Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2011/11/24 13:37:24.029 GMT+1

Nafarroako emaitzen inguruan

Atzoko artikuluan Euskal Autonomia Erkidegora mugatu nuen analisia (bertan bizi naizenez, gertuagotik eta, ustez, sakontasun handiagoz ezagutzen dudalako). Gaurkoan Nafarroako Foru Erkidegoko emaitzei erreparatzea gustatuko litzaidake.

2008ko hauteskundeetan UPNk 2 diputatu lortu zituen, PSNk beste 2 eta Nafarroa Bai koalizioak . Azken hori Aralarrek, Eusko Alkartasunak, Euzko Alderdi Jeltzaleak eta Batzarrek osatu zuten. Ordutik hona Batzarrek koalizioa utzi zuen eta Ezker Batuarekin elkartu zen 2010ean; Eusko Alkartasunak gauza bera egin zuen 2011ko udal hauteskundeen aurretik, eta Bildu koalizioan sartu zen. Hala, hauteskunde horietan Aralar, EAJ eta independente talde batek osatu zuten, Nafarroa Bai 2011 izenarekin. Geroztik, Aralarrek bat egin zuen EAk, Alternatibak eta ezker abertzale ofizialak egindako deiarekin, hauteskunde orokorretara elkarrekin joateko. Nafarroa Bai-ko independenteek eta EAJko kideek, aldiz, ezezkoa eman zioten. Beraz, Nafarroan, EAEn bezala, bi hautagaitza abertzale izan dira hauteskunde hauetan: Amaiur eta Geroa Bai (EAJk eta independenteek osatutakoa).

Inkesta gehienek ziurtzat jotzen zuten Amaiurrek Nafarroan eserleku bat lortu ahal izatea. Aldiz, Geroa Bai-ko hautagai Uxue Barkos (zortzi urtez Nafarroa Bai-ko diputatu izana) Kongresutik kanpo geldituko zela zioten. Azkenean, Geroa Bai-k sorpresa eman eta eserlekua lortu du, UPN-PP koalizioari 250 botoko aldea aterata. Beraz, lehenengoz Nafarroako ordezkaritzak bi kide abertzale izango ditu Madrilen: Amaiurko Sabino Cuadra eta Geroa Bai-ko Uxue Barkos. Abertzaleentzat albiste ona izan arren, gogoeta ere eragin beharko lukeela uste dut.

Beste ezer baino lehen, aipatu behar da bi talde abertzaleen arteko aldea uste baino askoz txikiagoa izan dela (Amaiur 49.100 boto, Geroa Bai 42.411 boto). Bi gauza aipa daitezke horrekin: siglen batuketak ez duela espero besteko boto gehikuntzarik nahitaez ekarri behar (Amaiurren kasua), eta batasun horri uko egiteak talde bat egoera agonikoan jar dezakeela, ordezkaritza galtzeko zorian (Geroa Bai-ren kasua). Batzuek esango didate guztiak batera joan izan balira Geroa Bai-ko boto emaile batzuek ihes egingo zutela, ez zeudelako horrelako aliantza baterako prest, eta abertzaletasunaren baitako aniztasuna gauza ona eta osasungarria dela. Baliteke, baina nire ustez euskal abertzaletasunak ezin du banatuta egoteko luxuarekin jarraitu, Nafarroan behinik behin. Izan ere, sentsibilitate biak elkartuta, Nafarroako bigarren zerrenda bozkatuena izango litzateke abertzaletasuna, benetan UPN-PPri aurre egiteko aukerarekin. Banatuta dauden neurrian, eskuin “nabarrista” españolistak ez du bere nagusitza arriskuan ikusiko, eta Nafarroa euskaltzalea eta aurrerakoia gutxiengo baten kontua balitz bezala aurkezten jarraitu ahal izango dute.

Errezeta magikorik ez dago, baina Nafarroan zubiak eraikitzea ezinbestekoa da inondik inora. Lortutako emaitzen euforia pasata, arrazoizko gogoeta sakona egingo al dute bertan?

Nork: xabier_larra.2011/11/24 13:37:24.029 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/11/23 11:31:02.686 GMT+1

Hauteskunde ondoren, politika fikzioa?

Igandeko hauteskunde orokorrek erreakzio ugari sortu dituzte dagoeneko. Euskal Autonomia Erkidegoan, urrutira joan gabe, Amaiurrek, EAJk eta Ezker Batuak adierazi dute (bakoitzak bere aldetik) hauteskunde autonomikoak aurreratzea komeniko litzatekeela.

Eztabaida hau ez da berria; asko-gutxi 2009ko hauteskundeen ondotik sortu zen, orduan aukeratutako Legebiltzarrak ez zituelako EAEko gizartearen sentsibilitate guztiak ordezkatzen. Hain zuzen, hauteskunde horietan ezker abertzale ofiziala legez kanpo egonda lortu zuen bloke "konstituzionalistak" (PSE-PP-UPyD) eserlekuen gehiengoa, eta horregatik da, gaur egun, Patxi Lopez lehendakari.

2009tik hona egoera politikoa asko aldatu da. ETAk behin betiko borroka armatua utzi duela iragartzeak euskal politikaren jokoko kartak aldarazi ditu nabarmen, eta argi gelditu da ilegalizazioan oinarritutako estrategia albo batera uzteko beharra. Horrek, nire ustez, Legebiltzarra egoera berrira egokitzea eskatzen du hauteskunde demokratikoen bidez. Egia da ez dela ezinbestekoa, azken finean jaurlaritzak orain arteko babes parlamentario bera izaten jarraitzen baitu. Baina demokratikoa omen den gizarte baten ordezkaritza bertara egokitutako legebiltzar batek egin beharko luke, zalantzarik gabe.

Argi daukat ez dela horrelakorik gertatuko epe laburrean. PSEk asko kostatako postu hori mantentzeko eginahal guztiak egingo dituelako, eta Ferraz-eko zuzendaritzak ez diolako utziko momentuz manten dezakeen gobernu autonomikoa arriskuan jartzen (Andaluziakoa, antza denez, galdutzat ematen dute honezkero). PPk, bere aldetik, bere esku dauka lehendakariaren etorkizuna, nahiz eta pentsaezina izan Lopezen aurka zerbait egingo duela; besteak beste, orain duen eragin ahalmen handia galtzea ekarriko bailioke horrek. EAJren kasuan, berriz, lehendakaritza berreskuratzeko nahia izan arren, ez dute aparteko presiorik egingo horretan, ez behintzat lehendakaritzarako hautagairik izendatu arte (Euzkadi Buru Batzarra eta bestelako barne organoak berritu ondoren). Eskaera horiek egiten jarraituko dute agian, baina aho txikiarekin beti ere, jakinda ez dela epe motzean horrelakorik izango (eta beraiei ere ez zaiela horrelakorik komeni).

Horrela bada, une honetan hauteskunde autonomikoak aurreratzea Amaiurrentzat izan daiteke ona, beste inorentzat ez. Galtzeko askorik ez dute, eta "tsunamiak" lagundurik emaitza onak izan ditzakete, oraindik ere bere antolamendua eta funtzionamendua behar bezala zehaturik ez baditu ere. Gainera, egokiago zaio Sortu auzia behin betiko konpondu arte itxarotea, baita zenbait kasu argitzea ere, Bateragune auzia adibidez.

Hori guztia horrela izanik ere, politika fikzioan murgilduko gara; igandekoak balizko hauteskunde autonomikoak izan balira zer gertatuko litzateke? Emaitzak inoiz baino estuagoak izango lirateke: EAJk 20 eserleku, Amaiurrek 20, PSE-EEk 18, PPk 15 eta EBk 2. Kontuan izanda gehiengo absolutua izateko 38 eserleku behar direla, alderdi batek ere ezingo luke bakarrik gobernatu; edozein gobernuk lau handietatik biren parte hartzea ekarriko luke nahitaez. Ez litzateke, inola ere, erraza izango gobernu egonkorrik osatzea:

  • EAJ eta Amaiur elkartuta, 40 eserleku izango lituzkete. Horixe izango litzateke bi alderdik osatutakoen artetik babes handienekoa. Edonola ere, alderdi biok elkarren artean duten lehia kontutan izanda, zail-zaila da horrelakorik imajinatzea. Abertzaletasunaren baitako hegemoniaren borrokan sartuta daude biak, eta batera gobernatzeak besteari laguntzea suposatuko lieke.
  • EAJ-PSE gobernuak ozta-ozta lortuko luke gehiengo absolutua (38 eserleku). Realpolitik-aren arabera, gertagarriena izango litzateke, baina 2009ko hauteskundeen ondoren gertatutakoak (EAJ, alderdi bozkatuena, lehendakaritzatik kanporatzea) zauriak utzi zituen jeltzaleen artean. Bestalde, “aldaketan” oinarritutako gobernu sozialista bultzatu dutenak, orain, EAJren ondora gerturatzea koherentzia falta handiegia izango litzateke (arazoa ote PSErentzat?).                     
  • PSE-PP oraingo gobernuak ez luke behar besteko babesik izango. Hauteskunde hauetako emaitzek erakutsi dute, besteak beste, era bateko edo besteko abertzalerik gabe ezin dela gehiengorik osatu EAEn (orain arte ere frogatu ahal izan den bezala), horretarako iruzur eta "putxerazorik" erabiltzen ez bada behintzat.
  • Amaiur-PSE binomioak ere 38 eserleku izango lituzke. Ia-ia ezinezkoa PSEko legebiltzarkideak ezker abertzaleko lehendakari bat babesten ikustea. Estatu mailan, gainera, Kataluniako Tripartit-a babesteagatik horrelako egurra jasan zuen PSOEk zer ez luke jasan beharko horrelako itun batengatik? Etorkizunean izan daiteke horrelakorik, baina oraindik orain ametsetan ere zail zaigu irudikatzea.
  • Emaitza horiekin EAJ-PP balizko gobernuak ez luke gehiengorik izango. Edonola ere, pentsa liteke egunen batean gertatuko dela, olatu urdina EAEra gerturatu ahala.
  • Amaiur-PP gobernua egunen batean? Nork daki! Inork usteko zukeen orain hamabost urte Ipar Irlandan DUPk eta Sinn Féin-ek batera gobernatuko zuketenik?

Ondorioz, argi dago alderdi sistema aldatzen eta sinplifikatzen ari dela. Alderdi nagusi baten eta ertain eta txiki batzuen sistema izatetik, nahiko parean leudekeen lau alderdiren sistemara gerturatzen ari gara. Horregatik, etorkizunean bestelako aliantzak ezagutuko ditugu, orain arte pentsatu ere ezin zirenak. Bake eta normalizazio egoera berriaren ondorio izango dira inondik inora.

Nork: xabier_larra.2011/11/23 11:31:02.686 GMT+1
Etiketak: pp eaj amaiur legebiltzarra eae pse politika hauteskundeak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/10/23 19:39:39.215 GMT+2

Bake bidean aurrera goaz!

Beti gertatzen zaidan bezala, hileak pasa dira "txokotxu" honetan ezer idatzi barik. Amaitzear daukagun aste honek, baina, ez du onartzen ezer esan gabe geratzerik. Izan ere, asteon egondako hiru gertakarik Euskal Herrian bakea sendotzeko aukera indartu dute: asteleheneko Nazioarteko Bake Konferentziak, asteartean Ezker Abertzaleak bezperako bilkura horren ondorioei erakutsitako babes irmoak eta osteguean ETAk kaleratutako mezuak.

Aitortu behar dut oraindik ez naizela gai horrek guztiak esan nahi duena behar bezala liseritzeko. Dena den, gustatuko litzaidake hemen ideia batzuk zehaztea, beste ezer baino gehiago, neure burua ordenatzeko (irakurleok nahastuko bazarete, barkatu!).

Asteleheneko Konferentzian nazioarteko goi mailako lantalde batek bake eta normalizazio prozesuan eman beharreko pausoak zehaztu zituen dokumentu batean. Labur-labur esateko, honako hauek:
  1. ETAri borroka armatua behin betiko uzteko deia.
  2. Espainiako eta Frantziako gobernuei ETArekin mahai berean esertzeko eskaera, gatazka armatuaren ondorioak negoziatzeko (presoen egoera, nagusiki).
  3. Biktima guztienganako errekonozimendua eta babesa.
  4. Eztabaida politikorako askatasuna.
  5. Nazioarteko begiraletza iraunkorra sortzea.
Konferentzia horrek alderdi politiko eta eragile sozial askoren babesa lortu zuen; UPyD eta PP izan ezik, gainerako alderdiak bertaratu ziren, eta ETAren biktimetako batzuek ere babesa agertu zioten. Edonork daki puntu horiek ez direla berez sortu, ezta ez dituela K. Annan eta bere taldeak asmatu. Urte luzeetan Euskal Herriko hainbat alderdi eta eragilek antzeko "konponbide horriak" proposatu ditu gatazka armatua atzean utzi eta gatazka politikoa bideratzen hasi ahal izateko. Dena den, esanguratsua da nazioarteko zein pertsonaia garrantzitsuk babesa eman dioten: Nazio Batuen idazkari orokor ohi bat, Irlandako Errepublikako eta Norvegiako lehen ministro ohi bana, Frantziako barne ministro ohi bat eta Erresuma Batuko gobernukide ohi bat. Horiez gain, Irlandako bake prozesuan partehartze erabakigarria izan zuen Gerry Adams Sinn Féin-eko burua ere bazegoen (ezaguna baita SFek zein Adams berak ere Euskal Herriarekiko duen lotura). Beraz, esan daiteke talde hori ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Maila horretako jendeak ez du horrelako dokumenturik sinatzen kontua aurrez behar bezala bideraturik dagoela ziur jakin gabe. Hala ere, betikoen aldetik irainak eta mespretxuak jaso behar izan dituzte, titular benetan higuingarriak egiteraino (ETAren zerbitzupean daudela, ETAk ordaindutakoak direla, etab.).

Biharamunean, urriak 18, Ezker Abertzaleak prentsaurreko batean erabateko babesa eskaini zion Konferentziako dokumentuei, eta, beste ezer baino lehen, ETAri borroka armatua uzteko eta gobernuei negoziazioak onartzeko deia egin zien. Luzaro hitz egin daiteke Ezker Abertzale ofizialak izandako bilakaerari buruz, ea zergatik ez zuten gauza bera egin orain hamar urte, edo hogei edota hogeita hamar. Beraien hitzetan, barne hausnarketa garrantzitsu baten ondorio izan da, eztabaida garrantzitsuak izan dituzte barnean... Beste askoren arabera, ezker abertzalea egoera honetara heldu da ahul dagoelako, legez kanpo eta bere buruzagi esanguratsuenak (Arnaldo Otegi...) espetxean. Nik uste, horrek bere eragina izan duen arren, Ezker Abertzaleak azken urtean izandako itun eta dokumentu adostuetako negoziazioak bultzatu duela horretara; hasieran, eta "Zutik Euskal Herria" ponentziaren ondoren, Eusko Alkartasunarekin izenpetutako "Lortu Arte" eta "Euskal Herria ezkerretik" idatziak (azken hori Alternatibak ere sinatua), Bilduk lortutako emaitza esanguratsuak eta Gernikako Akordioa (Bilduko kideez gain, Aralar eta beste hainbat eragile ere batu zituena). Ibilbide horrek guztiak emaitza garrantzitsua ekarri dute, inolako dudarik gabe.

Astearen gailurra, edonola ere, ostegun arratsaldean iritsi zitzaigun. Euskal herritar gehienok denbora luzez amesten genuen borroka armatuaren amaiera aspaldian bizi izan gabeko albiste pozgarria izan zen. Oraindik bide luzea dugu bakezko Euskal Herria eraikitzeko, eta indar handia beharko dugu. Baina, uste dut, honeraino heldu izanaren pozez, ospatzeko eta pozik egoteko eskubidea dugula. Arazo asko konpontzeke ditugu (biktimen egoera, presoak, berradiskidetzea...), egia. Hala eta guztiz ere, honelako uneek ematen duten pozak emango digu, bere aldetik, aurrera egiteko beharrezko indarra.

Hemendik aurrera, guztiok, galtzeko baino irabazteko gehiago dugulako... ZORIONAK, EUSKAL HERRIA!

Nork: xabier_larra.2011/10/23 19:39:39.215 GMT+2
Etiketak: bakea azkenean | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/05/25 12:17:52.918 GMT+2

Hauteskunde biharamunak

Kanpainan zehar ez dut ezer idatzi hemen, baina gaurkoan hauteskundeen emaitzei buruz aritu nahiko nuke. Oraindik alderdiak emaitzen liseriketa egiten ari diren arren, badoaz kontuak pixkanaka argitzen, eta ondorio batzuk atera genitzake honezkero.

Lehen puntu bezala, aipatu daiteke kanpaina inoiz ez bezalako normaltasunez (nik neuk gogoratzen dudala behinik behin) egin ahal izan dutela alderdi politikoek, eta, nahiz eta gaur-gaurkoz Sortu legez kanpokoa izan, joera politiko horretako jendeak beste aukera baten alde egin du kanpaina (Bildu). Bilduren inguruko sasi-epaiketa horiei buruz aurreko idatzietan agertu dut nire iritzia, eta hemen ez dut ezer berririk esango. Beraz, emaitzen ingurukoak aztertzera mugatuko naiz.

Euskal Autonomia Erkidegoari bagagozkio, hauteskundeok garaile argi bi izan dituzte (maila berean izan ez arren): Euzko Alderdi Jeltzalea eta, batez ere, Bildu. Lehenengoak boto kopuru handiena jaso du (333.000 boto baino gehiago), eta alderdi garrantzitsuena izaten jarraitzen du Bizkaian eta Bilbon (azken honetan erabateko gehiengoa lortuta). Dena den, inkesta batzuek Gipuzkoan eta Araban ere alderdi bozkatuena izango zela zioten, baina horrelakorik ez da gertatu; horietan bigarren alderdia izan da, Gipuzkoan, batez ere, lehenengo alderdiarekiko distantzia handiarekin.

Bilduk, bere aldetik, aurreikuspen guztiak gainditzea lortu du. Gipuzkoan alderdi bozkatuena izan zitekeela nabari zen, baina ez dut uste inork pentsatuko zuenik Batzar Nagusietan 8 eserlekuko aldea aterako zionik EAJri. Donostiako Udalean ere Bildu izango da talderik handiena, ustez garaitezina zen Odon Elorzari aurrera hartu ondoren. Arabako eta Bizkaiko Batzar Nagusietan ere ustegabeko emaitza onak eskuratu ditu, eta zer esanik ez hainbat eta hainbat udaletan.

Bilduren emaitzek euskal abertzaletasunaren sinplifikazioa ekarri dutela dirudi. Zentzu horretan, bi taldetan bereizten da, tradizionalki ezker abertzalea eta nazionalismo historikoa edo instituzionala deiturikoetan. Aralarrek, bi polo horien artean, bere lekua aurkitu nahian parte hartu du hauteskundeetan, baina jokaldia ez zaio uste bezala atera. Emaitza kaxkarrak izan ditu, Gipuzkoan eserleku bakarra lortu eta Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusietatik eta udaletxe nagusienetatik kanpo gelditu da. Orain 10 urte hasitako bidea bere helmugara heldu dela dirudi, ezker abertzale zibil eta demokratikoa hor baitago, baina harrigarria iruditzen zait Aralar (horretan bide urratzaile izan dena hamarkada honetan) hor ez izatea. Gatazkak egongo dira Aralarren eta Bilduko kideen artean, harremanak ez dira errazak izango, eta gerturatze lana gogorra izango da oraindik, baina ez dut beste biderik ikusten. Ez Aralar desagertuko delako (2003ko hauteskundeen parera bueltatu da gutxi gorabehera, kontuan izan 2007an Ezker Batuarekin aurkeztu zela), bere helburua bete duelako baizik. Bakarrik hasi zuen bidea, ezker abertzalean birsortze demokratikoa lortu ahal izateko, eta hori aitortu behar zaiola uste dut. Baina etorkizun hurbilean Bildurekin elkarlana ez den beste aukera askorik ez diot ikusten.

Hauteskundeotako galtzaile nabarmena PSE da, inolako zalantzarik gabe. Estatu osoan bezala, EAEn eta Nafarroan ere beherakada nabarmena izan du. Hala, EAEn, boto kopuruari dagokionez, hirugarren alderdia da Batzar Nagusietan, eta hainbat udal galdu ditu edo galtzeko arrisku handia du, Donostia eta Gasteiz tartean. Krisialdi ekonomikoa izan daiteke arrazoietako bat (alderdiak berak adierazi duenez), baina, nire iritziz, emaitzek Patxi Lopezen jaurlaritzaren aurkako jarrera argia ere erakusten dute. Berme demokratiko gabe egin ziren 2009ko hauteskunde haietan PSE-PP itunak sortutako gobernuari abisu serioa eman zaiola iruditzen zait.

Ikusiko dugu nola osatzen diren erakundeak. Gako nagusia Gipuzkoako Aldundian eta Donostiako udalean dago, PPk eta PSEk edozein modutan Bilduk agintzea eragotzi nahi dutelako. Zer egingo ote du EAJk? Bilduren aurkako balizko blokeoak ez ote du sektore horren jarrera erradikalagoa bihurtuko? Ilegalizazio mehatxuaren aurka Bilduri botoa eman diotenak ez ote dira are gehiago ugarituko ukazioa besterik jasotzen ez dutela ikusita?

Beti bezala, hauteskundeek erantzunak baino galdera gehiago utzi dizkigute mahai gainean.

Nork: xabier_larra.2011/05/25 12:17:52.918 GMT+2
Etiketak: hauteskundeak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/05/06 09:44:59.815 GMT+2

Guztiok egongo gara!

Kostata, baina iritsi da albiste lasaigarria: Konstituzio Auzitegiak onartu egin du Bildu koalizioak eskatutako babes helegitea, eta, ondorioz, hil honen 22an izango diren udal eta foru hauteskundeetan parte hartzeko aukera izango du, beste alderdi guztien eskubide eta betebehar guztiekin. Pozgarria, benetan, herri honen normalizazio politikoa nahi dugun guztiontzat!

Egungo egoeraren antzekorik ez dut ia gogoratu ere egiten. Datozen hauteskundeotan, su-eten sendo bat izango dugu, eta, aldi berean, herritarrek gustokoen duten zerrendari eman ahal izango diote botoa, baliogabe geratzeko beldurrik gabe.

Une honetatik aurrera, ez dago aitzakiarik, alderdi bakoitzak bere egitasmoak argi eta garbi herritarrei aurkezteko. Iraganeko mamuak albo batera utzi, eta bakoitzak bere ideietatik herri hobe bat eraikitzeko lan egitea geratzen zaigu bakarrik.

Tristea da, jakina, Euskal Herrian funtsezko eskubide bat (parte hartze politikoa) honelako zirko mediatiko sasi-judizial eta pseudo politikoen menpe egon behar izatea. Konstituzionalean gertatutakoa ere ez da, inondik inora, guztiz lasaitzekoa, bozketaren emaitza justu-justukoa izan baita. Baina, gaur, ez dut horretaz hitz egin nahi. Jasotako albisteaz gozatu eta zuekin partekatzea baino ez nuen nahi. Ondo izan!

Nork: xabier_larra.2011/05/06 09:44:59.815 GMT+2
Etiketak: eskubideak auzitegi konstituzionala hauteskundeak bildu | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/05/03 10:19:03.273 GMT+2

Hilketaren ostean, mundua lasaiago?

Atzokoan Bilduren aurkako epaiketa komentatu ondoren, gaurkoan Osama Bin Ladenen hilketa hartu nahi nuke hizpide. Igandetik astelehenerako goizaldean, Washington-eko Etxe Zurian emandako prentsaurrekoan, Barack Obama presidenteak esan zuen "Amerikako Estatu Batuek Osama Bin Laden, Al Qaedako liderra, hil dutela". Ordutik aurrera mundu seguruago batean bizi omen gara, historiako terroristarik gorrotatuenetakoa akabatu eta gero.

Ia 10 urte igaro dira Dorre Bikien eta Pentagonoaren aurkako eraso bortitz hartatik, eta AEBek direnak eta ez direnak egin dituzte atentatu horien erantzule goren jotzen zutena harrapatzeko. Afganistanen aurkako inbasioa eta Irakeko gerra helburu horrekin saldu nahi izan dituzte, eta herrialde horiek (aurretik, esan beharra dago, diktadura bortitzen menpe zeudenak) sasidemokrazia halamoduzko bihurtu eta barneko taldeen artean gatazka armatuak (gerra ere dei genitzakeenak) bortitzago bilakatu dira.

Kontua da, baina, Bakearen Nobel Saria duen batek gidatutako armadak teorikoki bakean zegoen herrialde batean (Pakistan) etxe bat bonbaz eraso eta hilketa bat egin duela. Gainera, harrotu egiten dira egindakoaz, eta guztiok poztu beharko ginatekeela diote behin eta berriz.

Inondik inora ez dut ezelako begikotasunik zibilen aurkako hainbeste hilketaren erantzule den Bin Ladenekiko. Areago, egindako krimen guztiengatik nazioarteko justiziaren aurrean (horrelakorik baldin badago, behintzat) erantzun beharko zukeela uste dut. Baina ezin dut inola ere onartu horrelako eraso batean akabatuta guztiok zoriontsu eta bakean biziko garela sinestaraztea. Justizia baino gehiago mendeku gordina bilatzen duen sistemaren ondorioa baino ez baita gertatutakoa.

Al Qaeda taldeak egindako atentatuetan senide edo lagunen bat galdu dutenen egoera ez dut uste asko hobetu denik ekintza honekin. Hiltzailerik handiena eskura izan eta, atxilotu beharrean, tiroz hil eta itsasora botatzen duenak ba al du gizatasunik? Ez ote da muturreko taldeen erradikalizazioa bultzatzeko arriskurik sortuko?

Niri neuri, behintzat, kezkagarria iruditzen zait egunero buru gainetik pasatzen zaigun hegazkinetako batek etxe bat tirokatu eta jendea hiltzeko eskubidea duela pentsatzea. Gaizkilerik handienaren atzetik badabiltza ere, zoritxarrez, behin baino gehiago huts egin baitute.

Ez dut negarrik egingo Bin Laden hil dutelako. Baina gogoeta egin behar dugula iruditzen zait, gaur egungo mundu "demokratiko eta askeak" gaizkileen kontra egiteko erabiltzen dituen bitartekoez.

Nork: xabier_larra.2011/05/03 10:19:03.273 GMT+2
Etiketak: osama bin hilketa laden | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/05/02 12:32:11.135 GMT+2

Bilduren kontrako epaiketaz

Hile batzuk eman ditut blog hau ukitu ere egin gabe, baina, beste behin, egoera kezkagarriak bultzatu nau bertora. Bart gauean Espainiako Auzitegi Gorenak Bildu koalizioaren aurka aurkeztutako inpugnazioak berretsi zituen, eta, horrela, koalizio horri datozen udal hauteskundeetarako bidea itxi zion. Beste behin, herritar askori oinarrizko eskubide bi (sufragio pasiboa edo hautagai izateko eskubidea, eta sufragio aktiboa edo nahi duen hautagaiari botoa emateko eskubidea) larri mugatu zaizkie.

Auzitegi Gorena zatituta ageri da erabaki honen inguruan; 9 magistratuk Bildu debekatzearen alde egin dute, eta 6k kontra. Sortu-ren legez kanporatzearen epaian gertatutako emaitza ia berbera, hain zuzen (oraingoan Sortu-ren ilegalizazioaren kontra bozkatu zuen epaile bat abstenitu egin da). Hemendik aurrera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren esku geratu da azken erabakia hartzea; Bilduren defentsak bi eguneko epea du babes helegitea aurkezteko, eta AKk barikua baino lehen eman behar du behin betiko epaia, egun hortan hasiko baita hauteskunde kanpaina (maiatzaren 6tik 20ra). Nire helburua ez da analisi juridikoa egitea (ez dut uste prozesu horrek guztiak analisi seriorik jasango lukeenik), baina puntu batzuk azpimarratu nahi nituzke, beti ere prozesu politikoa, ez juridikoa, dela frogatzeko.

Bildu Alternatiba eta  Eusko Alkartasunak sortu dute, eta ezker abertzaleko independenteak ere bat egin dute proiektu horrekin. Beraz, oinarrian, legezko alderdi politiko bi ditugu, label demokratikoak banatzen dituen PPSOE koalizioa besteko demokratikoak, gutxienez. Egia da herri askotako Bilduren zerrendak independenteek osatzen dituztela ia erabat, ez baita EA edo Alternatibako kiderik, baina koalizioaren izenean aurkeztutako hautagai guztiek kode etiko bat sinatu dute, borroka armatuaren bidea gaitzetsi eta bide demokratiko eta zibilen aldeko apostua eginez. Gezurra, hemen, edozeinek esan dezake, baina pertsona batzuek publikoki konpromiso bat hartze badute sinesgarritasun presuntzioa aplikatu behar zaie; inongo alderdi politikoko kide ez izateak, ezin du inor susmagarri bihurtu, Euskal Herrian, zoritxarrez, sarri ikusi izan dugun bezala.

Prozedura horrek oinarrizko printzipio juridikoak hankaz gora botzen ditu, besteak beste, Espainiako Konstituzioan (PPSOEk hainbeste goraipatzen duen testuan) 9.3 artikuluan jasotako legalitatea, eskubide indibidualak murrizten dituzten arauen atzeraeraginik eza eta segurtasun juridikoa. Izan ere, Fiskaltzak aurkeztutako alegazioetan jartzen diren froga asko ekintza legalak egitean oinarritzen dira; ezker abertzaleko alderdiak legalak zirenean hautagai izana, interbentore aritu izana, Gazte Egunean parte hartu izana, ez dakit nongo manifestazioetan kartelak egin izana... asko eta asko, jakina, atxilotutako ustezko etakideen adierazpenetatik ateratako datuak dira (nola lortutako datuak?). 2002ko Alderdi Politikoen Legeak, beraz, atzeraeragina sortzen du zenbait herritarrengan (50.000ko zerrenda bat aipatzen da, Espainiako Poliziaren esku omen dagoena): epaiketarik izan gabe, beraien burua defenditzeko aukerarik gabe, herritar arruntak ETAren kolaboratzaile bihurtu dira goizetik gauera, askotan beraiek jakin gabe. Onartezina, alde guztietatik begiratuta!

Kontua ez da hor amaitzen, baina. Oraingo zerrendetan "kutsatuta" zeudenak eskubide politiko mugatuekin geratzen dira, baina zer gertatzen da "garbi" zeudenekin? Ez ote ditu, hemendik aurrera, Espainiako "justiziak" horiek ere kutsatutzat hartuko? Hurrengo hauteskunderen batzuetan parte hartzeko aukera izango ote dute? Elur bolak handitzen jarraituko al du eten gabe? Noraino helduko gara hori guztia geldiarazten ez badugu?

Alderdi Popularra, jakina, pozez zoratzen agertu da erabaki horrekin. Besteen eskubideak mugatzea txalogarri zaie, beste guztiak zikinduta omen daude... Ez ote dute hau guztia beraien zikinkeria ezkutatzeko egiten? Eskubide demokratikoen kontrako Gurutzada Santua diseinatu zuten horiek omen gu guztion artean demokraten dominak banatu behar dituztenak. Hobe lukete, bai, beraien etxea garbitzen horrelako lanak hartzea, inoren praketan sartzen ibili beharrean.

Alderdi Sozialista, beti bezala, alde guztiak pozik utzi nahian, baina inor baino kakaztuago geratuz azkenean. Irtengo dira, bai, epaileen erabakia txalotuz, justiziaren lana errespetatu beharra aipatuz, demokrazia garaile aterako dela... López ustezko lehendakariak, orain egun batzuk esan zuen epaileek sekulako "papeloia" dutela Bilduren ingurukoak aztertzen, epaileei lan hori Espiritu Santuak eman balie bezala... Ez, jauna! Zure alderdiak zuzentzen duen gobernuak aurkeztu ditu alegazioak, bi arrazoi posiblegatik: edo PsoEk bat egiten du honelako prozesu inkisitorial ilun eta itxiekin, edo ezin du PPko ultraeskuindarrek egiten dioten presioa jasan. Bietako bat, edo Europako alderdi atzerakoienetako baten biktima da, edo berak ere joera antidemokratiko horiek hain sustraituta dituenez, ezin du bere burua proiektu independente batekin aurkeztu.

Auzitegi Konstituzionalak esango duenaren zain, ikusiko dugu gainerako alderdiek (batez ere EAJk eta Aralarrek) zein jarrera hartuko duten. Une honetan, nik neuk, ez dut uste EAJk salaketa formaletik aurreragoko jarrerarik hartuko duenik; udal eta foru aldundietan asko dauka jokoan.  Ez dirudi atzoko Garan Xabier Arzalluzi egindako elkarrizketan aipatutakoen bidetik jotzeko asmorik duenik, eta Urkulluk esandakoa (Bildu hauteskundeetan ez egoteak EAJk Zapaterori ematen dion babesa kolokan jar dezakeela) kanpaina aurrean botatako esaldi bat da, Bilduren inguruko boto batzuk nolabait erakarri nahirik. Aralarri dagokionez, azkenik, ate guztiak zabalik daudela iruditzen zait, baina bere presentzia ez da behar bestekoa plante serio bat egin ahal izateko zapalketa horren aurrean.

Amaitzeko, beraz, esan daiteke sententzia honekin Espainiako estatuak beste behin erakutsi duela bere maila demokratikoa. Azken uneko sorpresarik ezean (itxaropen apur bat badut, hala ere), hauteskunde iruzur nabarmen baten aurrean aurkituko gara hilaren 22an. Zer espero daiteke, baina, monarkia bananero honengandik?

Nork: xabier_larra.2011/05/02 12:32:11.135 GMT+2
Etiketak: bildu | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/10/20 11:57:32.443 GMT+2

Alderdien Legeari egin beharreko erreformen inguruan

Asteon ezagutu ditugu Espainiako estatuko hauteskunde legean egin nahi dituzten erreformak, datorren urteko udal hauteskundeei begira. Egin-eginean ere, PSOE eta PP, beste behin elkartuta, 2003ko Alderdi Politikoen Legearekin hasitako bide iluna are itsusiago izatea lortu nahian dabiltzala dirudi.

Orain arte, 2003ko legearen arabera, zerrenda "susmagarriak" hauteskunde kanpaina ofizialki hasi aurretik bakarrik inpugna zitzaketen. Hori, astakeria erabatekoa zela ukatu gabe beti ere,  gutxieneko berme bat zen, hauteskunde egunean botoa ematera gerturatzen zen herritarrak bazekielako bere botoak balioko zuen edo ez.

Argi daukat Lege hori inondik inora ez zela bidezkoa. Baina orain egin nahi dutenak muga guztiak hausten dituela iruditzen zait; hauteskunde egunera arte inpugnatu ahalko dituzte zerrendak, eta hautagaiek eta hautesleek beharko luketen segurtasun juridiko minimoak goitik behera zapuztu. Zer gertatuko da, adibidez, postaz botoa eman dutenekin? Botoa ematean, alderdi legal bati eman zioten, baina horiek zenbatzerako legez kanpo egongo dira. Onartezina iruditzen zait hautesleei gutxieneko berme hori ukatzea.

Baina kontua ez da hor amaitzen; behin udalak edo bestelako erakundeak eratuta daudenean hilketaren bat gertatuz gero, udal horretako kideak behartuta egongo lirateke 15 eguneko epean gaitzespen agiri bat sinatzera. Egin ezean, erakundetik kanporatuak izan daitezke! Era berean, behin erakundeetan daudela beraien alderdia ilegalizatuz gero, kanporatu egin ditzakete! Horrek erabat hankaz gora uzten du Konstituzioan bertan jasota dagoen printzipio bat: erakundeetako kideek, behin kargua hartu ondoren, ez dutela alderdiak ordezkatzen, herria baizik. Hau da, parlamentu edo udal batetik zenbait kide kanporatuz gero, erakunde hori hankamotz geratzen da, ez baita gai herria osorik ordezkatzeko.

Beste alde batetik, gaitzespen agiri hori nork jarriko du indarrean? ETAren balizko hilketaren baten ondoren sortuko da soilik, edo bestelako kasuren batean ere aplikatuko ote da Legearen aurreikuspen hori (adibidez, senar batek bere emaztea hiltzean, edo neonazi batzuek atzerritar bat akabatzean, torturak salatzen direnean, eraso sexista, homofobo, arrazista, etab. gertatzen direnean)? Nork idatziko du gaitzespen testu hori, eta zein hizkuntza (gauzak esateko modua) erabiliko da horretarako? Nork esango du, adibidez, mozio alternatiboren batek ez ote duen balioko gertaera horien salaketa egiteko? Erabat onartezina iruditzen zait puntu hau, arbitrarietate aukera izugarria uzten baitio berez neutrala izan beharko litzakeen botere publikoari.

Norbaitek pentsatuko du (hala diote erreforma honen aldekoek) ezinbestekoa dela terrorismoa gaitzesten ez dutenak erakundeetatik kanpo izatea. Nik neuk argi daukat politika egiteko ezinbesteko baldintza dela bide demokratiko eta baketsuen aldeko hautua egitea. Baina, aldi berean, kontuan izan behar dugu azken hilabeteotan gertatzen ari diren aurrerapausoak Euskal Herrian bake eta bizikidetzako eszenatoki berri batera iristeko. Askok uste dute oraindik ezker abertzale ofizialak ez dituela behar besteko pausoak eman label demokratikoa lortu eta erakundeetan normaltasunez aritzeko, eta nik ere uste dut pauso asko falta zaizkiola oraindik. Baina bene-benetan uste dut norabide egokian abiatu direla, zabaltzen ari zaigun aukera berria alferrik galtzeko gogorik ez dutela eta aurreko esperientzietan bizi izandakoa kontuan izanik honetan ez dutela hutsik egin nahi.

Bakea eta egiazko demokrazia ez dira etorriko mugak ixtearekin, alderdi guztien aukera berdintasuna sendotzearekin baizik. Egia da ezin dela saririk izan ETAk indarkeria uztea erabakitzen duelako, baina bai gizarteko sektore horrek politikoki antolatzeko eta erakundeetan parte hartzeko aukera izan behar du, ez bere ideiak edo proiektuak inori inposatzeko, gizartearen onerako denon ekarpenak jasotzea ezinbesteko izango zaigulako baino.

Nork: xabier_larra.2010/10/20 11:57:32.443 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/07/03 14:00:50.934 GMT+2

Euskobarometroa eta bere interpretazioak

Aste honetan kaleratu da 2010eko maiatzeko Euskobarometroa, Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzien departamentuak urtean bi aldiz ateratzen duen iritzi publikoaren gaineko ikerketa. Maiatzaren 6tik 28ra Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 1.200 herritarrei (400 herrialde bakoitzeko) egindako galdeketan bloke nagusi hauek jorratzen dituzte:

  • Egoera eta ardura pertsonalak, giro sozial eta ekonomikoa, demokraziarekiko asebetetze eta Konstituzioaren onarpen mailak.
  • Egoera politikoaren, gobernuaren (Eusko Jaurlaritzaren) eta politikari ezagunenen balorazioa.
  • Sentimendu nazionalista, euskal nortasun sentimendua, autogobernua eta independentziaren inguruko jarrera.
  • Biolentziaren garapena eta bere aurreko jarrera, politika antiterrorista eta terrorismoaren bukaera.
Gauza asko idatz daitezke Euskobarometroaren inguruan, baina arreta piztu dit atzo sustatu.com atarian ikusi nuen titular batek (http://sustatu.com/1278070207). Kontua da ikerketa honetan, besteak beste, herritarrei zera galdetzen zaiela: "Zenbateko gogoa duzu Euskal Herria (ez dakit zehazki zein eremutaz ari diren) estatu independente bihurtzeko: handia, txikia edo ez duzu inolako gogorik?". Galdera interesgarria izan daiteke, zalantzarik gabe. Erantzunak honela gelditu dira: gogo handia du herritarren %30ak, %22ak gogo txikia du ("pequeños deseos") eta %33ak ez du inolako gogorik. Tira, hortik ondoriozta daiteke %52ak nolabaiteko gogoa baduela Euskal Herria independente bihurtzeko, baina gutxiengo esanguratsu bat horren aurka dagoela (inolako gogorik ez dutenak, hain zuzen). Ba Euskobarometroko ikertzaileek ez dute horrela ikusten; beraien interpretazioaren arabera, "los deseos de independencia siguen siendo minoritarios en la sociedad vasca". Gogo gutxi dutenak inolako gogorik ez dutenen zaku berean sartzen dituzte. Sustatu.com-en, hain zuzen, horri lotutako galdera egiten zuten: "Independentziarako gogo "txikia" dutenek ez dute independentziarako gogorik?" Ba, antza denez, ez; laster entzungo dugu norbait esaten sudur txikia dutenek ez dutela sudurrik.

Egia da beste galdera batean estatu formaren inguruan galdetu zela: %36ak autonomien estatua (gaur egungoa) defendatzen du, %28ak estatu federalaren aldeko apostua egiten du eta %25ak independentzia lehenesten du. Euskobarometroak egiten duen interpretazioa honako hau da: "La gran mayoría de los vascos sigue oscilando entre la actual fórmula autonómica (36%) y un posible escenario federal (28%) [...] En todo caso, ambas fórmulas integracionistas siguen una clara mayoría de casi dos de cada tres vascos. Frente a estas fórmulas descentralizadoras e integracionistas, el independentismo [...] vuelve a recuperarse, ligeramente,..." Horrela interpretatzea nahiko maltzurra izan daiteke; argi dago, izan ere, independentzia egungo esparru politikoarekin haustea den arren, federalismoa ere (nahi den besteko "integracionista" izanda ere) haustura bat dela egungo ereduarekin, 1978ko konstituzioak beren-beregi debekatzen baitu (145.1 artikulua). Beraz, galderaren erantzunak interpreta daitezke beste moduren batean ere, esaterako, "mientras el 36% de los vascos (hauek ez dituzte las vascas aipatzen) sigue apostando por el actual marco jurídico-político, el 53% de los vascos apuestan por modelos que desafian claramente el actual marco constitucional y apuestan por la superación de sus estrictos límites (la suma del 28% de federalistas más el 25% de independentistas)". Honekin argi geratzen da estatistika, zientzia zehatza eta matematikoa den arren, bere inguruan egiten diren interpretazioak ez direla inoiz ere interpretazio posible bakarrak. Euskobarometroak, izan ere, agerian uzten du bere zuzendariaren eta gertueneko laguntzaileen joera politikoa.

Aipatuko dudan azken puntua buruzagi politikoen gaineko balorazioari buruzkoa da. Hainbat politikariren izenak aipatzen zaizkio inkestatuari, ea ezagutzen dituen eta, hala bada, 1etik 10era zenbateko puntuazioa ematen dien jakiteko. Politikari ezagunenak Patxi Lopez (%97ak ezagutzen duela dio), Jose Luis Rodriguez (%98) eta Mariano Rajoy (%97) dira, besteak beste. Balorazioan 4, 3,1 eta 1,8 ateratzen dute hurrenez hurren. Balorazio altuena lortzen dutenak, aldiz, ez dira hain ezagunak: Aintzane Ezenarro %51k ezagutzen du eta 5eko puntuazioa eskuratu du (gainditu duen bakarra), Mikel Arana %28ak ezagutzen du baina 4,6ko puntuazioa lortu du eta Patxi Zabaleta %52ak ezagutzen du eta 4,4koa lortu du.

Datuok justifikatzeko, Euskobarometroak dio gizartearentzat nahiko ezezagunak diren politikariak gehienbat beraien alderdiko jarraitzaileek ezagutzen dituztela eta, horrela, beraien balorazioa hobetu egiten dela. Horregatik lortzen omen dituzte Aralar edota Ezker Batuko politikariek PP edota PSOEkoek baino emaitza hobeak. Baliteke, baina interpretazioa beste era askotara egin daiteke, jendartearen gehiengoa inozo ezjakintzat hartu beharrik gabe (azken batean interesa duen oro gai da alderdi politiko guztietako buruzagiak ezagutzeko). Nire iritziz, gutxi ezagutzen eta ondo baloratzen diren politikarien arazoa ezagutzan dago; era berean, asko ezagutzen eta gutxi baloratzen diren politikariena ere, ezagutzan dago: jendeak badaki Lopez, Zapatero eta Rajoy zeintzuk diren eta horregatik jasotzen dituzte jasotzen dituzten emaitzak.

Nork: xabier_larra.2010/07/03 14:00:50.934 GMT+2
Etiketak: independentzia euskobarometroa maiatza estatistika ikerketa federalismoa politika 2010 | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/05/14 11:51:34.461 GMT+2

ZPren errezetak: nork ordaindu behar du zorioneko krisia?

Pasa den eguaztenean Jose Luis Rodríguez Zapatero (ezizenez ZP) Espainiako Gobernuko presidenteak estatuko defizit handiari aurre egiteko neurriak aurkeztu zituen Madrileko Diputatuen Kongresuan. Beste behin, hautsak harrotu ditu ZPk esandakoak. Izan ere, neurri hauek ustez ezkertiarra den gobernu batek hartzea benetan lotsagarria iruditzen zait (azaldu zituen moduan, behintzat).

25 urtean lehen aldiz (1985etik alegia) jubilatu eta alargunen pentsioak ez dira KPIaren (Kontsumorako Prezioen Indizearen) arabera igoko. Gutxieneko pentsioak eta Errenta Aitorpena egin behar ez dutenenak izan ezik, beste guztiak izoztuta geratuko dira. Benetan neurri sozialista, kontuan izanda familia gero eta gehiago pentsiodunei esker bizi dela, lan egiteko adinean daudenak ez baitute lanik egiteko aukerarik.

Menpetasun egoeran dauden gaixoei ematen zaizkien laguntzak espedientea onartu ondorengo aldia bakarrik hartuko dute bere gain. Hau da, demagun, gaur istripu larri bat izanez gero eta lan egiteko gaitasun fisikoa galduz gero, laguntzak eskatu eta tramite guztiak onartu arte zain egon beharko du gaixoak; bien bitarteko gastu eta zaintza guztiak bere edo familiaren poltsikotik ordaindu beharko ditu, baita tramiteak betetzeko 6 hilabeterainoko epea itxaron behar badu ere. Neurri hau ere, no comment!

Garapenerako laguntza 2011 eta 2012 urteetan 600 milioi euro gutxiagokoa izango da. Hau da, oraindik gu baino askoz okerrago dagoenari orain arte eman diogun limosna apurra oraindik txikiagoa izango da datozen urteetan. 2008an, BPGaren %0,43a eman zuen Espainiak, NBEk proposatu eta adostutako %0,7tik urrun (eta geroago eta urrunago, antza denez).

Ume jaioberrien gurasoei 2008tik ematen zaizkien 2.500 euro famatuak ezabatu egingo dira. Neurri hau, bere garaian, lotsagarria iruditu zitzaidan. Ez kopuruagatik, bere unibertsaltasunagatik baino (unibertsalak baikara aberatsei erregaluak egiteko orduan, beste ezertan baino lehen). Esango didazue, bestela, adibidez, Borboiko Felipek izandako haurrak eta langabezia eta miseria gorrian dauden batzuek izandako haurrek sari bera izatea zer den. Populismo merkez jantzitako bidegabekeria hutsa, besterik gabe.

Beste alde batetik, botikak erosteko orduan tratamenduak eskatzen duen kopurura egokitutako dosiak emango dira. Horrela, botika kopuru handiegia saltzea eta soberakinak etxeetan pilatzea eragotzi nahi da, horrek dakartzan arriskuekin (automedikazioa kasu). Neurri hau interesgarria da, baina partxe hutsa.

Polemika gehien beste neurri batek sortu du, orain arte inoiz egin ez denak: funtzionarioen soldatak murriztu egingo dira aurten lehen aldiz. Karguaren arabera, murrizketa %5 eta %15 artekoa izango ei da eta esparru guztiak hartuko ditu bere baitan (estatuko, autonomia erkidegoetako, udaletako eta unibertsitateetako funtzionarioak). Gobernuko ministroek, diputatuek eta senatariek ere beraien elkartasun maila handia erakutsi nahi izan digute eta beraien soldatak %15 jaitsiko omen dituzte.

Funtzionarioak aipatzeak beti sortzen du halako giro berezi bat. Langile gehienek (funtzionarioek izan ezik, jakina) eta langabetuek inbidiaz begiratzen diete garai latz hauetan ere lanpostua ziurtatuta daukaten horiei. Askotan egin izan dugu barre (egoera bestelakoa zenean gehienbat) administrazio publikoko jende horiei eta beraien jardueren kontura; lanpostua ziurtatuta izateak alferrago bihurtzen dituela uste izan dute askok, aparteko lasaitasunez lan egiten dutela... Denetarik egongo da ziur asko, baina beti bezala orokorkeriak egitea ez zait batere justua iruditzen (kontuan izan 2.659.010 funtzionario daudela estatuan, horietatik bateren bat langile fina izango da, ezta?). Funtzionarioak, pribilegiatu batzuk direla ukatu gabe, zergatik ordaindu behar dute beraiek sortu ez duten krisia? Krisia sektore finantzieroan sortu zenean estatuek bankuei laguntzeko erabilitako dirua berreskuratzeko zilegi da langileei eta beharrizanean daudenei gerria estutzeko eskatzea Espainiako bost banku handienek 2009an 16.000 milioi euroko irabaziak izan zituztela kontuan hartuta? Ez al litzateke bidezkoena Estatuak emandako diru hori itzultzeko eskatzea, herritarrek ordaindu behar izan gabe?

Lehenengokoa izan naiteke funtzionarioei esfortzu berezi bat eskatzeko orduan. Baina beti ere esfortzu horretatik lortzen den dirua gizartearen zerbitzura erabiltzeko bada: hezkuntza, osasuna, garraio publikoa, lanpostuak sortzea... baina inola ere ez denon lepotik aberastu diren gutxi batzuek beraien luxuzko egoera bere horretan manten dezaten.

Izan ere, hemen dator txisterik handiena: errentarik altuenekoei zergak igotzea planteatzen ote duen galdetuta, ZPren erantzuna: ez dugu baztertzen. Beraz, krisialditik irtetzeko errezeta bakarrak eskuin neoliberalak planteatutakoak dira: gastua ahalik eta gehien murriztu, kontuan izan gabe estatuaren gastuak (sozialak behintzat, beste gastu mota asko daude eta) errenta apalenei egiten diela mesede. Aberatsek lortzen dute beste bide batzuetatik (pribatutik) publikotik espero ezin daitezkeen zerbitzu eta arreta bereziak.

Alderdi Popularrak Berdintasun eta Etxebizitza ministerioak kentzea proposatu dio gobernuari, baita Hezkuntza eta Kultura ministerioak batzea ere. Ez du aipatu (ez da batere harrigarria) adibidez Defentsa ministerioan murrizketak egitea. Nolako aurrekontua du gerran eta heriotzan oinarritzen den ministerio horrek? Ejerzitoa, bake garaian (ustez bake garaian gaude), parasito sozial kuadrila bat besterik ez da. Zer onura ekartzen dizkigute hainbat jeneral, komandante, sarjentu eta abarrek? Arazo eta susto ugari, abisurik eman gabe gure herri eta mendietan "aprobak" egiten ikusten ditugunean.

Berdintasun ministerioak propaganda hutserako baino ez du balio bere horretan. Egiten dituen lanak garrantzizkoak direla ukatu gabe (berdintasuna helburu izan beharko genuke gure gizartean) lan hori erraz bete daiteke modu transbertsal batean (ministerio guztiei dagokie beraien esparruan emakume eta gizonen parekidetasuneranzko pausoak ematea). Ez dago, beraz, ministerio konkretu baten beharrik horretarako. Etxebizitza alorreko politikak autonomia erkidegoetara transferituta dauden neurrian, ez du zentzurik ministerio bat izatea, berriz ere propagandarako ez bada.

Aldaketa hauek guztiek ez dute sakoneko arazoa (langabezia eta beharrizan sozialak) konpontzeko ezer lortuko. Konfiantza lortzea omen da ekonomia martxan jartzeko baldintza: horretarako egokiena erantzuleek beraien erantzukizunak hartzea litzateke, ez inolako errurik ez duten herritarren gain zama guztia jartzea. Izan ere, krisi honetatik ateratzeko bidea kontsumo masiboa dela sinistarazi nahi izan digutenek (kotxeak erosteko dirulaguntza itzelak adibidez) orain kontsumoa gogor murrizteko neurriak hartzeaz mintzo dira (funtzionarioen soldatak eta pentsioak murriztea kontsumoaren aurkako atentatua da argi eta garbi). BEZ zerga ere laster igoko dute gainera. Beti bezala behartsuenak irtengo dira galtzaile, gehienek beraien eros ahalmena eta eskubide sozialak murriztuta izango dituzte eta gutxi batzuek betiko antzera jarraituko dute, ezer gertatu ez balitz bezala.

Nork: xabier_larra.2010/05/14 11:51:34.461 GMT+2
Etiketak: langabezia krisia ordaindu soldata zp funtzionarioak ministerio | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)