Jesus Mari Cordero misantropoa da, eta ez zaio arrazoirik falta. Drogosoa ere bada, morokilzale hutsa. Herenegun bere balkoian ikusi nuena ikusita, horixe pentsatu nuen: “Gure Jesus Mari hor dabil berriro ere endredetan”. Iazko gabonetan madarikazioka ibili zitzaidan, balkoietan eskegitako santaklaus eta olentzero horien kontura. “Neuk ere bat jarriko diat, baina urkatuta”. Ez zuen hitza bete. Aurten, ostera, santaklausen ugaltze dontsu honekin gogaituta antza, astrapala galanta sortu du. Indioek gerrako aizkora lurpetik ateratzen dutela esaten den moduan, Jesus Marik, bere baserritartasuna gogoan, ganbaran gordetako kodaina pikatu duela esan beharko genuke. Pasatu egin dela pentsatuko dute askok. Probokazioa dela balkoian jesusito bat jartzea, zelan eta gurutziltzatuta. Eta akaburako, txinoetan saltzen dituzten argi-soka dizdizkari horietako batekin apaindurik, egunez ere argiak izetu eta amatatu dabiltzala, jendearen arreta erakartzeko. Bru-bru ederra erein du herrian!

Atzo goizerako Jesus Mariren aupadak herriaren mugak gaindituak zituen: isilmandatuek hego luzeak dituzte. Irratian nire herriaren izena entzun nuenean, eskomunino berbarekin uztartuta, beharreztanen bat jazoko zelako akorduak eman zidan. Radio Mariako esatariak jesusito kurtzifikatu haren kontura suge-urtika zebilen, gurutzada egin beharra zegoen deabrukeria haren aurka. Antojatzen dabilen zauriaren itxura hartu nion. Telefonoz deitu nion Jesus Mariri, jesusitoa balkoitik erretiratzeko eskatu nion, irratian entzunikoa kontatu orduko. Jaramon egin balit, sikeran ere! Baina nire aholkuari entzungor eginda, erretxindu egin zitzaidan, “datozela kristau zorri horiek potrorik badaukate, euren ordaina izango dute”, esan zidan, erronka botaz. Entzun nahi ez duenaren eskerra, pokerra…
Bai, aitortzen dut tarteka Radio Maria entzuten dudala. Ez sinisduna naizelako, ezpada morbo hutsagatik. Egia esateko, Marx anaien eta Woody Allenen zenbait filmek bakarrik berdin dezakete irrati horren umorea. Auzoko guztiek jasaten dituzte nire barre-algarak. Goiko pisukoak erdeinuz begiratzen dit, engaraz, endemas gau baten desorduan eta albora-kargarekin nentorrela nirean barik berean sartzen tematu nintzenetik gehiago. Allakuidaos! Tira, harira: Radio Mariako esatariari ez nion ba entzun gaur arratsalderako Jesus Mariren etxe aurrean manifestazioa egiteko deia egiten! Ikaratu egin nintzen. Jende-aldrak ez dira sekula nire gustukoak izan, eta gutxiago buruberotu suminduak badira. Eta artaldearen buru, nor eta Radio Mariako esatari sustantziabako hura, after-shave-a ere iraungita zuena, sotanapeko erretolika Moisesen denborako hura bere menpeko monagillo mendekuzaleei botafumeiratzen su eta ke zebilena! Edozein modutan, bertan izango naiz neu ere, zer gertatzen den jakin behar dut.
$$$$$$$ $$$$$$$ $$$$$$$ $$$$$$$ $$$$$$$ $$$$$$$
Nire uste txarrenak bete egin dira, gaitz eta erdi! Kale bazterrean egon naiz katakonbetatik lez agertutako katolikoldarrari begira: gurutzeak, eskapularioak, errosarioak, Aita Sainduaren argazkiak, Ama Birjinaren estanpak, zer ez dut ikusi han! Batzuek jaiotza biziduna eratu dute, asto, behi eta guzti! Eta banderilla moduan, jesusitoarena egiten jarri duten umeari, hotzik izan ez dezan edo, Espainiako sega-potoa jarri diote gainetik… Hango orroak, hango madarikazioak Jesus Mari balkoira agertu denean! “Zer nahi duzue, lehoitarakook”, hasi da, paparra puztuz. Txispatu antza hartu diot. “Zuok, kristauok, zertara zatozte hona? Zelan sinistu ahal duzue semea zer eta judu bihurtu zuen jainko batengan? Eskerrak jainko hori inork ez duen zuen epaitegietan auzipetu, osterantzean heriotza-zigorra ezarriko zeniokete, gizateriaren aurkako krimenengatik”. Kalean bilduak oihuka hasi dira, batzuek gurutzeak jaurti dizkiote, ezpata hegalariak bailiran. Jesus Marik atzera egin du, makurtu egin da, baina ez babesteko, hordagoa botatzeko baino: gordeta eduki duen Ama Birjinaren irudi bat hartu du eskuetan, eta kalekoei erakutsi. Biraoka erantzun diote, “herexe!”,”herexe!”, amabirjin hori haurdun dagoela konturatu baitira. “Andrako puzgarri nazkagarri bat da, Ama Birjinaren jantziekin mozorrotuta”, garrasi egin du baten batek: Jendetzaren oihuak areagotu egin dira, ukabilak mehatxuka.
“Zuek, kristauok, ez zineten ba bakazaleak?”, galdetu die balkoitik Jesus Marik, adar-joka. “Neuk erakutsiko dizuet zein den zuen benetako jainkoa”. Eta amabirjinaren hankak zabalduz, sabeleko fruitua hutsitu du jendartean, dolarrak, dolarrak metaka balkoitik behera. Bultzadak, ukabilkadak, ostikadak. Basapiztiak elkar jaten, billeteak harrapaketan. “Deabru hori, zeu zara erruduna!”, bota dio zarraparra hartan Radio Mariako sazerdoteak Jesus Mariri, eta jende aldrari zuzendu zaio ostean, “sua herexeari!” Burubakoenak portaleko atea eraitsi eta eskaileretan gora joan dira. “Utzi bakean gizajo hori, ez daki zer egiten duen!”, erregutu diet kalean geratu direnei. Nire gainera oldartu dira. Ostikada bat eman didate barrabiletan, buruan gurutze batez kolpatu naute.
Ez dakit nola lortu dudan handik hanka egitea, ez nola ailegatu naizen etxera. Ohean nago, gorputz osoa minduta. Ez dakit zer jazo zaion Jesus Mariri. Ez du telefonoa hartzen. Eta txarrena burrunbada hau da, goiko pisuko auzoaren barre-zantzo horiek, gurutze iraulien lez nire burmuina leherraraziko didatenak…
Bernardo Kapanaga

Idatzi artikulu bat