Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2010/11/24 11:47:39.014 GMT+1

Beste batzuetan

Beste batzuetan,

berriz,

nire bizitza

bide bazterrean zabortutako ametsen prozesioa da

aukera galduen ilara luze herdoildua

prozesionari sakabanatu eta noragaldua.

 

Gaur bezalako gauetan

Ilargiaren aurpegi menstrualak

horrela begiratzen didanean,

bihotzaren taupadak

eztanda inkontrolatuak dira,

eta nire hanken trikuharritasun megalitikoa

gepardoen ziztuaz blaitzen da.

 

Horrelakoetan,

pentsatzen dut ezin dela

hutsa hutsitu,

okerrenak

eman gabeko urratsak direla,

eta

egin ez ditudan akatsak

madarikatzen ditut:

istripu guztiek

bidaia bat dute

euren baitan.

 

Porrot bakoitzaren

putzuan makurtu

eta

isuritako malko erreak

miazkatuko nituzke,

arnasa

kometen lehengai bihurtuta.

 

Badakit, bai,

heriotza etzaleku

abegikorregia dela

nire eldarnioetarako,

nire ametsak

hegazti migrariak direla,

baina

gaur bezalako gauetan,

Ilargiaren begiradak

nire odola menstruatzen duenean,

gauza naiz

lotuta naukaten beldurren kateak urtzeko lurruntzeko

mututurik naukaten izerdiak hozteko izozteko

balen norabidea desbideratzeko

udazkenak udaberritzeko

zulo beltzak bonbillaz apaintzeko.

 

Berba bitan:

maite zaitut

esateko.

 

Gaur bezalako gauetan,

nire odol ilargitsuaren

bor-bor menstrualak

gainezka egiten duenean.

 

Josu Uruburu

 

Nork: txistuy.2010/11/24 11:47:39.014 GMT+1
Etiketak: poesia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru