Haurdunaldiari buruzko liburuak

aitaere 1456130574598 Haurdun gaude | 2007-10-01 10:12
2

Normal joan da asteburua. Isiltasunari eutsi beharrak sortzen duen zailtasunarekin eta konplizitatearekin. Ostiralean, lanetik atera eta etxerako bidean haurdunaldiari buruzko libururen bat erostea erabaki nuen, E-ri oparitzeko. Euskaraz zer dagoen begiratu, eta ezer gutxi, ia ezer ez. Arantxa Iturberen ‘Ai ama’ etorri zitzaidan gogora, eta Karmele Jaioren ‘Amaren eskuak’. Lehenengoa, ondo dago, baina ez da nahi nuena: haurdunaldiak dakartzan zalantzak, galderak, aldaketak, kazkak eta antzekoak erakutsi eta gustura irakurtzeko zerbait. Bigarrena nobela da, literatura. Eremu handiko saltoki handi horietako bat dago etxerako bidean, eta han sartu nintzen. Autolaguntzako liburu ugari aurkitu nituen, eta sukaldaritzakoak, eta sexuari buruzkoak, eta masajeak, eta gaztelerazko liburu salduenen edizio merkeak. Baina, harritzekoa, haurdunaldiari buruzko ezer ez. Gaur egun, ordea, eremu handiko saltoki gehienetan bada Ama Lurraren aitzakian multinazional handia bihurtu den Natura horietakoren bat, eta han aurkitu nituen nahi nituen liburuak. Baziren haurdunaldiari buruzko bospasei, denak gazteleraz, noski. Haietako batekin atera nintzen. Izenburua: ‘Nueve meses de espera. La guía definitiva del embarazo, parto y postparto’. Egileak: Josefina Ruiz Vega eta Maria Concepcion Diez Ruibo. Argitaratzailea: Temas de Hoy, 2004. Orrialdeak: 472. Prezioa: 21,25 euro. Liburu horren orrialdeetan kateatuta eman du asteburua E-k. Eta nik ere igaro ditut ordu batzuk lerro artean. Liburu ona da, egia esan. Prediktorrak bi marra arrosa paraleloak erakutsi ondoren kabitu ezinik dagoen bikotearen irrika asetzen joateko. Gainontzean, asteburuan ez gara afaltzera-edo atera, ez koadrilako lagunekin, ez senideekin. Beraz, poteoan alkoholik ez edateko aitzakia, edota otorduetan haragia edo enbutidoak eta antzekoak ez jatearena ez dugu asmatu behar izan. Egunak aurrera doaz, eta dena lasai oraingoz. Amaginarekin bihar du hitzordua E-k.

Nerea G

Nerea G 2007-10-01 12:27 #1

Niri gomendatu eta utzi didaten liburua gomendatu nahiko nizueke "El embarazo semana a semana" Lesley Regan. Hau ere erderaz bainan oso interesgarria eta harrigarria. National Geographyc-ek ere oso erreportai berezia du "En el vientre materno" (antiestrias krema erosterakoan oparitzen dutena batzutan). Bestalde euskaraz dagoen haurdunaldiko eguneroko bat badagoela esan nahi nizuke. Ez da liburua, astez aste betetzeko egunerokoa baizik, aita ta amaren beldurrak, ilusioak, sentipenak,... jasotzeko eta noizbait seme-alabari oparitzeko. "9 hilabete" du izena eta nini_bat, nire enpresa, proiektu, ilusio, buruausteak argitaratu eta sinatua da. Ezagutzen dutenak oso gustoko dute eta opari oso berezia da. Iragarki itsura hartzen ari da nire erantzuna beraz listo, gero arte. Gomendatutakoa gustokoa izatea espero dut.

aitaere

aitaere 2007-10-01 15:39 #2

Mila esker, Nerea.
Ez nuen ezagutzen '9 hilabete' eguneroko hori.
Ideia polita, egia esan.
Ea lortzen dudan.

'Nueve meses de espera' erosi nuenean, egia esan, eskuan izan nuen 'El embarazo semana a semana' hori ere. Egia esan, zalantza egin nuen bien artean. Tira, 'Nueve meses bien alimentados' ere esku artean izan nuen...

National Geographyc-en dokumental hori badugu etxean, DVDan.
Egia esan, pasote bat da, bai.
Edonor liluratzeko modukoa.
Bere garaian ikusi genuen, aspaldi.
Badakit aste honetan berriro ikusiko dugula, fijo.

Ondo segi!


Utzi iruzkina: