Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/06/25 23:45:14.491 GMT+2

No sé

Me he perdido, no sé de donde soy, ni de donde vengo, ni siquiera sé donde me encuentro ahora. Sólo recuerdo quien soy. Carezco de todo por lo que he luchado hasta ahora, y recuerdo lo que aunque haya querido olvidar se me ha encadenado a la memoria. Sólo recuerdo quien soy, no puedo recordar nada más.

Nork: zubipetik.2008/06/25 23:45:14.491 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/06/18 22:15:18.446 GMT+2

Agur bai agur!

Umetan hainbeste ordu unean unean gura nebana imaginatuz zoriontsu orduak pasatu nebazan baserriagaz egin dot amets, danok gengozan eskaratzean, behia mahai gainean begiak eta ahoa zabalik heriotzak harritu baleu legez. Eta ni ate ondotik begira, hildakoan bizirik baino bildur gehiago emoten deustalakoan, eszena hautsi eta kalean nago, oporretan behin egondako kale erdi ezagun batean, gizon bat ikusten dot hurrinean, badakit nor dan baina ez naz akordetan zer egiten dodan han. Bildur naz eta atzera egin ahala aurreratzen dot kale estuan barrena, lausotu eta kalea lagun arte girotsu bihurtu da. Lagun batek ahots goraz esan dau behin eta barriz entzun gura ez nebana, lotsatu egin naz, arpegi normalena mantendu guran danak jarraitzen dabe nire inguruan barreka eta oihuka, arineketan urteteko gogoa sentidu dodan arren hankek kale kantoira eroan nabe, han lurrean niri begira gizona behiaren espresio bera arpegian...

Danba, kolpean, trenaren triki traka trabatuak itzartu nau. Lehiotik begiratu eta agur egin dit ama batek, eta agur egin dit ume batek, eta beste ama batek eta beste aitita batek eta iloba batek eta osaba eta izekoek, eta amama batek, eta beste ume batek.
Barrea ezpanetara heltzea ekidin ezinda trena gustetan jatala pentsatu dot, jendeak asmo txarrik barik, bigarren intentziorik barik, irabazteko ezer barik agurtzen nabelako. Agur bai agur!!! esateko gogoa eztarrian trabatu eta noan lekura heltzeko geldialdi bakarra geratzen jatala pentsatu dot. Ez dot loaldian amestutakorik akorduan. Sentsazioa... hala moduzkoa.

Nork: zubipetik.2008/06/18 22:15:18.446 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/06/02 22:27:15.994 GMT+2

Egikadaz haginkada

Egia esan behar nuelakoan mihia hagin artean korapilatu eta haginkadaz haginkada mingaina txikitu dudanean, irentsi egin ditut zatiok. Egia esatea baino gozoagoa izan da. Orain egiak eta gezurrak isildu beharrak mingaina irentsi izanaren damua dakart. Egia esan izan banu.... besteek jango lukete nire mingaina eta ustez naizena.

Nork: zubipetik.2008/06/02 22:27:15.994 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/29 21:47:51.667 GMT+2

Galdetzailea eta galdetua

-Ikusten dituzu han urrunean ikusten diren etxe gorri zahar haiek?
-Bai. Zeintzuk, haiek?
-Bai, gorri haiek.
-Ah! Bai.
-Ba hara heldutakoan ezkerreko kalea hartu eta ezkerretan dagoen bigarren ataria da.
-Ezkerrera orduan eta ezkerreko bigarren ataria. Ederto! Eskerrik asko!

Eta galdetuak nora zioan ahaztuta zetorren bidetik jarraitu du. Galdetzailea, negarrari eutsiz, eskuetako kartazalari erreparatu eta ezkerreko kaleko, bigarren atarirantz abiatu da.

Handik urte betera, Galdetuak Galdetzailearen argazkia ikusi zuen taberna hartako goialdean, beste argazkien alboan, euren helbideekin, markoarekin... eta kafesnea amaitzeko azken tragoa hartu eta aurpegi hura ezaguna zitzaialakoan begirada kendu, burua leun astindu eta kalera irten zen. Galdetzailea ez bezala.


Nork: zubipetik.2008/04/29 21:47:51.667 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/24 23:35:18.409 GMT+2

Ez dut heriotzaren aldarrikapenik egingo hala ere

Sinistarazi zidaten arin doana ona dela, sinistarazi zidaten polita ona dela, sinistarazi zidaten argia ona dela, sinistarazi zidaten berdina izatea ona dela, eta sinistu nuen ona izatea ona dela, ona zer zen susmorik ez nuen hartan.

Ordutik ikusten dudalakoan begiak zabaldu ezinik bizi naiz. Besteei ustez ikusten dudana hitz mugatuz azalduz.

Gezurra txarra delako gezurra egiatuz bizi naiz.

Bizi naiz, bizitzea ona delako, heriotza ez bezala.

Nork: zubipetik.2008/04/24 23:35:18.409 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/17 23:40:34.006 GMT+2

Itsasoan

Zirimiria, euri tanta sendoak, zaparrada, potzuak, errekak eta itsasoak. Dena da ura baina ez da berdina. Nik hasieran sudurra buzten dut euritan, zaparradapean abesten dut filmean bezala, erreka izenak buruz ikasten ditut eta itsasoetan itotzen naiz.

Ez dut ozeano arrotzik ezagutzeko gogorik, ez dut laku lasairik nahi, itsasoa nahi dut, bere barealdi eta bere haserreekin. Itsasoa nahi dut urdin ikusten denetan eta berdea ematen duen horietan. Itsasoaren usaina maite dut, kresalaren usaina. Itsasoaren diztira gogoko dut eguzkia esnatzen denetan. Itsasoan sartu nahi dut gau izartsuetan eta egun euritsuetan. Itsasoarekin larrua jo nahi dut itsasoa lehortu eta berriz euriak bete arte.

Itsasoan bizi nahi dut.

Nork: zubipetik.2008/04/17 23:40:34.006 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/02/26 22:44:40.131 GMT+1

Ez dut...

Ez dut oraindik ezagutu itsasoa aho batez irents dezakeenik,
ez dut oraindik ulertu itsasoa sortu zuela dioten jainkoa zer den,
ez dut oraindik zenbatu izarrek bost beso dituzten marrazkietan bezala,
ez dut oraindik ikusi imajinatu ez dudanik,

Zu ezagutzen zaitut, ulertzen zaitut eta imajinatzen zaitudan aldiak zenba ditzaket beharbada.
Horrekin, ezagutu, ulertu, imajinatu eta zenbatu ez ditzakedan bizi zatiak eramangarriagoak zaizkit. Zurekin.


Nork: zubipetik.2008/02/26 22:44:40.131 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/02/19 21:33:28.568 GMT+1

Egunkaria libre!

Egunkaria libre!
Gaur bost urte Guardia Zibilak goizaldeko ordu txikitan Euskaldunon Egunkaria itxi eta bertako lankideak atxilotu eta torturatu zituztela. Oraindik ez dira auziperatuak epaitu. Egunkaria libre!

http://www.egunkaria.info/

Nork: zubipetik.2008/02/19 21:33:28.568 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/01/21 22:06:51.702 GMT+1

zutaz oroit

Aspaldian ez dizut idatzi, eta honez gero nire hitzak irakurtzeak sortarazten zizunaz ez zara gomuta. Akordatzen zara gauza berdinak irakurriz nola zabaltzen zenituen begiak? Bai, gogoan duzu ateratzen ez zitzaizkizun malko haiek sortzen zizuten emozioa. Ni ere akordatzen naiz zutaz oraindik, eta akordatzen naiz egunero, ez ahazteraino. Mezu nahasiokin jarraitzen dut, ikusten duzu, eta zuk ulertuarena egin arren ez duzu dena nahi bezain argi ulertzen. Azken finean zu eta ni ez gara pertsona bera ezta? Ez, ez gara, antzik ere gutxi dugu egia esan. Hobe horrela beharbada. Badakit sarri esan dizudala, baina nire amets erotiko bakarra zara, bai, bakarra. Esatea erabaki dut, morboa emango dizulakoan, baina ez zaitez hain erraz bigundu. Berandu baino lehen nire besotan izango zaitut, uste baino lehenago, konturatu orduko, ikusiko duzu. Ordurarte akordu politekin jarraituko dut hegan ezagutzen duzun barre tonto hau aurpegitik ezabatu ezinda.

Nork: zubipetik.2008/01/21 22:06:51.702 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/01/17 18:40:22.282 GMT+1

Azken hegaldia

Telebista isotu eta leihora egiten dit ihes begiradak, leihotik dena ikusten da, telebistatik bezala. Lurrera begiratu eta nire oinekin egin dut topo, oinek ez dute ezer ikusten, bihotzak bezala. Bihotzari begiek erakusten diote, eta begiek ez dakite ikusten, begiratu baino ez dute egiten.
Leihoari begiratu diote nire begi ustelduek, eta esku ahurren lakartasuna handituz lehioa ireki dut. Haizea baimenik eskatu gabe sartu da eta adatsak mugitu dizkit. Adatsa hildako adatsa baino ez da. Betazalak pertsianak bezala hertsi eta nire begiek betazalen barnealdeari begiratzen diote. Oin itsuak leihoren parean jarri ditut eta haizeari baimenik eskatu gabe hegan atera naiz,
Oinen ohiko lekuan nago orain etzanda, begiak betazalei begira. Adatsa bezalakoa naiz orain. Azken hegaldia izan da hau.

Nork: zubipetik.2008/01/17 18:40:22.282 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)