Beti izan naiz
etxeko txikia. Babesa behar duen mutikoa. Txikitan, behin, aldapan gora korrika
nindoala, erori eta arreba nagusiak eskua eman, altxatu, belaunak igurtzi, musu
eman eta "ez da ezer" esan zidan. Negarrik ez egiten lagundu zidan
horrek.
Orduztik pasa dira berrogei urte inguru, hala ere, bizitzako une aldapatsu
hontan, arreba nagusiaren musu baten osteko " ez da ezer, bizitzak aurrera
darrai" baten zain nago. Malkoek ez baitidate argi ikusten uzten.
Asko
dira txikitan printze urdinarekin amesten dutenak. Loreak ordea, ez zuen
horrelako ametsik egiten, baina nahi zuen bere kide izango zen baten bat.
Konfiantzazko baten bat, baina ez lagun mailakoa edo familiako kidea bakarrik.
Bere konplizea, gauza guztiak, guzti-guztiak kontatuko zizkiona.
Egun
batean, igel batekin egin zuen topo eta igelaren lagun handi bilakatu zen. Ia
dena egiten zuten elkarrekin, eta denborarekin, igela bere printze bilakatu
zen. Lortu zuen benetako konplize bat. Berarekin guztia elkarbanatzen zuen eta
egun ederrak igarotzen zituzten elkarrekin.
Hala
ere, bien artean dena ez zen kotoizkoa. Arantzak sortzen hasi ziren. Printzea
deabru bilakatu zen, negarra eta malkoa zen azkenaldian Lorearen munduan.
Inguruko
erle, txori eta loreek ahal zutena egiten zuten Loreak umorea aldatzeko eta
beti bezain irribarretsu egoteko. Baina ez zuten lortzen... Baina ez zuten etsi,
eta azkenean, Loreak bere ikusmoldea aldatu, eta beti bezain kementsu, aurrera
egitea lortu zuen.
Baina
Lorea bakarti sentitzen zen eta konplizearen hutsunea sentitu zuen. Orduan,
semaforoa ezagutu zuen. Harekin orduak eta orduak pasatzen zituen
kontu-kontari. Zorionean eta atsekabean ziren lagun, baina Loreak ez zuen hori
bakarrik nahi, guztia elkarbanatu nahi zuen berarekin. Baina bere ametsa ekaitz
batek zapuztu zuen, semaforoaren argia ekaitz batek eraman baitzuen.
Lorea
berriro ere triste zegoen, goibel, berarena izan zitekeen argia beste baten
eskuetan zegoelako. Lehen urruti zegoen argia, orain are urrunago zegoela
sentitzen zuen. Baina oraingo honetan ere, aurrera egin zuen inguruko erle,
txori eta loreei esker.
Aurrera
darrai, halakoren batean berarentzako egokia den baten bat aurkituko duelakoan.
Bera bezalako loretxo bat bilatu beharko du dena ondo joan dakion, baina antza
denez, loretxoek ez dute loretxorik nahi, gorako zerbait bilatzen dute...
Zenbat aldiz
entzun dugu “egiozu kasu bihotzari” edo “egiozu kasu buruari”? Zenbat aldiz
egin diogu kasu hori esan digunari? Zenbatetan hartu dugu erabaki egokia?
Ez dakit
erantzuna, baina badakit erabaki bat hartzen dugunean, sarritan, damutu egiten
garela nahiz eta zuzenena izan.
Bi pertsonen
arteko harremana hoztu egin da, maitasuna bada oraindik, bikotekidea
etorkizunerako onena izango ote da? Auskalo. Maite nau? Baietz dio hitzekin,
eta askotan, ekintzekin ere erakusten du. Baina beste batzuetan, pozoia duten
hitzak bidaltzen dizkit postaz bihotzera.
Ganorazkoa al
da laguna? Beharbada, ez da alkoholikoa, noizbehinka parrandan ibiltzen da
(gure adinekoengan arrunta). Ikasketak nola daramatza? Hala moduz, baina
unibertsitatean dabil karrera aurrera atera nahian. Ez du etorkizun txarra.
Kultura maila? Egokia. Beharbada gehiegi daki.
Nahi ez duzuna beti izango duzu aldamenean. Desio duzuna, aldiz, urruti, oso urruti.
Badakigu askotan distantzia zerbait subjektiboa dela eta urruti dagoena gerturatu dezakegula ahaleginduz gero, behintzat.
Esfortzu hori atseginez egiten da maitasunari esker. Baina zenbat irauten dugu horrela? Gainera, ahaleginak egiten dituena bakarra baldin bada, nekatu, aspertu, agortu egin daiteke, eta hori gertatzean, garai batean egon zitekeen magia desagertu.
Hala ere, zerbait edo norbai ahazteko biderik errazena distantzia bera da. Nork ez du pentsatu gauza guztiak utzi, beharrezkoa dena motxila batean sartu eta urruti, oso urruti, joatea? Garai txarretan batez ere. Malko garaietan, guztia aldrebestuta dagoen garaietan...
Ikastea nahi ez duen alaba errebeldea, ezez generaziokoa,
ez du laguntzen, ez du ikasten, ez du ezer egiten. Bere munduan murgilduta
dagoen nerabea, hobeto esan, artista faltsuen munduan murgilduta pozik bizi
dena eta errealitatera itzulitakoan, etxetik alde egiteko gogoa datorkiona...
Ikasketak aurrera ateratzen saiatzen den alaba. Nahiko lukeena baino gutxiago
laguntzeko aukera duena. Ematen duena baino ahulagoa dena eta buruan hainbat kortozirkuito
dituena...
Lanik gabe dagoen senarra, mende erdi bete ostean, adin zoroaren garaia pasa ez
zaiona. Lanik ez, diru gutxi eta begietatik operatu nahi duena betaurrekoak
janzteko baino alperragoa delako...
Geldi egon ezin den ama, gauzak presaka egin nahi dituena, baina arreta ez
jartzearren eta memoria arazoak etorri zaizkiolako lehen erraz egiten zituenak
orain nekez egin ditzake alaba ondoan ez badu...
Etxeko inor baino zentzudunagoa den aita. Burua inork baino argiago duena,
euroekin primeran moldatzen dena eta hasarretuz gero, bere begi urdin sarkorren
begiradarekin bihotzean min emateko gai dena...
Gaixotasun baten ondorioz, egunaren gehiena ohean igarotzen duen aitonaren
anaia. Osaba. Erizain pribatua behar duena, hartu behar duen pilula karrokada
kontrolatuko diona. Logela goiko solairuan egonik, jatekoak eramango dizkion
baten bat behar duena eta baita hizketarako lagunen bat ere...
Sei persona hauen euskarri den emakumea. Merezi lukeena eta behar lukeena
jasotzen ez dituena. Alaba gaztea bide onetik eramaten saiatzen delako, alaba
nagusiari urrea balio duten aholkuak ematen dizkiolako. Senarra zentzudunago
izan dadin saiatzen delako nahiz eta behin okertutako zuhaitza zuzentzea zaila
izan. Ama hain urduri egon ez dadin etxean behar lukeena baino denbora gehiago
pasatzen duelako. Aita gaixotzen denean, zaintzeko ardura hartzen duelako.
Osabaren erizain eta mintzalaguna delako.
Laburbilduz, etxearen habe eta zutabe delako, eskerrik asko bihotz-bihotzez eta
eman duzun guztiagatik noizbait zerbait (merezi duzunaren hamarrena baino ez
bada ere) jasoko ahal duzu!
Ez zaitut aspalditik ezagutzen.
Ez dut sarri zurekin hitz egiteko aukerarik izaten. Ez dut zurekin denbora
askorik pasatzen. Hala ere, txikitatik ezagutzen garela dirudi. Sekretuak
beldurrik gabe kontatzen dizkiogu elkarri, betiko lagun izango bagina bezala.
Huskeria bat nahikoa da zurekin ondo pasatzeko. Erraz egiten dugu barre
elkarrekin. Elkarri adarra jotzea da gure kirolik gustukoena. Gehiago ezagutu
nahi zintuzket, jakinminaren garra piztu duzu nigan, eta mesedez, ez ezazu itzali.
Beste behin
ere zinemara joan ginen. Jarleku gorriek eta pantaila zuriak magiko bihurtzen
zuten momentu hura. Garai batean, eskutik helduta egoten ginen eta begirada
konplizeak zeuden gure artean. Aspaldi hasi zen higatzen gure harremana. Irudi
haiei begira, oraindik, begirada konplize gutxi batzuk baziren, baina gure
artean mila tonako eta mila metroko glaziarra ikus zitekeen.
Pelikula
hasi zen. Good bye Lenin, alemanez.
Hizkuntza ezezaguna, pelikula ezezaguna eta aldamenean zegoena ere arrotza
zitzaidan. Zer gertatu zitzaion gureari? Alemania bitan banatzen zuen harresia
bota egin zuten. Gure artean, berriz, amaierarik gabeko harresia eraiki genuen.
Munduan dagoen ezerk bota ezin dezakeen harresia. Gogorra. Beldurgarria.
Negargarria. Hotza.
Good bye Lenin izan zen
elkarri good bye esateko bide.
Egoeraren hoztasuna apurtzeko
"kaixo" esatea ez da erraza izaten askotan. Baina agurrak are
zailagoak izan ohi dira.
Garai batean guztia ikusten
genuen koloretsu, dena zen argia. Eguzkiak argitzen zituen gure bizitzak, baita
elkarri genion maitasunak.
Baina eguna gau bihurtzen den
bezala, gure artekoa ere ilun bilakatu zen. Ostadarraren koloreen ordez zuri
beltzak genituen.
Nola berreskuratu zuri-beltzetik
gorri, laranja, hori, berde, urdin eta moreak? Argia eta ura behar. Ura
soberan, baina argia faltan… Lehen erreala zena orain utopiko bilakatu da. Eta
zuri-beltzaz kexu baginen, oraingo belztasun ikaragarri hau ez da hobe.
Hoztasuna berriro ere gure
artean. Inguruko epeltasunak ez digu eragiten hotzago bihurtzeko edo gure
iluntasunean gehiago murgiltzeko ez bada. Sua itzaltzen denean ez dago
argitasunik ezta ere inolako epeltasunik…
Itzuli
etxera familiaren epeltasunera; ez itzuli garrasien hotza sentitzera.
Itzuli
etxera lagunak gertu sentitzera; ez itzuli bertan ez daudenak faltan sumatzera.
Urtebete
ia elkarrekin, anai arreba edo familia baten antzera. Gurasorik gabe, aske,
nahi genuena egiteko aukera. Tristea da, baina horrela behar du izan. Goazen
elkarri adio gozo bat egitera. Adiorik ez esango luke baten batek, baina
oraingo honetan “gero arte” baino gehiago da. “Laster arte” beharbada, baina
nork jakin ez ote den “agur” beldurgarri bat izango…
Etxera
itzuli. Zein da nire benetako etxea? Hamazortzi urtean bizi izan naiz etxe
berean, baina hori baino etxeago zait orain utzi behar dudana. Txikitxoa,
guretzat nahikoa. Neguan hotza, baina gure berotasunarekin epeldua. Udan beroa,
baina gure liskartxoek freskatua.
Ezezaguna
dugu nahiago askotan eta ezaguna alde batera uztea. Hori egindakoan, sarritan
gara damutzen. Hala ere, aurrera egin besterik ez zaigu geratzen.
Horrelako
erabaki batengatik nago orain malkoak hala moduz lehortzen. Bihotzean zulotxo
bat dut eta horrexek dit min ematen.
Zer
egin burua korapiloz betea duzula eta bihotza kortozirkuitoz beterik dagoela
uste duzunean?
Zer
egin dena nahasten duzula ikusten duzunean?
Zer
egin hankaz gora eta atzeraka zabiltzala uste duzunean?
Zer
egin egunez gaua dela uste duzunean eta gaua ere gau dela sentitzen duzunean?
Zer
egin eguzki distiratsua eta zeru urdina ikusi ordez, lau horma ilun ikusten
dituzunean?
Zer
egin…
Begiak
itxi eta esna amestu? Paisaia ederra, hots atseginak, inguruan maite dituzun
pertsonak…
Bizitza
ez da zuria edo beltza. Grisa bai. Momentu batzuetan beltzagoa da gris tonua,
beste batzuetan, aldiz, zuriagoa. Zuriagoa egoteko beltzagoa egon behar eta
alderantziz. Olatuen mugimenduaren antzekoa da bizitzarena. Gora. Behera. Gora. Behera.
Halako batean amaituko dena. Bitartean, daukagunaren alde onak aurkitu behar.
Gris tonu ilunari argiagoa aurkitu behar dena beltz ikustea nahi ez baldin
badugu.
Eta
amestutakoak egi bihurtzen saiatu bizitzaren garra mantentzeko.
Estitxu naiz, Esti motzaua ei da... Elgoibarkua, 1988ko apirillaren 2xan Donostian jaixotakua, baiña berez, ekaiñekua izan bihar ei nitzan eta Eibarren jaixo... Zazpikixa eta ñoñostiarra kasualidadez...
Gasteizen Euskal Filologia ikasten-edo...