Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2007/10/05 15:31:41.485 GMT+2

Freebatasuna

Konponbide demokratiko baten alde: hitzak soberan daude: freebatasuna

Nork: jo_ta_irri.2007/10/05 15:31:41.485 GMT+2
Etiketak: freebatasuna demokrazia euskal_herria elkartasuna justizia | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2007/09/09 11:01:43.829 GMT+2

Bizkaiko Foru Aldundiaren ustez Explorer nabigatzaile bakarra

Atzo Bizkaiko mapa batzuk begiratu nahi eta bizkaia.net web-era jo nuen. Hara eta hona ibilita, azkenik arlo ditxosozkora iritsi nintzen. Zerua zabalik!! Baina neure poza labur-laburra izan zen, halako mezu bat agertu baitzitzaidan:




Kakazaharra!! Aldundiko arduradunak ez ei dira oraindino ohartu internet explore-z harago baliabiderik ere badela; are, hobeak, sendoagoak eta libreak gainera.

Aldundiak, bere jokaera honekin, askatasuna ukatzen digu. Zergatik erabaki behar du aldundiak nik zein nabigatzailez erabili behar ditudan baliabide publikoak? Ez dute, ez, inolako eskumenik horretarako. Merkatu librearen alde sutsu agertu, eta gero monopolio monopoliozaleenaren eskutik lotuta ibili. Hara!


Nork: jo_ta_irri.2007/09/09 11:01:43.829 GMT+2
Etiketak: windows soft_pribatiboa aldundia bizkaia soft_librea | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/09/07 01:20:01.785 GMT+2

maitasunean gorrotoa, gorrotoan maitasuna (I)

Beti maitatu dut sorterria: Santurtzi, Mamariga. Kanpora irteten nintzenean, oporraldian zela, lanerako zela, itzultzeko irrikan egoten nintzen lehenengo hamobastaldiz aurrerantzean. Itzuli eta den-denari ematen nion begia, sekulan ez izandako tokia bailitz lez: hormetan inkatutako afitxei gizarte bizimoduaren azken getaeren berri laburtua hartzearren; itxitako negozioei (gehienak) eta zabaldutako berriei (gutxienak); kalean jazotako pitzadura (+) edo konponketei (-);... Kanpoan urteak emanaren antzera ibiltzen nintzen.

Aspaldi batean, sorterritik beste inora bizitzera joateko aukerari ezezko biribila ematen nion, inolako zalantza barik; gogoan hartzeari ere muzin egiten nion.

Zelan aldatzen diren gauzak, kamarada!!

Egun, ordea, buruan darabilkidan galdera da nora joango naizen, noiz eta zein dudan biderik egokiena asmoa gauzatzeko.

Atzera begiratu eta zer gertatu zaidan hausnartzen dut batzuetan eta ohartzen naiz  superportuaren aurkako porrotak garrantzia izan duela bilakaera honetan, hil-kolpea lez. Ez soilik nigan, gainera; hainbat lagunek alde egin dute Santurtzitik, superportuak herriari eusten zion xarma apurra betiko deuseztatu balu bezala.

Izan ere, Abra (kanpo aldeko Abra, horixe baitzen geratu zitzaigun bakarra Bilboko Portua  Santurtziraino zabaldu zutenetik) zen Santu¡rtzi Ezkerraldeko gainontzeko udalerriak bezain bizigaitza izatetik aldentzen zuen elementu nabarmenena, ia bakarra ere bai. Halako zabaltasuna emoten zigun, zementuzko eta ailtzairuzko espetxetik begiradari ihesarako aukera  eskaintzen ziona, ke eta zikinaren higuina bizkar aldean lagata argitasuna, freskotasuna eta lurrina (ez dut sekula itsas gaziaren lurrina bezalako atseginik antzeman inon) ematen ziguna. Egun, inguratuta gagoz, ez dago nora ihes egiterik, Serantes mendi alde zigortu eta txikira salbu. Egia esan, instruktiboa da oso Serantesera igotzea, ezinhoba agertzen baita handik Ezkerraldean hiritzearen basakeria, zentzugabekeria eta itsuskeria zein mailatarainokoa izan den, eta baden: A-8 autobideak hesiarena egiten du, Bilbo eta harago ere zabaltzen den etxe mordo pilatutako eskualdea, espazio librerik gabea, hitsa, zatartua, oraindik badiren lantegi batzuen ketan itoa; autoak nonahi, noiznahi; zalaparta mekanikoak mendian ere bakerik eman ez; gizakiok sistemarentzako tresna garen ikur garbia. Gehiegikeria? Igo zaitez hara eta zeuk ikusi.

Honela, zer eskain zezakeen Santurtzik? Hiri baten txarrena du (kutsadura, zarata, jende pilatzea, espazio librerik ez, trafiko handia, kontsumismorako dei etengabeak, masifikazioan isolamendua,...) eta, tamalez, ez du eskaintzen hiri dexente batek eskain dezakeenik ( gizarte-, kirol-, kultur-,...azpiegiturak eskas-eskasak; beraz, arlo horietan ekimen eskaintzarik ere ez;  ondorioz, bizitasun txikia ...). Batuketaren emaitza garbia da oso: bizitza kalitate txarra. Honela hasi zitzaidan pizten bertatik alde egin beharra. Are gehiago ikusita neure zenbait lagunek (ahal zutenek, hain zuzen) honela egin zutela, bestelako bizimodu baten bila.

Hala eta guztiz, aspektu honi beste bat gehitu behar zitzaion neure maitasun-gorroto harreman horri, gorrotoari indar handiagoa emon eta maitasuna sentitzea are gehiago zaildu zidana. Baina hori hurrengo baterako utziko dut.

Nork: jo_ta_irri.2007/09/07 01:20:01.785 GMT+2
Etiketak: eus-kerraldea ni hiria santurtzi barne_kontraesanak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/07/18 14:44:28.061 GMT+2

lamin

Portugaleteko taberna batean ezagutu nuen, Ainhitze neskalagunarekin nengoela. Diskak eskaini zizkigun noski, hortan zebilen-eta. Geuk ezetz, baina zeozer hartzeko, gura bazuen. Hizketan hasi ginen. Neu gaztelaniaz, Ainhitze gaztelera eta frantsesa tartekatuta, bera gaztelania eta frantses mordoiloaz. Oraindik ez zela ondo moldatzen, heldu barria zala Senegaletik, eta wolof-a zuela ama-hizkuntza. Zein izen zuen eta Lamin erantzun berak. Xelebrea egin zitzaidan. Lamin Kunta Kinteren anaia zen "Raices" liburuan. Agian horrexek gerturatu ninduen beregana hasieratik.
Edozelan be, haren historiaren pasarteak aletu zizkigun: 35 urte zituela; emaztea eta alaba txikia utziak zituela Senegalen, eta astero deitzen ziela telefonoz; bus gidaria zala han, baina lana handia izan arren soldata eskasa,  familia mantentzeko modukoa bez, eta honera egin zuela bizimodu hobearen esperoan.
Maiz ikusten dut Santurtzin Lamin eta lagunak egin gara. Guztietan oparitzen didan irribarreak harritu egiten nau. Zelan daiteke sorterritik ihesi eta halako egoera gordinean dagoen pertsonak irri egitea? Eta hala egiten du berak. Egunero.
Miretsi egiten dut Lamin

Nork: jo_ta_irri.2007/07/18 14:44:28.061 GMT+2
Etiketak: eus-kerraldea etorkinak lamin | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

2007/05/25 11:32:22.403 GMT+2

lainoa izan da erruduna !

Atzo beste istripu larri bat gertatu da. Pertsona bat hilik eta hemeretzi bat zauritu. Oraingoan N-1ean izan da, baina berdin jazo zitekeen A-8an edo beste edozein errepidetan, sarritan lez.
Atzokoan lainoa izan da erruduna, noski. Garraio sistemak ez du zeikusirik, jakina! Sistema ekonomiko honek ere ez, nahiz eta milaka ibilgailu ipintzen dituen egunero-egunero errepideetan, eros-salgai eta pertsonak milaka eta milaka mugiarazten dituen, edo denbora bera merkantilizatu eta "urre" bilakarazi duen. Inola ere ez.
Istripu bat izan da, istripu tamalgarria. Ez dezagun bila ba ardurarik, ez dago-eta.
Eta erantzunkizunak bilatzen tematzen denak kontuak eska diezazkiola lainoari atzokoagatik. Eta euriari aurreko astekoagatik. Eta elurrari, eta izotzari, eta haizeari,... Ez beza pentsa ere, atzo hildakoa, herenegun zendutako langilea, kalte fisiko, psikiko, material eta abarrekoak, batzuen "gastu" zerrendetan ondo kalkulatuta -eta onartuta- daudenik. Ez pajeatu. Lainoa izan da.
Zorte ona dute behintzat lainoak eta lagunek, oraingoz ezin baitituzte legez kanpo utzi, atxilotu, torturatu, espetxeratu,... Baina ez daitezela lar fio.

Nork: jo_ta_irri.2007/05/25 11:32:22.403 GMT+2
Etiketak: garraioa istripua kapitalismoa gizartea | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/02/10 15:47:54.823 GMT+1

Euskaldunon ardura hauteskundean

EHEk dei egin die alderdi politikoei haustekunde kanpainaren atarian, hautagai "euskaldunak" aurkez ditzaten.

Aspalditik "euskaldun" kalifikatzailearen egungo esanahiaz zalantza handia egiten badut ere (euskaraz dakien edozein euskalduntzat hartzea gehiegikeria iruditzen baitzait), ontzat hartu dut deia.

Hala ere, euskalgintzan susmatzen dudan, eta aurreko post batean  azaldu nuen lez, hutsunea susmatu dut honakoan ere, hau da, "goikoei" (direla agintariei, direla erakundeei,...) eskatu, aldaketa estrukturalen beharra aldarrikatu,... baina norbanako euskaldun-euskaltzaleari ezer gutxi, espektadore huts eta eragin bako bailitzan; aldaketa estruktural horiek, "dekretuak", legeak, arauak, aginduak nahikoa izango balira bezala euskaldunok eskubide guztidun herritar bilakarazteko. Beharrezkoak dira horiek, noski, baina inola ere ez nahikoak.,

Zergatik ez, bada, eskatu herritarrei ez bozik ematea hautagai erdal-elebakarrei, edo hautagai erdal-elebardun hautes zerrendei?

Nork: jo_ta_irri.2007/02/10 15:47:54.823 GMT+1
Etiketak: euskara hauteskundea ehe | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/02/10 14:59:23.839 GMT+1

Oleguerrekin elkartasuna!

 Berriak dakarrenez, Oleguer futbolariari publizitate-kontratua eten dio Kelme enpresak, eta elkartasun kanpaina abirazi dute interneten, Kelmeri salaketa mezua ("Uste dut adierazpen askatasuna urratu duzuela. Bezero bat galdu duzue.").  Dagoeneko 11.000 baino gehiago igorri dugu mezua, eta hainbat elkartek nahiz erakundek ere babesa adierazi diote jokalariari.


Argitxo dago batzuek ez dutela nahi kirolariek, ospetsuek, gizartearen ikusmiran diren horiek gizarte gatazketan parte hartzerik; mututa jarrai dezaten gura dute agintea dutenek. Honela, jendeok geure arreta egunerokoan geure benetako bizitzan eragiten duten arazoei arreta eman ez diezaigun sustatzen dute.

Honexegatik Oleguerren ausardia oso txalogarria iruditu zait. Eliteko kirolarien topikozalekeriaz eta gizartearen arazoez axolagabekeriaz (edo engaiatu nahi ezaz) nekatuta samar nengoen honezkero. Neuk ez dut bakarrik utziko, eta neure ahalaren neurriko babesa eman nahi diot.

Bestetik, adierazpen askatasunaren aurkako eraso berria ezezik, Espainia aldeko sektore zabalek Euskal Herriari (eta Catalunyari ere) loturiko gaietan duten herra, irrazionalitate eta errespeto ezaren erakusgarri ere bada. Ez dakit Kelme enpresa halako herra, irrazionalitate eta errespeto ezaz kutsatuta dagoen, edo "soilik" beldur den bere irudia "kalteturik" suertatu den Espainiako jende askoren begietara, halako "terrorista" bati bere ikurra janztea utzita. Espainian reakzionarismoaren indarraren ondorioa da, zelan edo halan.

Banago, herritarrok, arazo politiko eta sozialak era razional, errespetotsu eta gizabidezkoan konpondu nahi ditugunok, gehiengoa (askotan ixila) garenok beste aukera bat dugula geure jarrera erakusteko, geure ahotsa (idatziz bada ere) ozentzeko, dagokigun ardurari heltzeko.

Geure esku dago. Ahal dugu. Merezi du.

Nork: jo_ta_irri.2007/02/10 14:59:23.839 GMT+1
Etiketak: adierazpen_askatasuna oleguer | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/02/02 19:38:47.159 GMT+1

Joxemi hil egin da

Gaur goizean jakin dut, lankide batek mezu bat bialduta, labur, zehatz, informazio huts: "Joxemi hil egin da". Ez da harritzekoa izan, azken hiletako joerak hara zeraman-eta. Eta halere...

Hasieran, barruan astinaldia sentitu dut, halako bertigoa-edo Eta lehenengo joera ihes egitekoa izan da, ez kafea hartzera sartua berri nintzen tabernatik, mezutik, berritik, errealitatetik ihes egitea, ezer gertatu izan balitz bezala jarraitzea. Heriotzari izkin egin. Ez zaude, ez nago, ospa neure mundutik! Azken finean, Heriok eragindako sentimenduetatik ihes egitea zen aitortu gabeko desira gertaezina. Beste hainbatetan legez, ez sentitu, hanka egin. Beste hainbatetan legez, ez sentitu, ospa egin.

Joxemi hil egin zaigu. Eta heriotzaren aurrean jarri nau berriro ere, Joselu hil zenenan bezala, "Aitite" hil zenean bezala. Tristura, pena, beldurra... ze zaila identifikatzea, izendatzea, sailkatzea sentitutakoa. Ze gaitza hitzetan jartzea, deskribatzea... Batzuetan zalantza ere egiten dut, sentikizunak izan ote diren edo horrela sentitu behar delako eraikitako sentimendu artifizialak.
Tristea da 42 urteko lankide bat hil izana. Tristegarria da pentsatzea une batez ez dudala berriro  ikusiko  korridoretik, terrazara bidean, zigarreta erretzera,... edo kafe-makinaren ondoan nire txokoaren parean,... edo bere mahaiaren ondoan eserita, ordenadoreari begira komunera noala... gehiago ez zaudela jakitea, Joxemi.

Tristura sentitzen dut egokitu zaizun ezbeharragatik, bizia galdu duzulako, bizitza galdu duzulako.

Tristura hire hurkoengatik, haien egunerokoan hire presentziarik gabe geratu direnengatik, ezagutzen ez dudan hire neskalagunarengatik,...

Kuriosoa ere bada heriotza. Galdera askoren eragile. Pertsona bat bada eta unetxo bat geroago ez da gehiago. Akabo izan da dana? desagertu, ezabatu egin da pertsona hori zena? horrela, besterik gabe? ezagutu zutenek, maite zutenek, berekin harremana izan zutenek barruan gordetako oraoitzapen besterik ez? Kitto?, Fini?

Egia esan ez nuen kristoren harreman urkarik Joxemirekin. Lankideak ginen, baina lankideetan hurkoena ere ez zen niretzat, eta neu ere ez beretzat. Normal moldatu, elkarrekin liskarrik izan ez baina axaleko harremana izan genuen.

Eta honek ere min ematen dit. Aukera bat pasatu dela sentitzen dut. Errepikaezina, munduan bakarra zer norbait ondo ezagutu gabe joan zaidala, eta ezingo dela inoiz gertatu.
Honek pentsarazi egin dit goizean. Zenbat harreman, zenbat ezagun, zenbat lagun... eta azalekoak gehien-gehienak. Zenbati ez diodan erakutsi neu benetan nor naizen, maskara barik, neu, naizen hau. Zenbat ez dudan ezagutzen benetan, maskara barik, bera, den hori.
Eta honek kristoren pena eman dit. Berriro ohartzeak denbora pasatzen dela, inguruan jende mordoska, baina askotan sakontasunik, hurkotasunik, intimotasunik gabe, elkarrengan pausatu barik.

Honengatik ere piska bat negar egin eta gero neure harremanetan azalkeriaren aurka borroka egingo dudala erabaki dut.

Zeozertarako balio izan du gaurkoak.



Nork: jo_ta_irri.2007/02/02 19:38:47.159 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2007/01/30 12:47:35.943 GMT+1

elkartasunik ez!

Gauza ederra iruditzen zait elkartasuna, gizakiok gizaki egiten gaituenetakoa da-eta, baina, zer ostias! oraindik ez nago prest edonori edozelan elkartasuna adierazteko.
Eskatu gabeko azalpena dator Santurtziko Hijas de la Cruz ikastetxe pribatu erdaltzale katolikoak elkartasuna eskatu didalako, gainontzeko santurtziarroi bezalaxe, ikastetxeak oraingo kokalekuan iraun dezan eta S. Francisco Javier ikastetxe pribatu erdaltzale katolikora eraman ez dezaten.
Ez nator bat Santurtziko erdigunean dagoen lur saila eraikuntzako enpresa bati saldu izanarekin, lur sailaren jabea den Murrieta fundazioak (erdaltzalea berau ere bai, noski) egin duen lez, nahiz eta irabazitako 9 milioi euro herriaren alde xahutuko dituztela esan badute ere (zergatik ote naiz hain sinesgogorra halako Fundazio-zeinek-kudeatzen-duen-benetan-herritarrok-ez-dakigun eta-orain-arte-herrian-guztiz-ezezagunekin?). Ez nator bat udal gobernuaren jarrera zuriarekin ere. Baina hortik neure elkartasuna adierazteraino, neure balkoian zapi morea eta paparrean kolore bereko zingola jartzeraino badago tarterik, egon. Are gehiago, orain, ikastetxe pribatu katoliko erdaltzaleak bizirik irautea herriko klase ertain beste-edozerekin-axolagabeak honetarako, beren ikastetxe elitista karka hau matxinadarako ikur bihurtu duten oraingoan. Gehiago oraindik, santurtziartasunaren adierazgarri eta ondare (?) aurkeztuta ere.
Nigatik, eraman dezatela ikastetxea pikutara ere, eta lur sail hori santurtziarrok benetan goza dezagun izan dadila! Lehendik ere bazegoen eta egun ere badago motiburik benetako herri matxinadarako dei egin dezaten molde berriko matxinatu "guay"-ek.


Nork: jo_ta_irri.2007/01/30 12:47:35.943 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/01/24 12:04:23.058 GMT+1

geure burua errespetatu, errespeta gaitzaten

Gaurko BERRIAk Jon Urrujulegiren gutun bat dakar ("¿A dónde va usted?"), Donostiako udaletxean jasan behar izan duen hizkuntz zapalketa salatzen duena. Ez da, noski, halako bakarra, tamalez; eta ez da izango azkena, zoritxarrez. Donostiako udala, Kontseiluak jakitera emandako udalen hizkuntz politikaren gaineko inkestaren emaitzetan, 26. postuan dago. Pentsazazu zer gertatzenb den Santurtzikoan, inkesta berak 51. tokian ipini baikaitu (alegia, hizkuntz eskubideak osoro betetzetik tokitan).

Aspalditik asko dira hizkuntz eskubideen urraketa etengabeak salatzen dituztenak. Euskaldunok pairatutakoak, noski; horretan ere esklusiba dugu-eta, batzuen biktimismoa (biktimakeria?) oso zabaldua den arren. Aspalditik datozkigu hainbat euskaltzaleren salaketa edo-eta kezka, indarrean (?) diren hizkuntz politiken atarramendu eskasiaz, alderdi politikoen utzikeriaz edo jardunbide okerraz "euskararen auzia"ri dagokionean.
Aspaldion nabil euskaltzalerian susmatzen dudan estrategiaz (jardunean dakusadana, buruetan susmatzen dudana, ez agian txostenetan adierazitako estrategiaz) zalantza egiten. Esan nahi dut, dexente kantsauta nabilela hainbat eta hainbat "euskararen aldeko" bihurtzea lehentasuna ei izateaz, entzuteaz erdaldunak euskal mundura erakarri behar direla, eta antzekoez.

Ze ostia! bost axola dit auzokoa euskararen aldekoa izan ala ez izateak; ez dakit non euskarak ez dakit zelako presentzia orekatuan izateak eta halakoek. Badakit badutela garrantzia horiek guztiek, baina susmoa dut ez ote den hori esklabuaren lanturu, batik bat. Paso "euskararen aldeko gauzak" egiteaz. Euskaraz bizi nahi dut, eta kitto! Euskaraz bizi ahal izateko adina baliabide izan gura dut, dagozkidan hizkuntz eskubideak gauzatu ahal izan, bigarren mailako herritar ez gehiago izan. Neure borroka ez da "euskararen aldekoa", euskaldunen zapalkuntzaren aurkakoa baizik. Errespeta nazaten/gaitzaten nahi dut, ze kristo!

Eta pentsatzen hasita nago (nahiz eta konbentzimendu guztiz ezin esan) ez ote den geure (euskaldunon) konplexuengatik besteak erakarri nahi hori. Besteek (erdaldunek, edo erdara erreferentzi eta lehentasunezko mintzaira -nahi- dutenek esan gura dut, jakina) etortzeko aukera dute nahi dutenerako. Ados naiz bide hori erraztu behar zaiela ahalik eta gehien nahi dutenei; baina euskaldunon lehentasunak, neure iritzian, geure burua errespetaraztea izan behar du, geure hizkuntz eskubideen berma lortzea. Agian, beltzek AEBetan edo Hegoafrikan edo..., edo irlandar nazionalistek Ipar Irlandan, edo beste hainbat gutxiengok hainbat lekutan errespetatua izateko borrokak hartu behar ditugu erreferentzi. Beharbada barneratu behar dugu Euskal Herria deritzogun honetan ez dagoela herri bakar bat, edo behintzat kultur kolektibo bat baino gehiago dagoela, eta geuk geureari ekin behar diogula lehenik, geure bizimodua nahi dugun bezala antolatzeari alegia, balizko kontsentsu sozialak-eta (hau da, kultur kolektiboen arteko bizikidetza arauak antolatze eta adostea) gerorako utzita. Agian, herrialde berean bizi izateak eta herri bereko kide sentitzeak (edo identitate sentimenduari berba bera ematea), ez du esan nahi herri berekoak garela.

Geure burua errespetarazi behar dugu, eta honek esan nahi du  geronek errespetatu beharra dugula geure burua lehendabiziko, ez dugula onartuko zapal, gutxiets, mespreza gaitzaten. Banago, gainera, honexek lagunduko digula "besteak" (ez dut oraindik asmatu berba egokiagorik) ere erakartzen geurera, zeren zein hurbilduko zaio ba, bere burua ere errespetatzen ez duenari?

Nork: jo_ta_irri.2007/01/24 12:04:23.058 GMT+1
Etiketak: eus-kerraldea euskara ezkerraldea | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)