Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2010/05/19 14:53:33.610 GMT+2

Marisa Aguilera

Marisa Aguilera errezelen artetik begira dago, kuxkuxean. Patioaren bestaldean parez pare dagoen leihoan josita ditu begiak. Leiho haren atzealdean, pertsianak ikusgai uzten duen zatian, mutil bat  ikusi du. Belauniko dago, eta hura ere patioko beste leiho batera begira dago, hura ere zelatan.

Zer ikusi du mutilak laugarren pisu hartan? Marisak mutilaren begietan irrika igarri du.

Rosanari begira dago, pentsatu du.

Marisaren azpiko pisuan bizi da Rosana. Emakume gaztea da, hogeita hamar bat urte izango ditu, eta bakarrik bizi da. Marisak inbidiaz begiratzen dio bebarruan gurutzatzen direnean, edo igogailuan elkartzen direnean. Rosanaren lurrina hordigarria egiten zaio espazio itxi hartan, eta haren edertasun betea hain hurbil izateak bihotzean haginka egiten dion sentimendu urdin hura nabarmenagotzen du: emakume antzua, distira bakoa izan da beti.

Desiragarri ez bazara, ikusezina zara.

Mutilaren begietan Rosana ikusi du, ohean etzanda, lo. Pertsiana goraino du igota, eta errezelak parez pare zabalik. Ez, mutilaren begietako suak beste irudi bat ekarri dio, are probokatzaileagoa: Rosanaren logelan ez dago errezelik, eta leihoa parez pare dago zabalik. 

Bero egiten du, bero handia. Udaminean gaude, eta patioak labea dirudi. Rosanaren ohean izara bat besterik ez dago. Mutilak haren gorputz biluzia igar dezake izararen azpian. Izerdiz blaiturik dago, eta urduri balego legez mugitzen da. Auskalo zer ari den ametsetan. Agian esku bat sentitzen ari da gorputzean irristatzen, orkatilatik gora doakion armiarma baten antzera.

Marisak kristalaren atzean dagoen mutilaren sugar likidoa sumatu du. Hura ere izerditan dago. Ez da arraroa: gorputzean dardara bortitza nabari zaio, ikara basatia. Patioaren bestaldean lo dagoen emakumearen besoa ikusi du izaratik kanpora, airean esekita. Beso hura ukitu nahi du, esku lokartu hura hartu eta bere gorputz izerdituan gora eta behera erabili, haren ferekak sentitu, hatz luze haien kili-kiliak izterretan.

Marisak ere irakiten sentitu du gorputza, zainetako odola borborka dauka. Mutil gaztearen eskua zakila estutzen antzeman du, zakila astintzen, eta berak ere eskua hankartera eraman du, eta titiburuak gogor sentitu ditu, eta gorputzean halako grina basatia. Arnasestuka ari da, mutilari begira, haren begietan Rosana ikusten baitu, izararen azpian biluzik, eta Rosanaren esku lokartua mutilaren hankartetik berera daramala irudikatu du, bere hankarte izerditura, eta esku haren alegiazko igurtziek estasia eragin diote.

Eta, sukar horren erdian, zarata bat entzun du: kafea deika ari zaio suetetik. Ala bere bihotza ote da, bularrean txistuka ari zaion sosegatu ezineko lokomotora?

Kafesnea edaten duen bitartean, goizeko hamarretako albistegia entzuten hasi da, baina bigarren berri txarrerako nahikoa duela pentsatu du.

Hondamendietarako, nahikoa dut nire bizitzarekin.

Irratiko lokutoreari ahotsa amatatu eta CD bat jarri du. Joan Sutherlanden ahotsak freskotasuna ekarri dio goiz sargoritsuari. Rossiniren “Bel raggio lusinghier” ari da kantatzen. Marisak pentsatu du huraxe izan daitekeela paradisua, ahots zoragarri haren baitan betiko lokartzea. Baina, tamalez, errainu eder hura ere ez da betiko.

Logelara bueltatu da, ezkutalekura. Aurreko leihoko mutila joan egin da. Eta Rosana? Dutxan irudikatu du, ur hotza haren titi mardulak freskatzen, ur tanta jostalariak haren zilborretik behera irristatzen. Eta hotzikara bat sentitu du, hotzikara triste eta etsitua, badaki-eta sekula ez dela ausartuko erraiak erretzen dizkion grina hura azaleratzen.

Ez. Bizitza errezelen atzean ezkutatuta alferrik galdu du, eta berandu da. Berandu, pasio itogarri hari leihoak zabaltzeko.

Eta han, errezelen atzean belaunikaturik, begiak kristaldu egin zaizkio.

Ez dago etsipena baino basamortu kiskalgarriagorik, pentsatu du, begietako kristalen distira bustia esku artean bilduta.  

 
 Bernardo Kapanaga

Nork: txistuy.2010/05/19 14:53:33.610 GMT+2
Etiketak: ipuina | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru