ona". Nutrizio eskasari aurre egiteko eta larrialdietarako eraginkorra izango omen da "garapen bidean" dauden herrialdeentzat A bitaminadun txiklea.

Nola bota daiteke horrelako albiste lotsagarri eta umilagarria (transgenikoekin egiten duten moduan, esaterako) irripartsu eta lasai asko???!!!!

Ez dakit zer esan ere. Mundu hau guztiz txikletan pegatuta dago, ezin despegatuta. Ia txiklearen puxpuilua lehertzeko gai diren behingoz...


Nork: Arianne.2009/11/10 17:33:25.203 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/09/30 16:54:29.120 GMT+2

Pobreak

Pobreak entzun eta zer datorkizue burura? Afrika, Hego eta Erdiko Amerika, Asia, kalean bizi direnak, gosez dauden umeak... oooo...

Behin eta berriro agertzen digute komunikabide santuek (santifikatuek, baina infernuko zulotik etorritakoak gehiago ematen dutenek) bereziki, pobreak dirurik ez dutenak direla. Kontinente urrutiko haietan, han urrin-urrin, urruuuuuuuuti-urruuuuuuuuti bizi diren nonbaiteko jendea dela pobrea. Dirurik ez dutelako, agintariak lapurrak direlako, alferrak direla ere entzun izan dut (hona etorritakoengatik bereziki)...
(Ispilutxo, ispilutxo... garbitu dezala norbaitek ispilutxoa gure burua ikus dezagun...) Baina gutxitan entzuten dut pobretuak, pobretuaraziak esaten. Ondo esan zuen Galeanok "el subdesarrollo es un consecuencia del desarrollo" esan zuenean, hau da, askoren pobrezia ekonomikoa gutxi batzuen aberastasun ekonomikoaren ondorioa, edo zergatik ez esan, soberakina da. Horrelako berbak erabiltzen ditu gizarte modernoak, produzitu eta soberakinak sortzen dituenak. Mundu modernoko jende modernoa da produktu perfektua eta perfekzionatua eta gainontzekoak soberakinak, gosez, ihesaz edo amorruz milaka bazterretan lasai asko hil daitezkeenak. Eta guri zer? Mundu aurrerakoi delako honek produktu guztiekin egiten duen berdina egiten du jendearekin: erabili eta zaborretara. Pobreak daude, zeruan izarrak dauden moduan, eta kitto.

Zer diote hiztegiek? Adibide bat:

Pobre (Harluxet hiztegi entziklopedikoak dakarrena):
pobre

1. iz. eta izond. Bizitzeko behar-beharrezkoa ere ez duen edo ozta-ozta duen pertsona; diru gutxi duena. 2. izond. Berez legozkiokeen ezaugarriak ohi baino gutxiago edo urri dituena. 3. izond. Baliozko gauza gutxi duena. Ikuskizun pobrea.

Bizitzeko behar-beharrezkoa dena, dirua da. Bagatoz berriro diruaren zulora, unibertsoko zulo beltzetara. Dirudunak ez direla pobreak berriz ere. Ai ene... zeinen zikina dagoen ispilua...

EMAN DIEZAIOGUN BUELTA. Lehengoan lagunartean bazkaltzen ari ginela, Ameriketan zehar egindako bidaitxoaz berbetaldi labur bat egin ostean zera galdetu zidan batek erantzuna bazekiela: Eta Guatemalan hemen baino irriparre gehiago egiten dute? Erantzuna badakizue zuek ere zein den. BAI. Haundi eta argi. Galdetu zidanak esandako moduan, seguruena zuek gehienok ere bat baino gehiagori entzun diozuelako edo zuek sentitu duzuelako "pobre" etiketa zaman daramaten herrialdeetako jendeak irriparre gehiago egiten duela hemengo jendeak baino.

Ez ote da irriparrik egiten ez duena pobreagoa? Ez ote ditugu irriparra, besarkada, ingurukoen maitasuna beharrezkoago, oinarrizkoago? Ez ote da lehenengo mundua deitzen dioten hori askooooooooz ere pobreagoa?

Hiztegi, komunikabide eta abar gaiztoen gainetik, gizarte pobrea geurea da, ez gaitezen engaina. Garbitu ispilutxoa.


Nork: Arianne.2009/09/30 16:54:29.120 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)