Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/05/04 16:31:19.801 GMT+2

Nie dobra

Batzutan, oharkabean, konturatzen zara ez duzula zauden tokian egon nahi. Ez duzu hor egon nahi eta sufritu egiten duzu. Hegoak ez dira aktibatzen. Egoak ere oporretan daude. Jarrita dagoen abesti horrekin iruditzen zaizu beti mobila joka ari dela. Dagoeneko ez zaizu ezer gelditzen. Oharkabean urtetan eman dizuten masajerik onena jasotzea. Diskoteka batean. Kondoirik gabe. Edo komunera joan. Atea itxi. Tazan eseri. Hankak lurretik jaso eta superfizie berri bat asmatzea. Zugan pentsatzeko. Zergatik ez zinen M-rekin ausartu, nahiz eta pixka bat zurea den iruditzen zaizun. Begietan berde apur bat ikusten diozulako. Halere oraindik a friend of mine esaten duzu. V-k aldatu egiten du, lekuak esan nahi dut.

Batzutan euria behetik gora erortzen delako eta besapeak bustitzen dizkizulako. Baina Vodka ez, Vodka beti goitik behera eta barrura, oso barrura. Eta pixka bat biluzten duelako, lentzeria fina dutenak bezela, biluzik baino biluziago diruditenak. Itxura ilun horrekin. Nice to meet you. Mua mua eta agur. See you. Puta merke bat. Exhibizionismo merkea. Badudalako nik ere putatik zerbait. Behatz arteko zauriek ez didate minik ematen eta ahaztu zaidalako maitasuna zer den. Nie dobra, badakit, baina zer egingo diogu ba. Miloika pertsonak larrutan egin duten koltxoi honen gainean ez zait ezer gehiago bururatzen. Odol, esperma, likidotasun likido honen gainean. Zerbeza baten aparrak ere elegantzia izango luke hemen. Baina ez gaitezen engainatu, mundua hau da eta ez beste bat. Gauez club-etatik lau hankatan irtetzen direnen botaka lorratzak usoek jaten dituzte goizean. Hemen bizi gara eta ez beste inon.

Nork: zoti.2008/05/04 16:31:19.801 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2008/04/04 21:55:06.088 GMT+2

Baretasun basati hori...

Asko pentsatu behar duzu bere aurpegiaz oroitzeko, ez zaizu gustatzen, gorroto duzu, berriz ikusiko ez duzula pentsatze hutsak erre egiten dizu hor barrenean. Abioiean negar egin zenezakeen kristalean behera jausten ziren ttanttak zeure begietan irudikatuz, oso pelikuleroa izan zitekeen, ñoñoa eta hori guztia. Baina agurra hurren izan arren aho osoa betetzen zizun irriparrarekin egin zenuen bidaia, berarekin igarotako egunen oihartzuna hori bakarrik izan zitekeelako, poza. Poza eman zizun eta bizitzarekiko beste perspektiba bat. Denak beste dimentsio bat zeukan bere albotik begiratuta eta horrek ametsak eraikitzeko bidea eman zizun. Gora begiratzeko gogoa, dena lau pareten artean amaitzen ez dela erakutsi zizun, nahiz lau pareten artean gauza asko egin ahal izan. Badakizu zertaz ari naizen.

Bazenekien agurra betirako izango zela ezagutu zenuen egunean, ez zenuela berriz ikusiko, joan egingo zela. Bazenekien jakin ere, bere danubio begi horiek ohartzerako pozoinduko zintuztela. Baina jolastea erabaki zenuen. Hobe omen da egindakoaz damutzea, egin ez denaz baino. Eta behin eginda, damutzeak ez du ezertarako balio. Orain bere hutsarekin bizitzen ikasi beharko duzu, eta hori zinez, bera ezagutu gabe bizitzea baina zailagoa izango da. Ai ugly R, nola pozoindu zintuen zu, beste asko bezala. Zure sweet killerra. Baretasun basati horrekin, alkohol eta tabako usain haren sentsualitatea, hiltzaile aurpegi horrekin...

 

Bere aurpegia tatuatuko zenuke ipurdian, bidaian diru dena xahutu izan ez bazenu.

Nork: zoti.2008/04/04 21:55:06.088 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (5) | Errenferentziak: (0)

2008/03/23 17:32:54.966 GMT+1

komunismoaz zer?

Hannarekin izan zen. Hiru egun neramatzan Pragan eta tarte horrek ematen duen konfiantzarekin luzaroan buruan bueltaka neukan galdera bota nion.

 

- Komunismoaz zer?

- Ez galdetu hori Ane, piztu egiten naiz...

 

Isiltasun deseroso baten ostean ezpainak busti eta hizketan hasi zen, ahots hunkigarri horrekin. Bere aitari pentsioaren diru erdia psikologoarenean joaten zitzaiola esan zidan. Zeharo jota omen zegoen.

Brnon jaio zen Milan eta komunismo garaian goizeko bostetatik arratseko hiruak arte lan egin omen zuen (bazkaltzeko ordu erdiko tartearekin), behartuta, hiriaren periferian zegoen lantegi batean. Goizean jaiki eta autobusean joaten omen zen lanera, itsu-itsuan, inguruan zer egiten ari ziren jakin gabe. Bertan kamioietarako pistoiak egiten zituen, altzairuzkoak. Komunismoak etxe bat eman zion, 70m²ko pisu bat, hormigoizko bloke handi batzuekin egina, baina garai hartarako, luxuzkoa. Gainera medikua dohainik zuen eta ondo zaintzen zuten bertan, ahal bezain ondo behintzat.

Komunismoa amaitu zenean ohartu zen Milan bere lantegiaren alboan bazela beste bat, fundizio bat. Bertan pistoiak funditzen zituzten eta lehengaia berriz ere Milanen lantegira bidali. Ziklo moduko bat zen, batetik bestera gauzak bidaltzea, jendea lanean edukitzeko, lana beharrezkoa baitzen, beharrezkoa baino, derrigorrezkoa.

Milan konturatu zen 35 urtez egunero-egunero lanera joaten zela, zerbait garrantzitsua egiten ari zelako ustean, ezertxo ere ez egiteko. Orain eguna isilik pasatzen omen du, hutsik omen dago barrutik, hori esan zidan Hannak, aita joanda bezela zegoela.

 

Ez dakit erantzuna nola barneratu, baina astebete pasa da eta Milanentzat asmatu nuen tristezia aurpegia burutik kendu ezinean nabil.

Nork: zoti.2008/03/23 17:32:54.966 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

2008/03/09 17:28:13.484 GMT+1

Izarak aldatu

Gibeletik bultza egin eta ohera bota bortizki. Alkandora zabaldu eta bi eskuekin botoi zerrenda hegan. Bular iletsua laztandu eta barrura sartu. Zer zaren jakin nahi dut, su ala ur... ala, ala... behar dudan ozeanoa.

 

Prozak pixka bat maitea.

 

Jarriko nintzateke ordu betez zuri begira eta inguratzen zaituen zulo beltzean jausi, ito, erre, zainak lehertu, hautsi, zatikatu... pozoin horretatik edan azkazalak banan-banan erortzen ikusi arte. Baina ez litzateke nahikoa izango, ez nuke barrua hustuko.

 

Morfina arren, ea morfeok ametsen mundura igotzen nauen,                                                   

ala ametsen mundutik jaitsi.

 

Ezinak min ematen du halabeharrez, ahal izateak itsasoa ematen duen neurrian. Distantziak ere min ematen du, baina ez da min bera. Minbera nago, bizia da, minbizia ote?

Urtegi bat paratu dut zure isuria zetorren lerroan eta argia itzali. Switch off.

 

 

 

 

Kalera irten aurretik izarak aldatu ditut.

 

Nork: zoti.2008/03/09 17:28:13.484 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2008/03/07 16:07:03.999 GMT+1

egaiztoa

 

Aspaldidanik nabaria da euskadi gaztea hartzen ari den bidea: txarretik okerragora. Lehen "salgai"rekin esnatzen ginenok irratiaren erruletatxoari buelta batzuk gehiago ematen dizkiogu, beste zerbaiten bila. Euskadi gaztea, gazteona behar lukeen irrati hori 40 principalesen itzala baino ez da...en fin.

                             

Aste hontan ia gehiegizkoa izan da. Aurrekoan Berrian Sorkuni egindako elkarrizketa bat irakurri nuen eta zur eta lur geratu nintzen. Errenteriarrak, haserre, bere single-a gogorregia izanagatik egaztean ez ziotela jarriko esan ziotela salatzen zuen. Gogorregia?? Ezin det ulertu... 

Gora Sorkun eta egaiztoa zulora!!!! Boikota!!!!!!

Nork: zoti.2008/03/07 16:07:03.999 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (6) | Errenferentziak: (0)

2008/02/29 22:54:45.684 GMT+1

Burumakur

 

“ En ocasiones excepcionales a veces la gente, embargada por el pathos de una situación, revela en un arranque de sincera confidencia sus ideas más secretas ante desconocidos, y al día siguiente – malhumorada y mostrando una reserva exagerada- el sentimiento de culpa que la martiriza a causa de su franqueza”.

Sándor Márai  La hermana

 

 

Burumakur pasa dut astea

ezkutatu nahian

salatu ninduen begirada hartatik.

 

Ezin hitzik batu

esaldirik kiribildu

inozokeriarik ere bildu,

zu inguruan izate hutsak birrintzen nau.

 

Eta bitartean,

entregatzeko behar den baretasuna

edo estuasuna

sentitzeko zain.

 

 

Nork: zoti.2008/02/29 22:54:45.684 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/02/16 17:31:54.433 GMT+1

Noviembre

 

Aspaldi hontan zinera joateko ohitura galdua nuen (bueno zinera, esateko modu bat da; noizbehinka 5 euroak ordaintzen ditut, baina gehiagotan joaten naiz liburutegira hartzera edota jetsi egiten ditut... ekonomiak ez du danerako ematen!). Kontua da aurrekoan aspaldi ikusitako filme batez oroitu nintzen, Achero Mañasen Noviembrez hain zuzen. Lehenengoz telebistan ikusi nuen, La2-en, ostiral gau batean, oroitzen dut.

                            

Badu zerbait berezia. Dokumental eran kontatzen du istorioa, oso era gardenean. Artean, antzerkian, sinesten duen lagun talde bat da, artea tresna bezala harturik mundua aldatzeko grina duena. Mundua, jendea, bizimodua... dena iraultzekoa. Artearekin iraultza egitekoa. Nik, noizbehinka, egiten dudana dudan jartzen dudanean, ikusi egiten dut eta piztu egiten dit barrenean zerbait, aurrera egiten laguntzen didana. Eztakit. Beharbada eta ziurrenik ez da beste munduko ezer izango, baina badu zerbait txikia barruan gordea, piztu egiten nauena. Horregatik da Noviembre. Azaroak hil egiten duelako pixka bat. Azaroan ez dira loreak pizten, ez dugu orbela zapaltzen, ez gara mozorrotzen, eskiatzeko garaiz da eta hondartzarako berandu. Beharbada horretarako film hau, dataz kanpoko azaroak apurtzeko.

Nork: zoti.2008/02/16 17:31:54.433 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2008/02/01 02:05:07.826 GMT+1

Estetizista

 

Herri txiki bateko estetizista bat. Dagoeneko hiru hamarkada herriko hanka guztiei ileak kentzen. Sustarretik. Etxean bertan gela batean lan egiten duten horietakoa, badakizu. eitb irratiko musika ozen, etxe guztian. Pasiloan ere bai. Hortxe dago M, txanda noiz helduko zain, pasiloan bertan, itxarongela simulakro batean. Pareko gelan atea erdi zabalik. Burua apur bat okertuta, barruan gertatzen dena ikus dezake. kamilla bat, erdian burua sartzeko zuloa duten horietakoa, eta ahots findun klientea. Berandu dabilen horixe. Semana aldizkaria eskutan; errezetei, horoskopoari begira. Tarteka Pantojari ere bai, ze letxe, bakarrik dago, total ez du inork ikusten. Alboan daukan mahaitik solano goxokia hartu, biluztu eta ahora sartu du. Barruan darabil zurrunbiloan.

 

-         Pues yo, bakizu, a veces, oso triste sentitzen naiz. Telebisioa jarri ta...

-         Ya, klaro, suposatzet, nahiko bakarrik te tienes que sentir. A mi también, cuando los hijos se fueron de casa, ezin den imajinau potxola, a ze isiltasuna etxen. Pero luego una se acostumbra.

-         Ya bai. Pero, no es lo mismo sola, sola.

-         Bai, zaila izangoen.

-         Esque a mí, así como ganas de reir, me entran ganas de llorar. Y lloro, como me rio, bakizu, parre iten deten eran near ebai batzutan.

-         Si claro. Nike hala uste diñat. Near itea gauza naturala da.

-         Y te tranquiliza una barbaridad.

-         Ba bakizu nik nola eiten deten. Radioa hartu, bañua jun eta grifoa zabaldu. Barrua sartu, pixkat pentsau ta lehertu near baten. Eztakizu ondo ze saludablea dan, hori lasaitua!! Una vez, en la tele lo escuché, ta ordundik, gloria bendita.

-         Aizu, ba, habrá que probar haber que tal. Idea ona iruitzen zait. Bai bai. Esque askotan libratzeko beharra eukitzen det, baina moduare inportantea da. Gustora eotea near iteakon.

-         Baiba.

-         Buenoba, listo printzesa... ia etxea juteko modun zare!

-         Baleba, milesker danakatik... ya me dirás haber que tal y eso. Nahizunen kafetxon bat o hartu barko deu...

 

 

Estetizistak ez zion gutxiago kobratu, nahizta ondo sorue ixen mundu hau bixi gariena, ez zion zoritxarrari deskontua egin. Ezta M-ri ere. Baina sekulako poza hartu zuen, Ana Obregonengana iritsi aurretik, gauerako plana egin ziotelako. Ttantta artean ttantta bihurtzearena.

Nork: zoti.2008/02/01 02:05:07.826 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2008/01/29 13:18:57.869 GMT+1

Zure hutsa itzali nahi dut

 

Suizidatu egiten zait zerbait neure barruan

kamiseta kentzen duzun aldiro.

Azaletik tira egiten dizut

zure irribarrean sua topatu arte.

Badakizu nola den hau,

mugekin bizitzearena

mugak hautsi ahal izateko.

Oroitzen dut esan zenidala gure artekoa René Magritten koadro baten tankerakoa zela

zugan  itsasoa ikusten nuela

eta itsasoan zu.

Ez dakit hala den,

joan zinenetik ez dut itsasorik ikusi hemen behetik.

Zure hutsa itzali nahi dut

eta neure egin.

 

 

Eta bitartean zain nago

balkoitik gora salto egiteko eguna noiz helduko.

 

 

 

         

 

Nork: zoti.2008/01/29 13:18:57.869 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/01/21 14:00:15.652 GMT+1

insomnioa

Gaur ohean aurkako zentzuan lo egiteko eguna du. Horietakoa. Pelikula amaieretako abestia musika aparatuan repeatean. Inglesa eta kutrea. Letra ez ulertzea hobe den horietakoa. Buruan etengabe biraka duen hari goizean esnatzean zein abesti jarriko liokeen pentsatzen jartzen da, izarei tira egiten dien heinean. Negargura du. Hobe zatekeen ardiak kontatzen hasi izan balitz; baina ez, harekin egondako uneak dira hesian saltoka ari direnak. Sabelean saltoka. Pixka bat busti du izaren puntta, busti nabari du, baina ez du argia piztu nahi. Ez du tentel aurpegi gorri hori ikusi nahi. Mesanotxetik kolonia hartu eta ttantta batzuk paparrera erortzen utzi ditu. Lepoko gorria hartu du, bolatxo biribilak dituen hori eta jantzi egin du emeki. Bai. Horrela lo egin dezake lasai. Izara artean berezi, gustagarri. Bai.

 

 

 

 

 

 

Nork: zoti.2008/01/21 14:00:15.652 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)