Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2010/02/09 20:00:57.636 GMT+1

Like A Rolling Stone VIII: Kyuss

Like A Rolling Stone tartearekin hasi ginen egunean etorri zitzaigun burura lehen aldiz gaurko atalean hizpide izango dugun taldea. Hala ere, gogorregi hastea zela iruditu zitzaigun eta aurreragorako uztea erabaki genuen.

Ez dakit oroituko duzuen baina lehen egunean Queens Of The Stone Age taldeaz aritu ginen eta behin baino gehiagotan aipatu genuen gaurko taldea.

Queensak Harri aroaren erreginak baditugu gaur hizpide izango dugun taldea erregea dugu. Gaurkoan Like A Rolling Stone tartean, Stoner Rockaren sortzaileak. Zuekin, Kyuss

1.- SONS OF KYUSS

Kyuss 1989an jaio zen Pal Springsen, Kalifornian eta Stoner edo Desert Rockaren sortzaile moduan gogoratuak izango dira betiko. Beraien musika, adituen ustez, Black Sabbatheko Tommy Ionmiren riffen, 70eko hamarkadako sikodeliaren eta desertuaren arimaren arteko nahasketa bat da eta egia esan, oso definizio egokia iruditzen zaigu.

Kyuss izena KAIYUS ahoskatzen da nahiz eta gure inguruan nahiago izaten dugun Kyuss esan. Izenaren jatorria nahiko frikia da egia esan, Dungeons & Dragons marrazki bizdunetako pertsonai baten izenetik eratorria baita.

Pertsonaiak Son of Kyuss izena zuen eta izen horrekin argitaratu zuen Palmeko taldeak bere lehen lana. Berezko formazioa John Garcia (ahotsa), Josh Homme (kitarra), Chris Cockrell (baxua) eta Brant Bjork baterijoleak osatzen zuten.

Diska biniloan eta edizio limitatuan besterik ez zen argitaratu eta ematen duenez, copiright arazo bat izan zen Son of Kyuss izena Kyuss soil batean geratzearen arrazoia.

Sons of Kyuss EPkoa dugu Love Has Passed Me By

2.- WRETCH

Sons Of Kyuss honen ostean, Nick Oliverik bete zuen Chris Cockrell baxujoleak utziriko hutsunea. Taldekide berriarekin Wretch diska argitaratu zuten 1991an Dali Records diketxearekin.

Taldekideen ustez ez zen inolaz ere diska borobila izan zale askok grina izugarriz defendatzen badute ere. Beraien ustez, ez ziren gai izan taldearen soinua eta sentimendua diska honetan islatzeko.

Diska gogorra izan zen Wretch, dinamika gutxikoa eta goitibehera ugarikoa. Hala ere, taldea, lortu nahi zuen soinua bilatzen hastera eraman zuen eta etorkizuneko arrakastak hausnarketa horren ondorio izan ziren.

Ez zituzten kopia gehiegi saldu baina Kaliforniako kontzertu zirkuituan oso ezagun egiten hasi ziren Palmeko desertuan eskaintzen zituzten Generator Sessionsak medio zirela. Desertuan ez zegoen elektrizitaterik eta kontzertua eskaintzeko erabiltzen zituzten generadoreetatik hartzen zuten izena.

Diska honetako da The Law kantua

3.- BLUES FOR THE RED SUN

Esan bezala, Kyuss taldea ez zen ezagunegia baina beraien hurrengo diskak guztia aldatu behar zuen. Blues For The Red Sun izena jarri ziotene eta Master of Realityko ekozilea zen Chriss Gossek ekoiztu zuen.

1992an argitaratu zuten eta eta diskaren izena Carl Sagan astronomoaren liburu batetik atera zuten (nahiko frikia anekdota hau ere…).

Diska hau izango litzateke Kyussek zer suposatu zuen ulertzeko lanik egokiena. Taldearen soinu eta intentzioak erabat defitituak geratu ziren eta Kyuss izena jendeari ezagun egitea lortu zuen.

Diska honetakoak dira taldearen klasikorik ezagunenak. Thumb, 50 Million Year Trip edo jarraian entzungo dugun Green Machine.

4.- WELCOME TO THE SKY VALLEY

Blues For The Red Sun honi esker Kyussek Metallica bezalako taldeekin jotzeko aukera izan zuen.

1994an ordea, kritikoentzat Kyussen lanik hoberena dena argitaratu zuten. Welcome to The Sky Valley izena zeraman eta berriz ere Chris Gossek ekoiztu zuen. Diska hiru zatitan banatua zegoen, hiru kantukoa bakoitza eta horretaz gain Fuckaround kantua oparitu ziguten.

Diska honetakoak dira Gardenia, Supa Scoopa and Mighty Scoop edo jarraian entzungo dun Demon Cleaner mitikoa.

5.- ...AND THE CIRCUS LEAVES TOWN

Azken diska hau argitaratu ostean, Brant Bjork baterijoleak taldea utzi zuen Fu Manchurekin lasaiago jo ahal izateko eta Alfredo Hernandezek bete zuen bere lekua.

1995ean beraien estudioko azken diska argitaratu zuten. …And The Circus Leaves Town eta taldea uzteko modu egokia izan zen maila honeko lana izan bait zen.

Diska honetan kantu berezi bat baino gehiago aurkitu ditzakegu. Besteak beste, Spaceship Landing luzea, Yawning Man taldearen bertsio bat den Catamaran edo Kurt Kobainen omenez idatzitako To Dave & Chris (Dave Grol eta Chris Novoselic Nirvanako kideak alegia).

Kyussen azken lan hau hobetoago ezagutzeko One Inch Man kantua entzungo dugu.

6.- MUCHAS GRACIAS

Nahiz eta taldea ofizialki deseginda zegoen Split EP bat gehiago argitaratu zuten Queens of The Stone Age taldearekin batera. Talde bakoitzak 3 kantu sartu zituen EPan eta esan beharrekoa da 3 pertsonek errepikatzen zutela bi taldeetan. Josh Home, Nick Oliveri eta Alfredo Hernandezek alegia.

Hilabete beranduago, agur esan zuen Kyussek betiko eta Muchas Gracias izeneko arrakasta bilduma argitaratu zuten. Ez dugu aitzakia hau desaprobetxatuko 50 Million Trip kantu ikaragarria entzun ahal izateko.

Horrelaxe amaitu zen Kyuss taldearen ibilbidea nahiz eta 2005ean, Los Angelesen, Queens of The Stone Age taldearen kontzertu batean John garcia eszenatokira igo eta Kyussen 3 kantu jo zituzten.

Zurrumurruak azkar piztu ziren baina denbora gutxira Josh Homme berak ukatu egin zuen sekula Kyuss itzuliko zenik. Lastima…

Kyusseko taldekideak hala ere ez ziren geldirik geratu eta John Garciak adibidez Slo-Burn, Hermano edo Unida bezalako taldeak sortu zituen.

Brant Bjork, Fu Manchu taldearekin ibili zen eta gaur egun Brant Bjork and Bros taldean jotzen jarraitzen du.

Josh Hommek The Queens of The Stone Age taldea sortu zuen Nick Oliveri eta Alfredo Hernandezekin batera eta Nick Oliveri berak, Queensetik kaleratua izan ostean, Mondo Generator taldea sortu zuen.

Ikusten duzuen moduan, ibilbide luzeak izan dituzte Kyusseko taldekideek eta inorrek ezingo die kendu Stoner Rocka bezalako estilo garrantzitsu bat sortzearen ardura. Horregatik, eta gaurkoan, tarte hau azkenean estilo honi omenaldi bat bihurtu zaigulako, Kyussen desegitetik sortu ziren taldeetako baten kantu izugarri batekin amaituko dugu tartea.

Jhon Garciaren ahotsean, Slo Burn eta Pilot of The Dune

Nork: indezent.2010/02/09 20:00:57.636 GMT+1
Etiketak: klipak lars goierri_irratia egunon_goierri musika irratia kyuss gidoiak | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2010/02/06 16:31:02.948 GMT+1

Asteko kantua (2010-/01/30 - 2010/02/06)

Nork: indezent.2010/02/06 16:31:02.948 GMT+1
Etiketak: the_hellacopters klipak asteko_kantua musika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/02/05 18:58:49.330 GMT+1

Gora Diego!

Artola jaunak (gure artean, borthuzai) Egunon Goierri utzi zuenean, asteazken goizeetarako ordezko baten bila hasi nintzen. Halako batean, ezagun batekin egin nuen topo taberna batean eta irratian tartetxo bat izatea gustatuko litzaiokela komentatu zidan. Musikaz aritu nahi omen zuen Diegok irratian eta kontua zehazten hasi ginen.

Musikaz hitz egiten hasi bezain pronto konturatu nintzen loteria tokatu zitzaidala. Lau saio daramatza eta astero hiru talde aurkezten dizkigu; bi nobedade eta bere talde kuttunetako bat.

4 x 3 = 12 dira eta ekarri dituen hamabi taldeetatik bakarra ezagutzen nuen… eta izenez bakarrik! Me estoy poniendo las botas! Talde bereziak, musika ezberdina eta nire buruarentzat asimilaezina den kantitatean gainera. iPoda petatzen ari naiz!

Gomendagarriak erabat orain arteko talde guztiak eta nahiz eta beste batzuen artean The XX, Fanfarlo, Built To Spill edo Vic Chesnutt azpimarratuko niztuzkeen, hementxe dituzue lehen lau saio horietan Diego Goierri Irratira gonbidatu dituen taldeak. Probatu eta gozatu!

Vic Chesnutt
Animal Collective
Daniel Johnston
Fanfarlo
The XX
Bill Callahan
Built To Spill
Girls
Vampire Weekend
Retribution Gospel Choir
Belle & Sebastian
Beach House

Aurrerapen moduan, hementxe uzten dizuet orain arte entzun ditugun kantuen artean gehien gustatu zaidana. Fanfarlo taldearen eskutik, Luna:

BONNUS TRACK:

Hurrengo asteko gidoia bidali berri dit eta hauek izango dira hurrengo asteazkeneko hiru taldeak:

The Soft Pack
Low
The Magnetic Fields


PD:
…eta hori gutxi balitz, tartearen karetarako beste harribitxi bat… Comet Gain. Gora Diego!

Nork: indezent.2010/02/05 18:58:49.330 GMT+1
Etiketak: klipak diego egunon_goierri musika irratia goierri_irratia | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2010/02/03 20:37:57.795 GMT+1

Like A Rolling Stone: Urtarrila (audioak)

V.- SOUNDGARDEN


euskaltube.com audioak | Izenburua: LARS- Soundgarden | Erabiltzailea: indezent

VI.- BEN HARPER


euskaltube.com audioak | Izenburua: LARS - Ben Harper | Erabiltzailea: indezent

VII.- OASIS


euskaltube.com audioak | Izenburua: LARS7: Oasis | Erabiltzailea: indezent

Nork: indezent.2010/02/03 20:37:57.795 GMT+1
Etiketak: lars egunon_goierri gidoiak ben_harper musika soundgarden oasis irratia goierri_irratia audioak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/02/03 20:35:38.702 GMT+1

Like A Rolling Stone VII: Oasis

Aurreko astean Ben Harper kaliforniarraz aritu ondoren. Aste honetako Like A Rolling Stone tartean berriz ere talde batez arituko gara. Horretaz gain, kontinente zaharrera itzuliko gara eta gure hurrengo parada Britainia Handia izango da berriz ere.

Coldplay taldeaz aritu ginen orain aste batzuk tarte honetan eta berriz ere Brit Poparen mundura gerturatuko gara azken hamarkadetako talderik garrantzitsuenetako baten bila. Gaurkoan, Gallagher anaiez arituko gara. Like A Rolling Stone tartean, Oasis.

1.- DEFINITELY MAYBE

Oasis, edo hasieran ezagun ziren moduan, The Rain 1991 urtean sortu zuten Manchesterren Paul McGuigan baxujoleak, Paul Arthurs kitarjoleak, Tony McCarroll baterijoleak eta Chris Hutton kantariak. Hasierako kontzertuen ostean taldekideak ez zeuden oso gustora Hutton kantariaren lanarekin eta taldetik kaleratua izan zen. Proba batzuen ondorioz, kantari berri bat sartu zen taldean, Liam Gallagher izena zuen.

The Rain taldea kontzertuak eskaintzen ari zen Manchester inguruan eta Boardwalk Clubean ospatutako batean ikusle berezi bat izan zuten. Noel Gallagher (Liam kantariaren anaia) ikusleen artean zegoen soinu teknikari moduan Inspiral Carpets taldearen bira bat amaitu berri.

Kontzertua amaitu ostean, kamerinora satu zen Noel eta inolako lotsarik gabe hurrengoa bota zien The Rain taldekoei: “Edo kantuak idazten uzten didazue eta rock izar bilakatzen gara edo Manchesterren geratzen zarete bizi guztirako zuen bizi tristeekin”.

Gauzak horrela, Noel taldean sartu zen eta taldeak izena aldatu zuen. Egun hartatik aurrera Oasis moduan izango ziren ezagunak.

Manchester inguruan ezagun egiten ari ziren Oasisekoak eta Glasgow aldera kontzertu bat eskaintzera joateko aukera sortu zitzaien. Han, Creation disketxeko Alan McGee zegoen eta harrituta geratu zen Manchesterreko gazte haien musikarekin.

Creation disketxearekin argitaratu zituzten Supersonic eta Shakemaker singleak eta hauei esker Britainia Handiko zerrendetan agertzen hasi zen Oasisen izena. Geroago, Live Forever singlea agertu zen eta honi esker Erresuma Batu osoan ezagun egin ziren Manchesterrekoak.

Single hauekin lortutako sona probestuz Definitely Maybe diska argitaratu zuten 1994an eta Britainia Handiko zerrendetako lehen postuan kokatu ziren. Horretaz gain, sekula irletan azkarren saldu zen debut lana izan zen.

Diska horretakoa dugu, musika munduan lehen bultzada eman zien Live Forever hau.

2-. (WHAT'S THE STORY) MORNING GLORY?

Esan bezala, diska honek harrera izugarria izan zuen eta orduan hasi ziren Noel eta Liam anaien arteko iskanbilak. Noelek taldea utzi zuen haserraldi baten ostean baina managerra bide zela, anaia zaharrena taldera itzultzea lortu zuten.

1995ean diska berria grabatzen hasi zen taldea eta lehen saioen ondoren, Tony McCarroll baterijolea kaleratua izan zen. Noelen hitzetan ez zuen gaitasunik kantu konplexuagoak jotzeko eta Alan White sartu zen bere partez.

Taldeak (What’s the Story) Morning Glory? diska kaleratu zuen eta Definitely Mayberen emaitzak hobetu zituen. Erresuma Batuaren historian kopia gehien saldu dituen bigarren diska dugu oraindik What’s The Story. Aurretik Beatles taldea dute Sgt. Pepper’s Lonely Hearts Club Band lanarekin. Lorpen hau dela eta Beatles berriak moduan ezagun egiten hasi ziren munduan.

Oasisek goruntz jarraitzen zuen eta 20 miloi kopia saldu ondoen, une horretan munduan zegoen talderik ezagunena zen. Diska mitiko hartakoa da jarraian entzungo dugun kantua. Don’t Look Back in Anger Noel Gallagherren ahotsean.

3.- BE HERE NOW

Anaien eta taldekideen arteko istiluak betiko moduan jarraitzen zuten baina urteko diskarik garrantzitsuena kaleratu ostean, denbora galdu gabe sartu ziren estudiora hurrengo lana grabatzera.

Be Here Now izena jarri zioten eta Abbey Road studioetan grabatu zuten. Lehen singela, D’You Know What I Mean? Alegia zerrendetako gailurrean egon zen eta diska bera, Britainia Handian sekula azkarren saldu den diskan bilakatu zen.

Hala ere, Be Here Now lanak lortutako emaitzak ez ziren (What’s the Story) Morning Glory? lanak lortutakoen mailara iritsi eta nahiz eta hasieran kritika onak jaso zituen, gerora taldekideek beraiek gutxietxi izan duten diska bat izan da. Liamen hitzetan Rockan Rollari estafa bat izan zen.

Diska horretakoak dira baita ere zerrenden gailurrera iritsi ziren Stand By Me eta jarraian entzungo dugun All Around the World.

4.- STANDING ON THE SHOULDER OF GIANTS

1999an urte sabatiko baten ostean taldea berriz biltzen da laugarren lan bat grabatzeko asmoz. Hala ere, grabaketak hasi aurretik Paul Arthurs kitarjoleak taldea uzti zuen familiarekin denbora gehiago pasa nahi zuelako eta Paul McGuigan Baxujoleak ere agur esan zuen ez haina rrazoi politengatik.

Taldekideen arteko harremanak istilutsua izaten jarraitzen zuen eta jende berria taldean sartzen hasi beharrean, diska berria geratzen ziren hiruen artean grabatzea erabaki zuten. Arthurs eta McGuiganen lana Noel berak egin zuen eta grabazioak amaitu ostean bi Paulen lekuak bete zituzten.

Lehendabizi Heavy Stereo taldeko Gem Archer kitarjolea sartu zen taldean eta jarraian Ride taldeko Andy Bell baxujole moduan nahiz eta ordurarte kitarjolea izan zen.

2000 urtean Standing on the Shoulder of Giants lana kaleratu zuten eta nahiz eta salmentak ez ziren txarrak izan, kritikoek ez zioten jaramonik egin lan berriari. Experimental moduan definitu zuten eta Oasis zena galtzen ari zenaren iritzia zuten.

Diska honetan sartu zuten lehen aldiz Noelena ez zen kantu bat. Bere anaia Liamek sinatu zuen eta Little James izena zuen.

Hiru single atera ziren Standing on the Shoulder of Giants diskatik: Who Feels Love?, Sunday Morning Call eta jarraian entzungo dugun, Go Let It Out.

5.-  HEATHEN CHEMISTRY

2001 urtea gaizki hasi zen Oasisentzat. Bi anaiek betiko istilluekin jarraitzen zuten eta eta taldea banandu egingo zenaren zurrumurruak behin eta berriz agertzen ziren. Garai hartan kaleratu zuten Familiar to Millions zuzeneko lana eta zurrumurruak zurrumurru hurrengo diskan lanean hasi zen taldea.

Lan berria Heathen Chemistry izan zen eta ez zuen harrera txarra izan. The Indu Times, Litle by Litle edo songbird bezalako kantuak zerrendetako goiko lekuetan izan ziren baina urte hauek ezagunagoak izan ziren taldeko arazoengatik Heathen Chemistry diskagatik baino.

Diska ezagutzera emateko Europan zehar bira bat antolatu zuten baina mozkorrak, borrokak eta auto istripuak medio zirela kontzertu bat baino gehaigo bertan behera utzi zituzten.

Behin bira amaituta Alan White baterijoleak taldea uztea erabaki zuen, bere hitzetan, taldearekin identifikatua sentitzeari utzi ziolako. Bere ordez, Zak Starkey (Ringo Star Beatlearen semea) sartu zen taldean.

Heathen Chemistry diska pixka bat hobetoago ezagutzeko The Indu Times kantua aukeratu dugu.

6.- DON'T BELIEVE THE TRUTH

Azken lan hau argitaratu ostean, 2001ean gainera Definitely Maybe: The DVD argitaratu zuten beraien lehen diskaren 10. urteurrena ospatzeko.

Hiru urte ixilik egon ondoren 2005ean berriz ere Oasisen berri izan genuen Don’t Believe The Truth diskarekin. Diska honetan aldaketa nabarmen bat egon zen. Ordurarte kantu guztiak Noelek sinatzen zituen bakan batzuk kenduta.

Diska honetan, guztiek sinatu zituzten kantuak eta emaitza ez zen txarra izan kritikak Morning Glory diskatik argitaratzen zuten hoberena zela adierazi bait zuen. Diska honetako singleak The Importance of Being Idle, Let There Be Love eta jarraian entzungo dugun Lyla izan ziren.

7.- DIG OUT YOUR SOUL

Azken diska honekin azken urteetan galduta bultzada berreskuratu zuen Oasisek eta beraien hurrengo lanak joera hori baieztatu besterik ez zuen egin.

2008an kaleratu zuten Dig Out Your Soul eta harrera oso ona izan zuen zale zein kritikoen artean. Lan honetan ere taldeko guztiek sinatu zuten kanturen bat baina ez pentsa horrek taldekideen harreman hobetzen ari zela esan nahi zuenik.

Zak Starkey baterijoleak taldea utzi zuen diska grabatu ostean eta Cris Sharrock sartu zen bere ordez. Hori gutxi balitz Noel Gallagherrek bakarlari moduan jarraitu nahi zuela adierazi eta Oasis utzi zuen.

Hala ere, hilbete gutxira Liamek Oasisekin jarraituko zutela adierazi zuen nahiz eta taldearen kantu gehienen sortzailea galdu duten.

Ez dakigu zer gertatuko den etorkizunean baina oraingoz, gaur arteko kantuekin konformatzen jarraitu beharko dugu. Adibidez, Dig Out Your Soul diskako The Shock of The Lightning honekin.

Horrelaxe amaitzen da gaur egun arte Oasis taldearen ibilibidea baina kontu eta bitxikeri asko utzi ditugu bidean. Adibidez beraien artean eta beste talde batzuekin izandako istiluak. Nabarmenenak Blur eta Keane taldeekin izandakoak izan dira beraz, sutara gasolina gehixeago botatzeko, gaurkoan Blur taldearen kantu batekin itxiko dugu Like A Rolling Stone tartea. Hortxe doa!

Nork: indezent.2010/02/03 20:35:38.702 GMT+1
Etiketak: klipak lars gidoiak egunon_goierri musika oasis irratia goierri_irratia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (1)

2010/02/03 20:06:14.236 GMT+1

Asteko kantua (2010/01/23 - 2010/01/30)

Nork: indezent.2010/02/03 20:06:14.236 GMT+1
Etiketak: klipak the_xx asteko_kantua musika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/02/02 21:44:08.038 GMT+1

Emakumeak... besterik gabe

Errespetatzen nauen gizon sensible eta grazioso bat. Horixe da munduko emakume guztiek beraien ametsetako gizona nolakoa den galdetzean irriparre maitemindu bat ahoan dutela erantzuten dutena… Bai bai… horrexegatik gaude grazioso sensible guztiak tabernan ostiral gauetan…

Maitasuna, elkar-ulertzea eta oreka omen da behar dutena baina horixe eskaintzen dien gizona da behin eta berriz haizea hartzera bidaltzen dutena…

Zein politak dauden esaten diegu eta gaizki hartzen dute. Joder, benetan ari naiz! Egunero ikusten zaitut eta gaur esan dizudanerako zerbaitegatik izango da ez? Hori bai! Guaperas putakume bat gerturatu eta berdina esaten badio… Gorritu gainera! Joder! Nik berdina esan dizut ba… Ni behintzat benetan ari naiz! Horrek zurekin larrutan besterik ez du egin nahi… Beno, nik ere bai… baina ez hori bakarrik! Nik behintzat ZUREKIN nahi dut eta beste horri, ez zaio inporta zurekin edo zure ahizparekin…

Umorea gustatzen omen zaie, barrea eragitea, ulertzea, edozer gauzetaz hitz egin al izatea… Egia da gainera, behin baino gehiagotan esango zioten gutaz guaperas putakume horri ohera zioazela. Ze majoa azkeneko tabernako tipoa ezta?

Errespetua nahi omen dute eta errespetatzen ditugulako joaten gara pixkanaka. Gustoko duzu eta ez duzu zuzenegia izan nahi. Izan zerenean gainera ez du emaitza onik izan… Horregatik, bere lanean zein zapaldua sentitzen den kontatzen dizunean entzun egiten diozu, begietara begira, berarekin egotea zein zoriontsua izango litzatekeen pentsatuz. Batzuetan zer kontatu dizun ere oroitzen duzu hurrengo egunean...

Dena ematen duzu bera gertuago izateko eta lortzen duzu. Halako batean, gure superarerio guaperasa azaltzen da, gerritik heltzen du eta bakarrik geratzen zara bere poltsoa eskuan duzula. Noski! Guaperas putakumearekin dantza egiteko estorbu egiten zion eta zuri eman dizu. Eske graziosoagoa zara…

Tonto alen bat besterik ez zarela konturatzen zara eta arazoa, kasu gehiegi egiten diozula dela konturatu zara. Arazoaz jabetu eta suediar, finlandiar edo norbegiarrarena egiten hasten zara. Zer? Ni? Ez, eske lagunak badoaz. Ikusiko gara bai? Harro zaude, barruan duzun ligoia azaleratu duzulakoan zaude eta fruituen esperoan geratzen zara. Ba segi esperoan! Hori ere gezurra da, buelta eman duzunerako beste batekin hitz egiten ari da eta ez dut uste zu ez egoteak ahalako ezinegonik sentiaraziko dionik.

Lur jota zaude, berarekin jai duzula erabakitzen duzu eta begiak irekitzen dituzu. Ez zinen sekula taberna ixkinan zegoen neska txikian fijatu eta begira geratzean, irriparre batekin erantzuten dizu. Pixkana gerturatzen zara eta agurtu egiten duzu, lotsati (ez duzu haineste hobetu…). Halako batean, berriz agertzen da. Tabernan sartu eta gerturatu egiten zaizu. Konturatzerako, atzera begiratu eta neska misteriotsua desagertu egin da eta aurrean duzunak izugarrizko moskeoa du gainean… Aaaaaaaaaaaaaaaahhh!

Ba hori! Horrela ezin dela, aspertuta gaudela eta badakizuela. Gizon grazioso eta sensible bat nahi baduzue, tabernan gaude ostiral gauetan. Norbaitek interesa badu, badaki.

Nork: indezent.2010/02/02 21:44:08.038 GMT+1
Etiketak: iritziak neskak maitasuna ostiralak | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2010/01/27 20:39:21.461 GMT+1

Like A Rolling Stone VI: Ben Harper

Dagoeneko saio honetan bidaikide ditugun talde ugari aztertu ditugu Like A Rolling Stone tartean. Herrialde ezberdinetakoak, estilo ezberdinetakoak… baina badute orainarte guztiek zerbait komunean, musika taldeak direla alegia.

Gaurkoan, lehen aldiz, bakarlari batez arituko gara eta aipatu ditugun bidaikide hauen artean, bada bat besteen artetik nabarmentzen dena. Nola ez, gure lagun Benitoz ari gara edo munduan zehar ezagutzen duten bezala, Ben Harper Kaliforniarraz.

 

1.- PLEASURE & PAIN, WELCOME TO THE CRUEL WORLD eta FIGHT FOR YOUR MIND

Benjamin Chase Harper 1969ko urriaren 28an jaio zen Pomonako hirian, Kalifornian. Island Empire eskualdeko Pomona eta Claremont hirien artean hezi zen jatorri oso ezberdinetako musikariz osatutako familia batean. Bere amonetako bat erdi beltza erdi Cherokeea zen eta bere bir-amona bat aldiz, lituaniar judutarra.

Jatorri nahasketa honek musika ezberdina entzutera eraman zuten Ben txikia zenetik. Honek guztiak izaera berezi bat eman zion bere musikari eta jarrera hau nabarmena da bere lehen diskatik. Hitzetan ere jarrera berdinarekin jarraitu du Harperrek eta bere kantuek kutsu aldarrikatzailea izan dute beti pakeraen, ingurumenaren, politikaren edo erlijioaren inguruan.

Pleasure And Pain izan zen Ben Harperren lehen lana eta Virgin disketxearekin argitaratu zuen 1992an sinatu ostean. 1500 ale besterik ez ziren argitaratu eta lanaren oiartzuna nahiko eskasa izan zen.

Bi urte geroago, 1994an, lehen aipatu dugun bir-amona judutarrari eskainitako Welcome to the Cruel World diska argitaratu zuen baina diska honek ere, ez zuen kritikaren arreta jaso urte bete beranduago, Fight For Your Mind aldarrikatzailea argitaratu zuen arte.

Azken diska horretakoa dagaur entzungo dugun lehendabiziko kantua: Excuse Me Mr

2.- THE WILL TO LIVE eta BURN TO SHINE

Bere zalegoa sortzen ari zen pixkanaka baina Benitok ez zuen oraindik musika irrati eta aldizkarietan lekurik izan. Gutxi falta zen ordea Ben Harperren izena mundu osoan ezagun egiten hasteko.

1998an laguntza bilatu zuen diska grabatzeko eta gaur egun arte bere laguntzaile nagusia izan den Innocent Criminals taldeaz inguratu zen: Juan Nelson (baxua), Dean Butterworth (bateria) eta David Leach (perkusioa).

Diskari The Will To Live izena jarri zion eta talde berriaren laguntzaz Blues eta Folk alternatibora gerturatu zen. Irratietan entzuten hasi zen Harperren musika eta beste batzuen artea,n Tibetan Freedom Concerts jaialdian jotzeko aukera izan zuen R.E.M., Radiohead, Metallica edo Pearl Jam bezalako taldeekin batera.

Musika munduan bere lekua egiten ari zen Ben Harper eta falta zitzaion bultzada eman zion 1999an grabatu zuen Burn to Shine diska zoragarriak. Diska honetan Jazz, Funk eta Folkaren artean dabiltzan 12 kantu eskaini zizkigun Benitok eta diska horretakoa da jarraian entzungo dugun Please Bleed kantua.

3.- LIVE FROM MARS

Burn To Shine diskaren arrakastaren ondoren zuzeneko diska bat grabatzeko erabakia hartu zuen Ben Harperrek 2001ean. Live From Mars izenpean argitaratu zuen eta bi zatitan banatu zuen.

Ben Harper kontzertuan ikusi duen edonork badaki bi aurpegi dituela eszenatokian, bi soinu. Lehena, Innocent Criminals taldeaz lkagunduta lortzen duena da, gitarreroagoa dena, rock band kutsua duena eta Live From Mars honetako lehen CDan entzun dezakeguna.

Bigarrenean aldiz, bakarkako soinua entzun dezakegu, barne barnetik ateratzen zaiona. Hau hobeto ulertu ahal izateko hemen dituzue CD bakoitzeko kantu bana.

Kitarreroa lehendabizi: Glory & Consecuence

Eta erdi kitarreroaren lagin hau entzun ostean, bakarkakoarekin goatz. Bertan lagun berezi bat izaten du Ben Harperrek alboan, malean hobe esanda. Lagun hau, slide kitarra bat baita.

Kitarra blusero hau malean etzanda jotzen den kitarra bat da eta Ben Harperren zuzenekoetan sentimenduz betetako uneak eskaintzen dizkigu.

Bigarren erdi honen ideia bat egiteko, Roses From My Friends kantua aukeratu dugu.

4- DIAMONDS ON THE INSIDE eta THERE WILL BE A LIGHT

Live From Marsen harrera izugarriaren ostean, estudiora sartu zen Ben Harper berriz ere eta Diamonds on The Inside diska grabatu zuen. Esan daiteke hauxe izan zela zirkuitu komertzialean eragin gehien izan duen diska gehienok ezagutuko baituzue Diamonds on the Inside kantua adibidez.

Gauzak horrela, taldekidez aldatzea erabaki zuen Harperrek eta Blind Boys of Alabama Gospel koru beltz eta itsuarekin bi diska grabatu zituen. Lehena, estudiokoa, There Will Be A Light eta bigarrena, zuzenekoa, Live At The Apollo. Etapa honen erakusgarri dugu hurrengo kantua: Give a Man Home

5.- BOTH SIDES OF THE GUN eta LIFELINE

2006an Innocent Criminalsen babesera itzuli zen Benito eta Both Sides Of The Gun diska bikoitza kaleratu zuen.

Diska honek ere harrera bikaina izan zuen eta mundu mailako bira bati ekin zion lana aurkezteko. Biran zebilela ordea ez zen geldirik egon Ben eta munduko alde batetik bestera zebilela hurrengo lana grabatzeko indarrak bildu zituen.

Beti nahi izan omen zuen diska bat Parisen grabatu eta Lifeline izena jarri zion

Etapa hau ordea, Both Sides of The Gun diskako kantu batekin itsiko dugu Donostiako Kursalean zalego guztia altxatu baitzuen pantaila gigantean zaleak beraiek agertzen ziren bitartean. Ahaztuezina Better Way hau.

6.- WHITE LIES FOR DARK TIMES

Gauzak horrela 2009an berriz ere Innocen Criminalsak alde batera uztea erabaki zuen eta gaur egun arte bere azken diska izan zena argitaratu zuen Relentness7 taldearekin.

White Lies For Dark Times izena eraman zuen eta saio honen entzule fidelak zaretenontzat ez du aurkezpenik behar. Ez diskak, eta ezta jarraian entzungo dugun Shimer and Shine honek.

Ez dira diska gutxi Ben Harperrek argitaratu dituenak baina hauxe da gaur egun arte Kaliforniar honek eman diguna. Hala ere, lankidetza ugari egin dituen musikaria dugu Ben Harper eta horietako batekin amaituko dugu gaurkoan saioa.

Ben Harper eta Vanessa Da Mata: Boa sorte! Zorte ona izan dezazuela zuek ere!

PD: allmusic ez dabil eta ezin izan ditu linkak jarri. Ea astean zehar joaten naizen osatzen...

Nork: indezent.2010/01/27 20:39:21.461 GMT+1
Etiketak: lars klipak goierri_irratia egunon_goierri ben_harper musika irratia gidoiak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (1)

2010/01/26 17:17:31.990 GMT+1

Aitaren Super 8ko imaginak berreskuratzen: Beasain (1984)

Pasa berri diren gabonetan, haurra nintzela aitak hartutako Super 8aren imaginak berreskuratzen aritu gara (tomavistas, berak esaten duen bezala). Egia esan, gogoratzen nuen tomavistasa baina ez nuen ideiarik ere, bertan horrelako materialik zegoenik.

Pare bat ordu bideo berreskuratu ditugu nahiz eta audioa urteen poderioz galdu egin den (lastima…). Imagina gehienak famili oporretakoak dira eta egia esan, negar malkoak isurtzetik oso gertu egon naiz aita, ama, anaia eta ni neu duela hainbeste urte ikustean (zergatik sortarazten ote dute nostalgia haurtzaroko imaginek?).

Famili imaginak etxerako gordeko ditut baina hemen uzten dizuet 1984an Beasainen izan zen elurte izugarriaren adierazgarri txiki bat. Gogoan dut, pergoletatik gurasoekin nindoala elurra gerrirate iriten zitzaidala (gerria beste altura batean zegoen ordea…). Nola aldatu den herria…

Hala ere, herriko imaginen ondoren eta gaur egun nire ogi-bidea zein den jakinda, ezin izan dut erreprimitu amaieran beste beste bideotxo bat sartzea... Patua esistitzen ote da?

PD: Eta bai, kantu hori aukeratzea ere, ezin izan dut erreprimitu ;)

Nork: indezent.2010/01/26 17:17:31.990 GMT+1
Etiketak: haurtzaroa beasain super8 bideoak | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2010/01/24 18:19:06.406 GMT+1

Asteko kantua (2010/01/16 - 2010/01/23)

Nork: indezent.2010/01/24 18:19:06.406 GMT+1
Etiketak: klipak ben_harper asteko_kantua musika vanessa_da_mata | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)