Eguraldi ederra zegoen. Eguzki epela eta haize goxoa. Parkean itzala eta eguzkia, zuhaitzak eta bankuak. Iturrian jendea. Ura, gizakiak beharrezko duena. Ni neure pentsamenduetan murgilduta. Zain.
Neure gauzei bueltak ematen nenbilela, gizon nagusi bat ikusi nuen bere txakurrarekin. Txakur beltza, ikatza baino beltzagoa. Errepidea gurutzatu eta nire aurrean zegoen bankuan jarri ziren biak. Gizona ezkerrean, txakurra eskuman. Eguzkitakoak neramatzan, bentaja nuen. Beraiei begira denbora dezente pasa nuen, beharbada konturatuko ziren... Gizon hari buruz ez nekiela ezer pentsatzen hasi nintzen. Non bizi ote zen? Emazterik ba ote zuen? Eta seme-alabarik? Eta bilobarik? Edo zuen guztia txakur hura ote zen? Jakin-mina sortu zidan...
Halako batean, hamar urte inguruko neskato bat hurbildu zitzaien. Manilardun patinete horietako batean zihoan, alde batean poltsa zuri bat zeraman, eta bertan, ogi luze bat. Patinetea lurrean utzita, gizon nagusiarengana joan zen, hobeto esanda, txakur beltzarengana. Ezin izan nuen beraien elkarrizketa entzun. Baina ez dut uste aurretik ezagutzen zirenik. Beharbada bistaz, baina ez asko. Hala ere, neskatoa beraiengana hurbildu eta nolabaiteko harreman bat sortzeko gai izan zen.
Praka arrosa eta kamixeta zuridun neskatoak txakurra ukitzea helburu zuela ematen zuen. Txakurra beldurtu egin zen. Hala ere, neskak ez zuen amore eman. Iturrira joan eta berriro itzuli zen gizona eta txakurra zeuden tokira. Neskatoak koskorra hartu eta txakurrari eman zion. Azkenean, lortu zuen txakurra ukitzea. Lasai eta pozik asko joan zen etxera. Gainera, gizon hari une atsegin bat igarotzeko aukera eman ziola egingo nuke...
Nire jakin-minak hemen dirau, ez nuen neskatila hark bezala, gizon harekin harremanik sortzeko gogorik, ahalmenik, gaitasunik, adorerik... izan.
Kasu hau bezalako milaka egongo dira eta milaka horietatik asko eta asko nireak...
..............................................................................................
Zoritxarrez, gaur egun, gehiegi begiratzen zaio norberari eta gutxi ingurukoei...
Gero eta itxiagoak garela dirudi...
Erantzunak
Bai. Guztiz ados. Badirudi alkohol olatuei (eta bestelako tsunamiei) uzten diegula besteenganako bidea zabaltzeko ardura.
Badirudi benetako elkarrizketak besoa L forman (basoa eskuan) ala tekleatuz baino ez ditugula eukitzen. Horregatik piztu zait nei behintzet azken aldian umeenganako, inozentziarenganako begirune hori...zuri bezela ikusten danez.
segi olakuak idazten Esti....amorerik eman gabe!!!!
muxu1
Nork: zoti.2007/07/08 17:05:19.460 GMT+2