Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/05/14 21:41:40.302 GMT+2

EZAGUTZEAREN BALIOAZ...

Oraingo moduan ez nuen inoiz ikusi. Betaurreko beltzak kendu izango banitu bezala da. Agian, ezagutzeak dakarren ondorioa da. Besteengan pentsatu izan dut, baina beste hori esatean inguruko gainerakoengan pentsatzen nuen. Inguruan ditudan besteengan, eta ez dut uste, inoiz pertsona egoista moduan hezitu nautenik. Soil-soilik besteak aipatzean jende asko beste horien artetik eskatzen zirela, besteak oso jende zehatza zela, ez gainerako beste jende guztia.

 

Urrungo gauza baten gisara bizi nuen, bai boluntariotza eta baita laguntza behar dutenei pisu duin batean egiten diren proiektuarena. Bai, boluntariotzaren inguruan kooperante hitza sarritan entzun dut, ez dut ukatuko; baina, agian nik neronek ere egoismo puntu batekin lotzen nuen boluntariotza hori. Hau da, nire denbora librea kudeatzeko bide gisa izan zitekeela bide batez besteei lagunduaz. Baina, beti nia tarteko zegoela. Ez da egoismoa, norbanakoaren munduan bizi da eta lehenik norberaren denbora kudeatzen dugula norbere nahietara. Gizarte horretan jaio gara, edo bizi behintzat hala bizi gara. Ez da gizarterik idealena, ezta ere beste esparruetan ere, baina garatutako gizartea dela ustea badugu.

 

Konparazioetara jo izaten ohi dugu. Ingurukoekin konparatzera, eta garapenaren kontuarekin ere goi-mailako herrialdeekin eta herrialde txiroagoak direnekin konparatzen dugu gure herrialdeko garapen maila finkatzeko. Baina, ohartu gabe “garapen” ekonomikoari soilik begiratzen zaio, ez garapen kualitatiboari, pertsona eta gizarte garen unetik.

 

Boluntariotzarako asmoa ez dut inoiz izan, ez lankidetzarako prest ez nagoelako, baizik eta lankidetza hori egunerokoan beste maila batetara praktikatzen dudalako. Ez da borondate falta, baizik eta inoiz planteatu gabeko gaia da. Orain, boluntariotzaren “mundua” hurbilagotik ezagutzen dut, eta ez dut ukatzen hurbilago oraindik ezagutzeko asmorik ez dudanik. Egun jakin badakit, boluntario izateko modu asko daudela eta ez dela nahikoa borondatea izatea, baizik eta pertsonalki ere esperientzi horretarako preparatua egotea. Horregatik, beharrezko iruditzen zait eskaintzen diren eta beharrezko diren aurretiko lanketa. Halere, boluntario hitzak ere oraindik badu borondatetik asko. Gainerakoei borondate hutsagatik eta nahi hori duzulako soilik ahal duzun moduan laguntzen ikasteko modua dakar. Eta argi dut, boluntario izateko borondate asko beharrezkoa dela, ez borondate pertsonala baizik eta hartu-eman hartu-utzitik asko duela.

 

Pisu hezitzailea izateko ere, borondate asko behar da. Inplikazioa eta aurreiritzien haustura handia baita. Hezitzaile zaren unetik, borondate askorekin hezitu behar duzu pertsona. Egunerokotasunean, hezitzaile direnak badakite zer den hori. Hemen ere, hartu-eman hartu-utzi asko dagoelako. Esparru hau ere, orain arte, urrunean, ez esateagatik ezjakintasunean, zegoen. Ez nekien, bazeudenik horrelako pisurik edota egoitzarik gizartetik “at” zeudenei integratzen laguntzeko. Ez nuen inoiz pentsatu gizartetik “at” zeudenak bazeudela ere. Ni gizarteko kide baldin banaiz gainerakoak zergatik ez dira izango ba? Hausnarketa inkontzientea zen hura. Ez nuen inoiz pentsatu gizartetik “at” zeudenen artean ere mailaketa bat egon badagoela. Finean, ez nuen inoiz haiengan behar bezala pentsatu (beste arlo askoren gainean pentsatzen ez duzun bezala, inguruan horrelako esperientziarik ez baduzu edota inguruko inork gai horren inguruan jakin mina sorrarazten ez badizu). Egun, jakintza gehiago badaukat, eta jakintza  horrek ahalbidetzen dit beste horiengan ere pentsatzea.

 

Neurea inportantea bada ere, neurea bakarrik delako; baina, besteak ere inportanteak badira neuretik ere asko daukatelako. Orain, besteak osatzen duten talde hori handitu egin da, beste bizitzako esparru bat hurbilagotik ikusten dut, agian, ez behar bezain hurbilagotik baina ez dut ukatuko hurbilagotik oraindik ezagutzeko interesa piztu ez zaidanik...

Nork: ariane.2008/05/14 21:41:40.302 GMT+2
Etiketak: gogoeta | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/05/14 21:20:46.867 GMT+2

Irudi-hitzen arteko lehia

Oroitzapenei helduaz, uste baino sentsazio gehiagoren irudikapena da niretzat argazki-transformazio hori. Txikitako gauzek oraindik ere kabida dutelako gure oroitzapenean... gu ere umeak izan ginelako...

Argazkien munduan atsegin dut, eta askotan hitzekin baino argazkiekin identifikazio handiagoa nabari dut. Laket ditut irudiak eta laket irudikapenak.

Ari(proiekt) def

Nork: ariane.2008/05/14 21:20:46.867 GMT+2
Etiketak: irudikapena | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/05/14 20:47:57.611 GMT+2

Bizitza bete damu!

Doinua: Partiada tristea Ternuarat

1-. Apokalipsia nahiz den

Zail bihurtzen egunsenti.

Nahiz kemena ez den beti

Begi eurien aterki

Nahiz bizi-drama gutxitan

Den lirikazko olerki.

Bizitzeko nahiak bihur

Lezake bizitza ezti...(bis)

Negar hotsa bilakatu

Esperantzazko abesti;

Farolek soilik argitzen

Dituzten gauak izeki.

Gerora begira egon

Izan naiz inkonszienteki.

Ohartu gabe bizitza

Hiltzen ari dela beti...(bis)

 

2- Egunsenti ezberdin bat

Desiratu dut luzaro

Aldatuko lukeena

Monotonia zeharo

Baina gaur ezin dut izan

Esperantzaren arrago...

Hegan ihes egin nahian

Sentitzen bainaiz Ikaro...(bis)

Hilko naiz bizitza zer den

Ikasi baino lehenago...

Bigarren aukerarik ez

Dit inork ere emango...

Gaur bizirik sentitzen naiz

Bizirik, beraz, arraro

Ta nire gogoa izan

Ez naizen guztian dago.(bis)

 

3-. Amaren zilborrestea

Moztu ta urte gutxira

Galdu nuen honekiko

Mirespen eta gupida...;

Haserreak sortzen dira

Amorruaren harira

Ta urguiluari esker

Bizirik mantentzen dira...(bis)

Niretzat goizegi baina

Berez beranduegi da...

Maite dudala azaldu

Izan banio sikira...

Beno berandu baina behin

Xuxurlatu nion, tira...

Lore ximelduzko bere

Hilobiari begira.(bis)

 

4-. Bizitzen hasi ahal banintz

Hasi ahal banintz hutsetik.

Urrun nahiko nuke joan,

Ahal bezain urrun hemendik.

Denetik gozatu eta

Sufritu ere denetik;

Bizirik sentitu nahiko

Nuke denaren gainetik...(bis)

Ikasi irribarretik

Ta ikasi negarretik

Dunarik ez nuke egingo

Min ale txiki batetik.

Nahiz zer egin behar nuke(e)n

Garbi eduki berez nik.

Ez dut uste aldatzeko

Gauza nintzatekeenik.(bis)

 

5-.Izan naiz mila mutilen

Desioaren eredu.

Beren gorputzak eraman

Izan ditut zeruz zeru

Mihi gaiztoen deabru naiz,

Gozamenaren aingeru.

Udaberria nahita ez

Bilakatzen baita negu.(bis)

Gaur sostengu eza denez 

zintzilik naukan sostengu

Zertarako mila muxu,

fereka eta lausengu.

Denboran atzera nola

Egin jakingo bagendu...

Naizena jantziko nuke

ta makillajea kendu...(bis)

 

6-.Hamazazpi urterekin

Haurdunaldi baten zama.

Bakarrik eramateko

Gogor egin nuen lana

Panpintxo hari ipini

Nion izena Oihana

Bera da mundu honetan

Gehien maitatu dudana.(bis)

Baina berarekin ere

Apurtu zen harremana

Ez nuen nahi errepika

Zezan nire iragana...

Bere ama, ama ona

Izatea nuen plana...

Baina bilakatu nintzen

Bere zorigaitzen ama.(bis)

 

7-.Lagun bat eduki nuen

Baina niretzat ahizpa zen.

Memento higuingarrien,

Jasangaitzen eta latzen

Aurrean bere faltarik

Ez nuen inoiz somatzen...

Berak erakutsi zidan

Gozaezinaz gozatzen.(bis)

Jarduten ginen elkarren

Ametsen berri kontatzen.

Baina ametsak ez ziren

taburetetik altxatzen.

Hala ikasi genuen;

Gure bizipenak batzen...:

Monotonia maitatzen

Ta ametsak gorrotatzen.(bis)


8-. Arretaz aztertua dut

Nire aurreko bikotea,

Arretaz aztertua dut

Beren zigarroko kea

Sutsua da hasieran

Galdu egiten da ordea...

Du beren begien eta

Bizitzaren kolorea...(bis)

Bi horiek ere ez dute

Altxatzeko adorea

Nahiz izan nik lehen nuen

Adina amets gordea...

Xehatu egin nahi dute

Beren ametsen orea...

Estandarregia baita

Bizitza honen moldea...(bis)

 

9-.Berrogei bete berritan

Jaso nuen notizia:

Bizi hil hau hiltzeko gai

Zela nire minbizia...

Jasan nuen etsipena;

Badoanaren krisia...

Baina jada onartu dut

Patuaren malizia...(bis)

Azkenik hau da bizitzaz

Nik daukadan iritzia:

Mokaduz mokadu goza

Daitekeen gutizia.

Ez zazu beti bilatu

Besteen oniritzia...:

Amets luze bezain motz bat

Bilaka dadin bizia!  (bis)



 

Alaia Martin Etxebeste



Bertsolaritzaren munduaz gozatzeko bidea ireki digulako... muxu handi bat Al!

olaia 041

Nork: ariane.2008/05/14 20:47:57.611 GMT+2
Etiketak: alaia martin | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/05/13 22:03:47.312 GMT+2

Zuregatik, Iosu!

iosu ta ni

Apirilaren 17an, Ikus-Entzunezko Komunikazioko hirugarren mailako ikasleoi bihotz zati bat lapurtu ziguten. Goizeko ordu txikitan joan ziren zure bila, ehiztaririk koldarrenen antzera, eta gauaren iluntasunean eraman zintuzten. Telebistan garaikur gisara erakutsi ondoren, bost egun eta bost gau luzez eduki zintuzten euren atzaparretan; mehatxuz, burlaz eta jipoiez jositako 120 ordu amaigaberen agonian. Orain, Alcala Mecoko espetxean zaude, Euskal Herritik ehunka kilometrora; baina, halere, Iosu, jakin ezazu urruti egon arren gurekin zaudela, gu zurekin gauden bezalaxe. Zaila zaigu denbora batez elkar ikusiko ez dugula onartzea. Jakin badakigu aurrera egingo duzula: ezinezkoa delako nola itsasoari mugak jartzea hala arrano bat lau pareten artean giltzaperatzea.

Hasieratik gelakideok zure hutsunea nabaritu dugu, Txus. Hiru urte dira elkar ezagutzen dugula, eta lehenengo egunetik igarri genuen ez zarela gizarte sistemak eskaintzen duen besaulki erosoetan lasai jesartzen den horietakoa: egunero hankarekin egiten dituzun kolpetxoekin sumatzen genuen zure egonezina. Jada klase arteko zigarretak ez ditugu lehen bezain gustura erretzen eta atsedenaldietako jeladun ebakiei ere zure esentzia falta zaie. Ziberbandalismoak ere behera egin du asteotan.

Bihotzaren zati bat kentzeaz gain, bertso afarietako laguna urrutiratu digute. Txomintxapel fakultateko egunean, zure omenez egingo dugu topa; harro baikaude zurekin konpartitutako une guztiez eta zu lagun izateaz. Klaseetan aspertzen garenean ere gelako hormetan jarri dugun zure argazkiari begiratu, eta ziur gure ezpainetan irudikatzen duzun irribarreak gailenduko direla. Zuk bakarrik bete dezakezun hutsunea utzi duzu gugan, Iosu. Ez dugu etsiko berriz ere gure artean izan arte.

Besarkada bero bat zuretzat eta beste bat gureentzat Eskoriatzatik. Zaindu sorbaldak, ez galdu irribarrea eta egin beti aurrera! Maite zaitugu, Iosu!

Aritz Sue Maldonado-k, Huheziko ikus-entzunezko 3.mailako ikasleen izenean.

PD:Iosuren txokoaz ere gozatzeko aukera dugu, suertez! Sartu hemen, bere berri izateko.


Nork: ariane.2008/05/13 22:03:47.312 GMT+2
Etiketak: iosu | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/05/13 12:53:04.347 GMT+2

Ekonomia Solidarioa

DSCN4347

2008ko martxoaren 6 eta 7an ekonomia solidarioa, autogestioa eta kooperatibismoari buruzko jardunaldiak egin ziren HUHEZIn. Bertara hainbat aditu etorri ziren hitzaldiak ematera. Biltzar honen bidez, hainbat gairen eztabaidarako, analisirako eta gogoetarako bide zabaldu nahi zian da.

 Hitzaldiari hasiera emateko MUko errektorea den Josu Zabalak, HUHEZIko dekanoa den Nekane Arratibelek, Mundukideko zuzendaria den Mikel Atxegik eta Lankiko zuzendaria den Jon Sarasuak, jardunaldien aurkezpena egin zuten. Ondoren gonbidatuekin hasteko.

 Lehengo hitzaldia: La otra economía: potencialidades y retos  izan zen, Coraggio maisuaren esktuik. José Luis Coraggio Argentinazo Universidad Nacional de General Sarmientoko Economía Sozialeko Maisutzako zuzendari akademikoa eta Intituto del Conurbanoko irakasle eta ikertzaile titularra. Red Latinoamericana de Investigadores en Economía Social y Solidaridad (RLESS) izenekoaren ardurarun eta antolatzailea.

 Bigarren hitzaldia: La promoción de la economía solidaria desde el Estado. La experiencia Brasileña. Paul Singer Sao Pabloko unibertsitateko irakasle titularrak eman zuen. Lularen gobernuko lan- eta enplegu-ministerioko ekonomia solidarioko idazkaritza nazionaleko titularra da.

 Hirugarren hitzaldia: La innovación social y la economía social. Perspectiva Québec. Marie Bouchardek hitz egin zuen Quebeckeko esperientziaz. Bera, UQAMeko (Université du Québec à Montreal) Centre de recherche sur les innovation sociales - berrikuntza sozialei buruzko ikerketa zentroa- CRISESeko irakasle eta ikertzailea. Ekonomia sozialeko Kanadako ikerketa-katedraren titularra.

 Laugarren hitzaldia: La dimensión autogestionaria en la experiencia cooperativa de Mondragón (I y II). Adrian Zelaia: Mondragon Corporacion Cooperativako (MCC) idazkari nagusia eta  Jon Sarasua: HUHEZIko irakaslea eta Mondragón Unibertsitateko Lanki, lankidetzaren ikertegiaren zuzendaria eta bertako ikertzaileak jardun zuten Mondragongo esperientziaren ideia printzipalen inguruan.

Bosgarren hitzaldia: La economía de la solidaridad en América Latina: teoría y praxis Luis Razetoren eskutik. Luis Razeto solidaritatearen ekonomiako irakaslea da, ekonomia solidarioaren alorreko ikertzailea eta Txileko Universidad Bolivarianako Zuzendaritza Batzordeko presidenteordea. Ekonomia solidarioarekin zerikusia daukaten erakunde eta korporazioetako direktorio askotako kide da.

 Seigarren hitzaldia: La economía solidaria en el Estado Español y en Europa.José Gómez Emaus Bilabao S. Coop.en zuzendariak jardun zuen gai honen inguruan hitz egiten. Emaus ekonomi sozial eta solidarioko erakundea da eta, besteak beste, gizarte-eskuhartzeko programetan, gizarteratzeko enpresetan, enpresa-sustapenean eta aholkularitza teknikoan dihardu. Euskadiko REAS (Red de Economia Alternativa y Solidaria) auditoretza sozialeko taldearen koordinatzailea.

 Azken hitzaldia: La economía feminista y economía social. Natalia Quirogaren hitzak izan ziren parte hartzeko aukera izan genuen jardunaldiaren azken hitzordukoak. Quiroga, Kolonbiako Universidad Nacionaleko ekonomialaria. Universidad de los Andeseko planeazio eta garapeneko aditua. Gaur egun, Viva la Ciudadanía izeneko korporazioko garapen-programako aholkularia.

 

 

Nork: ariane.2008/05/13 12:53:04.347 GMT+2
Etiketak: ekonomia solidarioa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/05/13 12:25:30.757 GMT+2

Urteroko gisan…

Urteroko gisan aurten ere Aste Santua “ospatu” dugu. Oso fededuna ez banaiz ere urtero-urtero Aste Santua behar moduan disfrutatzen ditut, hobe esanda, martxoa/apirileko  15 eguneko oporrak behar bezala disfrutatzen ditut.

 

Iaz Holandara egin genuen eskapada, nire neba, Aiur, han ikasten dabilela eta hari bisita egitera. Aurten ere inguru haietan dabil, eta iazko aitzakia berarekin eskapada egin dugu. Baina, aurtengoan desberdintasun batekin: ez gara Holandan elkartu Alemaniako hiriburuan baizik, Berlinen. Amak aspalditxo zuen Berlin ezagutzeko irrika, eta beraz, bi nahiak uztartuz, Berlinen egin dugu topo Aiur eta etxekook.

 

Bertako historia oso presente izan dugu Alemaniar hiriburuan ibili garen denboran. Hango txokolatea eta garagardoa ere probatu ditugu, baita hango saltxitxak ere. Berlingo harresia, Shanshenhausen kontzentrazio gunea, Brandenburgoko atea, Alemaniako parlamentua, Postdam-eko gazteluak… gauza mordoa ezagutu ditugu. Baita, hango trena, autobusa eta metroa, eta, zentro komertzial handiak, ere.

 

Hiri erraldoi horretan iruditutako gauzarik bitxiena edo ulertzeko zailena, berriz, historian duten gertaeren samina oso presente dutela eta, aldi berean, duela 70 urteko gertakarien aztarnetatik bizirauten duela egungo turismoak. Hau da, gertakari historikoaren dolua duten bitartean negozio bide gisa ere badutela. Ez dakit, ez da errez ulertzen.

 

Halere, asko gustatu zait, Berlin. Gauza gutxi utzi ditugu ikusteke, baina berriz ere itzuliko naiz gustu handiz garagardoaren hiriburura.

 


Portuberri-Berlin map

Nork: ariane.2008/05/13 12:25:30.757 GMT+2
Etiketak: oporrak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/05/07 14:33:27.395 GMT+2

Zergatik Firefox?

Geroz eta jende gehiago ausartu da Firefox Internet nabigatzailea erabiltzera eta Internet Explorer alde batera uztera. Duela gutxi arte Internet Explorer besterik ez zegoen nabigatzaile gisa, baina egun konpetidoreak atera zaizkio eta horrek badakigu zer dakarren: merkatua zabalagoa aukerarako, kalitatea hobea eskaintzan. Horregatik, gaurko honetan Firefox nabigatzailearen aldeko apustua egiteak zer onura dituen aztertuko dugu: Zergatik Firefox?

 

Mozilla Firefox oso nabigatzaile azkarra, arina eta erabilerraza denaren fama du. Edonork erabili lezake eta segituan ikasten da bere funtzionamendua. Orrialde asko irekitzeko aukera eskaintzen du leiho bakarrean, fitxa bidez sailkatuz, Pop-up-ak. Horrez gain, erraz kudeatu daiteke pasahitzak eta formularioetako datuak gogoratzen baititu.

 

Segurtasun aldetik ere bentaja mordoa ditu. Internet Explorerrek ez bezala, phising erako arrisku minimoa eskaintzen du eta horrekin batera, eguneraketak modu automatikoan egiten ditu.

 

Diseinuari dagokionean, antolamenduari dagokionez diseinu hobea izateaz gain, CSSak inolako zailtasunik gabe irakurtzen ditu, baita garaitzaile estandarrak errespetatu. Bai Mac PCeetan eta baita Linux estandarrean erabili daiteke inongo arazorik gabe.

 

Sofware librea denez abantaila dezente ditu. Horietako bat, guretzat paregabea: euskarazko bertsioa.  Euskalbar barraren bidez nabigailtzaile euskalduna dugu firefox eta Xuxen zuzentzailea pasatzeko aukera ematen du.

 

Zergatik aukeratu Firefox nabigatzailea, beraz?

Nork: ariane.2008/05/07 14:33:27.395 GMT+2
Etiketak: firefox | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/14 11:54:08.747 GMT+1

Daniel Innerarity, pentsalari bilbotarra, gure artean

Aurreko asteren batean, Daniel Innerarity pentsalaria ezagutzeko aukera izan genuen fakultatean, eta “ezagutzaren gizartean nola biziraun” gaiaren inguruan hausnarketa interesanteen inguruan jardun zuen filosofo bilbotarrak.

 

Daniel Innerarity, azken urteotan giza eta gizarte zientzietan itzal handia lortu duen pentsalaria da; entzun beharreko horietakoa. Zaragozako unibertsitatean filosofia irakaslea da eta hainbat saiakera-sariren irabazlea ere bada: Miguel de Unamuno Saiakera Saria, Literatura Sari Nazionala 2003an (saiakera atalean), eta XXI. Espasa Saiakera Saria. Bere azken liburuak Ética de la hospitalidad, La transformación de la política, eta La sociedad invisible dira. Guzti honez gain, prentsa artikuluak ere idatzi ohi ditu El Paísen eta Correo/Diario Vascon.

 

Ezagutzaren gizartea hizpide hartuaz, informazio gehiegikeria egon badagoela azpimarratu zuen. Esanez, informazio horri gestionatzea dela egungo unibertsitatean ikasten jarduten dugunon funtsezko konpetentzia. Hainbeste informazioren jabe izateak denoi pixka bat “tontoago” egiten gaitu Innerarityren ustez; izan ere, egun guk dugun informazioa bigarren eskutik jasotako informazioa baita, hau da, gure aiton-amonek hainbeste informazio ez bazuten ere zutena ez zen besteek esandakoan oinarritzen, baizik eta, beraiek izandako hartu-emanetik ikusitakoa eta ikasitakoa bihurtzen zen beraien jakintza. Egun aldiz, dakigun dena, nor edo nork kontatutakoa da eta ez gara kapaz gure kabuz jakintza hori egunerokoan praktikara eraman eta esandakoa baieztatzeko. “Tontotzat” definitzen gaitu Innerarityk ezagutzaren munduan bizi eta informazio gehiegikeriagatik nahastuta gabiltzanoi. Gehiegi  jakiteak beraz, ez du balio handirik pentsalari bilbotarrarentzat; zenbaitzuetan informazioa faltak benetako ezagutzara iristeko bidea ere badela dio Innerarityk. Pertsona inteligenteek baino balio gehiago dute kasu inteligenteak edota prozesu inteligenteak informazioak erabilpen baliagarria izateak.

 

Informazioa desberdintzearen inguruan ere gogoetan jardun zen. Datuak, informazioa eta ezagutza hiru elementu desberdin direla esan, eta beren erabilpen egokiaren inguruko hausnarketara bultzatu gintuen Innerarityk. Informazioa diseinatu beharraren garrantzia, ordenatu eta funtsezkoena hartu beharra dagoela dio eta horretarako norbanakoak hartutako irizpideak garrantzi handia dute. Aukeraketa efikaz hori da, egungo gizartean egiteko dagoen lanik zailena edota konplexuena. Izan ere, etorkizunean izango dugun lana makinak egiteko aukerarik izango ez duten hori izango baita Innerarityren hitzetan: “Gizakia esaneko erabiltzailea da, izan ere, gizartea ez baita norbanakoa baino abilagoa ”.

 

Informazioak filtro bat behar du, zarata eliminatu behar da. Informazioa ezagutu eta selekzionatu egin behar baita funtsezko erabilpena ateratzeko. Selekzionatze hori da gizakioi beldurra ematen gaituena. Izan ere, gaur arte, informazioaren jabetza, ekintza bera, baloratu eta miretsi egin baita, eta ez, berriz, beharrezko informazio hori izatea eta ezagutzea. Beraz, une bakoitzean, gai bakoitzaren inguruan, eta, eman behar zaioen erabilpen horretan oinarrituta, informazio efikazena izatea da egungo ezagutzaren gizartearen gakoa. Jakin egin behar baita, une bakoitza identifikatzen, definitzen eta erabili behar den informazio zehatza edukitzen.

Gai honen inguruan, Innerarityk, bost aholku eman dizkigu informazioaren gestio zuzena, zehatza eta efikaza egiten jakin dezagun:

 

-         Atentzioa kudeatzea: distrakzioa kendu eta une bakoitzeko atentzioa kudeatu. Izan ere, oso zaila delako gauza bat baino gehiago egitea batera behar den bezala.

-        Informazioa anikilatzea: ordenatzea eta denborarekin ahaztea. Izan ere, makina eta gizakiaren arteko desberdintasunetako bat horixe baita: gizakiak informazioa ahaztu egiten duela, eta makinak berriz, hor gordetzen duela behar denean ateratzeko berriz ere. Horregatik, informazioa eliminatu beharra dago; bestela, informazio saturazioak ez balioke utziko gizakiaren garunari behar bezala funtzionatzen.

-         Norbanakoan pentsatzea: inuzentea izatea oso baliagarria da. Hau da, gauzak jakintzaren baitan planteatu baina inozentzia pixka batekin, logikari lekua utziaz. Izan ere, dakigun guztia kontatu digutelako baitakigu eta ez guk deskubritu dugulako, gure aiton-amonen gisan.

-        Kooperazioa: Kooperazio ona lortzeko, sinplifikatutako informazioaren beharra dago. Denbora aurrezteko teknikak behar ditugu, eta horretarako, talde lanean konfiantzazko antolakuntza da instrumenturik onena sinpletze hori lortzeko.

-       Laburra izatea, efikaza izatea: Laburpenerako ahalmena ez da sinple izatea bezala. Zehaztasunerako ahalmena izatea da efikaza izatea. Sinpletasuna eta sinple izatea ez da gauza bera.

 

Azken batean, “informazioa sailkatzen jakitea eta berau behar bezala kudeatzea da gizakiak egungo gizartean beharrezkoa duen konpetentziarik baliotsuena”. Beraz, informazioaren kudeaketaren inguruan gogoeta sakona bultzatu eta gizartean zein konpetentzia falta diren aipatzen jardun du Daniel Innerarity pentsalari bilbotarrak, informazioak, etorkizunak eta informazioak etorkizunean duen garrantzia hitzaldiko gako bihurtuz.

Nork: ariane.2008/03/14 11:54:08.747 GMT+1
Etiketak: innerarity kudeaketa daniel informazioaren etorkizuneko gakoa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/14 11:53:04.203 GMT+1

Kolore, usain eta zapore guztietako blogak

Gainerako blog desberdinetan miatzen ibiltzen aritu naiz, eta norberak bere txokoa nahi bezala ordenatu eta nahi desberdinei erantzuteko erabiltzen duela ohartu naiz. Zenbaitzuk beren intereseko gauzak aipatzeko, beste batzuk kritikarako, beste batzuk aldiz, arlo batekin lotzeko, eta besteak, berriz, notizia islatzeko. Nahi adinako blog piloa daude euskal blogosferan. Horiek guztietatik bost hautatu ditut, inolako irizpide garbirik gabe, soilik gai edota antolatzen desberdinak dituztelako.

 

http://www.blogak.com/garaigoikoa da horietako bat. Bertan, hizkuntzaren soziologiari buruz (edo soziolinguistikari buruz) hitz egiteko helburuarekin sortutako bloga aurki daiteke. Blog pertsonala da, “ baina hori edozein momentuan alda daiteke parte hartzearen baitan egilearen esanetan.  Garaigoikoa Txerra Rodriguez-en txokoa da. Hizkuntza da bere lanabesa eta horren barruan Hizkuntzaren Soziologia. Horregatik, blogak Garaigoikoa izena du eta Hizkuntzaren soziologia, soziolinguistika eta beste azpi titulua. Gaia interesatzen zaionarentzat oso baliagarrizko informazioa eta iritziak daude bertan.

 

http://www.blogak.com/aiene Ai ene!! Zer nolako bloga ote da hau? Galderaren erantzunik ez badaukazu oraindik, lasai!! Egileak berak ere ez daki! Gisa horretan aurkezten du egileak honoko blog hau. Euskal Herriko egoera, batik bat soziolinguistiko eta politikoa, hartzen du hizpide blog honek. Egile ezagunen bertso bidezko kritikak, poesia gisakoak, baita kantu bidezkoak eta hitzen bidezko jendearen hausnarketak daude plazaratuta Ai ene blogean.

 

http://www.blogak.com/errezubertso Errazu bertso eskola. Elgoibarko Errazu bertso eskolaren bloga da aipatutako hau. Elgoibarko Errazu bertso eskola 2002. urtean sortu zen Elgoibar Ikastolaren baitan. Bertso-eskola honetakoek, izan duten azken iniziatiba da blogarena. Bertso eskolaren egunerokoa eta bertan egiten dituzten lanen berri emateko iniziatiba da beraz bloga, eta bertan, bertso-eskola honen inguruko nahi adina informazio aurki daiteke.

 

http://www.blogak.com/berbaizu Berbaizu, Deustuko euskara bultzatzea xedea duen elkartearen bloga da. Bertan, izango diren ekintzak, ekintza horien kartelak, eta egindako irteeren inguruko informazioa eta argazkiak daude ikusgai. Helburua euskara sustatzea duen elkarteak, euskara blogeatzeko ere erabiltzea du xede. Irakurterraza da, eta batez ere, informazioz eta irudiz osatu dute bloga.

 

http://www.blogak.com/huhezinema HUHEZIko Ikus-entzunezko Komunikazioko laugarren mailako ikasleek, fikziozko laburmetraien eta dokumentalen lehiaketa antolatu dute, eta honi buruz berri emateko sortu berri dute blog hau. “Gaztea al zara? Laburmetrai edo dokumentalik egin al duzu? Baiezkoa bada zure erantzuna, animatu eta parte hartu!” lelopean hasi dute ekimena. Blogaren helburua, ekimenaren hedapena bultzatzea dela dirudi, izan ere, bertan, partehartzeko baldintzak eta gainerako informazio gehigarria ageri baita. Lehiaketa interesgarria!

Nork: ariane.2008/03/14 11:53:04.203 GMT+1
Etiketak: blog desberdinak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/14 11:52:24.220 GMT+1

Blogak eta blogariak

Berria egunkariak pasa den ekainaren 23an argitaratutako elkarrizketa ardatz hartu eta bi gaion inguruan hausnarketa bat egitearekin ekin diogu gure blogei, modu honetan gu ere blogari bihurtuz. Tresna “berria” omen da blogena, iritzi indibiduala transmititzeko norberaren txokoa eta, era berean, gainerakoekin norbere ideiak konpartitzeko toki birtuala.

Gogoeta uneak izaten dira, batez ere, blogerako transmititu nahi izaten direnak. Norbere gogoetak gainerakoentzat idatziak. Zure baitan mila buelta eman izan dizkiozun ideiak. Azken batean, hausnarketa baten aitzaki ere izan daitezke blogak. Nik, behinik behin, orain arte modu horretan ikusi izan dut blogaren mundua. Agian, gaur arte, besteen blogetan miatu eta nire baitako gogoetak bultzatu izan dizkidalako. Gainerakoen iritzia interesatzen zaidalako, agian; ideia interesgarri asko daudelako, gogoeta bakoitzean zer esan handia dagoelako, zer esateko asko esan bada ere, oraindik hamaika gauza entzuteko gaudelako, agian... Baliteke, ez dakit, auskalo.

Patxi Iraetak “gauean zer idatzi pentsatzen ari zaren bitartean, ahaztu egiten zaizu pixka bat mundua ze desastre dabilen” dio profesioz udaltzaina eta afizioz blogaria den Drag queen-ak. Toki askotara heltzeko modu gisa ere blogak erabili daitezkeela dio Iraetak. Denok exibitzea atsegin baitugu eta gizarteari blogariok mesede handia egiten baitiogu Iraetaren esanetan

Norberarentzat eta, era berean, gainerakoentzat idazten dituzun hitzak daude blogetan, beraz. Nor edo nork, irakurtzeko iniziatiba izango duelakoan. Horregatik, era batean edo bestean, irakurlearen baitan ere badaude hitzok. Azken batean, Iraetarekin bat egiten dut “Corte Ingles- bat da euskal blogosfera” dioenean. Aukera asko, zerekin entreteni ugari, kudeatzen errazagoak...  Norbanakoak taldeari garrantzia kendua eta gizartea era batean indibidualizatu egiten du. Iritzi bakoitza garrantzitsu bihurtu. Garrantzitsu eta interesanteen. Azken batean, gizartea eta norbanakoa biak baitira mundu honetako osagarri. Beraz, blogak norbanakoaren iritzia edota ideiak transmititzeko bide bihurtu dira; hamaika gauza esateko eta hamaika gauza irakurtzeko bide.

Nork: ariane.2008/03/14 11:52:24.220 GMT+1
Etiketak: blogak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)