Magdalena Cortina
da zainak odolez bete zizkidan ahots epela, oraina eman zidana, naiztu
ninduena. Horixe da bizitza: naizetik zenera egiten dugun
bidaia. Bidaia horretan, atzoak metatzen ditugu, atzoek atsotzen gaituzte.
Magdalena Cortinaren begirada ere atzoz beteta dago. Amaren begi atzotu
horiek tristeziaren kolorea dute, toki eta denbora urrunetan daude ainguraturik:
Argentinan, gaztaroan. Han hasi zen dena harentzat.
Gaueko txandetan,
nire kabinatxoaren bakardadean, irratia da ordu txikien tunelean aurrera
egiten laguntzen nauen argia. Irratsaio bera jartzen dut beti. Aurkezlearen
ahotsak horditu egiten nau, berbak xuxurlatzeko duen era amets eragile
horrek. Ipuinak kontatzen ditu. Berak ipuin ezinezkoak deitzen die.
Artxandan bizi den likantropoarena kontatu du gaur. Ipuinaren ostean
entzule batek deitu dio. Ipuin errealak eskatu dizkio, horrelako istorio
fantastikoen lekuan. Entzule horri norbaitek esan beharko lioke errealitatea
dela ipuinik ezinezkoena, gu hemen egotea sekula gehiago errepikatuko
ez den kasualitate kosmikoa dela.

Horrelako kasualitate
batek itsasontziratu zuen Magdalena Cortina Buenos Airesen. Ni ez nengoke
hemen hori gertatu ez balitz. Ni hemen egotea hamaika kasualitateren
talkaren ondorioa da. Adibidez, itsasontzi hura Bilbora joana, eta ez
Lisboara, edo Londresera, edo Habanara. Eta nire aita izango zena, beste
egun hartan, goizeko hamarrak eta hogeian, makurtu eta eskumako zapatako
lokarria lotzeko makurtu izana, zapatatik altxatu zituenean begiek Magdalena
Cortinaren irribarrearekin estropezu egin baitzuten, Santiago plaza
euritsuan. Kasualitate batek elkartu zituen Argentinatik hiru hilabete
arinago etorritako neska eta egun hartan Bilbora joan behar ez zuen
Dimako mutilaren begiradak. Han hasi zen dena niretzat.
Ipuinak bakarrik ez,
abestiak ere jartzen ditu. “Zein abesti aukeratuko zenuke zeure azken
hatserako?”, deitzen da irratsaioaren atal bat. Ama etorri
zait akordura. “Hiltzeko momentuan, jarridazu musika hori”, esan
zidan behin (ez: birritan; ez: musika hura jartzen nuen guztietan).
“Shine On You Crazy Diamond”. Baietz esan nion. Agindu hori
ezin betetzeak sugez betetzen ditu nire ametsak. Nire beldurrik handiena
gaueko txandatik etxeratzen naizenean ama hilda topatzea da, aitarekin
jazo zitzaidana errepikatzea. Aita hil zenean urrun nengoen, urrunegi.
Aitaren azken urteak
madarikazioa izan ziren. Berba barik geratu zen. Umetan aitarekin ibiltzen
nintzen askotan. Aitarekin herrian, aitarekin trenean, aitarekin mendian,
aitarekin infinituaren bila. Ni oso isila nintzen, lotsor hutsa; aita,
berba egiteko makina. Mundu guztiarekin hitz egiten zuen. Maiz pentsatzen
nuen nire berbak maileguan hartzen zituela, nire isiltasuna haren berba-jarioaren
ondorioa zela. Ez, nire aitak ez zuen ezezagunik ezagutzen. Behin, abenduaren
hogeita lau batean, eskeko bat gonbidatu zuen etxera, afaltzera. Vidal
deitzen zen. Vidali, bigarren ardo botila amaituta, mingaina askatu
zitzaion. Esan zigun zortzi orduko soldata baino nahiago zuela hogeita
lau orduko askatasuna. Bera zela bere buruaren ugazaba, eta munduan
ez zegoela hori baino dirusari hoberik. “Ni, Obelixen antzera, pertz
batean jausi nintzen”, bota zigun, aitak eskainitako fariasa ahoan.
“Eta pertz hori bizitzaz beteta zegoen. Ezin izan zuten niretzat izen
hoberik aurkitu...” Bai, bizitzaz gainezka egin behar zuela zirudien
gau hartan. “Mundua ederregia da beti zerupe berberaren, etxe berberaren,
emakume berberaren magalean bizitzeko”. Gaupasa ederra egin genuen
aitaren eta Vidalen elkarrizketa amaiezina entzuten. “Zertarako maitatu
emakume bat, hogei emakume maita ditzakezunean?”. Horixe zen Vidalen
filosofia.
Eskeko hark erein
ote zidan bihotzean ipuin ezinezkoekiko grina? Burua nintzatekez
eta nukez betetzen ditugu, baina gero ez gara ausartzen, jokatzen
dakigun aditz bakarra present monotonusa da. Amaitu zen gau hura, eta
gure bizitza basatzan galdu zen, zerupe berberean, etxe berberean, ohitura
berberetan. Gurera madarikazioa heldu zen arte.
Aita burua galtzen
hasi zen. Han hasi zen gure tragedia. Azkenerako, berba barik geratu
zen. Kirikinoaren begirada bakartia gelditu zitzaion, dortokaren dorpezia.
Nik pentsatu nahi nuen ez zuela minik sentitzen, haurtzarora bueltatua
zela, amaren umetokira. Horixe zen niretzat gaitzena: ezin jakitea zer
sentitzen zuen, ezin jakitea pentsamendurik zuen ala burua hareaz betetako
bola bihurtu zitzaion. Bai: aitaren heriotzarekin hasi zen dena amaitzen.
Noraren irratsaioa
Ezinen Ostatua deitzen da. Haren ahotsa entzukeran, zapaburuak egiten
zaizkit belarrietan, eta bihotzak errimeago bidaltzen ditu odol-errekak
zainetara. Ez diot egundo ere deitu, lotsarren edo. Gaur arte. Nire
bizitza aditz hipotetikoen albuma izan da, baina nintzateke eta
nuke guztiak ilargiaren orbitan geratu zaizkit. Eta ezin da beti
ilargiari begira bizi. Ezin da beti fokuetatik ihesi bizi, kabinatxoaren
anonimokerian ezkutatuta, autoak pasatzen ikusten, ipuinak pasatzen
ikusten, bizitza pasatzen ikusten. Zenbat bider imajinatu ditut ipuin
ezinezkoak ordaintokira heltzen diren pertsonekin, edo kalean zurekin
gurutzatu den emakume ilegorriarekin, edo kafetegiko beste mahai horretan
dagoen neska björkararekin. Edo Norarekin. Baina ametsetatik jausten
naizenerako, berriro bakarrik kabinatxoan. Bi euro eta bost zentimo.
Horixe da esku ezezagunak nirean uzten duten prezioa, horixe nire bizitza
debaluatuaren balioa. Gaur arte.
Magdalena Cortina
da nire amaren izena. Elkarrekin bazkaltzen dugu, telebistari begira.
Telebistako txotxongiloek bahitu digute intimitatea. Aita hil zenetik,
gure etxea hauts more batek estali du. Hauts more etsitua altzarien
gainean, alfonbren azpian, ispiluetan. Gure etxean indaba aspaldi erreen
sunda geratu da hormei itsatsita. Eta ama eta biok berba barik geratu
gara, aitak eraman zituen berarekin gure berba guztiak. Eta, tristezia
zimeldu horretan, maiz pentsatzen dut oso gutxi geratzen zaiola amari,
agian hauxe izango dela haren azken negua. Begira geratzen natzaio,
eta haren begi ninietan argentina txiki bi ikusten ditut, berriro itsasontzia
hartu balu bezala, haurtzaromindurik. Besarkatu egingo nuke, musujango.
Baina ez, telebistako txotxongiloei begira geratzen naiz, nire sentimenduak
hamar tonako eskulturak bailiran. Horrelaxe joan zait bizitza: amari
zenbat maite dudan esan ezinean.
Agian, honela gertatuko
da: kabinatxoan egongo naiz, irratia entzuten. Kanpoan hotz egingo du.
Tarteka elur maluta erratuak jausiko dira, eta sumendi izoztu batek
oka egindako lei-hautsa dela pentsatuko dut. Urrundik, kabinatxora hurreratzen,
ibilgailu bat ikusiko dut, baina ez dut motor hotsik entzungo. Beldarra
bezain geldo eta isil etorriko da. Eta, azkenean, betazalen pisua jasanezina
egiten zaidanean, ordaintokira helduko da. Orduan konturatuko naiz katabuta
dela. Katabutaren estalkia altxatu eta ama agonduko da. “Seme, zergatik
jan zenuen hitza? Zergatik ez zenidan musika hura jarri?”, esango
dit, eta haren berbak antzigarra legez pilatuko zaizkit eztarrian. Barkatzeko
esan nahiko diot, baina orduan ere ez zait berbarik jalgiko. Katabutean
etzan eta urruntzen hasiko da. Itxaroteko oihu egin nahiko diot, baina
alferrik izango da. Kabinatxoa krisalida hormatua bilakatuko da, aterik
gabeko amesgaizto glaziarra. Eta ez naiz itzartuko.
Gauero entzule batek aukera izaten du irratira joateko, Noraren irratsaiora. Deitzen duten guztien artean zozketa egiten dute. Gizonezko batek hartu dizkit datuak. “Egon adi. Programaren amaieran esango dugu zozketaren emaitza. Zuri hamazazpigarren zenbakia egokitu zaizu”. Handik aurrera, nire bularra danbor hotsa izan da. Egutegiari begiratu diot, santuen laguntza eske. Gaur, San Blas. “San Blas, eman nire bizitzari gas”, egin dut otoitz. Eta pentsatu dut: nire bizitza otoitz ez, oteitz izan da. Oteka bizi izan naiz (deituko ote dut?, gustatuko ote zaio nire ahotsa?, noizbait laztandu ahal izango ote dut haren eskua?, eta beste hamaika ote gehiago ere). Oteak arantzak ditu. Min egiten du. Ez, gure bizitzetan ez dugu otez betetako sastraka itsurik nahi, autopistak behar ditugu. Autopistak, ez galtzeko. Autopistak, norabidea zein den jakiteko. Autopistak: hemen sartu eta han irten. Dena seinaleztatuta, dena marraz eta geziz gidatua. Galderarik ez: erantzunak. Aginduak. Bi euro eta bost zentimo. Ez da garestia. Gehiago ordainduko nukeen neure bizitzako otedia zuztarretik atera eta bistatik galtzearren. Ziurtasunez berotuko nauen antizikloia behar dut bihotzaren tokian. Baina orduan ez nintzateke ni izango: amari “maite zaitut” esaten gauza ez naizen semea, eta, aldi berean, amarekin itota bizi izandakoa. Amaren bizitza autopista izan baita beti. Eta ni, beti atoian. Magdalena Cortinaren adiztegian aginterak agintzen izan du, eta ni indikatibo barik utzi nau. Horra nire bizitza: aditz eklipsez betetako zeru izargabetua. Eta, hala ere, ama maitatzea beste erremediorik ez zait geratzen. Agian, haren orbitatik ihes egiteko adina gasik izan ez dudalako. San Blas, eman nire bizitzari gas.
Bai, indargaia behar
dut hegan hasteko, amaren itzalpetik jalgiteko, nintzateke eta
nuke guztiak ilargiaren orbitatik hona ekartzeko, nire kabinatxoaren
ilunpetik ateratzeko. Agian, ailegatu da momentua berbetan hasteko,
bide erdian geratu zaizkidan ipuin ezinezkoak idazteko. Momentua, nire
ezin guztiak ahal bihurtzeko, ezina izanaz egiteko. Zorriek sekula ez
dute enbaxadarik izan, ezta neuk ere. Baina, azkenean, ailegatu zait
ordua, zorri izateari uzteko, nire zorritxarra errebesatu eta krisalidatik
irteteko, amaren eta aitaren izpiritu zainduetatik alde egiteko. Eta
hori bakarrik egingo dut haien ipuina kontatuz, gure ipuina kontatuz.
Martxoaren 17an joango
naiz Noraren programara. Ipuin bat eramango diot (neurea), eta ipuin
bat eskatuko (berea), bion artean Ezinen Ostatua errealitatez
betetzeko, gure ipuin ezinezkoa eraikitzen hasteko, gure bihotzetan
antizikloi berbera plantatzeko. Neure bizitzaren ipuina kontatuko diot,
ezinezkoa bezain erreala, magikoa bezain arrunta. Pentsamenduak berbatuko
ditut (dizkiot): Nora, unibertso bat egingo nuke zure barrearentzat,
habia bat zure ametsentzat, mila Bagdad zure ahurrean idazteko. Zure
ahots kotoialakoan lo egingo nuke, eta ekaitzak ere poztuko lirateke,
egutegiaren denbora jipoitua behe-lainoa legez desagerturik. Zerua zure
begietan bizi da, Nora, zure niniak galaxiakumeak dira, eta bertan bizi
nahi nuke, haitzuloetako malkoen abiadura geologikoan. Nora, nire taupadek
zure izena diotelako, zure argazkietan agertu nahi dut, zurekin bizi
nahi dut mundua, zure poltsikoak nire argazkiz bete, zure atzamarrak
nire atzamarrez. Entzun dezagun euriaren perkusioa goardasol beraren
azpian, goardasolpean euria euriagoa da eta.
Eta ipuin horretako
aditz nagusia: haut.

Idatzi artikulu bat