Ezker abertzaleko hautetsiek herenegun egindako agerraldian atez ateko sistemak emaitza onenak ematen dituela adierazi zuten. Horri helduz, Alejandro Vazquez eta Kontxi Fuentes zinegotziek adierazi zutena, bosgarren edukiontziak atez ateakoak baino emaitza hobeak ematen dituela, alegia, «gezurra» dela diote. «Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketaren arabera, Zarautzek hilean 11 tona inguru hondakin organiko jasotzen ditu bosgarren edukiontziaren bitartez. Hernanik hilean 115 tona organiko jasotzen ditu atez atekoari esker. Hernanik 3.000 biztanle gutxiago izan arren, Zarautzek baino 10 aldiz organiko gutxiago jasotzen du», adierazi zuten.
Bestalde, Vazquezek gai organikoaren inguruan emandako datuak «okerrak» direla salatu zuten: «Hernaniko emaitzak biztanle guztien artean (19.000) zatitzen ditu eta Zarauzkoak, berriz, bosgarren edukiontziko giltza dutenen artean (500) bakarrik zatitzen ditu». Era berean, gai organikoari dagokionez, Zarautzen 200 gramo eguneko eta biztanleko ez direla jasotzen nabarmendu zuten, 17 gramo jasotzen direla baizik.
Atez atekoa da alternatiba
Bosgarren edukiontziaren sistemak «gehiagorako» ez duela ematen azaldu zuten. Ezker abertzaleko hautetsien hitzetan, sistema horrek ez du birziklatzen, garestia da eta herritarren «osasuna arriskuan jartzen duen errautste-planta baten mende bizitzera behartzen ditu». Hori dela eta, atez atekoa dela alternatiba diote: «Organiko guztia jatorrian bereizten da hala, errefusa murrizten da eta gaien %80a birziklatu».
Horretaz gain, «merkeagoa» ere badela gaineratu zuten hautetsiek. Bide horretatik, atez atekoak birziklatzen duenagatik izaten duen diru sarrera igoera ez dutela kontuan izan esan zuten:«Horrek bilketaren kostua berdintzen du». Era berean, errauste plantak zenbateko kostua izango duen ez dutela aipatu salatu zuten. 500 milioi euro kostako dela azaldu zuten, «krisia are mingarriagoa eginez».
Ildo horretatik, atez atekoa sistema «onena» dela nabarmendu zuten: «Iraunkorra da , garbiena, ekonomikoena eta ingurumena eta, batez ere, gure osasuna zaintzen dituen bakarra». Geroz eta babes gehiago duen sistema dela gaineratu dute: «Sindikatu guztiek, talde ekologista guztiek eta ezker abertzalea, EA, EB, Aralar eta Alternatiba alderdiek eskatu dute errauste programa sei urteko atzeratzea, atez ateakoa Gipuzkoa osoara zabaltzeko eta emaitzak erakusteko».
Urola Kostako Hitza / A. Ventas

Erantzunak
Nork: Asier.2010/08/01 10:46:11.223 GMT+2
Nork: cena.2011/11/23 10:37:03.443 GMT+1