2009/12/13 22:14:49.089 GMT+1
Maialen txapeldun!
Hunkitu egin naiz saioko hainbat momentutan. Batzuk aipatzearren Ametsen goizeko kartzelako lana aipatu beharko litzateke, baita Maialenek arratsaldeko saioan kantatutako bertsoak ere ("hospitaleko medikua minbizidun haurrei begira). Sari banaketa, Joxe Agirreren eskutik, ikusgarria, benetan. Eta sorpresa atsegin bezala, Jon Maia hirugarren gelditzea, jardun ederra egin ondoren. Atsegin eman dit, baita, Sustrairen erregulartasunak, gogor hasi eta bere horretan iraun du amaiera arte.
Andoni Egañari dagokionez, bertsolari itzela dela ukatu gabe, ez dut uste bere onenean egon denik. Igual bere bertsokera baino beste batzuena atseginago zaidalako iruditu zait horrela. Buruz bururako izenak esan dituztenean, zalantza handia izan dut, biek (Amets eta Maialen) saio borobila egin dute eta. Kartzelako lanetan biak bikain, ezin hobeto. Ametsek egindako akats txiki bateren batek eramango zuten balantza hernaniarraren aldera...
Bertsolaritza gaztetzen ari da eta, apurka-apurka, emakumeak dagokien tokia hartzen ari dira. Hemendik aurrera bertsolarien irudi tradizionala aldatuko den seinale. Hala bedi!
Nork: xabier_larra.2009/12/13 22:14:49.089 GMT+1
Etiketak:
bec
bertsolari
finala
txapelketa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/12/09 11:22:10.120 GMT+1
txapelketarako kiniela
1- Maialen Lujanbio. Sendo dabilen bertsolaria da eta merezi du.
2- Andoni Egaña. Txapelduna ezin beherago jarri, Jendeak dioenez lasai joan ahal izango da, erakutsi baitu orain arte bertsolari aparta dela. Nire iritziz, hori presio handiaren sortzaile ere izan daiteke.
3- Amets Arzallus. Finaleko gazteena, baina sendo dagoena. Bertsolari abila.
4- Sustrai Colina. Atsegin dut Sustrairen bertsogintza, zerbait berezia antzematen diot (ez dakit zer den azaltzen).
5- Unai Iturriaga. Esperientzia handia du finalean, azkenengoan buruz buru arituta txapela gertu izan zuen. Zaila du irabaztea baina gogor arituko da, zalantza barik.
6- Jon Maia. Hau ere beteranoen taldekoa.
7- Aitor Mendiluze.
8- Aitor Sarriegi. Ez du meritu makala behe-behetik hasita finaleraino heltzeak. Bera da finaleko esperientziarik ez duen bakarra, ikusiko dugu nola moldatzen den.
Esan beharrik ez dago, ez naizela bertsolaritzan aditua, iritzi xume bat besterik ez da. Finala oso lehiakorra izango dela uste dut, eta zaletu guztiok gozatuko dugula egingo dituzten saio bikainetaz. Zorte on guztioi!
Nork: xabier_larra.2009/12/09 11:22:10.120 GMT+1
Etiketak:
finala
bertsolari
kiniela
txapelketa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/12/06 12:54:24.287 GMT+1
e-book-a, Durangoko nobedadea.
Espero baino jende gutxiago sumatu nuen Azokan, larunbat arratsaldea izanik, nahiko urri zela esango nuke. Joan ginenentzako, aldiz, askoz hobe, erakus mahaietara gerturatzeko inolako trabarik ez genuen izan eta. Hala ere, atzo jende gehien pilatu zen gunea e-book-ari buruz (liburu elektronikoaz ari naiz) azalpenak ematen zituen stand-a zela iruditu zitzaidan. Nik neuk ere, denbora dexente igaro nuen "tramankulu" horiei begira eta gogoeta batzuk biztu zizkidan bertan ikusi eta entzundakoak.
Liburu elektronikoa, finean, pantaila txiki bat da; esan dezagun, bere pisua (gutxi gorabehera) koaderno txiki baten antzekoa dela. Bertan, irakurleak ia nahi beste liburu sar ditzake eta, beraz, edonora doala ere aldean eraman bere liburutegi txiki partikularra. Elkar liburudenda-sare euskaldunak saltzen dituen modeloetan, adibidez, 1.500 libururentzako tokia dago. Horri, gainera, kanpoko memoria txiki bat gehi dakioke, argazki makina digitalek duten antzerakoa; horrela, beste hainbeste liburu eraman ditzakegu aldean.
Ordenagailu eta bestelako pantailek ez bezala, e-book-ak ez du argi propiorik botatzen. Hori dela eta, argia behar dugu bertan irakurtzeko, liburuko papera irakurtzeko behar dugun bezala. Baina, horri esker, ez omen da ikusmena gehiegi nekatzen, ordenagailuaren aurrean orduak pasatzen ditugunean ez bezala.
Beste alde batetik, imprimatzeko kostuak aurrezten direnez, liburu baten bertsio elektronikoa paperezkoarena baina merkeagoa da jadanik. Atzo entzun nuenez, liburu baten bertsio elektronikoa paperezkoa baina %25 inguru merkeagoa da, baina eskaria igotzen joan ahala, gehiago merketuko omen da (Amerikako Estatu Batuetan, adibidez, bertsio elektronikoa paperezkoa baina %50 inguru merkeagoa ei da).
Hala ere, dena ez da arrosa kolorekoa, noski. Momentuz liburu elektronikoen eskaintza ez da oso zabala, nahiz eta euskaraz (hasieran egoteko) eskaintza nahiko txukuna iruditu zitzaidan. Besteak beste, Unai Elorriaga, Karmele Jaio, Kirmen Uribe, Uxue Alberdi, Joan Mari Irigoien... bezalako idazle ezagunen lanik berrienak dagoeneko formatu horretan irakur daitezke.
Irakurgailuen prezioa nahiko altua da (200-300 € inguru, oker ez banago), baina horrelako bat erostearekin batera hainbat liburu oparitzen dizkizute, eta horrek nahikoa konpentsatzen duela iruditzen zait.
Arazo bakarra ikusten diot momentuz (nahiko larria iruditzen zaidana, gainera): Irakurgailua galdu edo matxuratzen bazaizu edo lapurtzen badizute, ezer barik geratzen geratzen zara (ez irakurgailu ez liburu). Irtenbide bat liburuen kopia bat ordenagiluan edo bestelako diskoren batean gordetzea izan daiteke, Espainiako Gobernuko kultura ministroak atxilotzen ez bazaitu pirata zarelakoan.
Duda barik, aldaketa garaiak datoz kulturgintzan (eta kultura horren zabalkunde bideetan). Epe ertain eta luzera, zein izango da liburuaren etorkizuna? Libururik irakurriko al dugu paperean, ala egun osoa pantailei begira igaroko ote dugu? Zalantza beteriko gaia dela ukatu gabe, gauza bat esan dezakegu argi eta garbi: oraindik orain, paperezko liburuak etorkizun sendoa duela aurretik. Urte luzeetako ohiturak ezin baititugu goizetik gauera aldatu, aldaketaren eraginak ezagutu aurretik, behintzat.
Nork: xabier_larra.2009/12/06 12:54:24.287 GMT+1
Etiketak:
liburuak
etorkizuna
kultura
azoka
durangoko
e-book
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/07/01 10:34:43.730 GMT+2
Hobe berandu, inoiz ez baino
Orain dela gutxi irakurria dut nire herrikide Alberto Onaindiak (Markina, 1902 - Donibane Lohitzune, 1988) idatzitako "Hombre de paz en la guerra" memoria liburua. Onaindia bera ere abade gaztea zen Gerra Zibilaren garaian, eta hildako abade baten anaia (Celestino Onaindia Zuloaga). Liburuan modu zirraragarrian kontatzen du bere anaiaren heriotza nola izan zen. Inolako epaiketarik gabe, deklaratu gabe, gauez, txakur zorritsuak balira bezala erail zituzten abade horiek "Gurutzadan" etorritako "nazionalkatoliko" haiek.
Larruskain-Amallo auzoan bizi zen Jose Sagarna Uriarte abade gaztea ere frankistek erail zuten. Auzoko jauntxo bat kontra jarri zitzaion, ustez gona kontuak ere tarteko zirela ( orrialde honetan daukazue istorio osoa, zabal kontatuta http://eibar.org/blogak/orakulua/archive/2006/10/17/704).
Bera fusilatu zuten tokian, 1958an, usteldutako sagarrondo bat erorita zegoen eta "mirariz" berriz tentetu ei zen. Inguruko auzotarrek berehala lotu zuten gertakari harrigarria Sagarnaren heriotzarekin, baina garaiko agintariek era guztietako metodoak erabili zituzten zurrumurru horiek isiltzeko. Gaur egun ez dago arbola horren arrastorik, Markina-Xemeingo udalak 1988an Sagarnaren omenez jarritako gurutze bat baizik.

70 urte pasatu behar izan dira hiletarako. Gehiegi. Gure herriak asko sufritu du urte hauetan guztietan. Baina ea oraingo onarpen honek jazotakoaz pentsatzera garamatzan, berriz ere horrelakorik inoiz gerta ez dadin.
Nork: xabier_larra.2009/07/01 10:34:43.730 GMT+2
Etiketak:
gerra
eliza
abadeak
zibila
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/06/30 17:52:07.805 GMT+2
aspaldiko partez...
Uda ere gainean dugula nabari da, egunotan dugun beroaldia jasan ezinik gaude eta. Egun hauetan eskerrak nahiko lasai nabilen, baina hala ere burua fresko mantentzeko lanak... Ordenagailu patata hau egun osoan biztuta, ez dakizue nolako beroa ematen duen. Gainera, leihoa ezin zabaldu gabera arte... etxea berotuta daukat eta oraindik uztaila ere ez dugu hasi. Pare bat hilabete barru, honek infernuko zuloaren antza handiagoa izango du beste ezerena baino.
Eguraldiari buruz hitz egiten hasita, ezin ETBko mapa famatua aipatu gabe utzi. Atzo agertu zen, EAE, Nafarroa eta Iparraldea elkarrengandik ondo bereizita eta inguruko herrialdeekin (Errioxa, honek mapako protagonista ematen du, Burgos, Kantabria, Aragoi, Bearn...) nahastuta.
Polemika horren erdian hau da nire galdera: ezinbestekoa da eguraldi mapetan muga politikoak jartzea? Eguraldia lurralde politikoen arabera aldatzen al da? Niregatik izango balitz, marra gabe jarriko nuke. Zorionez, natura jakintsua da (esaerak dioen moduan) eta ez du segundorik galtzen gure eztabaida politiko txatxuetan.
Nork: xabier_larra.2009/06/30 17:52:07.805 GMT+2
Etiketak:
bloga
eguraldia
uda
mapa
alferra
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/03/09 11:27:59.910 GMT+1
Ipar Irlandakn atentatua armada britaniarraren aurka
Benetako IRA 1997an sortutako talde armatua da. Irlandako Errepublikako, Erresuma Batuko eta AEBetako gobernuek terroristatzat jotzen dute. IRAren banaketatik sortutako taldea da, IRAren barnean gehienek Belfasteko hitzarmena (Ostiral Santukoa) onartu zutenean. Benetako IRA taldearen helburua Britainia Handiko tropak indarrez Irlandatik kanporatzea eta uhartearen batasun politiko erabatekoa lortzea dira.
Talde honek 1998ko abuztuaren 15ean egin zuen ekintzarik bortitzena, Omagh hirian bonba auto bat leherrarazi zuenean. Beraien helburua poliziaren egoitzaren aurrean atentatua egitea zen baina ez zuten aparkatzeko tokirik izan eta autoa komisariatik 400 metrora jarri zuten. Ondorioz, poliziak okerreko lekuak hustu zituen eta bonba lehertu zenean 29 lagun hil eta 220 zauritu ziren (Ipar Irlandako gatazka odoltsuan hildako gehien utzi zituen atentatua izan zen). Atentatatu horrek jaiotzear zegoen bake prozesua arrisku bizian jarri zuen baina politikarien eta hainbat talderen ahaleginari esker aurrera jarraitu zuen.
Larunbateko atentatuak hainbat erreakzio sortu ditu. Britainia Handiko lehen ministroak adierazi duenez "ezerk ez du bake prozesua oztopatuko, aurrera jarraituko du, Ipar Irlandako biztanle gehienek babesten dute eta". Peter Robinson Ipar Irlandako lehen ministroaren arabera, atentatua "iraganeko gertaeren oroigarri ikaragarria da [...] Atentatu hau gizartean ordezkaritzarik ez duten eta garaipenerako inolako itxaropenik ez duten batzuek egindakoa da". Sinn Fein alderdiko buru Gerry Adams-ek, bere aldetik, dio atentatua burutu dutenek "Irlanda batua lortzeko inolako estrategiarik ez dute. Beraien helburua soldadu britainiarrak berriz ere kalera ateratzea da, Irlanda iragandako gatazkara bueltatzeko. Irlandar errepublikar eta demokratek horren aurka egiteko eta bake prozesua defendatzeko egitekoa dute".
Bake prozesuaren eta Belfasteko hitzarmenaren aurka dauden errepublikarrek, aldiz, bestelako ikuspuntua kaleratu dute. Sinn Fein-en eszizio Republican Sinn Feinn taldeko buru Ruairí Ó Brádaigh-ek, adibidez, honakoa dio: "Britainiar gobernuak eta okupazioak bere hortan dirauten bitartean beraien aurka borrokatuko duten irlandarrak egongo dira. [...] Inork inoren heriotza desio ez duen arren, Irlandako egoerak dakartzan ondorio errealei aurre egin behar zaie bere horretan".
Euskal Herritik askotan begiratu ohi dugu Irlandara. Ez noa egoerak parekatzeko modukoak direnik esatera. Baina kezkaz ikusten dut urte luzeetako gatazka odoltsuaren ondoren hain egoera kritikoan gauzatu den bake prozesua horrelako talde minoritario baten ekintza batengatik arriskuan izatea. Apaltasun guztiz Ipar Irlandako alderdi guztiei eskatuko nieke orain, inoiz baino gehiago, egindako lanari eusteko. Adorerik ez galtzeko eta bake prozesuaren aurka dauden sektore minoritario horiei garaipenerako aukerarik ez emateko. Irlandak merezi du benetako aukera bat heldutasunez eta demokraziaz bere etorkizuna aukeratzeko. Guztiak kontura daitezen armen bidez urteetan eduki duten gatazka behin armak ixilduta konpontzen hasi dela.
Orain, inoiz baino gehiago, bakea eta askatasuna, Irlandan bezala gurean ere.
Nork: xabier_larra.2009/03/09 11:27:59.910 GMT+1
Etiketak:
ipar_irlanda
errepublika
britainia
sinn_fein
ira
_handia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/03/06 13:10:32.805 GMT+1
EAk eserlekua galdu du
Aldaketa horrek Eusko Alkartasuna kinka larrian utzi du. Inoiz baino boto gutxiagorekin (38.000 pasatxo) eta ordezkaritza minimoa lortuta, gezurra dirudi orain dela 20 urte (alderdia sortu zenean) 180.000 bototik gora eta 13 eserleku zituela.
Egoera honen aurrean, alderdiaren sektore "ofizialaren" iritzia izan da urteetan EAJrekin izan duten aliantzak alderdiaren izaera berezia lausotu egin duela eta gizartea ez dela bien arteko ezberdintasunak ikusteko gai izan. Oraingoan jeltzaleen aterkipetik aterata ("independenteak" leloa erabiliz) aurkeztu dira kanpainan. Proposamen berria ere egin zuten (edo betiko ideiaren formulazio berri bat) "polo soberanista" deitua eta kanpainan zehar EAJ-PSE balizko gobernuaren arriskuez mintzatu dira.
Litekeena da gizartearen zati batek urteetan EA EAJren koalizio kide ikusi izana. Horrela bada, 15 eguneko kanpaina bat ez da aski zortzi urtez koalizio kide izandako alderdi handitik bereiztu eta mezu berri definitu bat zehazteko. Bestalde, kontuan izan behar da diskurtso bereziak dituzten arren, EAk eta EAJk gehienbat hauteslego potentzial bera daukatela, tradizio beretik datozela, zuhaitz beraren adarrak direla. Kanpainan mezuen gehiegizko aurkakotasunak herritarrak nahastu dituela dirudi eta horren aurrean indartsuenak du irabazteko aukera gehien, zalantzarik gabe.
EAren baitako sektore "kritikoa" deituak (Gipuzkoako exekutibaren ingurukoak nagusiki) emaitza kaxkar horiek jeltzaleengandik gehiegi aldentzearen ondorio direla dio. Hauen aburuz, abertzaletasuna indartzeko EAJren eta EAren arteko aliantza estrategiko iraunkorra ezinbestekoa da. Ez dute EArentzat EAJ ez den beste aliaturik ikusten (ez hain modu nabarmenean, behintzat) eta EAren sorrerako balioak aipatzen dituzte horretarako: abertzaletasun instituzionala deiturikoa, hain zuzen.
Eusko Alkartasuna sorreratik dialektika horretan egon da, EAJrekiko distantzia argi utzi nahi izan du baina era berean lotura guztiz apurtu arte. Abertzaletasunaren hirugarren bidea sortzea izan da EAko zenbaiten asmoa urteetan, hau da, EAJren eta ezker abertzalearen artean bide propio bat eraikitzea. Orain, aldiz, lehiakide estu bat agertu zaie EAJrekiko harreman hain estuak nahi ez dituzten EAkideei: Aralar. Alderdi berri honek pasa den hauteskundeetan izandako arrakasta EAren porrotarekin bat etorri da. Beraz, pentsatzekoa da EAko boto emaile kopuru esanguratsu bat EAJra aldendu dela eta beste multzo bat Aralarrek jaso duela.
EAk etorkizuna ez du oso argi, etxe barneko gorabeherak konpondu behar ditu lehenengo, abertzaletasuna hain zatituta dagoen garai honetan gizarteari mezu sinesgarri bat eman nahi badio behintzat. Datorren apirileko kongresuan, zuzendaritza berria izendatzeaz gain hurrengo urteetarako bide horria zehaztu beharko du. Zintzotasunez autokritika sakona egiteko garaia heldu zaio, triunfalismoetatik urrun: hutsegiteak aitortu eta konponbiderako bidean jarri.
Nork: xabier_larra.2009/03/06 13:10:32.805 GMT+1
Etiketak:
legebiltzarra
hauteskundeak
eusko
alkartasuna
pse
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/03/06 11:43:15.090 GMT+1
Xabier Zabaltzari elkarrizketa Euskonews-en
Euskal abertzaletasunak hainbatetan erakutsi duen joera historizisten aurrean (historia proiektu politikoak justifikatzeko oinarri bihurtzea, alegia) Zabaltzak historiari buruzko eztabaida arlo akademikora eramatea defendatzen du, eztabaida politikoa herritarren gaur egungo nahi eta beharren arabera egin behar dela defendatuz. Eta, batez ere, ondokoa dio: proiektu politikoak gauzatzeko herritarren onespena lortzea dela ezinbestekoa, beti ere indarkeria baztertuz. Zer esanik ez, bat egiten dut berarekin ondoko hau dioenean:
"Euskal Herria askatzeko, gizaki bakar batek hil behar baldin badu, ez zait interesatzen. Espainiaren batasunari atxikitzeko, gizaki bakar batek hil behar baldin badu, ez zait interesatzen. Gaur egun indarrean diraute Sébastien Castellionek duela bost ehun urte ahoskatu zituen hitzek: “Gizaki bat hiltzea ez da doktrina baten alde egitea, gizaki bat hiltzea baizik”. Gainerako guztiaz eztabaidatzeko prest nago."Elkarrizketa hau Gu, nafarrok liburu argitaratu berria ardatz hartuta egin zioten Euskonews-en. Ez dut oraindik liburua eskuratu eta irakurtzeko aukerarik izan, baina elkarrizketa irakurri ostean horretarako gogoz gelditu naiz.
Ea zuei zer iruditzen zaizuen. Hemen duzue helbidea:
http://www.euskonews.com/0475zbk/elkar_eu.html
Nork: xabier_larra.2009/03/06 11:43:15.090 GMT+1
Etiketak:
espainia
abertzaletasuna
euskonews
herria
zabaltza
euskal
nafarroa
xabier
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/03/05 13:17:28.221 GMT+1
Hauteskunde ostekoak luzerako
Jeltzaleek diote, arrazoiz, beraien zerrenda izan dela bozkatuena (PSErekiko 80.000 botoko aldeaz) eta bigarren alderdiari 6 eserlekuko tartea atera diotela. Horrek Ibarretxek gobernua osatzen hasteko zilegitasuna dakarrela diote. Printzipioz horrela litzateke, funtzioetako lehendakariak lehentasuna du alderdiekin batzartu eta bere hautagaitza aurkezteko. Kontua da EAJk espero baino emaitza hobeak lortu dituen arren, ia-ia balizko soziorik gabe gelditu dela; EAren 2 eserlekuek (ikusteko dago azkenean Arabako azkena mantenduko duten) eta EBren bakarrak ez dio lehendakaritzarako aterik irekiko. Aralarrek argi esan du bere iritziz Ibarretxe izan beharko litzatekeela lehendakari (lehen alderdia izateaz gain bozka abertzaleak españolistak baino gehiago direlako, hain zuzen). Hala ere, lau alderdiok momentuz 37 eserleku dituzte, hau da, gobernatzeko beste talde baten abstentzioa (gutxienez) beharrezkoa lukete eta legebiltzarra dagoen bezala ia-ia ezinezkoa da hori.
PSEk inoiz autonomikoetan lortutako emaitzarik onenak lortu dituen arren (315.000 bototik gora) ez ditu bere espektatibak bete. Hau ez dute onartu sozialistek (eta ez dirudi onartuko dutenik ere, beraien triunfalismo horretan erabat murgilduta daude eta) baina iazko hauteskunde orokorretan lortutako 430.000 botoetatik urrun gelditu dira. Beraien helburua alderdirik bozkatuena (edo gutxienez eserleku gehien zituena) izatea zen, beraiek bakarrik gobernatu eta unean-uneko aliantzak egiteko parlamentuan jeltzaleen edota popularren babesa jasoz. Hori argi daukat. Izan ere, diskurtsoak idazten dizkionak hauteskunde gauekoa badirudi zenbait egun lehenago idatzi zuela. Emaitzen pantaila aurrean zuen arren, ez zirudien konturatu zenik irabazlea zein izan zen. Ibarretxeri beste hautagai guztiek (Fatxagoiti eta Rosita kenduta, nola ez) zorionak eman zizkioten, baina Lopezek argi utzi zuen ez zuela horrenbesterako erreflexurik. Ideia bakarra zekarren buruan, garailea bera zela, eta datuek kontrakoa esan arren ez zuen bere orgasmo elektorala zapuzterik nahi izan. Baina errealitatea errealitatea da, eta PSEk 24 legebiltzarkiderekin (nahiz eta PSErentzat emaitza oso onak izan) ezingo dute bakarrik gobernatu, edo ez zaie uste bezain erraza izango behintzat.
Alderdi Popularrak argi esan du bere botoekin "benetako alternatiba" bultzatuko duela. Ez dakit ondo horrek zer esan nahi duen, ze Patxi Lopezen kontra ere sarri hitz egin dute gogor, baina Ibarretxe paretik kentzeko duten obsesio konpultsibo horrek badirudi PP eta PSEren arteko amildegian zubi bat baino gehiago eraikiko dituela (orain dela 8 urte edo 4 urte legez). PPk, noski, ez du dohainik emango babes hori, Arabako Foru Aldundia izan daiteke popularrek eskatuko duten saria.
Sistema parlamentario batean (beraz, ez sistema presidentzialista batean) argi dago lehendakari izango dela legebiltzarrean babes gehien duena. Ez du zertan alderdi bozkatuena izan behar (gehiengo absoluturik lortzen ez badu, behintzat) eta EAJko zenbait buruzagik arlo horretan erakutsitako jarrera desegokia iruditu zait. Baina Patxi Lopezek ere argitu egin behar du zein izango den bere bidea eta lehendakari serioa izan nahi badu emaitzak ikusi, aztertu eta onartu dituela erakutsi.
Nork: xabier_larra.2009/03/05 13:17:28.221 GMT+1
Etiketak:
alderdiak
eae
lehendakaria
ibarretxe
hauteskundeak
lopez
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/03/02 13:37:09.435 GMT+1
Zergatik ez dut PSE-PP-UPD gobernua bideragarri ikusten?
1- Hiru alderdi horien (PSE, PP eta UPD) dagoen distantzia ideologikoagatik. Gobernuaren helburu bakarra orain arteko hirukoa ordezkatzea izango litzateke. Hasieran neurri "espektakularrak" egingo lituzkete, beraien arteko batasuna agertzeko... baina epe ertainera argi geldituko litzateke programen aurkakotasuna. "Arrakasta" bakarrak orain arte lortutakoaren aurka joatean izango litzateke (euskararen kontra, erabakitze eskubidearen kontra...) baina eguneroko politikan (krisia, langabezia, zergak, azpiegiturak...) konpondu ezineko desadostasunak dituzte.
2- PP eta PSOE elkarren etsaiak dira estatuan. PPk PSEri jaurlaritza eskaintzea, hasieran, ondo ikusiko lukete Espainiako PPn, baina sozialistak denbora igarota hor jarraitzen dutela jakiteak nahitaezko desgastea ekarriko die espainiar eskuindarrei.
3- UPDk harreman gatazkatsuak ditu biekin. Gogoratu Rosa Díezek nola utzi zuen alderdi sozialista, zer nolako gauzak esan eta egin ondoren. PPrekin, aldiz, lehia elektoral gogorra izan du; UPDk loditzeko behar dituen botoak, inondik ateratzekotan, PPri kenduta lortu behar ditu, ez du beste aukerarik.
4- ZPk nahi duen bezala esango du Patxi lehendakari ikusi nahi duela, baina ez ahaztu Madrileko kongresuan ezinbestekoak zaizkiola EAJren sei eserlekuak aurrekontuak eta lege garrantzitsuenak aurrera ateratzeko. EAJren babes hori galduta, nor izango luke aliatu? CiUren kasua oso zaila da, Katalunian lehen alderdia izan arren (bai boto eta baita eserlekuetan ere), PSC-ERC-IC koalizioak gobernatzen baitu. CiUk ez dio ZPri bere babesa ezeren truke utziko. Beraz, ZPk aukeratu egin beharko du bere aliatua Madrilen: EAJ edo CiU. Eta bere aliatua denari utzi egin beharko dio gehiengoa duen erkidegoko gobernua.
5- Aldaketarako gobernu posible horrek (PSE-PP-UPD) ez du gestio esperientziarik. Kataluniako hirukoaren kasuan (PSC-ERC-IC) Generalitat-eko gobernura iritsi aurretik esperientzia handia zuten elkarlanean, besteak beste, Bartzelonako udalean. PPk eta PSEk elkarrekin gobernatutako udaletan, aldiz, ezegonkortasuna izan da nagusi, gatazka gogorrak bizi izateraino (gogoan izan Donostiako udalean Maria San Gil eta Odon Elortzaren arteko liskarrak).
Beste arrazoiren bat bururatzen zaizue?
Nork: xabier_larra.2009/03/02 13:37:09.435 GMT+1
Etiketak:
pp
upd
legebiltzarra
pse
jaurlaritza
hauteskundeak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)