2010/02/03 14:20:11.579 GMT+1
Magdalena Cortina
da zainak odolez bete zizkidan ahots epela, oraina eman zidana, naiztu
ninduena. Horixe da bizitza: naizetik zenera egiten dugun
bidaia. Bidaia horretan, atzoak metatzen ditugu, atzoek atsotzen gaituzte.
Magdalena Cortinaren begirada ere atzoz beteta dago. Amaren begi atzotu
horiek tristeziaren kolorea dute, toki eta denbora urrunetan daude ainguraturik:
Argentinan, gaztaroan. Han hasi zen dena harentzat.
Gaueko txandetan,
nire kabinatxoaren bakardadean, irratia da ordu txikien tunelean aurrera
egiten laguntzen nauen argia. Irratsaio bera jartzen dut beti. Aurkezlearen
ahotsak horditu egiten nau, berbak xuxurlatzeko duen era amets eragile
horrek. Ipuinak kontatzen ditu. Berak ipuin ezinezkoak deitzen die.
Artxandan bizi den likantropoarena kontatu du gaur. Ipuinaren ostean
entzule batek deitu dio. Ipuin errealak eskatu dizkio, horrelako istorio
fantastikoen lekuan. Entzule horri norbaitek esan beharko lioke errealitatea
dela ipuinik ezinezkoena, gu hemen egotea sekula gehiago errepikatuko
ez den kasualitate kosmikoa dela.

Horrelako kasualitate
batek itsasontziratu zuen Magdalena Cortina Buenos Airesen. Ni ez nengoke
hemen hori gertatu ez balitz. Ni hemen egotea hamaika kasualitateren
talkaren ondorioa da. Adibidez, itsasontzi hura Bilbora joana, eta ez
Lisboara, edo Londresera, edo Habanara. Eta nire aita izango zena, beste
egun hartan, goizeko hamarrak eta hogeian, makurtu eta eskumako zapatako
lokarria lotzeko makurtu izana, zapatatik altxatu zituenean begiek Magdalena
Cortinaren irribarrearekin estropezu egin baitzuten, Santiago plaza
euritsuan. Kasualitate batek elkartu zituen Argentinatik hiru hilabete
arinago etorritako neska eta egun hartan Bilbora joan behar ez zuen
Dimako mutilaren begiradak. Han hasi zen dena niretzat.
Ipuinak bakarrik ez,
abestiak ere jartzen ditu. “Zein abesti aukeratuko zenuke zeure azken
hatserako?”, deitzen da irratsaioaren atal bat. Ama etorri
zait akordura. “Hiltzeko momentuan, jarridazu musika hori”, esan
zidan behin (ez: birritan; ez: musika hura jartzen nuen guztietan).
“Shine On You Crazy Diamond”. Baietz esan nion. Agindu hori
ezin betetzeak sugez betetzen ditu nire ametsak. Nire beldurrik handiena
gaueko txandatik etxeratzen naizenean ama hilda topatzea da, aitarekin
jazo zitzaidana errepikatzea. Aita hil zenean urrun nengoen, urrunegi.
Aitaren azken urteak
madarikazioa izan ziren. Berba barik geratu zen. Umetan aitarekin ibiltzen
nintzen askotan. Aitarekin herrian, aitarekin trenean, aitarekin mendian,
aitarekin infinituaren bila. Ni oso isila nintzen, lotsor hutsa; aita,
berba egiteko makina. Mundu guztiarekin hitz egiten zuen. Maiz pentsatzen
nuen nire berbak maileguan hartzen zituela, nire isiltasuna haren berba-jarioaren
ondorioa zela. Ez, nire aitak ez zuen ezezagunik ezagutzen. Behin, abenduaren
hogeita lau batean, eskeko bat gonbidatu zuen etxera, afaltzera. Vidal
deitzen zen. Vidali, bigarren ardo botila amaituta, mingaina askatu
zitzaion. Esan zigun zortzi orduko soldata baino nahiago zuela hogeita
lau orduko askatasuna. Bera zela bere buruaren ugazaba, eta munduan
ez zegoela hori baino dirusari hoberik. “Ni, Obelixen antzera, pertz
batean jausi nintzen”, bota zigun, aitak eskainitako fariasa ahoan.
“Eta pertz hori bizitzaz beteta zegoen. Ezin izan zuten niretzat izen
hoberik aurkitu...” Bai, bizitzaz gainezka egin behar zuela zirudien
gau hartan. “Mundua ederregia da beti zerupe berberaren, etxe berberaren,
emakume berberaren magalean bizitzeko”. Gaupasa ederra egin genuen
aitaren eta Vidalen elkarrizketa amaiezina entzuten. “Zertarako maitatu
emakume bat, hogei emakume maita ditzakezunean?”. Horixe zen Vidalen
filosofia.
Eskeko hark erein
ote zidan bihotzean ipuin ezinezkoekiko grina? Burua nintzatekez
eta nukez betetzen ditugu, baina gero ez gara ausartzen, jokatzen
dakigun aditz bakarra present monotonusa da. Amaitu zen gau hura, eta
gure bizitza basatzan galdu zen, zerupe berberean, etxe berberean, ohitura
berberetan. Gurera madarikazioa heldu zen arte.
Aita burua galtzen
hasi zen. Han hasi zen gure tragedia. Azkenerako, berba barik geratu
zen. Kirikinoaren begirada bakartia gelditu zitzaion, dortokaren dorpezia.
Nik pentsatu nahi nuen ez zuela minik sentitzen, haurtzarora bueltatua
zela, amaren umetokira. Horixe zen niretzat gaitzena: ezin jakitea zer
sentitzen zuen, ezin jakitea pentsamendurik zuen ala burua hareaz betetako
bola bihurtu zitzaion. Bai: aitaren heriotzarekin hasi zen dena amaitzen.
Noraren irratsaioa
Ezinen Ostatua deitzen da. Haren ahotsa entzukeran, zapaburuak egiten
zaizkit belarrietan, eta bihotzak errimeago bidaltzen ditu odol-errekak
zainetara. Ez diot egundo ere deitu, lotsarren edo. Gaur arte. Nire
bizitza aditz hipotetikoen albuma izan da, baina nintzateke eta
nuke guztiak ilargiaren orbitan geratu zaizkit. Eta ezin da beti
ilargiari begira bizi. Ezin da beti fokuetatik ihesi bizi, kabinatxoaren
anonimokerian ezkutatuta, autoak pasatzen ikusten, ipuinak pasatzen
ikusten, bizitza pasatzen ikusten. Zenbat bider imajinatu ditut ipuin
ezinezkoak ordaintokira heltzen diren pertsonekin, edo kalean zurekin
gurutzatu den emakume ilegorriarekin, edo kafetegiko beste mahai horretan
dagoen neska björkararekin. Edo Norarekin. Baina ametsetatik jausten
naizenerako, berriro bakarrik kabinatxoan. Bi euro eta bost zentimo.
Horixe da esku ezezagunak nirean uzten duten prezioa, horixe nire bizitza
debaluatuaren balioa. Gaur arte.
Magdalena Cortina
da nire amaren izena. Elkarrekin bazkaltzen dugu, telebistari begira.
Telebistako txotxongiloek bahitu digute intimitatea. Aita hil zenetik,
gure etxea hauts more batek estali du. Hauts more etsitua altzarien
gainean, alfonbren azpian, ispiluetan. Gure etxean indaba aspaldi erreen
sunda geratu da hormei itsatsita. Eta ama eta biok berba barik geratu
gara, aitak eraman zituen berarekin gure berba guztiak. Eta, tristezia
zimeldu horretan, maiz pentsatzen dut oso gutxi geratzen zaiola amari,
agian hauxe izango dela haren azken negua. Begira geratzen natzaio,
eta haren begi ninietan argentina txiki bi ikusten ditut, berriro itsasontzia
hartu balu bezala, haurtzaromindurik. Besarkatu egingo nuke, musujango.
Baina ez, telebistako txotxongiloei begira geratzen naiz, nire sentimenduak
hamar tonako eskulturak bailiran. Horrelaxe joan zait bizitza: amari
zenbat maite dudan esan ezinean.
Agian, honela gertatuko
da: kabinatxoan egongo naiz, irratia entzuten. Kanpoan hotz egingo du.
Tarteka elur maluta erratuak jausiko dira, eta sumendi izoztu batek
oka egindako lei-hautsa dela pentsatuko dut. Urrundik, kabinatxora hurreratzen,
ibilgailu bat ikusiko dut, baina ez dut motor hotsik entzungo. Beldarra
bezain geldo eta isil etorriko da. Eta, azkenean, betazalen pisua jasanezina
egiten zaidanean, ordaintokira helduko da. Orduan konturatuko naiz katabuta
dela. Katabutaren estalkia altxatu eta ama agonduko da. “Seme, zergatik
jan zenuen hitza? Zergatik ez zenidan musika hura jarri?”, esango
dit, eta haren berbak antzigarra legez pilatuko zaizkit eztarrian. Barkatzeko
esan nahiko diot, baina orduan ere ez zait berbarik jalgiko. Katabutean
etzan eta urruntzen hasiko da. Itxaroteko oihu egin nahiko diot, baina
alferrik izango da. Kabinatxoa krisalida hormatua bilakatuko da, aterik
gabeko amesgaizto glaziarra. Eta ez naiz itzartuko.
Gauero entzule batek
aukera izaten du irratira joateko, Noraren irratsaiora. Deitzen duten
guztien artean zozketa egiten dute. Gizonezko batek hartu dizkit datuak.
“Egon adi. Programaren amaieran esango dugu zozketaren emaitza. Zuri
hamazazpigarren zenbakia egokitu zaizu”. Handik aurrera, nire bularra
danbor hotsa izan da. Egutegiari begiratu diot, santuen laguntza eske.
Gaur, San Blas. “San Blas, eman nire bizitzari gas”, egin dut otoitz.
Eta pentsatu dut: nire bizitza otoitz ez, oteitz izan da. Oteka bizi
izan naiz (deituko ote dut?, gustatuko ote zaio nire ahotsa?, noizbait
laztandu ahal izango ote dut haren eskua?, eta beste hamaika ote
gehiago ere). Oteak arantzak ditu. Min egiten du. Ez, gure bizitzetan
ez dugu otez betetako sastraka itsurik nahi, autopistak behar ditugu.
Autopistak, ez galtzeko. Autopistak, norabidea zein den jakiteko. Autopistak:
hemen sartu eta han irten. Dena seinaleztatuta, dena marraz eta geziz
gidatua. Galderarik ez: erantzunak. Aginduak. Bi euro eta bost zentimo.
Ez da garestia. Gehiago ordainduko nukeen neure bizitzako otedia zuztarretik
atera eta bistatik galtzearren. Ziurtasunez berotuko nauen antizikloia
behar dut bihotzaren tokian. Baina orduan ez nintzateke ni izango: amari
“maite zaitut” esaten gauza ez naizen semea, eta, aldi berean, amarekin
itota bizi izandakoa. Amaren bizitza autopista izan baita beti. Eta
ni, beti atoian. Magdalena Cortinaren adiztegian aginterak agintzen
izan du, eta ni indikatibo barik utzi nau. Horra nire bizitza: aditz
eklipsez betetako zeru izargabetua. Eta, hala ere, ama maitatzea beste
erremediorik ez zait geratzen. Agian, haren orbitatik ihes egiteko adina
gasik izan ez dudalako. San Blas, eman nire bizitzari gas.
Bai, indargaia behar
dut hegan hasteko, amaren itzalpetik jalgiteko, nintzateke eta
nuke guztiak ilargiaren orbitatik hona ekartzeko, nire kabinatxoaren
ilunpetik ateratzeko. Agian, ailegatu da momentua berbetan hasteko,
bide erdian geratu zaizkidan ipuin ezinezkoak idazteko. Momentua, nire
ezin guztiak ahal bihurtzeko, ezina izanaz egiteko. Zorriek sekula ez
dute enbaxadarik izan, ezta neuk ere. Baina, azkenean, ailegatu zait
ordua, zorri izateari uzteko, nire zorritxarra errebesatu eta krisalidatik
irteteko, amaren eta aitaren izpiritu zainduetatik alde egiteko. Eta
hori bakarrik egingo dut haien ipuina kontatuz, gure ipuina kontatuz.
Martxoaren 17an joango
naiz Noraren programara. Ipuin bat eramango diot (neurea), eta ipuin
bat eskatuko (berea), bion artean Ezinen Ostatua errealitatez
betetzeko, gure ipuin ezinezkoa eraikitzen hasteko, gure bihotzetan
antizikloi berbera plantatzeko. Neure bizitzaren ipuina kontatuko diot,
ezinezkoa bezain erreala, magikoa bezain arrunta. Pentsamenduak berbatuko
ditut (dizkiot): Nora, unibertso bat egingo nuke zure barrearentzat,
habia bat zure ametsentzat, mila Bagdad zure ahurrean idazteko. Zure
ahots kotoialakoan lo egingo nuke, eta ekaitzak ere poztuko lirateke,
egutegiaren denbora jipoitua behe-lainoa legez desagerturik. Zerua zure
begietan bizi da, Nora, zure niniak galaxiakumeak dira, eta bertan bizi
nahi nuke, haitzuloetako malkoen abiadura geologikoan. Nora, nire taupadek
zure izena diotelako, zure argazkietan agertu nahi dut, zurekin bizi
nahi dut mundua, zure poltsikoak nire argazkiz bete, zure atzamarrak
nire atzamarrez. Entzun dezagun euriaren perkusioa goardasol beraren
azpian, goardasolpean euria euriagoa da eta.
Eta ipuin horretako
aditz nagusia: haut.
Bernardo Kapanaga
Nork: txistuy.2010/02/03 14:20:11.579 GMT+1
Etiketak:
ipuina
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/01/08 17:15:22.303 GMT+1
Ashlee Carson
izeneko baten mezua jaso dut posta elektronikoan: “Your little friend
gives you big problems?”
Badakit zer
egiten duten pertsona zentzudunek horrelakoetan: zakarrontzira bidali
mezua. Hala ere, galderari begira gelditu naiz, tontotuta. Spam horren
atzean nor dagoen imajinatzen aritu naiz. Ingeleseko berba hori gure
hizkuntzako ezpain hitzarekin lotu dut. Bai, ezpain gorri erakargarri
batzuekin. Sofia Lorenenak etorri zaizkit gogora. Ordezko egokia iruditu
zait “spam” hitza itzultzeko: ezpaina. Postontzi elektronikoak gure
musuen bila datozen ezpainez betetzen dizkigute. Amu-ezpainez.
Amu-ezpainaren
galdera irakurri dut, atzera ere. Nire buruan zirkuitulaburrak izaten
ditut maiz, pentsamenduen labirintoetan galtzeko jaugina izaten dut.
Horixe gertatu zait berriro ere: flash back horietako bat egin dut,
Hizkuntza Eskolan ibili nintzen garaira joan naiz. Bost urte egin nituen
bertan, eta zertarako? Orain mezu hori jasotzeko? Non arraio gelditu
da zorioneko “does” hura? Ondo gogoan dut ahozko proban zergatik
izorratu ninduten, edo, hobeto esanda, zergatik izorratu nuen neure
burua. “Your sister wants drinking something?” galdetu nion elkarrizketakideari,
eta berehala konturatu nintzen hanka sartu nuela. Eta, hala ere, ez
nuen zuzendu, apropos. Momentu hartan beste zirkuitulabur bat izan nuen:
“Benetako perfekzioa akatsak egitea da”, pentsatu nuen. Altxatu
eta joan egin nintzen gela hartatik betiko, Hizkuntza Eskolatik betiko,
ingeles irakasleak Hizkuntza Eskola nire gainera jaurti orduko.
Ashlee Carsonen
galderari begira, beste ideia bat etorri zait, beste zirkuitulabur bat:
ingeles hizkuntzaren hondamendia. Bai, horixe bera. Zer gertatu zen
Erromatar Inperioarekin bestela? Barbaroak ez, benetako errudunak Erromako
hiritarrak izan ziren, latina hondatu zutenak. Deklinabidea katramilatzen
hasten zara, berbak bakoitza bere erara ahoskatzen hasten da, eta akabo
hizkuntza. Ezin elkar ulertu. Eta horrela ez dago inperio bat iraunarazterik.
Ba, erne: ingelesa bide beretik doa. Ashlee Carson izeneko bat hasten
da “does” hori ahazten, Alberto Eguren izeneko beste batek “wants
drinking” esaten du non eta Hizkuntza Eskolako azterketa batean, eta
konturatzen zarenerako ingeles hizkuntza komuneko paper erabilia bihurtzen
da. Argi dago: gauza bat alferrik galtzeko modurik onena jende askoren
artean partekatzea da.
Tira, kontuak
kontu, nire pentsamenduen zurrunbiloan hegan nabilela, halako batean
Ashlee Carsonen galderaren gainean jarri dut eskutxoa. Zerk mugiarazi
dit atzamarra? Dardarizo hutsa izan da, ala planeten lerrokatzearen
ondorioa? Klik bat baino ez da izan, eta, hala ere, une horretan dena
aldatu da, Lurra Artizarraren airean biraka hasi balitz bezala. Horixe
iruditu zait, Orionen konstelaziotik etorritako erradiazioa-edo sentitu
baitut bat-batean hanka bitartean. Nire zintzilikarioa sumendi hila
izan da orain arte, ez du batere aktibitaterik izan azken berrogei urtean:
isuri duen produktu bakarra puxikaren destilazio toxikoa izan da. Bai,
orain arte ez diot inortxori aitortu: zerosexuala naiz. Ez daukat batere
grina sexualik, sekula ez dut izan. Nire barrabilak Neptunoko sateliteak
bezain materia hila dira. Orain arte. Miraria izan da? Madarikazioa?
Bai, praken azpian herensugea moduko bat altxatzen igarri dut. Hura
sua! Hura erektrikara! Prakak erantzi eta munstroari begira geratu naiz.
Kobra baten antzera zutitu eta pozoia jaurti du, litroka. Hura bai orgasmotzarra!
Izan ahal da zoriontsuagoa gizakia? Minutu bat iraun du isurialdiak,
horixe begitandu zait niri behintzat, estasi betekada bat, berrogei
urtean izan gabeko plazerren metaketa, denak minutu lorios batean tsunamia
legez etorri zaizkidanak.
Haluzinazio
bat izan dut ondoren: lurrean isuritako hazia erreka baten gisara hasi
da mugitzen, gorantz, ordenagailuaren pantailarantz, eta, azido sulfurikoa
bailitzan, bidean dena erre du. Pantaila bera deuseztatzen hasi da,
eta, gero, errekak aurrera jarraitu du: Interneten sartu eta munduko
ordenagailu guztiak erre ditu. Bai, munduko ordenagailu guztiak hauts
bihurturik imajinatu ditut, akabo latina, akabo ingelesa, akabo gizateriaren
jakituria konputagailuratua! Horixe izango litzateke salbabidea: haitzuloetara
bueltatzea, adimena suntsitzea, gizakia sexuaren grinetara mugatzea.
Orduantxe bururatu
zait Ashlee Carsonen galderarentzako erantzuna: gizakiaren benetako
arazoa ez da sexua, urdaila baizik. Jan beharrak sortu du anbizioaren
kontzeptua, eta anbizioak gizateria hondatu du. “Big problems” ororen
iturria hitz hau da: NIREA.
Pentsamendu
horiek alboratuta, lasaitasun mistiko batek hartu nau, orgasmo-ekaitzaren
ostekoa. Bai, barrabilak haziz beteta edukitzea sekula ez da ona izan:
gizakia odolgaiztotu egiten du. Hori bazekiten Erromatar Inperioko armadako
buruzagiek, euren soldaduei galarazi egiten baitzieten gudaren aurretik
larrutan egitea, hazi-poltsa beteek suharrago bihurtzen zituzten eta.
Hortik ote dator erromatar zuhur-hitza, “semen retentum venenum est”
dioena? Bada, nik, pozoi hori berrogei urtean izan dut gordeta, lo,
eta bat-batean dena hustea liberazioa izan da.
Zoruan barreiaturiko
isuri likina batzen hasi naiz, koilaratxo batez, eta kristalezko ontzi
batean sartu dut. “Horra hor bizitzaren esentzia”, pentsatu dut.
Estalkia jarri aurretik, tentazioa izan dut, hazi hori dastatzekoa.
Tentazioak gure izaeraren arrakalak bistan jartzen dituzten tximistak
dira. Zenbat bizitza hondatu dira, tximist horien argi liluragarriek
itsuturik… Nork ez du noizbait dena utzi eta desagertzeko tentazioa
izan, esaterako? Gogoan dut gaztetan Julian nire lehengusuak eta biok
genuen ohitura bitxia. Herriaren kanpoaldera joaten ginen, atzamar egitera.
Batak Gasteiz aldera egiten zuen, eta besteak, berriz, Bilbo aldera.
Patuak erabakitzen zuen nora joango ginen: lehen automobila geratzen
zen aldera. Behin, hamazazpi urte genuela, gurasoei mendira goazela
esanda, lau egun egin genituen maiatzeko zubian, auto batetik bestera.
Kontua ez zen nora joan. Zorteak erabakiko zuen. “Zazpi automobiletan
joango gara. Automobil horiek doazen lekuetara joango gara”. Horixe
zen erronka. Carboneras de Guadazaón herrira eraman gintuen zazpigarren
automobilak, Cuencako probintziara. Herri ezezagun hartako taberna batean
gaudela, pattar-kafe bana edaten, proposamena egin nion Juliani: “Zergatik
ez gara hemen geratzen, bizitzen?” Tentazio batek beste bati zabaldu
atea… Lehengusuak ezetz, gauza bat egun batzuetako abentura zela,
eta beste bat norberaren bizitza hankaz gora jartzea. “Buruko tximist
horiek gobernatzen ikasi behar duzu, Alberto”, esan zidan. Nire zoritxarrerako,
ez nion jaramonik egin. Nire bizitzaren hormak arrakalaz beteta daude.
Nire bizitzaren hormak erdi jausita daude. Buruko tximistek gobernatzen
naute, ez dago besterik.
Tentazio horri
ere men egin diot: atzamarra ontzian sartu, hatz mamia hazitan busti
eta ahoan sartu dut. Gustatu egin zait zaporea. Orduan, beste tximist
batek jo nau: ontzia ezpainetaratu eta den-dena edan dut. “Pozoia
izateko, ondo gozoa da”, pentsatu dut. Behingoan gertatu da: dardarka
hasi naiz, kafe gaindosi bat hartuta legez, odola Formula-1eko zirkuituan
balebil bezala. Lurrera jausi naiz, suge baten moduan kiribilduta. Ez
da mina sentitu dudana, beste sentsazio bat izan da, desgorpuztea bezalakoa.
Ez dakit zenbat
iraun duen zorabio horrek. Bat-batean konortea etorri eta oso arin sentitu
naiz, batere pisurik ez banu bezala. Ispilurantz joan naiz, bertan munstro
bat ikusiko dudan beldurrez. Baina ez: neure burua ikusi dut. Horixe
izan da lehen inpresioa. Hala ere, zer edo zer igarri dut, ezohikoa.
Bai, azalaren kolorea. Deskolorea esan beharko nuke. Zurbiltasuna izan
liteke definiziorik hurbilena, baina ez. Ispiluan ikusi dudan aurpegia
ez da zurbila izan, zurbiltasunetik haragokoa baino. Azala margula ez
eze lausoa ere begitandu zait. Areago: aurpegia desagertzen hasi da,
ispilu barruko figura atzerantz hasi balitz bezala, ispilutik urruntzen,
urruntzen, urruntzen.
Susmo ikaragarri
bat etorri zait orduan. Arropa erantzi eta biluzik jarri naiz. Ispiluan
ez dut deus ikusi. Eta, hala ere, zakilak egon behar zuen tokian gogortasuna
sentitu dut, ikara bortitza. Baita ahoan ere. Aho barruan suge urduri
bat igarri dut, sugearen izpi pozoitsua. Isuri bera dabilkit dagoeneko
ikusten ez dudan gorputzean, sumendi barruko labaren antzera. Zakiletik
eta ahotik jaurti dut hazia, batere kontrol barik. Plazerra sentitu
dut, orgasmo luzea, amairik bakoa.
Horretan nagoela,
arreba igarri dut etxean sartzen, bere gelara joaten. Gizakiaren %70
ura ei da. Nik ur hori irakiten sentitu dut. Dagoeneko ez dakit ura
den ala hazia ala argizari erraldoi baten muki-jario pozoitsua. Barne
indar alimale batek airean bezala eraman nau arrebaren gelara. Afrontua
legez sartu naiz, baina arreba ez da konturatu, ez nau ikusi. Oldartu
egin natzaio, bortxatu egin dut, nire mihiaren likina dastarazi diot.
Oso arin gertatu da dena. Oso atsegingarria izan da. Banpiroen filmekin
gogoratu naiz, banpiroen odol-egarri aseezinez. Uste dut irrika bera
gidatu nauela, atsegin bera sentitu dudala.
Orain arreba
lurrean dago, deskonorturik, baina badakit ispiluaren aurrean plantatzen
denean bere isla desagertzen ikusiko duela, urruntzen, urruntzen, urruntzen.
Bernardo Kapanaga
Nork: txistuy.2010/01/08 17:15:22.303 GMT+1
Etiketak:
ipuina
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/12/07 00:18:35.345 GMT+1
Nadia Rossi belusezko besaulkian dago, aldizkaria eskuen artean. Letrei barik, argazkiei begiratzen die. Azkar pasatzen ditu orriak, urduri edo. Hankak mahai gainean jarri ditu. Nahi gabe, edalontzia jo du oinaz, eta garagardoa mahaira jausi da. Birao egin du. Altxatu eta zapi baten bila joan da sukaldera. Leihotik begiratu du. Kanpoan, itsasoa bare dago. Belaontzi bat ikusi du kaira iristen. Hasperen egin eta egongelara bueltatu da. Garagardo isuria batu eta mahai gaineko platertxo huts batean utzi du zapia. Berriro jesarri orduko, telebista piztu du.
Irudia biolentzia handikoa da: gizona haserre dago, senetik aterata. Emazteari oihuka ari zaio. Alkandora txarto lisatuta dagoela diotso, ez duela ezertarako ere balio. Emaztea izuturik dago, eta barkatzeko erregutu dio. Behin eta berriro errepikatu dio: barkatu, barkatu, barkatu… Negar-zotinek areago amorrarazi dute gizona. Emaztea hormaren kontra eraman du, eta bi eskuak saman ezarri dizkio. Puta zikina, neuk erakutsiko dinat, esan dio.
Hansek txirrina jo du. Botila bat ardo du eskuan. Atea ireki da. Kaixo, moñoña, esan dio Nadiari. Ipurdia ferekatu dio, atea itxi orduko. Nadia kopen bila joan da. Bitartean, Hansek botila ireki du. Besaulkian eserita, topa egin dute. Musuka hasi dira. Hansen eskua Nadiaren gonaren azpian desagertu da. Astiro, bihotza, esan dio neskak. Ez daukat egun osoa, erantzun gizonak. Soinekoko botoiak askatu dizkio. Ezpainak titiburura eraman ditu. Miazkatzen hasi da. Nadia besaulkian etzan da, begiak itxita. Ez diote telebistari jaramonik egin.
Puta bat besterik ez haiz, oihukatu dio. Emaztea dardarka dago, ez dio ezer erantzun. Ikusi dinat nola begiratzen dinan auzokoak. Zer uste dun, ergela naizela? Ez naun engainatuko, fardel horrek! Akabatu egingo haut berarekin tontakerietan harrapatzen bahaut! Emaztea beldurtuegi dago ezer esateko. Malkoak ditu begietan. Nik esaten dudana egingo dun hemendik aurrera, ulertzen? Ulertzen? Emaztea negarrez dago, eta horrek gizona sutan jarri du. Zaplaztekoa eman dio.
Zergatik ez nauzu belaontzian eramaten? Imajinatzen duzu gu biok bakarrik, itsasoan? Nadiak begiak itxita hitz egin dio. Hansek jaramonik ez. Zergatik ibili behar dugu beti ezkutuan? Ez al nauzu maite? Galdera horiek ere erantzun gabe geratu dira. Hansek kuleroak kendu dizkio. Usaindu egin ditu, mahai gainera bota orduko. Hementxe daukat belaontziko masta nagusia, moñoña, esan dio, praketako botoiak askatzen hasita. Bortxaz sartu dio. Orain biek dute begiak itxita. Hans orroka ari da, Nadia isilik dago. Hansen orroak eta telebistatik datozen garrasiak, besterik ez da entzuten gelan.
Ez naun hire maina horiekin engainatuko, mamala horrek! Bazekinat nik nola konpondu hau, bai horixe! Jarri hadi oraintxe bertan belauniko! Ileetatik oratu eta belaunikarazi egin du emakumea. Ondoren, bragetako botoiak askatu eta zakila atera du. Emaztearen ahoan sartu du. Xurgatu, alua!, oihukatu dio. Xurgatzen ere ez dakin ala? Zartakoa eman dio buruan. Emaztea ito beharrean dago, baina gizonak ez dio atzera egiten uzten, buruari tinko eusten dio, eta gerri kolpe latzak egiten ditu.
Maite zaitut, bihotza. Nadia erantzunaren zain geratu da, baina Hans altxatu eta komunera joan da. Noiz esango diozu emazteari gure artekoa? Noiz hasiko gara elkarrekin bizitzen? Hansek komunetik erantzun dio. Badakizu horrek dena hondatuko lukeela. Gauzak ondo daude orain arte bezala. Nadiak kuleroak mahai gainetik hartu eta jantzi egin ditu. Soinekoko botoiak lotu ditu gero. Ez zara ausartzen emaztearekin hitz egiten, ezta? Nahi baduzu, neuk deituko diot. Hans komunetik bueltan da. Ezta pentsatu ere! Hori egiten baduzu, zureak egin du! Nadiarengana joan da, eta besarkatu egin du. Ondoren, billete bat sartu dio eskotean. Tori, laztana. Eros ezazu gustuko traputxoren bat. Musua eman dio bekokian. Orain, alde egin behar dut. Datorren astean etorriko naiz. Nadiaren begietan malkoak ageri dira. Leihora hurbildu da. Bertan egon da Hans ikusi arte, belaontzira igotzen. Madarikatua, esan du ahapeka. Gero, telebista amatatu eta komunera joan da, dutxatzera.
Emakumea lurrean dago. Ez da mugitzen. Begiak itxita ditu. Gizonak mugikorra du eskuan. Istripua gertatu da, bai. Datorrela arin anbulantzia bat. Helbidea errepikatu du bizpahiru aldiz. Gero, mugikorra poltsikoan sartu eta besaulkian jesarri da. Madarikatua!, esan du. Madarikatua!, errepikatu du. Telebistari begira geratu da. Emakumea ikusi du dutxatik irteten, txabusina janzten. Zoruan dagoen soinekotik billete bat hartu du. Negarrez hasi da. Orduan, ados egon balira bezala, madarikatua! esan dute biek, gizonak eta telebistako emakumeak. Kanpoan sirena hotsa entzun du gizonak. Altxatu eta telebista itzali du.
Bernardo Kapanaga
Nork: txistuy.2009/12/07 00:18:35.345 GMT+1
Etiketak:
ipuina
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/11/23 13:19:13.389 GMT+1
Andres Amantegi,
Pentateukoaren garaiko kristauardia, erabat fedegabetu zen Vaticano
irratian albiste hau entzun zuenean:
“Kristau
maiteok, jakinarazi nahi dizuegu berri ikaragarri bat: Jaungoikoa hil
egin da. Berpizkunde egunean hil zen, exortzismo baten ondorioz. Jaungoikoak
aita saindu bat zuen barrenean, eta hura gorputzetik ateratzeko saioan
hil zen. Goian balego!”.
Albiste haren
ondorioz, Andres Amantegik fedea nola deuseztatzen zitzaion sentitu
zuen: komunean ura hutsitzen denean bezain bat-batekoa izan zen.
“Mundua gaixorik
dago”, pentsatu zuen.
Eta, hustasun
izpiritual hartan, zerbait egiteko beharra gailendu zitzaion: munduaren
gaixotasunaren iturria bilatuko zuen.
Non, baina?
Asko eta sakon pentsatu ondoren, azkenean boreala ikusi zuen (ohar bedi
irakurlea “boreala ikustea” ez dela argia ikustea bezain ikuskizun
argia; atzetik: esperientzia lisergikoa da, sasimistikoa, sursunkordiarra,
kalamukada surrealista bat bezalakola). Hara zer erabaki zuen: munduaren
zilborrean egon behar zela gaitz ororen iturria.
Munduan zehar
ibiltzeko, Lazaro bere txakur itsuak gidatuko zuen. Bai, hark
eramango zuen zilbor galduraino, haren sokaren teinkadek erakutsiko
zioten bidea, bekatu-labirinto bihurtutako munduan zehar. Ez zuen batere
duda-tantarik: bera izango zen salbatzaile berria.
Eta pentsatu
zuen bidaia hura amaitzen zenean “arroz movie” bat filmatzea ona
izango zela, bidez bideko abenturak kontatzeko.
Ibili eta ibili,
halako baten lur idor batera heldu zen, basamortu antzeko batera. Eta,
bertan, pertsona bat aurkitu zuen, itxura primitibokoa, zutabe bakar
baten gainean igota. Pertsona horrek orro egin zion, ezin jakin mehatxatzeko
ala erakartzeko.
Zutabearen
oineraino ailegatu zenean…
S.E.Jr.: Nor
zara zu?
A.A.: Ni Andres
Amantegi naiz, Pentateukoko gizakia. Eta zu, nor zara?
S.E.Jr.: Ni
Simon Eremuko Junior naiz.
A.A.: Simon
Eremuko haren semea?
S.E.Jr.: Ez
zehazki. Semea izateko kopula beharrezkoa da, eta ni ez ninduten horrela
sortu.
A.A.: Nola
sortu zinen, bada?
S.E.Jr.: Simon
Eremuko haren desintegraziotik. Haren humusetik.
A.A.: Beraz,
sortu zinenetik gehiago zaude hor?
S.E.Jr.: Bai,
eta beti zutunik. Horrela lortu dut araztasun izpirituala. Bekatu guztiak
etzanda zaudenean bururatzen dira.
A.A.: Zein
da zure elikua?
S.E.Jr.: Hegaztien
zirina.
A.A.: Ez dut
nik hegaztirik ikusten.
S.E.Jr.: Madarikatuak
sinisteko ikusi beharra dutenak!
Orduan, bere
bizar luzeko ile parrasta bat bortxaz atera eta airera bota zuen. Eta
ile haiek bat-bateko haize bolada batek gorantz eraman zituen, bistatik
galdu arte. Baina, handik lasterrera, Andres Amantegik sekula imajinatu
gabeko hegazti-saldoa ikusi zuen, zutabe aldera jaisten. Hainbeste ziren,
non eguzkiaren argia itzali zuten.
Eta iluntasun
hartan, zirin zaparrada handia etorri zitzaion gainera. Simon Eremuko
Jr. orroka zebilela iruditu zitzaion, han goian. Ez zion deus ere ulertu
baina. Hizkuntza arrotzean ari zen, marmar etengabean.
Mirari haren
aurrean, Andres Amantegi belauniko paratu zen, eta Simon Eremuko Jr.
gurtzen hasi zen.
A.A.: Esaidazu,
arren, zure jakituria mugagabean, non dagoen munduaren zilborra!
Baina Simon
Eremuko Jr. estasian zegoen. Esaldi bat ari zen behin eta berriro errepikatzen:
«Ph´nglui mglw´nafh Cthulhu R´lyeh wgah´nagl fhtagn»
Andres Amantegik
zirin zaparrada hura bataio izpiritualtzat hartu zuen. Bihotza indarberriturik
zuen, eta bideari ekiteko maneatu zen.
Zutabetik urrunduz
zihoala, eguzkiaren argia ikusi zuen ostera ere. Azkenengoz atzera begiratzera
bueltatu zenean, Simon Eremuko Jr. zutabean ikusi zuen, hegaztien zirinetan
blaiturik. Ahots errimez, azken mezu enigmatiko hau bidali zion: “Munduaren
zilborra gizakiaren zilborretik arra betera dago”.
Denbora luzean
ibili zen Andres Amantegi esaldi haren mezu ezkutua ulertu nahian, izan
ere, bere buru primigenioak ezin zuen argitu ea parabola bat zen, ala
lerro zuzen zuria.
Bernardo Kapanaga
Nork: txistuy.2009/11/23 13:19:13.389 GMT+1
Etiketak:
ipuina
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/11/17 15:02:23.986 GMT+1
Patata izatea tragedia
izan daiteke, mutilzahar baten etxean bizi bazara.
Bai, zin dagizuet:
gauzak beti joan ahal dira okerrera, belea ere beltzago egin daiteke.
Zalditik astora eta astotik lurrera ibili naiz ni, horra hor nire bizitzaren
laburpena.
Nire memorian urrun
gelditu da denda erraldoi hartara eraman gintuzten eguna. Zakutan. Metatuta.
Sekula ez dut ikusi hainbeste patata batera.
Gure aldean, oiloak
ere ezin dira kexatu, kartzela txiki horietan pilatuta bizitzera behartzen
dituztela eta. Neu ere biziko nintzateke horrela, inongo ardurarik gabe:
jaten ematen dizute, badaukazu non bizi, babestuta zaude. Kaioletan
bizi diren oiloen ametsetan ez da azeririk. Eta zuen kontutxoez jardun
ahal duzu egun osoan kokoriko, patxada ederrean. Eta horren truk, arrautzak
errutea besterik ez. Uste dut zorion perfektua oiloa izatea dela. Oiloen
adimena nahi nuke niretzat.
Auskalo zenbat patata
kilo gainean izateak ez dizu pentsatzen uzten. Handik irtetea besterik
ez duzu desiatzen. Eternitatea begitandu zitzaidan han eman nuen denbora
mortua. Baina eternitatea ere amaitzen da noizbait.
Esku batek anabasa
hartatik jaregiten zaituenean ixten da historiaurrearen atea patata
batentzat. Orduantxe hasten zara benetan pentsatzen, orduantxe etortzen
zaizkizu aldran hainbat sentsazio, baina guztietan boteretsuena, bat:
BELDURRA.
Enorantziak ez zaitu
beldurra gobernatzen uzten. Artean ez baikenekien ezer. Gurekin batera
zihoazen haiek guztiak zer ziren ere. Sentipena daukat denak beldur
haren mende ginela. Plastikozko poltsa haien barrunbeetan nahastuta
gindoazen izaki genero guztien ezinegona usaindu nezakeen, nire arnasa
bera balitz bezala.
Bidaia ez zen luzea
izan. Laster iritsi ginen etxera. Eskuak banan-banan atera gintuen poltsetatik.
Eta bakoitzari toki bat eman zigun, unibertso partikular hartan. Gu
suetean geratu ginen, labearen azpiko tiradera hartan, kipulen eta berakatzen
bizilagun. Haraxe aienatu gintuen patuak.
Bakardadea zabarkeriaren
adiskidea da. Ahanzturarena. Mutila bazara, bakarrik bizi bazara, eta
zure esperantzak egutegiko orriekin batera deseginak badira, galduta
zaude. Alferrik da ispiluari begiratzea. Ez duzu egundo zeure gainbehera
antzemango. Eta ez ispilua zikin dagoelako, berdin dizulako baino. Begiratzeko
ahalmena sorgortuta daukazulako. Eta zure etxea, pixkanaka, deboilamenduak
jango du. Zikinkeria ikustezin bihurtzen baita solitarioen bizitzetan.
Eta objektuak, tokiz kanpo egotearen egoteaz, hondakin egiten dira.
Horra hor egiaren letra guztiak.
Horixe izan zen gure
galdu-beharra: tiradera hartan geratu ginen, ahaztuta. Egunetan. Asteetan.
Hiletan. Hortxe mamitu zen gure tragedia. Patata lirainak izan ginen
noiz edo noiz, baina denborarekin zimurtuz joan ginen. Eta gure senak
esaten zigun ez ginela horretarako sortu. Arrengura horrek kiskaltzen
gintuen han barruan, espetxe ilun hartan, gure gorputz behinola gazteen
usaina kirats bilakatzen zela jasan ezinik.
Eta zer esan gure
bizilagunez? Kipulen egoerak lasterka hasteko gogoa ematen zigun. Nork
bizi nahi du kipula ustelduekin? Berakatzak ez aipatzeagatik. Nork maita
ditzake izaki txiki horiek? Ezta banpiroek ere! Hango iluntasunean,
gure usteltzearen soinu isila aditzen genuen, baina ordurako ernegua
ere desegina zen: etsipena baino ez zitzaigun geratzen. Heriotzak gorpua
nola marraskatzen duen entzutea bezalakoa zen iluntasun basa hura.
Eta etsipena ere desegina
zitzaigun behinola baten, tiradera zabaldu egin zen. Lehenengo kipulak
ikusi nituen desagertzen: hildako munstroen museoan egoteko ere ez zuten
balio koitaduek. Ondoren berakatzak joan ziren. Destainaz begiratu ziguten:
berakatz batek sekula ez dizu irribarrerik oparituko. Eta, oparitzen
badizu, kontuz! Ni ez naiz jendilaje horrekin fidatzen: ozono geruzaren
kontu horretan ere ez daukate eskuak garbi, seguru.
Eta, azkenik, gure
txanda heldu zen. Orduan konturatu nintzen aldatuak ginela: antena moduko
adar izugarriak ateratzen ziren gure gorputz gurietatik. Handixek oratuta
atera gintuen tiraderatik eskuak. Nire patatakide batzuen egoera hobe
ez deskribatzea: zakarrontzian desagertzea bakea izan zen haientzat.
Gizakirik desesperatuenak
ere dignitate apur bat izan beharko luke. Mutilzahar hark ez zuen halakorik.
Gu ordurako zabor-jana ginen, besterik ez. Baina gure jabearen begiak
ez zeuden horretarako. Begi haiek bi mezu zuten idatzita: gosea eta
hordia. Mahai gainean topatu nuen begirada haren azalpena: ginebra botila
huts bat.
Mutilzahar mozkortu
bat edozertarako prest izaten da. Horrek bakarrik zuri dezake beraren
jokabidea: esku dardarti haiek gutako bi aukeratu zituzten, salbatzeko
modukoak iruditu zitzaizkien biak. Eta, orduan ere, patu txarrekoa ni!
Guretzat salbazioa zakarrontzia zen, baina ez: etorkizuna beti izan
daiteke gaiztoagoa. Eta nirea ganibet hura zen, ganibet kamuts haren
sastadak sabelean sentitzea. Eta hori bakarrik izan balitz!
Hura torturaren hasiera
besterik ez zen izan. Gero, zartagin batera bota gintuen. Zure patatatasuna
olio kiskalgarritan erretzen igartzen duzunean, gizateriaren aurkako
gorroto-tsunamiak harrapatzen zaitu. Gorroto hura izan ote zen olio
txinpart hura eragin zuena? Mutilzaharrak besora eraman zuen eskua,
eta ,ostean, ezkaratzetik desagertzen ikusi nuen, birao letaniaka.
Zartaginaren infernuan
erre ginen. Kiskali. Zein erlijiok salba zaitzake horrelako egoera batean?
Ez, guretzat ez zegoen salbaziorik: hondakin erradiaktibo bihurtu arte
erre ginen.
Artean jaiobakoak
ginela, esan baligute gure bizitza horrela amaituko zela... Zartaginean
hilago baikeunden bizirik baino. Hantxe nengoen, nire nitasuna hainbat
patata frijitutan barreiatua eta erraustua, ezertarako ez nintzela.
Eta, hala ere, mutilzaharrak, noizbait bueltatu zenean, patata frijitu
haiek plater batera bota eta jan egin zituen.
Hura izan balitz amaiera!
Nire nitasunaren atalik
potoloena hagin haiek desegin zuten, bai, baina oraindik bazen nire
arimaren ataltxo bat bizirik: nik ez nuen nire neba-arreben zortea izan,
eta zartaginetik platererako bidean jausi egin nintzen, nora eta ezkaratzeko
lurrera. Ni, patata frijitu haien guztien artean txikiena eta malapartatuena.
Eta hori azken tragedia
izan zen, nahiz eta sekula ez den komeni “azken” hitza erabiltzea,
beraren ostean beste azken bat egon ohi da eta.
Mutilzahar baten etxean
badira hainbat ezleku. Ezlekuetan ez da egundo ezer gertatzen. Ezkaratzeko
zorua ikustea besterik ez dago: ni bezalako ezgauzen garaje ikustezina
da. Mutilzaharraren begien dioptrientzat ikustezinak gara, bai. Izan
ere, oso erosoa da zikinkeria ez ikustea zikinkeriarekin bizitzen ohitzen
zarenean. Hatsa erraz bihurtzen da usain mutilzahar baten etxean. Geu
ere paisaia ikustezin bihurtu ginen ezkaratzaren zorua ukitu genueneko.
Eta hemen nago, ezleku
honetan ahazturik, erratzarekin amesten. Baina erratzak, mutilzaharren
etxeetan, objektu subjuntiboak dira. Eta ni erratz baten igurtzi indikatiboak
bakarrik salba nazake.
Edo ez.
Bernardo Kapanaga
Nork: txistuy.2009/11/17 15:02:23.986 GMT+1
Etiketak:
ipuina
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/11/09 15:27:26.727 GMT+1
Skafandra Vulvova
meatzari alkoholiko baten alaba zen. Aita egunez meatzean sartzen zen,
eta gauez alabaren barrenetan. Hamazortzi urte bete berriak zituela,
aski zela erabaki zuen baina: aita mozkortua gainera etorri zitzaion
gau horietako batean, aitonaren sable zaharra hormatik hartu eta
hankarteko beste sable zatar hura moztu zion. Ondoren, trofeoa beheko
suan jarri, txitxi-burruntzia egin eta aitaren txakurrari eman zion.
Norka poz-pozik jarri zen, eta mokadu baten jan zuen nagusiaren
dindirri erre hura.
Biharamunean
Skafandra Vulvovak alde egitea erabaki zuen. Aitak zigor hura merezita
zuen, baina bera zikin sentitzen zen, bekatu handia zen bere bihotz
ortodoxoarentzat aita hil izana. Europa osoa zeharkatu zuen, bere iragana
eta egindako izugarrikeria ahaztu nahian, eta ez zen gelditu Kantauri
itsasoraino heldu arte. Patuak Berango izeneko herri bateraino eraman
zuen, eta bertako jatetxe batean hasi zen lanean, suetean.
Ezin bekatu
izugarria ahaztu baina. Barkamena behar zuen, bere burua nolabait araztu.
Eta hori lortzeko, zer hobeto Kantauriko ur hotzetan murgiltzea baino?
Ur haien sakontasunean lortuko zuen agian barnean sentitzen zuen lohitasuna
garbitzea. Hartarako, urpekaritza ikastaroa egin zuen. Eta, titulua
lortu bezain laster, kirol hura praktikatzeari ekin zion.
Murgilaldi
horietako batean gertatu zen Skafandra Vulvovaren bizitza aldatu zuen
enkontrua. Kantauriko itsaspean ez da argitasun handirik izaten, eta
egun hartan ere ez. Horrexegatik geratu zen zalantzan, hura ikusi zuenean.
Hasieran zeroia zela pentsatu zuen, edo balea, hain zen handia animalia
hura. Hala ere, zerbait ez zen normala: balea moduko hura itsaspearen
hondoan zegoen, eta pertsona bat balitz bezala zebilen oinez, tirriki-tarraka.
Astiro-astiro hurreraturik, azkenean parean jarri zitzaion, eta hara!:
baleatzat hartu izan zuenaren aurpegia ezaguna egin zitzaion. Egia ote
zen ikusten ari zena? Baina, baina… Jesus Nazaretekoa zen eta!
Keinuen bidez
baietz erantzun zion, bera zela nazarenoa. Skafandra Vulvovak errukiturik
begiratu zion, gurutzeetako jesus anorexiko haien aldean hura munstroa
baitzen. Nazarenoak ahal izan zuen moduan azaldu zion guztia: itsasoaren
gaineko osteratxo haietako batean goseturik sentitu zela, eta badakizu,
bera betidanik oso gustukoa izan duela arraina, gogoratzeko ogi eta
arrainen miraria. Eta antxoak jaten hasi zela, antxoak jan eta jan aritu
zela denbora luzean, eta mirariaren kontrakoa gertatu zela azkenean,
antxoak biderkatu barik zatikatu egin zirela, zati-zati egin zirela
bere ahoan. Hortaz, bera zela antxoak Kantauri itsasotik desagertu izanaren
erruduna. Eta halako tripakadaren ostean uraren gainean ibili ezin eta
pisuaren pisuaz hondoratu zela, eta hantxe zebilela, besterik ezean,
itsasoaren hondoan batetik bestera paseatzen, gazteluetako mamuak legez,
bola astuna batetik bestera daramatela.
Skafandra Vulvovak,
belauniko jarrita, nazarenoa gurtu zuen, eta bere bekatuak oro barkatzeko
eskatu zion. Hantxe zeukan bere bihotza garbitzeko parada. Nazarenoak
baietz erantzun zion, barkatuko zuela, baina baldintza batekin: handik
atera behar zuen.
Skafandra Vulvova
pentsakor geratu zen. Nola eraman antxoa-ontzi hura itsasgainera? Ikastaroan
erakutsi ez zioten zerbait bururatu zitzaion, deskonpresioa lortzeko
sistema sekula erabili gabea, hain zuzen ere: nazarenoak bere lapafreskoan
hartu beharko zuen arnasa. Eta horixe egin zuen, ondo pozik barrez:
neska eder haren beheko ezpainetan itsatsi zituen bereak, bentosak bailiran.
Eta horrelaxe obratu zen miraria: Skafandra Vulvovak atoian eraman zuen
itsas zepelin hura, kostalderaino.
Nazarenoak,
lehorrera heldu zenekoxe, ebanjelizazioari ekitea erabaki zuen. Bi mila
urte arinago bezala, arrantzale bila hasi zen. Eta, hara kasualitatea:
hantxe bertan horrelako batzuk zeuden, heldu berriari harriturik begiratzen
ziotela.
—Neuk desagerrarazi
dut antxoa Kantauri itsasotik!
Miraritzat
hartuko zutelakoan esan zien, arrantzale haiek txunditzeko asmoz, baina
esaldi hark ez zien batere graziarik egin, antza. Morroi hura drogan
zebilela iruditu zitzaien, eta ezelango erreparo barik egurtu zuten,
mankaturik utzi arte. Skafandra Vulvovak, errukituta, ez arduratzeko
esan zion:
—Nazareno,
kontu egizu bi mila urte pasatu direla eta daukazun itxura horrekin
ez zaituela inork ezagutuko. Dizipuluak barik, managerra behar duzu.
Uzten badidazu, neu izango naiz zure managerra. Irabazien erdia zuretzat;
bestea, niretzat.
Horrela hasi
zen euren elkarlana. Enpresari INRI S.L. jarri zioten izena. Skafandra
Vulvova gogotsu hasi zen lanean. Lehenik, Vaticanora deitzea bururatu
zitzaion, papamobila alokatzeko. Baina nazarenoaren dimentsio zetazeotarra
gogoan, zerbait handiagoa beharko zuten, limusina baino handiagoa izango
zen zer edo zer.
—Bricomaniara
joango gara! —erabaki zuen Skafandra Vulvovak.
Erabaki zuzena
izan zen, programa horretan irtenbidea topatu baitzieten: zer hobe nazarenoarentzat
Aste Santuko pasoa baino? Gurutzean joateko moduan ez zegoenez, besaulki
erraldoia egin zioten, bertan jarrita joan zedin, patxada ederrean.
Ondoren, Skafandra
Vulvovak, pasoa nork eramango zuen erabakitzeko, katalogoetara jo zuen.
Sevillako kofradiei deitu zien aurrena, baina ezetz erantzun zioten,
nahikoa zutela euren pasoekin, eta ez zeudela gantz pila hura eramateko
prest.
—Doala Descorporación
Dermoestáticara! —erantzun zioten guztiek.
Azkenean, mila
eta bi porroten ostean, pasoa nork eraman topatu zuen: Letoniako neska-eskola
batetik berrogei nerabe bidali zizkioten. Ilehoriak ziren guztiak, eta
euren motots luze-luzeak elkarri lotuta ibiltzen ziren pasoaren azpian.
Esan zitekeen denen artean gorputz bat osatzen zutela, eta euren arteko
lotura motots luze haiek zirela. Nazarenoak eskatu zuen neskatila haiek
ikusi nahi zituela, pasoa zeramatela. Beraz, zorua kristalezkoa jarri
zioten pasoari, eta zelan begiratzen zien berrogei neskatila letoniarrei
nazarenoak, zelako irritsaz! Harrezkero, gau-poluzioak egunez ere izatera
pasatu zen (kontu hori ez zen miraritzat hartu, ordea).
Horrela hasi
zen nazarenoaren ebanjelizazioa. Tarteka, mirariak egiten saiatzen zen,
baina praktika falta zitzaion, bi mila urte ez baitira alferrik pasatzen.
Behin bost
ogi eta bi arrainen miraria errepikatzen saiatu zen. Zapatu gau batean,
milaka gazte bilduta zeuden basamortu itxurako toki batera heldu ziren.
Gazteak oro horditurik zeuden, elkarretaratze alkoholikoaren kariaz,
eta han dena zen sodoma eta gomorra.
—Zatozte!
Neuk emango dizuet afaltzen!
Eta nazarenoak,
berbok esanda, bost ogi mutur eta bi sardina-lata atera zituen zorrotik.
Eta, jakiok bedeinkaturik, Skafandra Vulvovari esan zion gazte haiei
guztiei emateko. Eta orduan jazo zen jazo beharrekoa: ogi muturrak donuts
bihurtu ziren, milaka donuts gazte-aldra harentzat. Latetako sardinak,
berriz, oilasko bihurtu ziren, ezin jakin nola. Eta gazte haiek guztiek
lehertu arte jan zuten, eta batu zituzten hondarrak hainbeste izan ziren,
ze hamabi zaborrontzi bete zituzten.
Mirari horrek
ez zion inolako onurarik ekarri. Hasteko, gazte haien kontura negozioa
egitera joandako saltxitxautoetako jabeak sutan jarri ziren, eta berrogei
neskatila letoniarrek ziztu bizian atera behar izan zuten nazarenoa
handik. Baina txarrena hurrengo egunetan etorri zen: donutsak ekoizten
zituen enpresak salaketa jarri zion, plagioa egin izanagatik, eta Pollos
Oikina enpresak ere nazarenoa salatu zuen, lehia leialbakoa leporatuta.
Nazarenoari
zazpi t’erdi axola salaketa haiek guztiak. Skafandra Vulvovak kontuz
ibiltzeko esaten zion, egile eskubideak kontu serioa zela, baina alferrik.
Nazarenoa mirariopteroen espeziekoa zen nonbait, eta ezin burutik kendu
grina zoro hura.
Beste batean,
andre konkortuaren miraria errepikatu nahi izan zuen (Lukas 13, 10-13).
Ospetsu bihurtu guran, aireportu batera joan zen, bertan biltzen baitira
paparazziak izenekoak, famatuen xerka. Eta probidentziak nahi izan zuen
egun hartan aireportu hartara Albako dukesa iristea. Babuinoen oinordeko
zuzen hori, denek dakitenez, gurpilaulkian eramaten dute (irakurleak
erabaki dezala aurreko esaldiaren koma artekoa zeinekin doan). Bada,
nazarenoa haren aurrera joanik, hauxe esan zion:
—Andrea,
libre zara zure gaitzetik.
Eta eskua haren
buruan paratu zuen (nazarenoa ezin zenez besaulkitik altxatu, gomazko
esku bat erabiltzen zuen mirarietarako, makila luze-luze baten muturrean
itsatsita zegoena). Atoan, Albako dukesa itxuraldatzen hasi zen, erran
nahi baita buruko ile kizkur zuri zatar haiek gorputz osora barreiatu
zitzaizkiola. Horrekin batera, gurpilaulkitik altxatu eta jauzika hasi
zen, bere babuinotasuna agerian utziz. Bere segizioa eta paparazzien
saldoa atzetik joan zitzaizkion, ezin harrapatu baina. Handik egun batzuetara
zine areto batean topatu zuten, El Planeta de los Simios ikusten,
eta zooilogiko batera eraman behar izan zuten.
Horrelako mirarikerien
ondorioz, azkenean nazarenoa atxilotu egin zuten. Berrogei neska letoniarrak
libre utzi zuten, eta euren herrira bidali, beti ere mototsak elkarri
lotuta. Skafandra Vulvova, berriz, nazarenoaren defentsa egiteko prestatu
zen (“Ikasi abokatutza hamar egunetan” liburuxka erosita).
Nazarenoari
egozten zizkioten karguak ez ziren makalak: Eliza Katolikoak pertsonalitatearen
ordezkatzea leporatu zion, eta euren eliztarrei iruzur egin nahi izatea
(Eliza Katolikoak ez zuen inondik inora sinetsi fedegebe hura Salbatzailea
izan zitekeenik); Pollos Oikinak, oilanden lapurreta; Alba familiak,
dukesaren baitan hominido baten izpiritua sartu izana; arrantzaleen
kofradiek, Kantauri itsasoaren desantxoazioa; Letoniako gobernuak, berrogei
neraberen bahiketa eta esplotazioa; Donuts enpresak, formularen plagioa;
Skafandra Vulvovak, finitzeko, salaketa haien maremagnuma ederto baliatu
zuen, bere aitaren hilketa egotzi baitzion, zer arraio!
Audientzia
Nazionalean egitekoa zen epaiketa; hala ere, garai latzak ziren haiek,
eta ez bakarrik krisi ekonomikoagatik: Somaliako pirata haien erasoa
inoiz baino lotsagabeagoa zen, eta lasai asko ibiltzen ziren Mediterraneoko
uretan ere. Horietako eraso baten ondorioz, Espainiako printzea bahitu
zuten Mallorca aldeko uretan (diotenez, morena bat harrapatu nahian
zebilen, baina morena zen printzea harrapatua zuena; Somaliako piratak
heldu zirenean, bazirudien elkarren lagun handi eginak zirela, besarkaturik
aurkitu baitzituzten. Hori ez zitzaion batere gustatu printzesari).
Piratek Espainiari Barne Produktu Gordinaren erdia eskatu zioten, eta
horrek diru murrizketak eragin zituen boteregune guztietan. Horren guztiaren
ondorioz, epaiketa Audientzia Nazionalean egin barik, Telecincori saldu
zioten esklusiba (“Condéname deluxe” programari, hain zuzen ere).
Telecincok
epaiketa hartarako telebista kateetako hienarik ospetsuenak fitxatu
zituen. Zenbat diru eskatzen zuten ikusita, hara zer irtenbide topatu
zuen Telecincoko zuzendaritzak: nazarenoari galdeketa egingo zioten
kazetariei hankak moztu zizkieten (horrela, soldataren erdia ordainduko
zieten, kar-kar-kar). Patiño, Mariñas eta enparauen gerritik gorako
gorpuzkinak besaulkietan jarri zituzten, euren galdera pozoitsuak jaurti
zitzaten. Primeran egin zuten lan hori: fiskalik zitalena baino askoz
ere hobeto. Besteak beste, kontu hauek argitzeko esan zioten nazarenoari:
- Zer erlazio izan
zenuen Maria Magdalenarekin?
- Maria Magdalenak
ikusi zuen inoiz zure txoritxoa?
- Maria Magdalenari
axola zitzaion zure txoritxoaren tamaina?
- Larrutan egin zenuen
Maria Magdalenarekin?
- Eta zure dizipuluek
zer? Eurek ere matxunbratu zuten?
- Madalenak gosaltzen
zenituzten elkarrekin, ala Maria gailetak?
- Zer dio zure aitak
erlazio horri buruz?
- Homosexuala zara?
- …
Azkenean, bistan
da, nazarenoa zigortu egin zuten. Somaliako piratei esan zieten hura
zela Espainiako Barne Produktu Gordinaren erdia, eta zamaontzi batean
bidali zuten harantz. Diotenez, zamaontzi hori Suez kanalean geratu
zen trabatuta, harako bidean nazarenoak Mediterraneoko arrain-sarda
guztiak jan zituen eta. Ordurako, beraz, Espainiako Barne Produktu Gordinaren
erdiaren hirukoitza zen (gutxienez).
Skafandra Vulvovari
dagokionez, Errusiara bueltatu zen. Merkataritza ilegala da orain bere
zeregina: vodka botilak trafikatzen ditu, ur bedeinkatua delakoan. Eta
ez dute inoiz harrapatu, ondo gordeta eramaten baititu.
Ez, ez zaitezte
hain maltzurrak izan: ez ditu abizenean eramaten, izenean baino.
Bernardo Kapanaga
Nork: txistuy.2009/11/09 15:27:26.727 GMT+1
Etiketak:
ipuina
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2009/11/04 21:23:22.925 GMT+1
(Laburmetraia laburra)
BELTZA
1. Sekuentzia. Irudia beltz.
Ahotsa offean: “Meategian egiten dut lan, gabeko txandan. Orain, hemen nago, ohean etzanda. Uste dut, goizaldeko zortziak direla, umeen ahotsak entzuten baititut eskolara joan aurretik”.
Ume 1: “Utzidazu bost minutu gehiago, logura naiz”.
Ume 2: “Buaaa...”. Negar zotinka.
Ama: “Isilik! Aita lo dago, ez egin zaratarik”
Baliteke guzti hau ametsa izatea, ni neuk jakin barik, lo egotea. Hala ere, ez dakit non nagoen. Argia piztuko banu etxeko logela ikusiko nuke. Baina poltsikoan daramadan metxeroari sakatuko banio meategiko zutabeak ikusiko nituzke, gero, esku ahurrean, hormaren hezetasuna, eta azkenik, grisuaren usaina antzemango nuke eta eztanda ikaragarria jarraian.
Eztandaren zarata entzuten dugu. Keak pantaila zuritzen du.
ZURIA
2. Sekuentzia. Irudia zuri.
Ahotsa offean: “Pista beltzera joateko esan didate, dagoeneko prest nagoela maldarik pikarrena jaisteko. Orain, uste dut, elurroldearen ostean, bi metroko sakoneran nagoela hobiratua. Begiak zabaldu ditut. Ikuskizun bitxia hau! Dena zuri beharko lukeena beltz bilakatu da. Kasu hauetan, gorputzaren kokapena zein den jakiteko pixa egitea da komenigarriena”.
Irudi zuriari hari hori bat dario, goitik behera.
Ahotsa: “Buruz behera nago”.
HORIA
3. Sekuentzia. Irudia horituz joan da eta pantaila osoa betetzen du.
Ahotsa offean: “Eklipsearen une gorenean dena belztu egin zen eta eguzkirako babesgarriekin ez genuen deus ere ikusten . Pixkanaka pixkanaka eguzkia azaltzen joan zen eta txistezaleak begi babesgarriak kendu zizkidanean bete-betean eman zidan eguzkiak. Begiak itxi nituen eta horia baino ez nuen ikusten guztiz itsutu nintzen arte.
GORRIA
4. Sekuentzia. Itsutu denean beltzera joan da irudia, baina berehala gorrira pasatzen da, gorrimina.
Ahotsa offean: “Gorririk minena gorri eskarlata omen da. Atzo, aitarekin egin nuen amets. Eskarlata koloreko kapa zeraman, erromatar jeneralen modukoa, horrenbeste legionarioen artean bereiz eta ikus dezadan, zerura heldu dela ohar nadin alegia.
Eta orain, beharbada, aitak amestutakoaren berri ematea nahiko luke. Baina ez dut albiste agentzietako inor ezagutzen. Bakarrik, arratsaldero erredakzioko eskaileratan eseri eta zigarroa pizten zuen kazetaria daukat gogoan.. Ez zegoen munduan kazetari ederragorik ezta politagorik. Behin metxeroa erori zitzaion poltsikotik, metxeroa urdina zen.
URDINA
5. Sekuentzia. Irudia guzti urdindu da.
Ahotsa offean: “Eta niretzat atzeko zulotik irtendako metxero hura baino gauza urdinagorik ez zegoen munduan. Askatzen zuen garra ere ia ez zen ikusten, urdin argia baitzen, gardena”.
Esataria arnasestuka. Urdinduta dagoen irudia tantaka zuriz betetzen da pantaila osoa zuritu arte. Letra beltzez AMAIERA idatziko dugu.
Lodinowsky
Nork: txistuy.2009/11/04 21:23:22.925 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/10/26 17:24:51.274 GMT+1
Nakari Andreu, euskataluniar jatorriko japoniarra, harriturik geratu zen goiz katastrofiko hartan, Peruko futbol selekziora joateko deitzen zuen gutun ofiziala jaso baitzuen. Egutegi aldaketaren beste ondorio bat ote zen galdetu zion bere buruari, izan ere bisurte hartan autoritateei zera bururatu zitzaien: egun gehigarria otsailari barik martxoari ematea. Horrek makina bat beharrezten eragin zituen, baina handiena hauxe izan zen: munduko ordu-marrak endredatu egin ziren, euren artean nahastu, halako moduan ze egun hartako hegaldi guztiak galdu egin ziren. New Yorkera zihoan hegazkin bat Dimako aireportuan agertu zen, kasurako.
Orduen anabasa horrek beste kalte batzuk eragin zituen. Jendea desagertzen hasi zen, mundua Bermudetako triangeluz bete balitz bezala. Aita Saindua bera larba baten barruan topatu zuten, Madagaskarren, ahoan txupete bat zuela (Athene noctua hegaztiarekin nahastu zuten hasieran, Benedicto XVI.a zela konturatu arte). Batzuek diotenez, larba hura Necronomicon liburu misteriotsuaren pergaminoekin egina zegoen, eta Aita Saindua bertan bola bat eginda zegoen, amaraunean harrapatutako euliaren antzera.
Adituek, txupetearen esanahia zein zen argitu guran, hainbat saiakera eta doktore-tesi burutsu idatzi zituzten hurrengo urteetan, nahiz eta inork ez zuen benetako arrazoia asmatu (benetako arrazoia sinplea izaten da normalean).
Eta, jakina, egutegi aldaketak eragindako nahaste-borraste ikaragarri hura aitzakia bikaina izan zen lanera ez joateko. Munduko milioika langilek esan zuten “despistatu” egin zirela, jaieguna zela pentsatu zutela, eta etxean geratu ziren tripari hazka egiten. Beste batzuek aukera hori erabili zuten lantokira joan eta lapurretan egiteko. Bilboko metroko funtzionario hasi berri batek, esaterako, tren oso bat piezaz pieza desmuntatu eta etxera eraman zuen, birziklatzeko poltsetan.
Nakarik, gutuna eskuan, postetxean okertu egin zirela pentsatu zuen. Gutun hura ezin zela berarentzat izan. Zer dela eta berari deitu Peruko futbol selekziora? Berak sekula ez zuen futbolean egin eta! Edonola ere, apur bat tristatu zen, behin deituz gero, berak gurago baitzuen Brasilgo selekziora joan. Brasildar neskek beti eduki izan dute fama hobea, eta berak bere burua ia sex-symboltzat zuen.
Gutunak eragin zion nahigabeagatik, lapiko bete barraskilo jan zuen ia arnasa hartu gabe, eskuaz hartu eta ahoan sartuta. Esku osoa sartzen zuen ahoan, hain zen handia gutun hark sortu zion antsia. Horrek are eragin katastrofikoagoak izan zituen, Nakarik alergia baitzien barraskiloei. Hogeita bederatzi aldiz joan zen komunera txahala botatzera, baina halakorik ez zen gertatu: botaka egiten zuen bakoitzean txahalik ez, baizik eta tinta beltza goitikatzen zuen, litroka, komunetik ateratzen hasi zen arte. Halako baten, ispiluaren aurrean jarri eta zera ikusi zuen: sepia officinalis bat. Halakorik! Animalia higuingarria iritzi zion bere buruari. Nola joango zen gisa hartan abesbatzaren entsegura? Zer esango zion Ko Matsushita zuzendariak? Zerbait abesten ahalegindu zen. Zer zen hura baina? Bere ahots bikaina ere mudatua zen, petrolio-ontzi baten adar-hotsa zirudien!
Nakari, sepia erraldoia bihurturik, zer egin ez zekiela geratu zen ispiluaren aurrean. Orduan ideia bat etorri zitzaion: arazo harentzat ere Interneten egongo bide zen erantzuna! Ahal izan zuen moduan joan zen konputagailuaren aurrera. Googlen Sepia officinalis idatzita, hara sorpresa: Homeopatia Platense izeneko zer edo zer irakurri zuen. Orri horretan sarturik, etorkizuna argitu egin zitzaion. Berak hain ugari ekoizten zuen tinta hari esker aberastu egingo zen, bai horixe! Hara nola deskribatzen zuen tintaz eginiko botika: Medicamento predominante pero no exclusivamente femenino con gran tropismo sobre el sistema genital. Sendagaiaren aurkezpena berba kitzikagarri hauekin amaitzen zen: Medicamento muy parecido a MUREX pero este posee un violento deseo sexual con reglas copiosas que lo alejan de Sepia.
Bai, botikagintzan zegoen bere etorkizuna. Homeopatiaren multinazionala eraikiko zuen. Isuritako tinta guztia moltsoaz batu eta tuper eta kazoletan gorde zuen. Ondoren Peruko selekzionatzaileari fax bat bidali zion, lesionatuta zegoela adierazteko. Eta, beste barik, oporrak merezi zituela pentsatuta, Baltiko itsasora joan zen, berarentzat kirol berria zen urpekaritzan aritzera. Bertan beste sepia bat ezagutu zuen, eta horrek bere egitasmo guztiak deuseztatu zituen.
Gaur egun han bizi da, Baltiko itsasoan, hondoratutako Estonia ferryaren hondarren artean. Eta zoriontsua da, sepia izanda ere.
Bernardo Kapanaga
Nork: txistuy.2009/10/26 17:24:51.274 GMT+1
Etiketak:
ipuina
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/10/19 10:56:33.501 GMT+2
Kate Reilly bakarrik joan ohi zen errekara. Biluzik bainatzea gustatzen zitzaion, ur-jauziaren azpian jartzea. Bere hamasei urteen lurrina inguru guztian hedatzen zen, soinekoa eranzten zuenean. Lurrin hark bazuen maitasunaren musika. Bai, maitasunak geldialdia egin zuen Kateren bihotzean. Lokomotora baten indarraz heldu zitzaion, uda hartan. Ezpainen gorritasunean nabari zitzaion, eta bularraldea puzteko maiztasunean.
Goiz hartan ere errekara joan zen. Sagarra janez joan zen, eta haginkada bakoitzean eguraldia bikainagoa zen: Eguzkiak gaztetuta zirudien zeruan. Izerditan heldu zen. Soinekoak lurra musukatu zuenean haize-ikara txiki bat sentitu zuen azalean, norbaitek hozkailu urrun bat ireki balu bezala.
Uretan sartu zenean ez zekien azkeneko bainua izango zela. Ez zekien ur haiek gorriz tindatuko zirela, edertasun basati hura erreka hartan itoko zela betiko.
Begi zelatari haietan zegoen heriotzaren hazia. Halako edertasuna, halako gaztetasuna jasanezinak ziren begi haientzat. Neskatxa uretan sartzen ikusi zuten, eta begien distira sukartsuan sastakaiaren zorrotza islatu zen. Bekaitzaren begiak ziren haiek, gorrotoaren begiak, edertasun hura sekula lortuko ez zuten begien begirada hiltzailea, udazkeneko arrastiriaren oskorriaren begirada alimale hura, errekarantz zihoala, errekan sartzen zela, sastakaia goratzen zuela, bere buruaren kontra, bere buruaren kontra, bere buruaren kontra...
Bernardo Kapanaga
Nork: txistuy.2009/10/19 10:56:33.501 GMT+2
Etiketak:
ipuina
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/10/14 00:54:30.031 GMT+2
Silvia Vallejo hil da. Horixe esan dit Rosaren ahots urratuak telefonotik. Aspaldiko lagun taldea osatzen genuenoi deitzen ari zaigula, horrelaxe zuritu du bere burua, ahotsa antzinako irratietako uhin laburreko emisore haien antzera, etorri eta joan egiten zaiola. Protokoloa etorri da gero: hileta noiz den, eta non. Lagunak bertara joango direla esan dit, azken agurra ematera. Berbak ondo aukeratzen saiatu da: “Etorri nahi baduzu, elizaren aurrean geratu gara, ordu laurden arinago”. Ez diot ezetz erantzun, ezta baietz ere.
Deiak musika entzuten harrapatu nau. Albiste txarretarako soinu-banda da nire bizitza. Horixe pentsatu dut bafleetan Tim Storyren musika goibela entzuten dudala. Diskoaren kutxa hartu dut, entzuten ari naizen doinuaren titulua irakurtzeko: “In the Days of Small Sorrows”.
Biaoaren osteko lauso honek betiko iraungo balu! Edalontzi baten bila joan naiz. Goraino bete dut whiskyz. Gero, iraganaren armairura joan naiz. Horrelaxe bataiatu nuen idazgelan dudan altzaria, bizitzan zehar pilatzen joan naizen guztia bertan gordetzen baitut. Oroitzapenen kutxa. Normalean, gauzak sartzeko zabaltzen dut (eta, hori ere, gero eta gutxiagotan). Iraganeko gauzak berriro eskuetan hartzea ozeanoan hondoratzea bezalakoa da. Bi gauza hartu ditut: eskolako katalogo zahar bat (1976-1977 ikasturtekoa) eta 1999ko agenda.
Egongelara bueltatu naiz. Kanpoan, udagoienak kristalak bustitzen dihardu, erneguaz lez. Ematen du negumina duela, egunari begiak zarratu nahi dizkiola. Whiskyaren garrak indarra eman dit katalogoaren katakonbetara jaisteko. Gure taldearen argazkia bilatu dut. Bai, hementxe dago: BUPeko lehen ikasturtea, 1F taldea. Martinen ondoan nago, bazter batean. Beti bazterrean.
Martinekin egin nuen zina gogoratu dut. Lagunak izango ginela betiko. Zein arriskutsuak diren zin-hitzak! Agindu ahal den bakarra isiltasuna da, ondotxo dakit. Lagunak betiko! Eta zin hari data jarri genion: handik hogeita hamar urtera, 2006ko gabonzahar-gauean, eskola aurreko parkean elkartuko ginen, bigarren jarlekuan, hamabien dangadan. Guretzat data hura zientzia fikzioaren lurraldea zen, beste planeta bat. Saturnoren laugarren eraztunean geratzea bezalakoa. Baina berdin zigun. Gure adiskidetasuna berria zen, urraturik gabea. Garaiezinak ginen, martiztar guztiak euren plater hegalariekin gure aurka etorrita ere.
Zapatu arratsalde amaigabe haiek datozkit burura, Martinen etxean. Poker partidak eta lehen zigarroen lilura. Huraxe zen gure mikroklima, Martinen gela txiki hura. Zigarroen kea, ginebra eta Pink Floyden psikodelia. Wish You Were Here, Martin. Hain urte gutxi egin genituen elkarrekin!
Etxean erraz lortzen zuen dirua Martinek, errazegi. Horrexek eraman zuen ginebratik heroinara, gure gaztaroko izurrite hartara. Zirimiria, herdoila eta heroina, gure iraganaren eguneroko paisaia. Drogak urrundu zuen gugandik. Tren geltokian bilatu zuen aterpea, han biltzen ziren yonkiak, bagoi zaharretan, inora ez doazen burdinbide ahaztuetan. Handik urte batzuetara hil zen, txakur deslai baten antzera.
Argazkiari begiratu diot berriro. Bai, oraina absentzien kronika da. Zenbat gelditzen gara? Argazkiaren oineko izen-abizenetan dozena erdi gurutze jarri beharko nituzke, eta bi dozenatik gora galdera-ikur. Non daude? Nora eraman zaituzte urteen joanak? Esku bateko hatzak nahikoak, azken urtean ikusi ditudan argazkikideak zenbatzeko. Iragana urdindu egin zait, eta oraina zahartu. Oraina gure iraganaren zaharkitektura baino ez baita.
Edalontzia utzi eta botila hartu dut. Zurrut luzea egin dut, agenda zabaldu baino lehen. Momentua ailegatu da: Chris Eckmanen ahotsaren babesa behar dut. Bafleetatik datorkit bere ahots beroa, arnasa egiten laguntzera: “We need a better idea, here quick / Before the sun’s beatin’down on our necks / Wee need a better idea / Watch us speed, to the end of the world / Promise all, that we’ve already heard / and still we’ve nowhere…”
Zuzenean jo dut V letrara. Hortxe dago: Vallejo, Silvia. Zer pasatzen da hildakoen telefono zenbakiekin? Eta, deituko banio? Telefono konpainiek ahotsen bankua egin beharko lukete. Hildakoen ahotsak entzun ahal izateko, euren telefono zenbakietara deitzen dugunean. Silviaren ahotsa entzuteko. Silviari beste aukera bat emateko. Pospolo amatatua berriro isiotzeko. Baina ez. Ezin da. Nire bizitza pospolo alferrik galduz beteta dago. Hatz mamietan iraungitako pospoloak. Eta Silviarena beste bat izan zen. Beste bat besterik ez.
Unibertsitatean ezagutu nuen. Ni Kazetaritzako azken urtea egiten ari nintzen, bera Biologia ikasten hasi berria. Automobilean joaten ginen, Alex, Benito, bera eta laurok. Zenbat historia txiki eta handi idatzi diren automobiletan! Genero bat sor liteke: automobileko maitasunak. Atzeko jarlekuan joaten ginen Silvia eta biok. Bere belaunak nirea ukitzen zuenean, mundua geratu egiten zen. Han, iluntasunean, bere begiak artizarrak ziren: begirada bat nahikoa izan zen ni gatibatzeko.
Astegunekoa asteburura luzatu genuen. Automobileko laurok lagun taldea egin genuen. Silviak Rosa eta Ane ekarri zituen taldera. Hiru mutil eta hiru neska. Zapatu gauetan ogitartekoa jatera irteten ginen, eta gero berandura arte ibiltzen ginen, tabernarik taberna, poltsikoak txanpon txikiz betetzen. Dolarrak eginez bueltatzen nintzen beti etxera: mozkorrari ez eskatu marra zuzenik. Eta gau batean, nirekin etorri zen.
Inurrien zazpi begiak izan banitu! Agian, orduan konturatuko nintzen Silviak sexua besterik ez zuela nahi izan gau hartan. Itsututa nengoen, eta begi bistakoa ere ezin ikusi: ez ninduen maite. Garai hartan Silvia lore jaio berria zen, lorerik ederrena, usaintsuena. Ez, ez zitzaion inguruan erlerik faltako! Eta ni, gau hartatik gehiago, erle barik zizare sentitu nintzen. Etsipenaren zizarea, astiro-astiro bihotza jaten joan zitzaidana. Baina Silviak erleak ez, inurriak maite zituen. Biologia ikasketak zirela-eta, han ibiltzen zitzaigun hau esan eta hori kontatu. Eta ororen gainetik inurriak miresten zituen. Horrelaxe jakin nuen ikusmen ona dutela, euren zazpi begiei esker. Nik behar nituen horiek!
Inurriak ikusten ditudanean Silviaz gogoratzen naiz. Bera zen gure inurritegiko erregina. Eta inurri erreginak ez du erregerik behar. Akorduan dut janaria topatzeko zer egiten duten azaldu zigunean: inurri taldea sakabanatu egiten da, eta janaria dakarren lehenengoari jarraitzen diote besteek, berea baita inurritegi eta janaria dagoen tokiaren arteko biderik laburrena. Inurriak feromonak jariatzen ditu egindako bidea markatzeko, eta feromona haiei jarraituz dakite janarira ailegatzen. Tamalez, ni ez nintzen izan Silviaren bihotzera heltzen lehena. Ez, ez nuen feromona nahikorik jariatu Silvia erakartzeko. Ezta gau hartan ere. Ezta gau hartan ere.
Bitxia da bideak zein erraz banantzen diren. Gure bizitzak arrotz bilakatu diren lagun min ohiez gainezka daude. Agenda errepasatu dut: hor daude noizbait hain hurreko sentitu izan ditudan lagunen telefono zenbakiak. Denborak dena konpontzen du, dena izorratzen du. Telefono zenbaki iraungiak dira gaur. Adiskidetasun fosilak. Halaxe gertatu zitzaigun: konturatu ere egin gabe, gure bideak banantzen hasi ziren, elkarrengandik urrunduz joan ginen. Elkarrentzako arrotz bihurtu ginen arte. Konturatu ere egin gabe.
Orain urte eta erdi jakin nuen Silviak minbizia zuela. Hiruzpalau urtez kanpoan bizi ondoren, berriro etorria zen herrira. Hiriburuan omen zebilen lanean, laborategiren batean. Biok herrian bizi izanda ere, ez nuen behin ere kalean ikusi. Egia esateko, oso gutxitan irteten naiz. Herria bera arrotz bilakatu zait. Handitu egin da, itxuraldatu. Orain beste etxe batean bizi naiz. Eta nola aldatu den inguru hau ere, urte gutxitan! Lehen landa ederrak nituen etxe aurrean, eta pare bat baserri. Gaur ez da ezer gelditzen. Etxe blokeak bata bestearen gainean, paisaia anonimoak eraikiz.
Ez nion behin ere bisitarik egin, ezta deitu ere. Dei ziztrin bakar bat ere ez! Baina orain damu guztiak alferrik dira. Silvia hilda dago. Koldarra izan naiz beti, naiz, eta izango naiz. Horrexegatik nago bakarrik. Horrexegatik amatatu zaizkit pospolo guztiak hatz mamietan. Nire ingurukoekin lotzen ninduten hari mehe bakanak etenda daude. Baita etxetik desorduetan ateratzen ninduen azken hari hura ere, zabalik geratzen den azken pubera eramaten ninduena. Han batzen ginen gauaren satorrak. Barran. Ilaran. Izotzez betetako edari bana eskuan, nork bere penak marmar eginez. Hura ere hutsala zela deliberatu nuen arte, gizarte-erritual antzua. Antzezpen tragikomikoa.
Orain etxean mozkortzen naiz. Egongelako mahai azpira joango da whisky botila hau ere, ondo ikasia du aurreko guztien bidea, feromonarik gabe ere. Hautsontzia ere zigarrokinez beteta dago. Horixe da nire bizitzaren sintesia. Zergatik hil behar zen Martin, hain gazte? Zergatik Silvia, bizitzaren onenean zegoenean? Zergatik ez ninduten ni aukeratu, euren lekuan joateko? Zer egiten dut hemen? Nire bizitzaren eguzkia aspaldi amatatu zen. Eta, hala ere, oraindik dut negar egiteko indarra. Negarra da nire kontsolamendu bakarra. Eta musika. Orain bezala. Gogoan dut film hunkigarri hura: Ulusses’s Gaze. Bere musika ari naiz entzuten orain, malkoak masailetan.
Ez, ez naiz Silviaren hiletara joango. Zertarako? Ez dut merezi. Ez naute behar. Horixe erabaki dut, azkenaurreko zurruta eginda. Nirea beti da azkenaurrekoa. Etxean geratuko naiz, nire iraganaren armairu bihurtu dudan bunker honetan. Oraina iraganaren zaharkitektura baino ez baita. Iraganaren hondakindegia.
Bernardo Kapanaga
Nork: txistuy.2009/10/14 00:54:30.031 GMT+2
Etiketak:
ipuina
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak