Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2010/11/18 00:40:22.703 GMT+1

HERRIEN ASTEA 2010.

 Herrien Astea ekimenari hasiera eman genionetik, bestea ezagutzea, harremanak estutzea, elkar laguntzea, injustiziak salatzea izan dira egin diren ekintza anitzen haria. Bide honetan aurkitu dugu “besteak” ez daudela urrun, geure artean baizik, eta ohartu gara guk ere badugula geure beldurrak, geure erosotasun faltsuak, geure inkoherentziak. Ohartu gara bizi garen “munduak” geure begirada definitu nahi duela. Eta gauden egoeran, Santiago Alba Ricok esaten digun bezala, “pertzepzioaren nihilismoa” pozoin larri eta arriskutsuenetako bat da. Boteretsuen exijentzietatik askatuz begiratzen ikastea da gure nahia. Aurten “ELKARREKIN.....DUINTASUNA” eraikitzeko gogoa izango da Herrien Astearen lema.

Krisiak 2007-2008an eztanda egin zuenetik (elikaduraren eta gosearen krisia; krisi finantziario-produktiboa eta langabeziaren hazkunde azkarra; krisi ekologiko-klimatikoak --shunami, katrina, BP, Hungaria--, bi erantzun mota joan dira garatzen Europako lurraldeetan: elkartasunaren erantzuna eta erreakzioa insolidario eta xenofoboa.

Alde batetik, Europako “Lotsaren direktibak” xenofobiaren ildoaren oinarria ezarri zuen, Europa gotorlekua bihurtuz, itxasotan kontrol-patruilak ugarituz, mugetan Melillako burni-hesi modukoak jarriz, eta barruan kontrol poliziala areagotuz eta etorkinentzako kontzentrazio-eremuak eraikiz. “Estranjeria” legeak onartzen dira paperik gabekoen aldeko solidaritatea gogor zigortuz; ezagutu ditugu Berlusconiren eta Sarkozyren gobernuek agindutako ijitoen eta rumanoen espultsioak. Gobernuek arroturiko giroaren babesean antolatu dira eraso arrazista latzak ( Italiako hegoaldean, Iruinan, Austrian, Holandan...) eta elektoralki ere hazi egin dira talde arrazista agerikoak.

Bainan aldi berean gorputz hartzen hasiak dira elkartasunaren, duintasunaren, zapalduen borroka-batasunaren indarrak. Estatu espainolean eginiko azken Greba Orokorrean etorkinen elkartek agiri bat sinatu zuten grebaren alde eta krisiaren aurka, Nafarroan lau senegaldarren aurkako erasoaren ostean etorkinak buruan zirelarik manifestazio bat burutu zen Iruinan, Sarkozyren legeen aurkako mobilizazio erraldoiak izan dira Frantzian, Italiako hegoaldean mafia-arrazistaren eraso bortitzen aurkako etorkinen matxinada izan da....

Eduardo Galeanok “Patas arriba: la escuela del mundo al revés” liburuan esaten zigun “miseriazko itxasoan altxatzen dira pribilegiozko uharteak”. Bi helburu kontrajarriak dira, bi pentsamendu elkarren aurka: edo pribilejiatuen artean egokitzen saiatzen gara, edo baztertu guztien artean duintasuna eraikitzen dugu.

Eta hiru auzi nagusi ditugu geure pentsamendu propio eta kritikoa eskatzen digutenak: lanarena, segurtasunarena, nortasun pertsonal eta kolektiboaren garapenarena. Eta galdetzen dugu: Nork eta zergatik sorrarazten ditu langabezi tasa larri hauek? Nork eta zergatik erabakitzen du austeritate planak herri xumearentzat, edota ezerezten ditu langilek lorturiko eskubideak? Nork eta nola sorrarazten ditu lan eta bizitza-prekarietatea eta zihurgabetasuna? Nork eta zergatik erabakitzen du kontrol poliziala areagotzea? Nola ematen da eta nork du milaka hizkuntzen desagerpenaren ardura? Nork sustatzen du uniformismo kulturala, nork indartzen du norbanako kontsumista, insolidario, angustiaz jana eta etsitua? Nork erabakitzen du kultura merkatuaren esanetara jartzea?

Gure herria kontestu honen erdian aurkitzen da eta erantzun mota desberdin horien eragina eta oihartzuna jasotzen du. Ez al dago geure eskutan elkarrekin geure duintasun pertsonal eta kolektiboa eraikitzea?

Gure herriak esperientzia luze bat egina du. 1850 ingurutik hasita, kapital industriala hedatzen eta zabaltzen joan den heinean etorkinak hurbiltzen joan dira Errenteria-Oreretara. 1890.etan eta XX. mende hasieran izan zen bigarren etorkinen aldia. Frankismoaren garaian, 1950-1965 urteetan bereziki, berriro ezagutu zen hazkunde izugarria. Mende honen lehen hamarkadan ezagutzen ari gara neoliberalismoaren garaiko emigrazioa.

Baditugu ere ELKARREKIN....DUINTASUNA eraikitzearen esperientzia seinalatuak. II. Errepublikaren garaian elkarrekin egin zitzaion aurre Francoren kolpe militar-faszistari. Diktaduraren garain elkarrekin defendatu zen askatasuna eta duintasuna, hainbat greba orokor eta mobilizazioak eginez, euskalduntze ahaleginak sustatuz (ikastoletan, eskola publikoetan, euskaltegietan...). Esperientzia hauen haritik, elkarrekin berriro geure egunotan geure duintasuna berreraiki ahal dugu, denontzat etorkizun asmo duinak zihurtatuz.

Mikelazulok azken hamabost urte hauetan antolatu dituen Herrien Aste guztietan norabide berean aritu gara: elkartasunezko erantzuna lantzen saiatu gara. Bide beretik goaz, eta azaldu ditugun auziei buruzko gogoeta sakonaren premia ikusten dugu. Aipatu ditugun muturreko erreakzio xenofobo eta arrazistak, beldurraren manipulazioaren eta pentsamendu-ukazioaren azpizolan elikatzen dira. Horri aurre egitea beharrezkotzat jotzen dugu. Gure herrian, eskoletan, auzoetan, osasun zentrotan, mota guztitako elkarteetan elkarrekin duintasuna praktikatzera eta horixe bera udalari eskatzera gonbidatzen zaituztegu.  ELKARREKIN....DUINTASUNA eraikitzea Orereta-Errenteriaren historia beste esperientzia aberasgarri batez aberastea litzateke. Benetan egin ahal eta egin behar daitekeenaren erreferentzia bihur gaitezke.

Nork: txokolo.2010/11/18 00:40:22.703 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/03/17 11:44:36.576 GMT+1

Mundua eskenatoki bat da

“Palestinako bezalako adibideek, orobateko genozidioa jasaten ari den herria (…),bultzatzen naute nire Numancia-ren eszenaratzearen proposamen honen eskaintzera, nik aldarrikatzen dudan “bizkarrezurreko antzerkia” deitzen dudanaren bidetik; kasu honetan, Inperioaren kontrako antzerki bat”. Hau idazten zuen Alfonso Sastrek 2002an, Hiru argitaletxeak kaleratu zuen bere “El nuevo cerco de Numancia” antzezlanerako sarrera oharrean. Cervantesen antzezlana gogoan idatzi zuen idazle madrildar-hondarribitarrak, baina Vietnameko gerra salatu eta herri vietnamdarraren erresistentzia borroka goraipatzeko. Sastrek antzerki honen antzezteari erresistentzia eta salaketa zentzua eman nahi izan dio, Cervantesen lan hura faxistek Madril erasotzen ari zirenean antzezten zenean bezala. Izan ere antzerkia gogoak pizteko tresnatzat ikusten baitu antzerkigileak. Eta hasierako hitz horiek 2002 urteko ediziorako idatzi bazituen ere, tinta berriarekin idatzita baleude bezala irakurriko ditugu orain, sionismoaren bonbek ehunka palestinar, berriro, erail ondoren. Gazako azken sarraskia irudiak ikusita beste Numancia baten aurrean gaudela argi dugu berriro ere. Herri palestinarrak jasaten ari den genozidioa amaigabea dirudi. 2004tik 2007ra, hau da hiru urtetan, armada israeldarrak 5000 milatik gora palestinar hil ditu, horietatik 900 haurrak. Israelek elikagairik gabe zigortzen ditu, argindarrik gabe, ospitaletarako lehen gaiak ere eskura ezin dabiltza, blokeo latza ezarriz. Hala ere, Gazak irauten du, Erromatarren erasoei Numancia zaharrak eusten zien bezala. Eta antzezlan hau ekartzen dugu gogora halako egoeren aurrean inpotentzia sentsazioa baztertu nahian. Izan ere, zer egin dezakegu gure Europa “handi” honetatik herri sarraskitu horri egiten ari zaizkienak geldiarazteko? Nola agertu gure amorrua eta ezinegona? Nola gure elkartasuna eta berotasuna? Manifestuak, elkarretaratzeak, mobilizazioak ezinbestekoak dira, tamalez hedabideetan ia-ia anekdota hutsen moduan agertu ohi dira, izan ere eta dakigun moduan, informazioaren zatirik handiena sarraski horien justifikatzaileen eskutan baitaude. Nola irten, nola saihestu hatzapar hori beraz? Jakin, badakigu irtenbide magikorik ez dagoela, erabateko soluziorik ez dela existitzen, hala ere, hamaika bide izango dira jorratu beharrekoak elkartasuna eta salaketa ahalik eta hedatze handiena eta eraginkorrena izan dezaten. Alfonso Sastrek, izan diren, dauden eta izango diren beste askoren antzera; antzerkiaren bidea eskaintzen digu, ez arazoaren soluzio bide bezala, jakina, baina bai salaketa eta elkartasuna moduan. Eta hemen etor daiteke gogoeta, alegia, zer egiten dugu hainbat jende aurrean eskenatokira igotzen garenok geure aldarrikapen grina entzun dadin? Aspaldiko eztabaida da artista eta intelektualen konpromisoa nolako den edo izan beharko lukeen. Garai ezberdinetan indar eta eragin ezberdinak azaldu izan dute eta maiatzaren 68a gogoan asebeteko dira asko (edo trantsizioaren egun “gogoangarriekin” afalosteetan hitzontziak bete). Gaur egun ordea, non daude geure ahotsak? Nahikoa ote da komunikatu bat sinatzea, edo bilkura batean ahotsa jarri beste norbaitek egindako idatziari? Nahikoa ote da, nolabaiteko “ospea” baliatuz, publikoki geure ahotsa entzunarazi mezua oihartzun gehiago izan dezan? Inork ez du esango hori soberan dagoenik, oihartzun gehiago edukitzeko besterik ez bada, egin, egin beharko da. Baina zenbaitetan ez ote ditugun ikusten artista ospetsuak bilkura erraldoietan euren salaketa ahotsa altxatu eta gero, bazkaltzera joan halako sarraskien aurrean epeltasunez edo konplizitatez jokatzen duten gobernu arduradunekin. Jakina, hemen aipatu eztabaidara gatoz, izan ere nor da nork esateko honi edo hari zer egin behar duen, eta egia da hori ere; baina urrats bat hareago jo beharko dugu. Eskenatoki batera igotzen garenok, badugu tresna gozagarria jendearengana heltzeko. Sormenaren bitartez jendearen gogoetara heltzeko tresna da gurea, hausnarketarako tresna da ere antzezlan baten edo ipuin kontaketa baten eskaintza. Eta zer egiten dugu orduan?Zer kontatzen dugu? Zer garrantzia ematen diogu ekintza horri? Zertarako baliatzen dugu? Jakina, badator hemen ere aspaldiko eztabaida, alegia, panfletoen arriskua. Eta asko dira horretan erortzen direnak; baina panfletoak eskenatokian (eta agian bizitzan) imajinazioaren kontrako tresnak dira, sormenaren aingurak. Panfletoek zer egin behar den edo ez azaltzen dute, heziketa bide bakarrekoa erakusten dute, gogoeta baztertzen dute. Sortzaileak aldiz, bide guztiak zabalduko ditu eta gogoeta zabala eskaini beharko du. Eta agian horixe izan beharko luke gure lana gertatzen ari diren egoera latzen aurrean, injustizien aurrean, pertsonen eskubideen urraketen aurrean. Sortzailea ez luke izan behar jendartetik aparte bizi den rara avis bat. Eskenatokietan gogoetarako bideak eskaini behar dira, munduaren egoeraz kezka agertu eta beste mundu justuagorako borrokan proposamenak erakutsi, berdintasunean oinarritutako harremanetan eraikitzen den jendarte baten aldarrikapena hitz eta irudi gogoangarriez bete. Norberak jakingo du zein sorbidea hartuko duen, ez baitago sormenari atakarik jartzerik. Ez dago bide bakarra, estetika bakarra, ikuspegi bakarra. Hala ere ezinbestekoa dugu, lehen lehenik, geure buruari galdetu: nola uztar dezaket nik nire munduaren ikuskera nire lanarekin? Palestinan bezala munduko hainbat lekuetan gertatzen ari direnak (geurean barne), mundu ustel baten aurpegia erakusten digute. Eta hasi bezala Sastrerekin amaituko dugu, bere “Dialogo para un teatro vertebral” (Hiru argitaletxea. Hondarribia 2002) idazkitik lapurtua: “Egin dezagun, bada, antzerki ezinezko bat”.

Nork: Joxemari Carrere Zabala. Ipuin Kontalaria eta aktorea.2009/03/17 11:44:36.576 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/11/01 15:58:36.151 GMT+1

XII.Herrien Astea

XII. HERRIEN ASTEA.

                 2007ko azaroaren 12tik 18ra egingo da Mikelazulok antolatzen duen XII. Herrien Astea.

 

Milioika pertsona munduan zehar egoera guztiz zailetan, beraiek sortu ez duten gosearen, gerraren, bortxakeriaren, humiliazioaren menpe egotea oihu bat da gure barnean. SOS salatzeko.

 

Milioika pertsonek munduan urtero erabaki zaila hartu eta bizitza molde hobeago baten bila abian jartzen dira, hesiak eta legeak, mesprezuak eta ustiaketak gaindituz. Laguntza-dei handi bat osatzen dute. SOS begirunez

 

Milioika zubi, elkartasun zubi eraikitzen dira, urtean zehar komunikazioa, lagunkidetasuna,  zerbitzuak, bizitzeko duintasuna landuz. SOS laguntza sareak.

 

Azaroaren 12an: “Omar ur-saltzailea ipuin arabiarra Oreretako ikastolan. Munduko herrien aberastasun fantastiko liluragarriaren harri-bitxi bat gozatzeko.

 

Azaroaren 13an: Hegoamerikako nazio indioen iratzarpen garai hauetan gertakizun berriei buruzko hitzaldia. Ekuadorreko Fundación Pueblo Indio del Ekuadorreko Nelly Arroboren hitzaldia. Mikelazulon. Arratsaldeko 19,30tan.

 

Azaroaren 14ean: Emigrazioari buruzko korto berrien emanaldia eta etorkin lagun batzuekin egindako korto-ikastaroaren aurkezpena. Mikelazulon. Arratsaldeko 20,00tan.

 

Azaroaren 15ean: 19,00etan"Emakumea eta etorkina Errenterian" topaketa (irekia). Elkarrizketak Sos Arrazakeriak egindako azterlanaren inguruan.
Mamadú Cissoko, Ginea Bissauko musikari eta abeslariaren emanaldia. Cine Reyna tabernan. Gaueko 11,00etan.

 

Azaroaren 16ean: Kaixo, Casamance. Mikelazuloko 14 lagunek Afrikako lurralde horretara egingo duten bidaiaren aurkezpena. Mikelazulon 20,00tan.

 

Azaroaren 17an: SOS arrazakeria omenduz: 13,00:. Kassamanzeko M’LOMP elkartearen eskutik KALEJIRA.

 

20,30tan jaialdia. Zumardian.Herri ezberdinetako ordezkariak omenduko dute SOS arrazakeria. (Rumania, Uruguai, Ginea, Senegal,Salvador, Euskal Herria, Argentina,Bolivia…) 

21,00tan  Herrien Afaria. Txintxarri Elkartean.

BOLIVIAko herritarrek prestatua.

 

Jose Angel Aretaren argazki erakusketa:“Amazoniako Oihanetik Pazifikora”. Xenpelar Aretoan (azaroak 6tik-17ra), Mikelazulon (azaroak 6tik-30era)

 

mikelazulo kultur elkartea

 

 

 

Nork: txokolo.2007/11/01 15:58:36.151 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/11/01 15:47:40.464 GMT+1

12..herrien astea

 

“BIDE IKUSEZINAK MARRAZKI”

SORMENA ETA ELKARTASUNA

 2007ko abenduaren 29an abiatuko gara Mikelazulo kultur elkarteko hamalau kide Cassamancera, Diola herria bizi den Afrikako lurraldera (Senegal).

Gure asmoa Diola kulturaren berri jasotzea da, ostera Euskal Herrian zabaltzeko, eta gure kulturaren berri eman halaber Cassamancean.

 Horretarako bi izango ditugu tresna nagusiak: batetik sormen lantegiak (musika, arte plastikoak, argazkigintza, antzerkia... adin guztietarako), eta bestetik ikuskizun bat (antzerkia, musika, txotxongiloak, pintura...).

 Gainera, Cassamancen izan ditzaketen beharrak laguntzen saiatuko gara, neurri apalean bada ere.

 Proiektu hau gauzatu ahal izateko abendura bitarte zenbait sormen jai burutu nahi ditugu. Horretarako zenbait ikuskizun eskaintzen gabiltza, leku bakoitzean haietako birekin egitaraurik ahalik eta erakargarrienak osatzeko. Bi helburu beteko dituzte jaialdi hauek: batetik proiektua laguntzeko diru sarrerak lortu, bestetik Cassamanceren errealitatea eta gure asmoa gizarteratu.

 Sormen jaialdi horien edukiak honakoak izan daitezke:

 -         “Gizona ez da txoria” antzezlana: helduentzako ikuskizuna, txotxongiloak, musika eta antzerkia (ACT jaialdian lehen saria jaso zuen iaz).

-         “Ezeraiketak”: poesia, irudia eta musika esperimentala.

-         “Omar”: haurrentzako ipuin kontaketa zuzeneko pinturarekin.

 PIEZA laburrak:

 

-         Maider Oiartzabalen dantza garaikide pieza.

-         “Bi ahots” antzezlanaren irakurketa dramatizatua.

-         Mikelazuloko kideen poesia emanaldiak.

-         “Trazos. Respuestas en el paisaje” ikusentzunezko artistikoaren emanaldia.

 Zenbait pieza laburrekin osatu daiteke sormen jaialdia, edo ikuskizun luze bat eta pieza labur bat...

 Gainera KONTZERTUAK eta hainbat artistek emandako piezen ELKARTASUN SUBASTA antolatzea pentsatzen ari gara.

 

 

 12. HERRIEN ASTEA

Mikelazulo kultur elkartea

Euskal Herria/Cassamance

Orereta/Oussouye

2007. urteko azaroan eta abenduan

 

 


 

 

 “Herrien Astea” Mikelazulo kultur elkarteak 1996tik Errenterian antolatzen duen ekimena da. Bertan alderdi soziala eta kulturala uztartzen dira, xede bakar batez: munduko herri ezberdinen arteko elkar ezagutza bultzatu eta berauetako kideekin komunikazio zuzenerako espazioak sortu ekimen ezberdinen bidez.

 Aurtengoan norabide bikotzeko proiektua aurkeztuko dugu, izan ere Errenterian hasi eta Senegalgo La Cassamancen amaituko baita Herrien Astea. Ahalegin berezi horretan Errenterian kanpaina berezi bat egingo da Afrikar jatorriko etorkinen egoera eta jatorrian duten arazoa aztertzeko eta ezagutzera emateko ekintza informatibo eta artistikoen bidez.

 Gerora gazte talde batek hainbat proiektu gauzatuko ditu La Cassamancen Diola kulturako eragileekin elkarlanean, Herrien Astean hasitako ekimenei jarraipena emanez eta komunikazo prozesu ahalik eta zuzenena eta osoena gauzatuz.


 

 

 

 

 “Herrien Astea”ren historia

               “Herrien Astea” 1996. urtean antolatu zen lehendabiziko aldiz. Tankera honetako proiektuen hasieran ohikoa denez, lehen bi urteak oinarriak jarri, sendotu eta Astearen formatuaren harian esperimentatzeko garaia izan ziren. Denbora gutxian publikoaren erantzun zabal eta positiboak zein bertan parte hartzen duten etorkin, elkarte, GKE eta bestelako kolaboratzaileen aldetik jasotako ilusioak Astearen zabaltzea eta garapena ekarri zuen. Urtez urte Herrien Asteak bere muga propioak gaindituz joan da, bide batez ekitaldien zerrenda handituz eta edukietan nabarmen sakonduz. Luzea da oso lehen hamar urteren bueltan Herrien Astean parte hartu duten pertsona nahiz kolektiboen zerrenda.

 

            Hasieratik hitzaldiak, informazioak, erakusketak, lantegiak, eta herrialde ezberdinetako afari herrikoiak bezalako ekintzak Herrien Astearen hezurdura izan badira ere, denborarekin gauza berriak gehitu zaizkio jada sendoa zen oinarriari: herrien azoka zumardian (jatorri kultural ezberdineko 22 karpa inguru egon ohi dira), musika eta disziplina artistiko ezberdineko jaialdi handiak (jatorri ezberdineko dantza, antzerki eta olerkariak kasu), herriko auzo elkarteetara zabaltzea (Agustinetakoa adibidez), herrien asanblada sinboliko baten ospatzea udal pleno aretoan, sentsibilizazio kanpainak, “Bizitzaren pintzelkadak” liburuaren argitalpena... Errenterian gauzatuta ere, hedapen horrek herriko mugak gainditzea ekarri du, prentsa eta kanpoko oihartzunari dagokionez bederen.

 

            Herrien Astea esperientziaren bidez heldutasunerako bidean den proiektua da. Hala ere oraindik orain elkar ezagutzaren bidea luzea da, etorkinen arazoak denborarekin konponbidera  gerturatu beharrean urruntzen ari direla dirudi... lan ugari dago egiteko, bide ugari jorratzeko elkar bizitza eta elkar ezagutzaren norabidean.


 

 

 

 

 Hamaika urteren balantzea

 

            Hamaika urtez ospatu da jada Herrien Astea. 2005. urtean ospatutako 10. edizioa hain zuzen ere inoiz baino gehiago bilakatu zen aldarrikapenerako bidea eta elkargunea, tankera guztietako harresiak erauzteko oihua bilakatu baitzen parte hartu zuen jende ugariaren ahotan. Ceuta eta Melillako kasuek, Palestinan, Mexikon, Bosnian eta munduko beste hainbat lekutan bizi diren egoerek, benetako elkarbizitzaren hezkuntzaren bidean babestu eta urratsak ematea inoiz baino urjenteagoa irudikatzen dute. Tankera askotako harresiak daude, tamalez, gure inguruan. Kanpoan fisikoki, eta baita barruan sikologikoki ere.

 

            2006. urtean urrats bat gehiago eman genuen mezu horren zabalkundean eta ohiko moduan hitzaldi eta erakusketekin informazioa zabaltzeaz gain, ekintza artistiko-sinbolikoek hartu zuten Herrien Astean protagonismoa: herri osoa bertan bizi diren etorkinek idatzitako gutunekin buzoneatu zen, etorkinen audio-aitorpenetan oinarritutako instalazio-antzerkia egin zen Xenpelar Etxean, publikoa autobus batean sartu eta errefuxiatuek bizi ohi duten egoera bizi arazi zitzaion jendeari...

 

            2007ko 12. Herrien Astearen bidez urrats txiki-handi berri bat ematen saiatuko gara tankera guztietako harresiak gainditzen.


 

 

 

 

Elkar ezagutza gauzatu

 

            Elkar ezagutza mundu hobeago bat lortzeko bidean funtsezko urratsa delakoan gaude. Planetaren hegoaldean kokatutako gabeziak, Iparraldean etorkinen gatazka bizia, egoera horien eraginez leku orotan sortutako kontraesanak eta oinarrizko baloreen galera ulertzeko, komunikazio zuzena funtsezkoa iruditzen zaigu, eta neurri berean, gatazka horiek konpontzeko elkar ezagutza eta dinamika amankomunak ezinbestekoak. Informazioaren bidez pixkanaka gure gizartea hezi eta iritzi kritikoa sortu daiteke arazo horiekiko.

 

            “Herrien Asteak” elkar ezagutzan sakontzeko gizarte eta kultur gaiak uztartzen ditu. Posible den neurrian bitartekorik gabe eskaintzen da informazio oro, herri eta kultura ezberdinetako ordezkariei hitza zuzenean emanez. Herrien Asteko funtsezko hezurdura hitzaldiek eta erakusketek osatzen dute, hau da, heziketari begira informazio zuzena eta eztabaida eskaintzen dutenak. Kultur ekintzen bidez hezurdura hori osatzen da, funtsean, kolektibo ezberdinetako pertsonen arteko harremanak errazteko espazioak sortuz (jaialdi parte hartzaileak, afariak...) eta norbere herriko kulturaren testigantza ikusgarriak eskainiz (dantza erakustaldiak, lantegiak, azoka...).


 

 

 Parte Hartzaileak

 

            Antolaketa lan bera elkar ezagutzarako topagunea izan daitekeela ikusi dugu urtez urte. Ohiko moduan, hauek izanen dira funtsean parte hartzaileak:

 

- Herrien Asteko lan taldea: irekia parte hartu nahi duen ororentzat, gai hauekiko interes berezia duten ikasleek, gazteek, elkarteetako ordezkariek eta herriko etorkinek orobat osatzen dute, Mikelazuloko kideez gain.

 

- Kolaboratzaileen sarea: elkarte, kolektibo, GKE, instituzioak... urtez urte osatzen den egitarauaren beharren arabera parte hartzen dute, ekitaldien subjektu nahiz ikusle gisa. Gurekin kolaboratu dute aurreko edizioetan:

           

            Mugarik gabe, Adiskidetuak, Kamelamos Adiquerar, SOS Arrazakeria, Saharako Elkartea (Gasteiz, Donostia eta Oiartzun), Komite Internazionalistak, Fundacion Pueblo Indio del Ecuador, Acnur, Palestinaren Lagunak, Euskadiko Txinatar elkartea, Ganbia, Maroko, Aljeria, Kolonbia, Senegal, Butan, Ekuador eta Sierra Leonako kolektiboak...

 

- Herri mailako elkarteak: Herrien Asteak publiko aldetik bere lekua gorde du Errenterian; urteetan gero eta gehiago hedatu da herriko beste agenteetara. Gurekin kolaboratu dute:

 

            Errenteriako Udala, Errenteriako elkarte gastronomikoen koordinakundea, Txintxarri elkartea, De Cyne Reyna, Laket taberna, Agustinetako auzo elkartea, Kaligari zinema taldea, Errenteria Hiria kulturunea, Frutas Rosarito (azoka), arlo artistiko ezberdinetan lanean diharduen jendea (antzerkia, pintura, literatura...) eta herriko norbanako anitz.


 

 

 

 Nori zuzentzen zaio

 

            - Errenteriako herriari: Mikelazulok egoitza bertan dauka eta hortaz herria bera da lehentasunezko eragin esparrua. Horren lekuko litzateke esaterako 2002ko Herrien 7. Astean argitaratutako liburua: Bizitzaren pintzelkadak: zu, bestea eta ni titulopean herrian elkar bizitzen duten jatorri ezberdineko pertsonen berri ematen da, beraien bizi esperientzia elkarrizketa eta sormenaren bidez ezagutzera emanez.

 

            - Iritzi publikoari: orohar Herrien Asteak duen oihartzuna dela eta posible den neurrian iritzi publikoarengan eragin nahi da komunikazioa, informazioa eta iritzi kritikoa lantzeko xedez.

 

            - Etorkinei: helburua ez da bakarrik beste kulturak gerturatzea hemengo herritarrei; baita ere gure kultura etorkinei gerturatzea, bai elkarte nahiz norbanakoei. Funtsean elkar ezagutza gauzatzeko, informazioaz gain harreman zuzena ere funtsezkoa dela sinetsita gaude.

 

            - Gazteei: antolaketa lanetan nahiz egitarauan barruko zenbait ekintzatan arreta berezia ematen zaio gazteen parte hartzeari, etorkizunaren hezkuntzan ere eragin nahiean (EKIN ludotekaren kolaborazioa, haur txikiekin etorkinen inguruan egindako marrazkiak, Senegaleko esperimentua hango eta hemengo haurrekin...).


 

 Mikelazulo kultur elkartea

 

            Mikelazulo kultur elkartea artea eta gizarte gaiei loturiko proiektu ugari sortu eta babestu ditu azken hamar urteetan zehar; tartean aipa genitzake Hiesaren kontrako ihardunaldiak, olerkiaren astea, kalea artearentzat berreskuratzen duen Espaloietan Oinutsik jaialdia, liburu argitalpenak (Beste bat apalerako, Bixotz Tam!padak, kilimAmuak), antzerkia, musika eta literaturari loturiko esperimentuak... funtsean beren kezkak nahiz sormena kaleratzeko biderik ez duenari espazio bat eskaini nahi zaio. Xede horretan kokatzen da hain zuzen ere,  Herrien Astea.

 

            Bestetik, elkar ezagutza eta komunikaziorako espazioen sorrera horretan sakontzeko xedez sortu zen 2001. urtean Herrien Astearen dinamikatik eratorri den beste proiektu bat: Bixotz Tam!padak: Euskal Herria-Senegal kultur espedizioa, harremana eta komunikazio ahalik eta zuzenena izateko xedez. 2001eko ekainean arteari loturiko hamabost pertsonek Senegalen izan ziren hango kultur errealitatea ezagutu eta lantegiak nahiz emanaldiak gauzatzen. Jende eta instituzio ugarik lagundu zuten proiektu hura gauzatzen, tartean, Errenteria, Oiartzun eta Pasaiako udalak.

 

            Proiektu horren ildotik gauzatu zen 2003. urteko urrian Zubibegibidezu: Euskal Herria-Ekuador kultur proiektua ere, Senegaleko proiektuaren ezaugarri bertsuak sakonago garatuz. Proiektu honen laguntzaile nagusiak izan ziren “Bizi+Hitza fundazioa”, “Fundación Pueblo Indio del Ecuador” eta Ekuadorreko norbanako nahiz artista kolektibo anitz.

           

            Azken proiektu honek bideak ireki ditu, adibidez 2005. urteko Herrien Asterako argitaratutako “Ñami mishakunchik: Ekuadorrera kultur bidaia” liburuaren argitalpena, edo Bizi + Hitza fundazioarekin elkarlanean Fundacion Pueblo Indio del Ecuadorreko kide den Nidia Arrobo Rodasen bisita Euskal Herirra, 2006. urteko udaberrian.

 

 

 

            Informazio gehiagorako edo harremanetarako:

 

            Mikelazulo kultur elkartea

            beheko kalea 4 behea

            20100 Orereta/Errenteria

            943 517002/mikelazulo

            mikelazulo@hotmail.com


 

 

 

 

SENEGALEKO PROIEKTUA

 

 

Aurreko orrietan aurkeztutako azaroko egitarauarekin lotuta abenduko proposamena batez ere Senegalen burutuko da.

 

Non

 

Aurtengo Herrien Asteak Errenterian izango du hasiera, eta Senegalen jarraipena. Bueltakoan berriz ere proiektuaren emaitzak aurkeztuko zaizkio Euskal Herriko iritzi publikoari.

 

Senegalen La Cassamance herrialdean gauzatuko dira ikuskizunak eta lantegiak. Asmoa da hango eragileekin batera La Cassamancetik hegoalderago ere lan egitea.

 

 

 

Aurrekariak

 

Herrien Astea 11 urtez antolatzeaz gain, tankera honetako bi proiektu gauzatu ditu Mikelazulo kultur elkarteak:

 

-         2001. urtean “Bixotz tam!padak” izenburupean Senegaleko La Cassamance eta batez ere Dakar hiriburuan. Orduan lotu ziren aurtengoan erabiliko diren kontaktu gehienak.

-         2003. urtean “Zubibegibidezu” Ekuadorren, Quiton eta kitxua eta txatxi herriekin batez ere.

 

Mikelazuloren kolaborazioak bestelako bidaietan:

 

-         2005. urtean Bosnia i Herzegovinan SOS Balcanesekin elkarlanean kale ikuskizuna eta lantegiak.

-         2006. urtean Saharan ikuskizuna El Watan elkartearekin batera.

 

 

 

 


 

 

 

 

Zer

 

            Gure helburua honakoa da: etorkinen errelitatea gero eta nabarmenagoa den garaiotan, joan-etorria izango duen komunikazio prozesu bat osatu euskal gizartea eta senegaldarraren artean. Horretarako:

 

            Errenterian Senegaleko jatorria duten norbanako eta elkarteekin kanpaina berezi bat egingo da Herrien Astearen testuinguruan (laguntza bilketa, pertsonatik pertsonara joango diren ekintza sinbolikoak, ekintza artistikoak...).

            Lortutako laguntza Senegalera eramango da eta ekintza hauen bigarren partea burutuko da.

 

            Azken helburua bueltakoan egindako lanaren berri ematea izango da liburu, hitzaldi nahiz ikuskizun formatuetan.

            Bi herrien arteko loturak sendotzea eta etorkizunean hango norbait gonbidatu Errenteriara, ekintza ezberdinetan parte hartzera.

 

Norekin

 

            Afrikako beste hainbat estatutan gertatzen den bezala Senegalek ere etnia eta kulturei dagokionez oso anitza da. Dakar inguruan wolofa nagusitzen den bezala (kultura eta hizkuntza aldetik) hegoaldeko La Cassamance eskualdean Diola etnia nagusitzen da. Diola kulturan animistak dira, fetitxistak zehatzago, eta antolakuntza aldetik herri txikiak izan arren oso ondo antolatuta daude (emakume taldeak, antzerki taldea...).

 

            Gure asmoa da haiekin elkarlanean burutzea dena. Horretarako harreman estua landu dugu 2001. urtetik hango bizilagunekin. Pierre Diatta adibidez, 2002. urtean Errenteriako Udalean izan zen Herrien Astearen testuinguruan egindako pleno sinbolikoan parte hartzen. Bera fetitxearen nagusietako baten semea da. Berarekin batera lanean dabil han lanean Joan Sola katalana, GKE ezberdinen proiektuak bideratzen La Cassamancen.

 

            Pierre Diatta izango da, hain zuzen ere, Diola herriarekin gauzak lotzeko arduraduna, eta berarekin batera mugituko gara emanaldi ezberdinak gauzatzera.


 

 

 Proiektuaren ardatzak

Lantegiak

            Sormen arloko eta osasun arloko lantegiak burutuko dira La Cassamancen: emakume taldeekin, aurreskolekin, gazteen antzerki eta musika taldeekin. Plastika, pintura, txalaparta, antzerkia...

 Ikuskizuna

            Ikuskizuna herri ezberdinetan egingo da, gai zehatza zehazteke. Parte hartuko duten elementuak: zuzeneko pintura, antzerkia, txotxongiloak, musika (txalaparta), hitza hizkuntza ezberdinetan (euskara, diola, frantsesa...).

 

Laguntza

            Senegaleko elkarteekin elkarlanean han momentu honetan La Cassamancen dituzten behar zehatzak aztertuko ditugu eta Herrien Astearen testuinguruan kanpaina berezia abiatuko dugu haiek lortzeko.

 

Elkar trukea

            Bi kulturen arteko elkar truke kulturala eta elkartasunezkoa izango da helburua. Hango kideren bat Errenteriara ekartzeko aukera posible ikusten ditugu (egin da lehenago ere).

 

Ezagutzera ematea

            Bi herrien arteko harremana sendotzen jarraitu dadin egindako lana euskal iritzi publikoari helarazteko bideak aztertuko dira, hango kulturaren nortasunaren izaera, beharrak, arazoak eta aldarrikapenak ezagutzera emateko.

            Bide posibleak:

            Liburu bat argitaratzea (aurrekariak: 2002an argitaratutako “Riiru xol” eta 2005ean “Ñami mishakunchik” liburuak, eta Errenteriako etorkinen testigantzak jasotzen dituen “Bizitzen pintzelkadak” 2003an).

            Han egindako ikuskizuna taularatzea.

            Komunikabide ezberdinekin erreportaiak hitzartzea.

            Hango kideak Errenteriara gonbidatzea.

 

 

Nork: BIDE IKUSTEZINAK MARRAZKI”.2007/11/01 15:47:40.464 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/04/09 12:23:01.497 GMT+2

gure artean

  • Altxuren omenez, gure artean
  • Joseba Barriola eta Jose Ramon Gurrutxaga "Txokolo", Errenteria-Orereta
  • Gizona naiz. Arra. Nire bizitzan mundu posible batzuk ditut irekiak, baimenduak, onartuak eta beste mundu posible batzuk itxiak, debekatuak, ukatuak. Mundu posible ireki horietan sartzen naiz eta bestemundu posible itxietan ez naiz sartzen. Ez ditut mundu horiek nik sortu, emanak ditut eta hezkuntzaren bidez (jaio aurretik amaren sabelean ere) horietara moldatua nago. Nire desioak, sentimentuak, pentsatzeko erak, ekintzak, nortasuna, identitatea horiek markatuak daude. Eta bide egina horietatik ateratzen banaiz kolokan jartzen da nire izateko era. Hori ulertu zuen Altxuk eta ausardia izan zuen molde horiek pitzatzen hasteko. Ausardia mundu posible ukatuetan barna abiatzeko.

    Ezarrita dugun ibilbidea ikaragarria da (emakumeen posesioa eta jabeen arteko konpetentzia), penagarria da (ahuldadez eta beldurrez betea), tristea da (bakardadera kondenatua), murriztailea da (gure garuneko alde bat abandonatua, beldurrean oinarritzen den arrazoiaren nagusigoa eta emozioaren menpekotasuna; sentimenduen hautaketa forzatua eta alor zabal baten errepresioa; gorputzaren formazio gerraria).

    Emakumeei ezarritako bidea ez da hobea.

    Ezarritako bi bide horietatik kanpo bizi nahi duenak gorriak ikusi behar ditu. Altxu Madelonek ikusi zuen bezala.

    Molde hauen barnean gizonemakumeen arteko harremana kondenatua dago eta biziraupenaren legearen arabera gabiltza balantzaka: dominaziozko harremanak (barietade guztiekin bortxakeriatik hasi eta menpekotasun psikologikoraino); hesiz kargatzen ditugun harreman sinbiotikoak. Eta asmatzeko duguna, bestearen garapen librean oinarritzen den harreman mota berria. Zamatzen eta behartzen gaituen identitate astun eta abstraktoetatik libre, esperimentatu nahi dugun askatasunaren bizipen beti berria.

    Hauxe da gure panorama orokorra. Ez dugu ezarri diguten eredu eta moldeetan konbibentzia pazifiko bat nahi gizonemakumeen artean; eredu eta molde horiek kolokan jarri nahi ditugu. Ez dago gehiago gizon eta emakume, pertsonak baizik, aldi berean maskulino eta femenino direnak; bere maskulino-femeninoaren batasun sortzailea bilatzen eta maskulino-femenino guztien artean batasun sortzaile bilatzen. Dominioaren arrazoiaren ordez, honen zerbitzuko emozioen ordez, arrazoi eta emozio horien segidan datozen harremanen ordez... beste mundu posibleak landu eta esperimentatu. Adibidez, gure artean.

    ======================================================

    Nork: txokolo.2007/04/09 12:23:01.497 GMT+2
    Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

    2007/04/09 10:57:26.221 GMT+2

    Diruaren morroi ?

    ERRENTERIA/ORERETAKO KULTURA AURREKONTUEN INGURUKO GOGOETAK:

    Mikelazulo kultur elkartea

     

     Mikelazulo kutur elkarteko kideok ondorengo gogeta hauek plazaratu nahi ditugu, batez ere Errenteriako Udalaren jardunari eta aurrekontuak prestatzeko moduari dagokionez:

     

    Gure iritziz ez dago Errenteriako Udalaren aldetik inolako plan estrategiko edo irizpiderik herriko kultur arloa lantzerakoan. Hori ematen digu aditzera Errenteria Hiria kulturunearen kudeaketak nahiz urteroko aurrekontuen atontzeak emaiten dituen emaitzak.

     

    Irizpiderik ez dago, eta are gutxiago irizpide publiko edo bateraturik. Gure aburuz Errenteriko elkarte, norbanako eta kolektiboen sormenerako gaitasunak merezi du espazio amankomunak sortzea eta lantzea berez bizirik dagoen kulturak garapen hobeagoa izan dezan.

     

    Errenteriako Udalak irizpide falta larria izateaz gain harreman guztiz burokratikoak gauzatzen ditu kultur eragileekin, eta batzuetan ezta hori ere. Errenteriko Udalak irizpideak dituela kontsideratzen badu, behintzat ez du kultur eragileekin inolako bilera edo harremanik izan haiek ezagutzera emateko.

     

    Guretzat garrantzitsuak izanik Errenteriko Udalak hartzen dituen erabaki asko ahoz aho edo prentsaren bidez jasotzera behartuta gaude, eta gainera sarri komunikabide konkretu batzuen bidez.

     

    Harreman guztiz burkokratiko horretan gehiago dira trabak mesedeak baino. Horren lekuko udal ordenantza berriak eskatzen dituzten txosten eta paper berri guztiak. Diru laguntzak eta baimenak eskatzeko prozedurek zailu eta trabatu egiten dute herriko kultur eragileen lana. Kultura zer edo zer bizia da, sormenari eta sarritan inprobisazioak duen freskotasunari lotuta, ez du zertan soilik burokraziari loturiko proiektu bat izan behar. Ezin da kulturari loturiko proiektu oro urtebeteko aurrerapenaz aurrikusi, kultur proiektu batek ez du zertan kasik enpresa bat sortu behar subentzio bat jaso ahal izateko, horrela kulturak duen une bakoitzeko sormenerako gaitasuna ito egiten baita eta kulturaren berezko izaeraren kontra jotzen da.

     

    Edozein gizartetan kulturak dituen ezaugarri bereziak irizpide eta mentalitate bereziakin kudeatzeak eskatzen du, ez hirigintza edo administrazioaren parte bat balitz bezala.

     

    Errenteriko Udalak aurrekontuak sortu eta banatzarakoan erabiltzen duen sistema herriko elkarteen artean etengabeko “status quo” bat ezartzen du zeinean bakoitzak gainbizitze hutsagatik ahal bezala egiten du aurrera bereari begiratuz, “zergatik batzuei bai eta besteei ez” galderari erantzunik ez aurkitzean besteekiko mesfidantza bide batez sortuz. Kudeaketa parte hartzaile batek Udalarekiko harremanean elkarte guztiek elkarren berri izan eta herriaren beharren eta bakoitzaren egoeraren araberako aurrekontuen prestatzea bermatuko luke.

     

    Kulturari dagokionez Udalaren aldetik hain da hutsaren hurrengokoa harreman zehatza naiz orokorra, instituzioei dagokionez kultur mugimenduek “suizida kulturalen” gisan ibili behar direla, errota ekonomikoen kontrako borrokan dabiltzan kixoteen gisan, ideia baten alde edo kulturaren alde lan egin ahal izateko. Agian hori ezinbestez izango da horrela sarri, baina argi dagoena da Udalaren kudeaketak erraztasunak jarri beharrean guztiz kontrakoa egiten duela, trabak jarri.

     

    Errenteriako Udalak ez du herrian dauden kultur eragileen eta haien proiektuen jarraipenik egiten, ez behintzat modu zuzenean. Kulturari loturiko funtzionarioen, zinegotzien eta kalean kulturaren arloan egiten denaren arteko amildegia sarritan izugarria da.

     

    Errenteriko Udalak bere kabuz antolatzen diren edo laguntzen dituen ekimenetan badirudi prentsa argazkia dsagoela beste ezeren aurretik. Guk protagonismoa kultur eragileek izatea aldarrkatzen dugu, kultura ez baita hauteskunde kanpaina bat.

     

    Errenteriko Udala herritar guztiak ordezkatzen dituen instrumentu kudeatzaile bat izanik herritar GUZTIEN interesak, eskubideak eta ekimenak babestu eta bultzatzeko ARDURA ETA BETEBEHARRA dauka, ez bakarrik unez uneko alderdiaren bozkatzaileena. Errenteriko Udalak herritar guztien IRITZIAK ENTZUTEKO ARDURA ETA BETEBEHARRA dauka. Udala ez da alderdi politiko zehatz bati loturiko enpresa pribatu bat.

     

    Errenteriko Udalak kultur eragile bati subentzio bat ematen dionean ez zaio mesede bat egiten ari. BERE BETEBEHARRA EGITEN ARI DA, ETA BERE BETEBEHARRA DA KUDEAKETA HORI MODU ZUZENEAN EGITEA, UDALEAN ZUZENDARTITZA ZUZENA EZ DUTEN KULTUR ERAGILEEN AHOTSA ENTZUNEZ.

     

    Bide batez, gure aburuz Udal baten jarduna ez litzateke kudeaketa soilera mugatu behar, kulturaren agente aktiboa ere izan behar luke. Baina ikusita kudeatzeko modua are zailagoa iruditzen zaigu, zoritxarrez, beste hori ere betetzea.

     

    Mikelazuloren kasu zehatzari dagokionez, jasotako diru laguntza eskasak udaletxean normaltzat jotzen ez ditugun bilera eta buelta ugari egin ostean jaso ditugula uste dugu. Sarritan gainera lagundu beharrean trabak jasotzen ditugula ozenki salatu nahi dugu.

     

    Horren adibide bat izango litzateke aurten hamar urtez Herrien Astea delako ekimena kulturartekotasunari loturiko elkarte ugarirekin elkarlanean antolatu eta gero, urtez urte guk Udalari eskatu bezala modu erabakiorrean lagundu beharrean Errenteriako Udalak “Herrien Kulturak” izeneko jardunaldiak antolatu dituela data berdinean. Errespetu falta izugarria iruditzen zaigu bai Herrien Asteko lan taldeari bai urtez urte aste horren baitan parte hartzen duten ONG eta bestelako erakunde, gizarte mugimendu nahiz elkarteei.

     

    Lotsagarria iruditzen zaigu (eta are larriagoa bere burua ezkerrekotzat duen alderdi baten kasua izanik) herri honetan Udalaren partetik gauzatzen diren ekimen oro diruari eta kulturaren zentzu komertzialari lotuta egotea. Lotsagarria iruditzen zaigu Udalak bere kabuz antolatzen dituen ekimenetan, udaletik dependienteak ez diren herriko kultur eragile ugarien amorrurako, diru mugarik ez dagoela somatzea, ez eperik eskaerak egiterakoan, eta gainera prentsaurreko argazkiaz landa ez direla eskaintzen ekintza egin osteko emaitzen daturik.

     

    Lotsagarria iruditzen zaigu ildo horretan, “Errenteria Hiria” kulturunea bezalako egitura bati ematen zaion erabilera, nahi denean enpresa pribatu baten esku dagoena eta nahi denean udalarena dena. Egitura hau enpresa pribatu baten esku egonik herritarren eta herriko kultur eragileen erabileratik at dago, hortaz Errenteria/Oreretan benetazko kultur etxe baten sorrera aldarrikatzen dugu. Lotsagarria iruditzen zaigu halaber askoz biztanle gutxiago dituzten herritxoetan nola gure herrian baino askoz kultur azpiegitura handiagoak, aproposagoak, ugariagoak eta erabiliagoak daudela ikustea. Kezka handiz ikusten dugu nola herriko kultur ezpiegiturak murrizteaz gain kulturari loturiko proiektu bakanak zentru komertzialak eraikitzearen alde ordezkatzen diren.

     

     

    Guzti honengatik:

     

    Errenteriko Udalak bere ardurak bete gabe dituela uste dugu, alegia: herriko kultur eragileekin harreman sendo eta jarrai bat eramatea errespetuan oinarriturik, elkarteen arteko harremanak bermatzea, herriko kulturaren egoeraren ikuspegi amankomun bat sortu eta haren beharraren arabera jokatzea, aurrekontuei begira guzti honek bere isla izatea.

     

     

    Mikelazulo kultur elkartekook prest gaude bai Errenteriako Udalarekin bai herriko gainontzeko kultur eragileekin harremana normalizatu eta sendotzeko, eta gure aukeren arabera haiei guztiei elkarlana eta laguntza eskaintzeko.

     

     

    2005eko abenduan

     

    Mikelazulo kultur elkartea

    Nork: txokolo.2007/04/09 10:57:26.221 GMT+2
    Etiketak: mikelazulo hotmail com | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

    2006/06/22 13:53:17.127 GMT+2

    Politika Kultural Berri Baten premiaz

    "No excuse"

    (Politika kultural berri baten premiaz)

     

    Aurtengo urtarrilaren 13an lehen aldiz eman zen argitara "No excuse", "Mikelazuloko zirkulu kontzentrikoak" dokumentala. Bertan elkartearen esperientzia jasotzen da eta esperientzia horren harira egindako gogoetak plazaratzen dira. Dokumentala nahi duenak eskuragarri du, baita interneten ere (BERRIA. info/ blog/Urtzi) eta ez gara horretaz errepikatuko. Egin dugun esperientzian oinarriturik azaldu nahi dugu gure herrian, Errenteria-Oreretan, ikusten dugun premia larri bat: politika kultural berri baten premia. Horren inguruko eztabaida lehentasun handikoa da, gure ustez. Artikulu honekin eztabaida hori piztu nahi dugu eta hemen azaltzen ditugu, gure ustez, eztabaida horren muina bizia diren hainbat elementu.

     

    1.- Kultura aske, kritiko eta sortzailea nahi dugu. Etengabe erdoiltzen eta gastatzen dira pentsamenduak eta lehortzen sentsibilitateak. Arrisku horren pean ekintzak errutinan eta asperduran erortzen dira. Etengabe behar dugu geure bizitzak mehatxu horietatik askatu. Kultura, zerbait bada, sortzailea behar du izan. Eta horregatik egoerarekin kritiko eta ezarpenetatik aske. Ez da kultura, guretzako, buruko departamentu batean, liburutegi baten gisa, dugun informazio pilo ordenatua eskura daukaguna. Ez da kultura ideiarik eta asmo pertsonalik gabeko errutinaz egiten den ekintza multzo bat. Ez dugu kultura "denbora betetzeko" nahi, geure denbora sortzeko baizik. Ez dugu gure bizimoduaren barniza eta itxurakeria hutsa den kultura nahi, libreki eraikitzen dugun bizibidea eta egiten ditugun aukeren muinean dauden ideiak eta asmoak konpartizea baizik. Horregatik, orainean sortua, iraganarekin lotua bainan ez menpeko, eta geroa hipotekarik gabe eta ezarpenik gabe lantzen duen kultura nahi dugu. Sormenaren emaitza den kultura eta horregatik konplexurik gabe irekia eta besteengandik edateko egarriz, bainan ez kulturaren monopolioen bozgoragailu miserablea izateko. Eta gure herriko jendeak sorturiko bezain bat gure herria sortzen duen kultura nahi dugu.

     

    2.- Ideiarik gabeko espektakuloaren politika. Politika kulturalean faltan botatzen dugun lehen gauza da ideiarik falta. Egiten diren gauzen zerrenda luzea da, bainan egiten den horren euskarria den ideiarik ez dugu ikusten inon. Guk ikusten duguna da erizpide kuantitatibo merkez gidatutako politika kulturala: zenbat jende egon den, zenbat ekitaldi edo ekintza egin diren, zer oiartzun mediatikoa lortu den, zer nolako eragina izan duen herriko negoziotan, zein etekin partikularra atera daitekeen.... Bestelako erizpiderik ezin da ez egitasmo elektoraletan, ez urtez-urteko aurrekontuetan, ez urtez-urteko balantzeetan aurkitu. Egitasmo kulturalen atzean zer ideiak dauden eztabaidatzeko premia ikusten dugu, zer ideiak diren gidatzen eta bizitasuna ematen diotenak diru publikoz elikatutako egitasmoei. "Kultura sustatu nahi dugu" esatea ez da aski... batez ere kultura hitzaren atzean osagarria eta pozoina, biak, uler daitezkeenean. Zer ideia, zer aukera linguisitiko, sozial, politiko, artistiko, ekonomiko, emozionala, ekologiko dauden udalaren politika kulturalean?

    Ez da aski esatea jendearen desioak betetzen edota beharrak asetzen saiatzen dela, edota jendearen presentziak legitimatzen duela egiten dena. Jendearen desioak oso gauza zentzu anitzekoak dira, askotan menpeko bizimoldean eta libre bizitzearekiko beldurrean sustraitutako pentsamendu eta sentimenduek sorturikoak; eta beharrak guztiz superfluoak eta moda manipulatuez gidatuak edota miseria morala eta erantzunkizun-ezaz bultzatuak izan daitezke, ala ez. Bainan, beti ere, desioak eta beharrak esatearekin, eta kopurutan neurtzearekin, ez da ezer aurreratzen politika kultural bizigarri baten erizpideak zehazteko orduan. Bestalde zer bezain garrantzitsua da nola betetzen eta asetzen den, zer erantzuna ematen zaion desio eta behar horiei. Ez dugu desio eta behar (ekonomiko, sexual, intelektual, presitigozkoak, elitistak...) telegidatuak (Telebistatik eta Holiwood-tik, eta OTANetik eta Banku Mundialetik eta kazetari ondo ordaindu eta salduetatik... gidatuak eta inposatuak) nahi. Gure artean, gure bizimoduarekiko erantzunkizunez, sorturiko eta esperimentatutako desio berriak landu nahi ditugu eta lagunekin desio berriak esperimentatu eta sortu.

    Politika kulturala sustatu nahi danean, eta horretarako aurrekontuaren hainbat diru erabiltzen denean, lehen-lehenik jakin behar dena da zer politika kulturala sustatu nahi den, zein den erabaki hori gidatzen duen ideia eta zergatik aukeratu den ideia hori. Kulturaren sormenaren irizpidea, herriaren espiritu kritiko eta askearen garapena, harremanen kalitatearen etengabeko hobekuntza....ez dira erizpideak. Aldiz, ideietan oinarritzen den kultura sortzaileari, asmo berritzaileei trabak jartzen zaizkio, abandonuan utziz.

     

                    3.- Kulturaren komertzializazioa eta manipulazio politiko-elektorala eta dibertsioaren instituzionalizazioa. Kultura aske, kritiko eta sortzailearen garapenean aurkitzen dugun trabarik sakonenak kulturaren komertzializazioa eta manipulazio politiko-elektorala dira. Dirua eta boterea bihurtzen direnean kulturgintzaren motibazioa, kalamitatean erortzen ari gara. Dirua bai, boterea ere bai... sormenaren zerbitzuan. Zinea badugu herrian.... noren eskutan uzten dugu zer eta nolako zine ikusi? Bainan bazen herrian "Kaligari" izeneko talde motibatua eta saiatua... Zergatik utzi dugu abandonuan horrelako talde interesgarria? Aukerak daude hemen jokoan, aukera larriak: dibertsioa enpresa pribatuen interesen eskutan utzi edota dibertsioaren instituzionalizazioa? Ez al dago beste aukerarik? Mikelazulok uste du baietz, eta Mikelazuloren esperientzia bera da horren froga. Bainan ez froga bakarra. Kultura arloan ez dugu ezer bizirik eta animosorik aurkituko, barnean bultzagile motibazio sakon kultural irekia eta kritikoa ez duenik. Sormenaren motibazioa falta denean, ez bazkidetzak, ez klienteak, ez propagandak, ez diruak ezin du hutsune hori bete. Udalaren politika kulturala ezin dio eztabaida honi muzin egin duinatasunaren edota morroikeria kulturalaren arteko borrokaren erdian gaudenean. Eta alde batera zein bestera jotzen badu, publiko egin behar ditu bere aukeraren arrazoiak. Eta aukerarik egiten ez badu, zer da hau? Korronteari jarraituz, kultur arloan Udalak negozioaren edota manipulazio-kontrolaren uretan murgildua? Eta azalpenik eman gabe? Eztabaida sakona behar dugu honetaz ere.

     

                    4.-  Kultur elkarte eta pertsona sortzaileen protagonismoa. Eta instituzioen lekua.

    Iraultza kopernikanoa egin beharra dago puntu nagusi honetan. Ez herriko zinegotziak, ezta kultura arloan egiten duten lanatik bizi diren teknikari kudeatzaileak, ez dira, besterik gabe, ez botoz ez dekretuz, kultur-egileak. Udala eta teknikaria, ofizioz, ez dira kultur-sortzaileak, salbu eta bere arlo propioan, sortzaile bezala jokatzen badute --politikan artista bat izan daiteke; kudeaketa lanean sortzaile izan daiteke--. Bere lan propioan sormenezko lana egiten badute, ulertuko dute ere Udalak berdintasunaren bila dirua banatu behar duela eta kudeatzailea laguntzeko dagoela... Bainan sortzailea, pertsona edo elkartea, da egiten duenaren protagonista. Eta ez da batere garbia emandako diru laguntzak "protagonismo" monetarekin kobratzea. Udalak kultur sormenari laguntzak ematen badizkio bere obligazioa betetzen ari da. Prestigioa irabaziko du bere eginkizun politiko propioan sormenez eta artelan bat eginez badihardu. Eta ez da egokia besteren bizkarrean, are gutxiago laguntza miserableak ematen direnean, besteren bizkarrean norberaren merezi gabeko ospea eraikitzea.

     

    5.- Instituzioen  aurrekontu kulturalak....

     

    ** Aurrekontuak aldez aurretik ateratako kontuak dira eta, baita ere, pre-suposatuari esleitzen zaion diru kopurua. Zer da, dibidez, kultura arloko aurrekontuak egiten direnean pre-suposatzen dena? Lehenik suposatzen da bizitza-kostuaren igoera zenbatekoa izan den, eta horren arabera, aurreko urtean egindako aurrekontuari egoera hori gehi, eta baduzu hurrengo urterako aurrekontua. Zer esan nahi du horrek? Kultura arloan ez dagoela behar kultural larrien diagnostikorik, ez dagoela premiazko neurriak hartu beharrik, ez dagoela hazten eta osatzen eta edertzen dagoen bizitza kulturalerako asmorik. Hitz batez, errutina dela nagusi?

     

    **Aurrekontu kulturalen elaborazioa, jarraipena eta kontrola, pertsona eta elkarte kultur sortzaileen parte hartzerik gabekoa da, eta horrela izanik, transparentziarik gabekoa. Kasu gehienetan, parte hartze bakarra, subentzioa eskatzea eta erabakiaren zain eta erabaki ondoren diru-ematea noiz izango den zain gelditzea izaten da.

    Bainan badago zer egin, zer ireki eta zer hobetu. Zer nolako azpiegitura dugun eta nola erabiltzen den? Kulturarako esleitutako aurrekontuaren zenbatekoa egokia al da eta zergatik? Diru-banaketa zein erizpideren arabera egiten da? Aparailu administratibo-kulturala egokia al da, zer nolako fruituak ematen ditu, kulturaren funtzionario eta teknikariekin gastatzen dena, kultur aurrekontu osoaren portzentaia hain handia dena, egokia al da? Burokraziak eramaten al du sortzaileek beharko luketen laguntza? Aurrekontuko diru horiekin zer herri klase ari gara sortzen? Zer balantze egiten da? Garbi al daude eragileen asmoak? Eta asmoak garbi edukita ere, egiten denak, balio osasuntsuen izenean eginda ere, pizten al du parte hartzen duen eta ikusten/jarraitzen duen jendearengan etsipenaren aurkako atidotoak, kotsumitzaile hutsa izatetik sortzaile izatera pasatzeko gogoa.

    Azkenik, parte hartze duin bat proposatzen bada, herriko egitasmo kultural orokorraren ideia nagusiak dira eztabaidatu beharrekoak, eta ahal delarik, adostu beharrekoak.

     

    **Aurrekontuekin bukatzeko, beste gogoeta bat. Aurrekontuak duen egiturak berak izkutuan edo estalian uzten ditu garrantzi handiko hainbat gai:

    Hizkuntzen tratamendua, kultur aniztasuna eta horrek ekar dezakeen kultur aberastasuna: demagun aurrekontuko partida guztiak kontutan harturik euskarari dedikaturiko aurrekontua %10era iristen dela. Gainontzeko guztia, %90 ez al da gaztelera sustatzeko erabiltzen? Badago hemen zer eztabaidatu.

    Aurrekontuetan ez da ikusten gure herriko desberdintasun sozialen neurria. Bainan gure herriko baztertuenek (jubilatuak, ezinduak, etorkinak...) aukera berdina dute kultur-sormenean eta kulturaren disfrutean parte hartzeko? Kultur aurrekontuek desberdintasun soziala gutxitzeko erabili daitezke? Nola? Aiton-amonek egindakoa eta aiton-amonentzat egindako kultura, adibidez, azterketa serio behar du. Ez al da gertatzen zaharrentzat egiten den kulturan islatzen dela zaharren baliogutxiespen zital bat eta haientzat egiten den kultura "entretenimendu" etsitua bezala egiten dela? Edo aiton-amonek egindako eta sortutako kultura, hastapenetik, gizartearen erronka nagusitik bazterturiko "ornikuntza exotiko" bezala hartua dagoela? Galdeikurrak sortzen digun egoera bat baizik ez da, bainan eztabaida eskatzen diguna.

    Kontuak ematea eta egindakoaren balantze kulturala egitea ez da gauza berdina. Bainan aurrekontuak (egindakoa eta egitekoa azaltzen dira hor) ez dira sartzen egindakoaren balorazio kulturaletan. Horrela, suposatzen da, egina dagoela, bainan egina dagoena da balantze kuantitatibo-ekonomikoa. Balantze kualitatibo hori gabe, ezin da neurtu zein punturaino ari garen aurrekontuetan despilfarroa bedeinkatzen eta zein punturaino egon daitekeen korrupzioa-klientelismoa-utzikeria eta erantzunkizun eza. Aurrekontuak ez bada, beste nonbaiten eman beharko litzaioke lekua gogoeta kultura hauei, balantzezko gogoeta hauei.

     

                    6.- Diagnostiko kulturalaren beharra.

     

                    Lurralde honetan, 40.000 pertsona inguru bizi gara, bi hizkuntza komunitate jerarkizatuak, hizkuntza askotako hiztunak, egitura politiko-administratibo bakarra eta nagusiki gazteleraduna. Eta hor, kultur arloan izateko modu desberdinen artean lehia bizia. Alde batetik, ahalegin bizi, sortzaile batzuk, askatasun kulturalaren esperimentuak, irekidura mentala, pentsamendu/sentimendu mugatu, ezindu eta diruz/legez/indarrez ezarritako hesi estuetatik libre bizitzearen, sortzaile izatearen eta sortzearen esperientziak gauzatu nahi dituena... Eta bestetik, sormenaren defuntzioa eragiten duten hainbat egitura zurrun, pisitsu, energia-motibazio-diru irensleak, erabaki, ezarpen, exijentzi, errutina, manipulazio, traba- jartze, akomodazio lotsagarriak.

     

    Gure herriko jendearen egoera kulturalaren azterketa egiteak mereziko du. Diagnostiko kuantitatibo eta kualitatiboa. Zein da eta nolakoa da "eskeintzen" zaigun egitura eta esperientzia "kulturala"? Nola sustatzen da herritarren artean sortzaile izateko gogoa? Zenbat alditan erortzen gara  edota kultur ekintzek bultzatzen gaituzte errutina, ihesa, asperdura, fribolitate eta angustiaren atzaparretara? Zenbat droga zital irensten dugu aisialdirako aitzakian? Hizkuntza komunitateen arteko harremanak berdintasunezkoak dira ala boterearen hizkuntza praktikoaren alde desorekatuak daude? Zer nolako begirunea dugu hainbat etorkinen hizkuntzekiko eta kulturekiko? Ez al da gure herrian eginkizun kultural handienetakoa (handiena ez bada) euskararen bizitasuna lortzea eta eginkizun hori ez al dago instituzioen aldetik baliogutxitua?     

    Herrian jasotzen dugun eskeintza kulturala zer neurrian pribatua da eta zein ezaugarriak ditu, eta zer neurrian publikoa, eta zer ezaugarriak ditu? Eskola izanik instituzio kultural nagusienetako bat, sortzaileak sortzen al dira eskoletan edota asperduraren nibelak larriak al dira? Kultur-egiturak kontsumismoaren erizpidearen arabera antolatuak al daude? Ezagutzen dugun telebista-eredua oso larria da: esku sekretu batzuek produzitzen dute gero guk denok kontsumitu baizik egiten ez duguna. Eredu horrek zer eragina du gure programazio kulturalean? Tele-emanaldien (edo kultur.....) kontsumitzaileak gara, bainan  zergatik ez tele-emanaldien (edo kultur....) sortzaileak? Zine kontsumitzaileak edo zine egile esperimentalak?

    Kulturaren antolakuntza politiko-administratiboa ahalegin bizi eta sortzaileen babeslea al da, edota horien aurrean trabak jartzen ditu eta itotzen uzteko gai da?

    Sortzen eta eskeintzen den kulturak, bizitzaren harremanetan txertatuak dauden pozoinak ezagutzeko, aztertzeko eta sentsibilitate berri biziak eta ederragoak esperimentatzeko bidea eta gogoa ematen al du?        

    Gure bailararen, probintziaren, nazioaren lurraldeen artean harreman kulturalak lantzen dira? Nola? Eta egiten diren ahaleginak ezagutzen al ditugu? Elkarteek, herritik kanpo, Euskal Herrian barruan eta Nazioartean, duten harreman-dinamikak laguntza jasotzen du? Ez al da batzutan elkarteen dinamika hori Udalaren "anaikidetasunak" dutena bainan biziagoa? Edo, dena den, ez al dago zer eta non eztabaidatu gure herriko nazioartekotasun kulturala?

    Uste dugu diagnostiko kultural kualitatiboa behar dugula. Aipatu ditugu hainbat puntu. Gogoeta guk geuk hasi besterik ez dugu egin, eskertuko genduke honi buruzko eritziak eta honen inguruko urratsak. Bainan ez gabiltza azalezko gauzetaz ari. Teknikariak, diruak, egiturak.... ideia baten inguruan mogitzen dira. Eta gure erronka hauxe da: ekimen kulturala izan dadila pertsona, elkarte, herri sortzailea osatzen lagungarri, beldurrik gabe eta lagunkidetzan bizitzeko erronkari aurre egiteko bihotza eta burua lantzen saiatzen dena. Bizitasun horren itogarri diren korazak detektatu horiek deusezten saiatzeko. Bizitzeko gogoaren adierazpena den kemena eta atsegina ez dadila etsipena eta beldurra bihurtu. Non ditugun faltsukeria kulturalaren fokoak, nolakoak diran bizitzeko gogoa pozoindu eta izutzen dituzten mekanismoak, eta batez ere askatasunez jolas sortzaileen esperientzia bizitzeko gune bizigarriak ezagutu, elkarrekin harremanetan jarri, eta herri osoarentzat bizimolde garbiago eta ederragoa landu.

     

    Nork: txokolo.2006/06/22 13:53:17.127 GMT+2
    Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)