AMA izateko unibertsitatearen beharra

urtarrila 1456153513302 Urtarrila | 2006-12-11 13:59

Batzutan iruditzen zait erratu egin nintzela karrera aukeratzean. Ama izaten ikasi behar nuela uste dut. Kontua da hori ez dela unibertsitatean ikasten. "Eskerrak", pentsatuko dute batzuk. Baina, zergatik ez? Irudika dezagun momentu batez zein ikasgai eta ibilbide izango luketen ama egokia izateko ikasketek.

UNIBERTSITATEA BAINO LEHEN...

Derrigorrezko Hezkuntza: etapa honetan zehar lerroen bidez emango litzateke ikasgaia. Maitasuna nola eman ikastea ezinbestekoa izango litzateke ikasgaia gainditzeko; oinarrizkoa, jakina, pentsatuko duzu zuk, baina kontua da uste baino gehiagok adin hau izan arterako bidean maitasuna hartu baino ez dutela egiten. Beraz, ematen ikasi beharko lukete askok eta askok. Dena den, erraz gaindi daitekeen zikloa izango litzatekeela iruditzen zait, izan ere, erditzean ia guztietan kanpora egiten duen zer berezko hori barru-barruan daramagu emakumeok. Batxilergoa: etapa honetan ikasgaitzat izango luke emakume batek zaintzarekin lotutako guztia: jaio berriari jaten nola eta zer eman, nola garbitu, nola jantzi... Bigarren maila honetara ere aise iristeko bidea gehienok, ezta?

UNIBERTSITATERAKO BIDEAN...

Diplomatura: Ama egokia izateko diplomatura lortzea, ordea, ez litzateke hain lan samurra izango. Ziurrenik, ez lukete denek lortuko. Bertako ikasgaiak umearen aisialdian zentratuko bailirateke, umea lo egiten eta jaten ez dagoen denboran, hain zuzen ere. Ikasleak hemen ikasiko luke haurrak ondoan behar duela ama lehenengo urteetan ez ezik, ondorengoetan ere; hemen ikasiko luke seme-alabaren eskolaz kanpoko ekintzak orekatzen, amaren antsietateari kasu egin barik, orekaz jokatzen; hemen ikasiko luke gizarteak jartzen dizkion traba guztiei aurre egiten, hala nola, jolas elektroniko, telebista, ordenagailu eta antzerakoekin pasatzen duten denbora kudeatzen laguntzen, beste alternatiba batzuk eskaintzen, futbol konpetitiboaren aurrean nola jokatu behar den aztertzen, kontsumokeriaren eraginez edozerekin emozionatzea hainbeste kostatzen zaion umearekin zein jarrera izan behar den argitzen... Lan zaila, ez pentsa. Lizentziatura: aurrekoa lortuz gero, jarraian 3 urtetako ikastaldia letorke. Ahalik eta hazkuntza on eta lasaiena nola bermatu irakatsiko litzateke. Urte hauetan seme-alabeak eta gurasoen arteko komunikazioaz arituko lirateke etengabe. Txiki-txikitatik gerta dadin eman beharreko urratsez. Guztiaren oinarria hauxe dela erakutsiko lukete jakitunek euren ikasgaietan. Nerabezaroan gai honekin hastea zein alferrikakoa den ere garbi izango dute amaitzea lortzen dutenek. Horretarako zigor girotik baino beste konfiantza eta elkar ulertzetik bide hobea egin daitekeela ulertuko dute. Doktoradutza: hemen errematea egingo litzateke. Pertsona bezala hazten nola lagundu azalduko litzateke ikastaro hauetan zehar, gizarte honetako benetako balioetan biziz. Beste dena gaindituta duenak bakarrik egin ahal izango luke azken hau. Eta, jakina, hor ez litzateke amaituko beti egongo bailitzateke beste ziklo, ikastaro... batzutarako aukera.

Alegiazko unibertsitate honetan zein mailatara iritsi naiz ni? Iritsi ote naiz unibertsitateko mailetara akaso? Arrakastarako zein aukera dut bizi garen gizarte honetan? Ba al dago benetan seme-alaba sanoak –buruz sanoak, esan nahi dut eta sanoak harremanetan- hazteko aukerarik? Asmatzen ote gabiltza familiako buru biok, lanbideari uko ez egitearren, seme-alabekin hain momentu gutxi bizi izanez? Garaiz ote gabiltza ikasketak utzitako lekutik berreskuratzeko? Prest ote gaude doktoradutzaren helmugara iristeko?

 

 

 

 


Utzi iruzkina: