Silvia Vallejo hil da. Horixe esan dit Rosaren ahots urratuak telefonotik. Aspaldiko lagun taldea osatzen genuenoi deitzen ari zaigula, horrelaxe zuritu du bere burua, ahotsa antzinako irratietako uhin laburreko emisore haien antzera, etorri eta joan egiten zaiola. Protokoloa etorri da gero: hileta noiz den, eta non. Lagunak bertara joango direla esan dit, azken agurra ematera. Berbak ondo aukeratzen saiatu da: “Etorri nahi baduzu, elizaren aurrean geratu gara, ordu laurden arinago”. Ez diot ezetz erantzun, ezta baietz ere.
Deiak musika entzuten harrapatu nau. Albiste txarretarako soinu-banda da nire bizitza. Horixe pentsatu dut bafleetan Tim Storyren musika goibela entzuten dudala. Diskoaren kutxa hartu dut, entzuten ari naizen doinuaren titulua irakurtzeko: “In the Days of Small Sorrows”.
Biaoaren osteko lauso honek betiko iraungo balu! Edalontzi baten bila joan naiz. Goraino bete dut whiskyz. Gero, iraganaren armairura joan naiz. Horrelaxe bataiatu nuen idazgelan dudan altzaria, bizitzan zehar pilatzen joan naizen guztia bertan gordetzen baitut. Oroitzapenen kutxa. Normalean, gauzak sartzeko zabaltzen dut (eta, hori ere, gero eta gutxiagotan). Iraganeko gauzak berriro eskuetan hartzea ozeanoan hondoratzea bezalakoa da. Bi gauza hartu ditut: eskolako katalogo zahar bat (1976-1977 ikasturtekoa) eta 1999ko agenda.
Egongelara bueltatu naiz. Kanpoan, udagoienak kristalak bustitzen dihardu, erneguaz lez. Ematen du negumina duela, egunari begiak zarratu nahi dizkiola. Whiskyaren garrak indarra eman dit katalogoaren katakonbetara jaisteko. Gure taldearen argazkia bilatu dut. Bai, hementxe dago: BUPeko lehen ikasturtea, 1F taldea. Martinen ondoan nago, bazter batean. Beti bazterrean.
Martinekin egin nuen zina gogoratu dut. Lagunak izango ginela betiko. Zein arriskutsuak diren zin-hitzak! Agindu ahal den bakarra isiltasuna da, ondotxo dakit. Lagunak betiko! Eta zin hari data jarri genion: handik hogeita hamar urtera, 2006ko gabonzahar-gauean, eskola aurreko parkean elkartuko ginen, bigarren jarlekuan, hamabien dangadan. Guretzat data hura zientzia fikzioaren lurraldea zen, beste planeta bat. Saturnoren laugarren eraztunean geratzea bezalakoa. Baina berdin zigun. Gure adiskidetasuna berria zen, urraturik gabea. Garaiezinak ginen, martiztar guztiak euren plater hegalariekin gure aurka etorrita ere.
Zapatu arratsalde amaigabe haiek datozkit burura, Martinen etxean. Poker partidak eta lehen zigarroen lilura. Huraxe zen gure mikroklima, Martinen gela txiki hura. Zigarroen kea, ginebra eta Pink Floyden psikodelia. Wish You Were Here, Martin. Hain urte gutxi egin genituen elkarrekin!
Etxean erraz lortzen zuen dirua Martinek, errazegi. Horrexek eraman zuen ginebratik heroinara, gure gaztaroko izurrite hartara. Zirimiria, herdoila eta heroina, gure iraganaren eguneroko paisaia. Drogak urrundu zuen gugandik. Tren geltokian bilatu zuen aterpea, han biltzen ziren yonkiak, bagoi zaharretan, inora ez doazen burdinbide ahaztuetan. Handik urte batzuetara hil zen, txakur deslai baten antzera.
Argazkiari begiratu diot berriro. Bai, oraina absentzien kronika da. Zenbat gelditzen gara? Argazkiaren oineko izen-abizenetan dozena erdi gurutze jarri beharko nituzke, eta bi dozenatik gora galdera-ikur. Non daude? Nora eraman zaituzte urteen joanak? Esku bateko hatzak nahikoak, azken urtean ikusi ditudan argazkikideak zenbatzeko. Iragana urdindu egin zait, eta oraina zahartu. Oraina gure iraganaren zaharkitektura baino ez baita.
Edalontzia utzi eta botila hartu dut. Zurrut luzea egin dut, agenda zabaldu baino lehen. Momentua ailegatu da: Chris Eckmanen ahotsaren babesa behar dut. Bafleetatik datorkit bere ahots beroa, arnasa egiten laguntzera: “We need a better idea, here quick / Before the sun’s beatin’down on our necks / Wee need a better idea / Watch us speed, to the end of the world / Promise all, that we’ve already heard / and still we’ve nowhere…”
Zuzenean jo dut V letrara. Hortxe dago: Vallejo, Silvia. Zer pasatzen da hildakoen telefono zenbakiekin? Eta, deituko banio? Telefono konpainiek ahotsen bankua egin beharko lukete. Hildakoen ahotsak entzun ahal izateko, euren telefono zenbakietara deitzen dugunean. Silviaren ahotsa entzuteko. Silviari beste aukera bat emateko. Pospolo amatatua berriro isiotzeko. Baina ez. Ezin da. Nire bizitza pospolo alferrik galduz beteta dago. Hatz mamietan iraungitako pospoloak. Eta Silviarena beste bat izan zen. Beste bat besterik ez.
Unibertsitatean ezagutu nuen. Ni Kazetaritzako azken urtea egiten ari nintzen, bera Biologia ikasten hasi berria. Automobilean joaten ginen, Alex, Benito, bera eta laurok. Zenbat historia txiki eta handi idatzi diren automobiletan! Genero bat sor liteke: automobileko maitasunak. Atzeko jarlekuan joaten ginen Silvia eta biok. Bere belaunak nirea ukitzen zuenean, mundua geratu egiten zen. Han, iluntasunean, bere begiak artizarrak ziren: begirada bat nahikoa izan zen ni gatibatzeko.
Astegunekoa asteburura luzatu genuen. Automobileko laurok lagun taldea egin genuen. Silviak Rosa eta Ane ekarri zituen taldera. Hiru mutil eta hiru neska. Zapatu gauetan ogitartekoa jatera irteten ginen, eta gero berandura arte ibiltzen ginen, tabernarik taberna, poltsikoak txanpon txikiz betetzen. Dolarrak eginez bueltatzen nintzen beti etxera: mozkorrari ez eskatu marra zuzenik. Eta gau batean, nirekin etorri zen.
Inurrien zazpi begiak izan banitu! Agian, orduan konturatuko nintzen Silviak sexua besterik ez zuela nahi izan gau hartan. Itsututa nengoen, eta begi bistakoa ere ezin ikusi: ez ninduen maite. Garai hartan Silvia lore jaio berria zen, lorerik ederrena, usaintsuena. Ez, ez zitzaion inguruan erlerik faltako! Eta ni, gau hartatik gehiago, erle barik zizare sentitu nintzen. Etsipenaren zizarea, astiro-astiro bihotza jaten joan zitzaidana. Baina Silviak erleak ez, inurriak maite zituen. Biologia ikasketak zirela-eta, han ibiltzen zitzaigun hau esan eta hori kontatu. Eta ororen gainetik inurriak miresten zituen. Horrelaxe jakin nuen ikusmen ona dutela, euren zazpi begiei esker. Nik behar nituen horiek!
Inurriak ikusten ditudanean Silviaz gogoratzen naiz. Bera zen gure inurritegiko erregina. Eta inurri erreginak ez du erregerik behar. Akorduan dut janaria topatzeko zer egiten duten azaldu zigunean: inurri taldea sakabanatu egiten da, eta janaria dakarren lehenengoari jarraitzen diote besteek, berea baita inurritegi eta janaria dagoen tokiaren arteko biderik laburrena. Inurriak feromonak jariatzen ditu egindako bidea markatzeko, eta feromona haiei jarraituz dakite janarira ailegatzen. Tamalez, ni ez nintzen izan Silviaren bihotzera heltzen lehena. Ez, ez nuen feromona nahikorik jariatu Silvia erakartzeko. Ezta gau hartan ere. Ezta gau hartan ere.
Bitxia da bideak zein erraz banantzen diren. Gure bizitzak arrotz bilakatu diren lagun min ohiez gainezka daude. Agenda errepasatu dut: hor daude noizbait hain hurreko sentitu izan ditudan lagunen telefono zenbakiak. Denborak dena konpontzen du, dena izorratzen du. Telefono zenbaki iraungiak dira gaur. Adiskidetasun fosilak. Halaxe gertatu zitzaigun: konturatu ere egin gabe, gure bideak banantzen hasi ziren, elkarrengandik urrunduz joan ginen. Elkarrentzako arrotz bihurtu ginen arte. Konturatu ere egin gabe.
Orain urte eta erdi jakin nuen Silviak minbizia zuela. Hiruzpalau urtez kanpoan bizi ondoren, berriro etorria zen herrira. Hiriburuan omen zebilen lanean, laborategiren batean. Biok herrian bizi izanda ere, ez nuen behin ere kalean ikusi. Egia esateko, oso gutxitan irteten naiz. Herria bera arrotz bilakatu zait. Handitu egin da, itxuraldatu. Orain beste etxe batean bizi naiz. Eta nola aldatu den inguru hau ere, urte gutxitan! Lehen landa ederrak nituen etxe aurrean, eta pare bat baserri. Gaur ez da ezer gelditzen. Etxe blokeak bata bestearen gainean, paisaia anonimoak eraikiz.
Ez nion behin ere bisitarik egin, ezta deitu ere. Dei ziztrin bakar bat ere ez! Baina orain damu guztiak alferrik dira. Silvia hilda dago. Koldarra izan naiz beti, naiz, eta izango naiz. Horrexegatik nago bakarrik. Horrexegatik amatatu zaizkit pospolo guztiak hatz mamietan. Nire ingurukoekin lotzen ninduten hari mehe bakanak etenda daude. Baita etxetik desorduetan ateratzen ninduen azken hari hura ere, zabalik geratzen den azken pubera eramaten ninduena. Han batzen ginen gauaren satorrak. Barran. Ilaran. Izotzez betetako edari bana eskuan, nork bere penak marmar eginez. Hura ere hutsala zela deliberatu nuen arte, gizarte-erritual antzua. Antzezpen tragikomikoa.
Orain etxean mozkortzen naiz. Egongelako mahai azpira joango da whisky botila hau ere, ondo ikasia du aurreko guztien bidea, feromonarik gabe ere. Hautsontzia ere zigarrokinez beteta dago. Horixe da nire bizitzaren sintesia. Zergatik hil behar zen Martin, hain gazte? Zergatik Silvia, bizitzaren onenean zegoenean? Zergatik ez ninduten ni aukeratu, euren lekuan joateko? Zer egiten dut hemen? Nire bizitzaren eguzkia aspaldi amatatu zen. Eta, hala ere, oraindik dut negar egiteko indarra. Negarra da nire kontsolamendu bakarra. Eta musika. Orain bezala. Gogoan dut film hunkigarri hura: Ulusses’s Gaze. Bere musika ari naiz entzuten orain, malkoak masailetan.
Ez, ez naiz Silviaren hiletara joango. Zertarako? Ez dut merezi. Ez naute behar. Horixe erabaki dut, azkenaurreko zurruta eginda. Nirea beti da azkenaurrekoa. Etxean geratuko naiz, nire iraganaren armairu bihurtu dudan bunker honetan. Oraina iraganaren zaharkitektura baino ez baita. Iraganaren hondakindegia.
Bernardo Kapanaga
2009/10/14 00:54:30.031 GMT+2
Silvia Vallejo
Nork: txistuy.2009/10/14 00:54:30.031 GMT+2
Etiketak:
ipuina
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat