2008/02/04 16:11:18.577 GMT+1
Zer da hau!! Ezertarako denborarik ez dudala nabil. Bi hilabete pasa dira blogean azkenekoz idatzi nuenetik. Bloga sortu nuenean astean bizpahirutan-edo idatzi ahal izango nuela uste nuen, baina ke ba!!! Astirik ez!!!
Haur bat izan ondoren egin behar den lehenengo gauza denbora administratzen ikastea da. Nik oraindik ez dut erabat ongi egin hori eta lanean hasi nintzenetik ez dut denborarik hartu ez telebista ikusteko, ez interneten sartzeko, ez ileapaindegira joateko, masajistarenera joateko...
Iluntzean, lanetik ateratakoan presaka umea hartzera, ondoren erosketak, etxeko lanak (arropak eta trasteak jaso, afaria...), baina hori bai, umeari begirik kendu gabe; jarraian umea bainatu, afaria eman eta lotarazi... Eta azkenean, gaueko 22:30ak aldera leher eginda zaudenean ohera joan eta ahal bezain azkar lo hartzen saiatu, umea gauean bizpahiru aldiz esnatuko baita.
Begizuloak izatearena paketean omen dator eta lo gutxi egiten ohitu egiten omen da bat. Egia ote...
Nork: Txili.2008/02/04 16:11:18.577 GMT+1
Etiketak:
guraso
haurrak
infantil
umeak
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2007/11/24 15:35:48.042 GMT+1
"Hasi gara" diot, guztiok egokitu beharko garelako haurreskolara: aita, ama eta Pottolo. Astebete daramagu hara joaten eta gauzak ez dira guk uste bezain ondo joan. "Lasai" -esan zidaten- "hain txikiak diren haurrak (5 hilabete) oso erraz egokitzen dira, ez dute gurasoengandik banandu direnik nabaritzen".
Ba gure txikia beste batzuk baino azkarragoa izango da nonbait. Atera gerturatzen naizenean, begira-begira gelditzen zait, aurpegi tristea jartzen du eta negarrez hasten da. Hark badaki han utzi eta alde egitera noala. Eta niri bihotza apurtzen zait.
Gero, bere bila joandakoan, negarrez aritu dela, lorik ez duela egin edo ez duela biberoirik hartu nahi izan esan didate aste honetan. Biberoiarena ere berria da beretzat eta... Orain arte bularra hartu izan du ia beti, nahiz eta tarteka nire esnea biberoian eman diogun. Eta orain leku berri batera, lagun berriekin egotera eta biberoia hartzera ohitu behar. Aldaketa gehiegi batera.
Ea datorren astea hobeto pasatzen duen.
Nork: Txili.2007/11/24 15:35:48.042 GMT+1
Etiketak:
infantil
haurrak
guraso
umeak
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2007/11/23 14:33:32.235 GMT+1
Beasaingo Seaska Haurreskolak ezin dio eskaerari aurre egin. Hori dio behintzat, Diario Vasco egunkarian azaroaren 14an kaleratutako artikulu batek.40 haurrentzako lekua omen du eskola horrek eta aurten 160 baino gehiago jaioko omen dira Goierriko herri horretan.
Aldea ez da makala. Ziur beste haurtzaindegiren bat izango dela herrian, baina seguruenik ezin izango diote dagoen eskari guztiari erantzunik eman. Eta zer gertatuko da abenduan, urtarrilean edo otsailean jaioko direnekin?
Beste herri batzuetan ere antzerako arazoak bizitzen hasi daitezke laster. Izan ere, zenbat ume dagoen azken aldi honetan! Kotxetxoa besterik ez da ikusten bazter guztietan!
Nork: Txili.2007/11/23 14:33:32.235 GMT+1
Etiketak:
infantil
haurrak
guraso
umeak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2007/11/22 08:11:17.315 GMT+1
Aspalditik ari dira hainbat elkartetatik sei hilabeteko amatasun baja eskatzen, gaur egun 16 astekoa baita. Haurdun nengoela ginekologoarenera eta amaginarenera egindako bisitetan ikusi nituen eskakizun horri buruzko informazio orriak, baita sinatu ere. Momentu hartan, jende gehienak bezala, arrazoi sinple bat ikusten nuen: haurra zenbat eta denbora gehiago egon amarekin, hobe.
Orain, lanera joateko ordua iritsi zait eta hobeto ulertzen dut eskakizun horren zergaitia. Ez da haurrarengandik banatzerakoan nabaritzen den sentimentu garratz horregatik (hori bost hilabeterekin, zortzirekin edo urtebeterekin berdin berdina izango baita); ezta haurra amarekin hobeto egongo delako haurreskolan edo beste zaintzaile batekin baino. Ez ez ez. Arrazoi nagusia umearen elikadura da.
OMSek (Organización Mundial de la Salud) haurra bularreko esnearekin soilik elikatzeko gomendatzen du sei hilabete dituen arte, ongi hazten ari baldin bada behintzat. Gaur egun, ordea, ama-esnearen aukera egin dugun gehienok lanera hasi behar dugunean uzten diogu bularra emateari, haurrak lau edo bost hilabete dituenean. Eta askotan, beste elikagai batzuk hartzen ongi ohitu ez direla hasten gara lanean. Ondorioz, lehenengo egunetako otordu batzuk infernu bilakatu daitezke haurra zaindu behar duenarentzat.
Gu fase horretan gaude orain. Pottolok bost hilabete ditu. Zerealak eta formulako esnea hartzen hasi beharko du; janari berri bat bizitzan lehenengo aldiz. Trantsizio hori nirekin egitea nahiago nuke, baina ezin.
Nork: Txili.2007/11/22 08:11:17.315 GMT+1
Etiketak:
guraso
haurrak
infantil
umeak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2007/11/21 20:08:06.765 GMT+1
Bost hilabete pasa dira dagoeneko gure Pottolo jaio zenetik. Ordu ezkeroztik mundu berri batean bizi gara: pardelak, arropatxoak, kotxetxoa, bakunak, pediatrak... Beste konturik ez dago gure inguruan.
Eta gainerako gurasoak ere antzera dabiltzala konturatu gara. Horregatik esperientzia hau blogen mundura ekartzea otu zait eta abentura hasi genuenetik gertatutakoak eta bizitakoak kontatuko ditut aurrerantzean. Ea nola egin asmatzen dudan...
Laster arte beraz.
Nork: Txili.2007/11/21 20:08:06.765 GMT+1
Etiketak:
haurrak
infantil
umeak
gurasoak
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak