Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2009/01/10 13:27:34.964 GMT+1

Diario Vascoko argazki bildumaren hornitzaileak: Herritarrak.

Gure egunerokotasunean argazkigintzak erabateko arrakasta duenik ez dago ukatzerik. Erabiltzaileak bere oporretako, lagunen edo bizitokiaren argazkiak on-line alojatzeko dozenaka zerbitzu aurkitu ditzazke: PhotoBucket, WebShots, Flickr... edo gure gertuko inguruan Argazkiak.org eta Nirudia.

Argazkigintzak erabiltzaileongan duen arrakasta ikusirik, Diario Vasco egunkariak lehiaketa ezberdinak eskaintzeari ekin dio azken urte hauetan. Lehiaketa hauetako batzu aipatzearren, iazko "Las 20 maravillas de Gipuzkoa", "Etxeko Polita" eta oraintxe bertan martxan duten "Nieve en Gipuzkoa" aipatuko nituzke. Azkeneko hau aste honetan izan den elurtearen inguruko argazkiak biltzearen ingurukoa da. Las 20 maravillas de Gipuzkoa delako lehiaketara aurkezturiko hamabi argazki aldiz, 2009ko bere egutegia publikatzeko erabili ditu Diario Vascok.

Diario Vasco bezalako enpresa pribatu batek bere bisitariei "pizgarriak" eskeintzea normala bada ere, erabiltzaileengan ain "normala" ez den jarrera bat somatzen dut: Erabiltzailearen sorkuntza den argazki baten eskubide GUZTIAK, aipamena ezik, enpresa pribatu bati musutruk eskaintzea.

Zeren, lehiaketaren baldintzetan modu zuzen batean agertzen ez bada ere, erabiltzaileek lehiatzeko bidaltzen dituzten argazkiek, DiarioVascoren jabetza izatera pasatzen dira automatikoki. Lehiaketen erabilpen arauek horren inguruan hau diote:
"11. Todos los derechos sobre el concurso “Etxeko polita” son propiedad de Digital Vasca S.L.U."
DiarioVascoren jabetza izatera pasatzen diren hunetik, Vocento taldeko erabilpen arau eta baldintzetara atxikitzen dira automatikoki. Horren ondorioz aurrerantzean berauk erabiltzeko inongo askatasun edo aukerarik ez dagoelarik erabiltzaileon aldetik. Je! Argazki horietakoren bat Wikimedia Commonsera igotzeko asmoa izango balu norbaitek, ahaztu dezala aukera hori.

Ta zein alternatiba egon daitezke erabiltzaileon eskuetan?

Zure seme-alaba baten argazkia mundu guztiarekin partekatu nahi baduzu eta argazkiaren gainean zure eskubide batzu gorde nahi badituzu, badira DiarioVascok eskaintzen dituen zerbitzu estua baino askoz hobeak. Nik hiru aipatuko nituzke: Flickr, Argazkiak.org eta Nirudia.

Dagoeneko oso ezaguna den Flickr.com zerbitzu erraldoiak argazki bat lizentziatzeko garaian aukera anitzak ematen dizkio erabiltzaileari: All Rights Reserved lizentzia itxitik hasi eta Creative Commonsen sei lizentzi ezberdinetaraino. Nire iritzi apalean, erabiltzaile baten jabetza eskubideak hobekien bermatzen dituen lizentzia eta aldi berean bere hedapena modu aske baten ziurtatzen duena Creative Commons by-sa da. Alegia, aitortza eta lizentzia berberarekin partekatzen ahalbideratzen duena. Blog honen edukietara atxikitzen zaiona da eta Wikipediaren lizentziarekin bateragarria da.

                

                

       

Arestian aipatu dudan Argazkiak.org zerbitzuak CC-by-sa lizentzia baino ez du eskaintzen, Nirudiak aldiz, aukera zabalagoa du. Bi zerbitzu hauek euskaraz dituzte beraien interfazeak eta bikain funzionatzen dute.

Amaitzearren.

DiarioVascok oparitu dezaken edozein "goxoki" ekidin eta gure argazkiak arestian aipatu ditudan TAJUZKO zerbitzuak erabiltzea aholkatuko nioke irakurleari.

Aukera faltagatik ez da izango.

Nork: xa2er.2009/01/10 13:27:34.964 GMT+1
Etiketak: argazkiak herritarrak diario hornitzaileak vasco | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

OLE!! Ze ondo!! Erabaki zentzuduna, bai horixe!! Zer moduz dana? Egongo gara! Animo!!

Nork: Iñaki.2009/01/10 17:29:45.542 GMT+1
http://www.blogak.com/hijosdelangelgorria

Redios! Azkar agertzen zaizkit fanboyak!! ;-)
Sei hilabete ezer publikatu gabe jardun ondoren aterrizatzen ari naiz.

Edo lagun batek esan zidan bezala: "Txar guztia kenduta, ondo"
Eskerrikasko!

Nork: xa2er.2009/01/10 17:55:49.617 GMT+1

Kar-kar. Ze ona fanboyena. Ez neban ezagutzen.

Nork: Iñaki.2009/01/14 11:22:23.109 GMT+1
http://www.blogak.com/hijosdelangelgorria

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru