
Manuel Pardo en estancia Menelik cebando unos mates.
Manuel Pardo Menelik etxaldean bizi da azken hogeita hamar urteotan, baina ez zaio berbetan ahaztu. Hori asko da urte erdian zaldi, behi eta txakurren konpainia besterik ez daukazunean. Asko da, herririk hurbilena lau ordura dagoelako, automobilez, hartxintxarrezko bide amaigabeetan joanda. Agian horrexegatik dirudi hain pertsona abegikorra, harentzat turistak etortzea diru-iturria ez ezik berba egiteko aukera ere badelako. Eta Manuelek historia eta istorio asko ditu bularrean gordeta. Elkarrekin matea hartuta, Menelik etxaldearen ondotik pasatzen den Belgrano erreka bezain emankorra da Manuelen mintzoa. Eta gu irrikaz bainatzen gara haren berba egiteko era pausatu horretan, haren hitzen magian. Agian magia horrexek liluratu zuen Cecile Domens argazkilari frantsesa, Manuel baino hogeita bat urte gazteagoa, Menelikera heldu zenean. Egonaldi haren fruitua Laura izan zen, orain Parisen bizi den hiru urteko neskatoa. Aita bisitatzera etortzen ei da urtero, amarekin.
Hemengo hotzek, hemengo beroek, hemengo haizeek, guztiek utzi dute euren lorratza Manuelen aurpegian. Manuelen aurpegia glaziar ilun eta lehorra da, arrakalaz betea. Edo, bestela esanda: badirudi egunero Manuelek aurpegia lokatzez garbitzen duela eta lokatz hori bertan gelditzen dela, lehorturik, fosildurik, bringaturik. Izozturik geratu da denbora aurpegi horretan, eta txapelak eta biboteak ezin dute zahardade hori disimulatu. Hemen, Patagoniako toki urrun eta ahaztu honetan, orduak kilometrotan neurtzen dira, eta kilometroak, hodeiertz beti berdinetan. Hemen zaharrak zaharrago dira, baita zahartu aurretik ere. Manuel Pardo, adibidez. Ez ditu ezta hirurogei urte, baina Itun Zaharretik jausitako pertsonaia dirudi.
Atzo heldu ginen Menelikera. Bertan emango dugu 2010eko azken egun hau, bertan jaioko zaigu 2011. Baina, gaur arte, ez dugu Manuel ikusi. Atzo etxaldea hutsik aurkitu genuen, eta, mahai gainean, lapiko bete dilista, hamazazpi lagunontzat. Kontsolatu arte jan genuen.
Behin, Lugares aldizkarian artikulu bat idatzi zuten Manuel Pardori buruz. Han dago haren argazkia ere. Manuel bera da, aurpegi hartan dago zahardade guztia, zahardadea aro geologikoa balitz bezala. Hemen, Menelik etxalde urrun honetan, pertsonak ere ia-ia lekuak dira.
Gizon argia da Manuel, esperientziaren unibertsitatean ikasia. Bizitzaren gogorra izan da haren maisua. Manueli inork ez dizkio dilistak mahai gainean prest jarri. Inork ez dio zaldi gainera igotzen lagundu. Ez da karreraduna, baina zertarako behar dira karrerak bizitzaren lasterketan lehen hesian jausten bazara?
Guanakoez hitz egin digu Aranshari eta bioi, Taragüi matea hartzen dugun bitartean. Matearen matematiketan eroso sentitzen da Manuel, baita geu ere, hari entzuten. Pinturas errekaren bailaran dagoen Eskuen Kobazuloko gidariak esan zigunez, guanako arrak dozena inguru emerekin ibiltzen dira. Hainbeste guanako eme kontsolatu behar... Hori bai lana! Manuelek hobeto azaldu digu animalia horien bizimodua: arrak, normalean, elkarrekin ibiltzen dira, taldeka, emeetatik aparte. Aranshak berehala esan du euskaldunok antzekoak garela: mutilak alde batetik eta neskak beste batetik. Guanakoek badute abantaila, ordea: arreske/emeske ibiltzen dira urte sasoi baten. Eta euskaldunok ez daukagu dohain hori. Gu, urte osoan arfaltan/emefaltan...
Bada, urte sasoi horretan, guanako arrak elkarrengandik banandu eta emeen artera joaten dira. Bakoitza sei-zazpi emerekin ibiltzen da, jo eta ke (sasoi horri, araldia barik, hobeto txortaroa deitu, ezta?). Halako eszena bat ikusi genuen lehengo egunean Osvaldoren furgonetatik bertatik, Ruta 40 mitikoan gindoazela: pornoguanakismo hutsa! Zer, eta arra emearen gainean jarrita, errepidearen ondo-ondoan. Zer gauza handia da lotsarik ez izatea! Eta onena: behin txortaroa amaituta, arrak berriro elkartu eta hor konpona, Mariguanakona! Hurrengo txortarora arte, bakea.
Manuel, zigarroari zupada luzea eginda, beheko sura joan da. Bertan ari da erretzen bildotsa, gauean afalduko duguna. Gaur Gabon zaharra da, eta, mendiko ibilaldia eginda, gosetuta gaude. Eta egarrituta. Manuel Pardoren istorioen egarri ere bagara, eta, mahaira bueltatu denean, horietako bat oparitu digu: Hernan Mollejasena.
Harrituta entzun diogu. Manuelen berbek matearen berotasuna daukate, magmaren mantsotasun geologikoaz barneratzen zaizkigu. Eta mantsotasun horretan dago agian haren jakituriaren sekretua, matea hartzeko erritualak eskatzen duen soseguak erakutsitakoa, neguen isolamenduak halabeharrez ondutakoa. Jakituria praktikoa da haren bizitza gobernatzen duena, hotzek eta beroek eta haizeek moldaturikoa. Kanpoan neguan termometroak hogeita hamar gradu zero azpitik markatzen duenean, metafisika gutxi. Hemen, negualdian, Nicholson sindromea paseatzen da, esku artean aizkora zorrotza duela. Norberaren buruan sinismen handia dutenek bakarrik biziraun dezakete hemen zoratu gabe.
Negu luze horiei aurre egiten jakin izan du Manuelek. Zein ote da haren sekretua? Cecile Domens eta Laura alaba ote ditu gogoan, eta haien urteroko bisitaren irrikak mantentzen ote du bizirik, neguko bakardade gorrian? Kontinente arteko maitasuna iruditu zait haiena, izan daitekeen garbiena. Horixe xuxurlatu diot Aranshari, eta berak baietz erantzun dit begiradarekin, bai, Xosu, maitasun hori nahi dut biontzako. Maitasun patagonikoa, neurrigabea. Orduan, zera bururatu zait: Manuelen begiradan kondor bat ezkutatzen dela. Kondorraren begirada behar da hemen burua ez galtzeko, kondorraren begirada horrek lotzen ditu Manuel, Cecile eta Lauraren bizitzak, Menelik eta Paris.
Manuel isildu denean, kanpora irten eta errekara joan naiz. Bertan daude garagardo botilak freskatzen. Bat hartu eta harri baten gainean jesarri naiz. Zeruak Edvard Munch-en Oihua artelanaren itxura du. Txundituta geratu naiz zeru horri begira, eta nire barnean ere zeru gorri bat igarri dut, maitasun hodeiz beteta. Bidaia honek oskorriz jantzi dit bihotzaren arnasa, taupada bakoitza senti dezaket, gera zaitezte paradisu honetan esaten, zuen arteko maitasunak hemen du habia, eta hemen izan dezala hobia. Ametsetan ari naiz, itzarrik eta ametsetan. Hain ederra da ezinezko bizitzak eraikitzea…
Garagardoaren freskura eztarrian, momentu aproposa iruditu zait Manuelek kontatu berri digun istorioa paperera ekartzeko. Libreta berdea atera eta idazten hasi naiz: Hernan Mollejas...
Bernardo Kapanaga

Idatzi artikulu bat