Kanadaren inguruan idatzi ez dudala esan diaten horiei...

aizkorripetik 1456130602071 Aizkorripetik... | 2007-11-25 16:07

"Ez duzu idatzi Kanadaren inguruan", esan zidaten atzo lagunek. Egia da, ez dut Kanadaren inguruan idatzi. Ez bainaiz, idazteko adina denbora egon han. Hiru aste eta erdi ez dira denbora Kanadan egon naizela esateko. Ezta haren inguruan idazteko ere. Are gutxiago, herrialde erraldoi hura ezagutzeko. Baina, hara, bidaien inguruan hitz egiten duen zutabetxo baterako idatzi behar izan dut Kanadaren inguruan. Kanadaren inguruan idatzi ez dudala esan diaten horiei...

Larre amaigabeek, ehunka lakuk eta noizean behin aurkitutako baso ederrek marrazten dute Kanadaren erdigunean dagoen lurralde honen paisaia. Manitoba ez da turismo gidetan aurkituko duzun Kanada. Hemendik hurrun geratzen dira Niagara Falls edota Rocky Mountains, Ottawa ala Toronto, Vancouver edo iparraldeko lurralde izoztuak. Izan ere Kanada bezalako herrialde erraldoi batean distantziak esanahi desberdina hartzen du. Are desberdinagoa, larre amaigabeak nagusitzen diren lurralde honetan.

 

Hiri handienetatik kanpo lehendabiziko herriak gutxienez ehun kilometro inguruara daude, autoz gutxienez bi eta zenbaitzutan hiru ordutara. Tartean, herrialdeko diru iturri nagusi diren larreak dira paisaian nagusi, nekazaritzarako eta abereen bazkarako erabiliak. Gutxitan gurutzatzen dira autoak larre arte hauetako errepideetan. Denbora eta distantzia hitzen esanahia aldatzen zaio bidaiari autoan; jendez inguratuta joanagatik ere bakardaderako gonbitea jasotze da hemen. Baina bertakoak horretara ohituta bizi dira. Herrietako biztaneleek euren etxean eta etxe inguruan egiten dute bizimodua, etxe inguruan hazitako herrixkan. Eta, hilabetean behin edo joaten dira hirira, erosketak egin eta lagunak bisitatzera.

 

Paisaian urdinguneak marrazten dira bat batean. Laku erraldoiak agertzen dira, itsasoa urruti geratzen den paraje hauetan bertako biztanleen hondartza bihurtzen direlarik. Portu nimiñoak eraiki dituzte bertan, euren itsasontzi txiki eta guzti. Eta laku hauetatik gertu, gehienetan, zuhaitz zahar eta mardulez osatutako baso ederrak. Denak, hori bai, Parke Nazional izendatuak. Harrigarria baita kanadarrek naturari dioten errespetua.

 

Lurraldearen hegoaldean dago Winnipeg hiriburua, AEBetatik 120 kilometro eskasetara. 600.000 biztanlerekin, motz geratzen da herrialdeko hiri jenetsuenen artean. Izan ere Kandan jende gehiena hiri handietan bizi da. Downtownen pilatzen diren erikin altu eta dotoreak alde batera utzita, familia-etxez osatutako auzoetan zabaltzen da hiria.  Udan kolorez betetako postal bihurtzen da Winnipeg, baina neguan goitik behera aldatzen da: azaroan, lehen elurteekin batera, zuri koloreak estaltzen du dena. Winnipeg izatetik Winterpeg izatera pasatzen da, izenak berak ere ingelesezko “hotz” hitzarekin jolas eginez. Hiri hau, zehazki, munduko hiririk hotzena izateagatik da ezaguna. Hala izaten da apirila amaiera edo maiatza hasierararte, negu guztiko elurra urtzen hasten denerarte.

 

Kale zabaletan barrena pasiatzen mota guztietako kolore, forma eta irudiak aurki litezke. Baita orotariko pertsonak ere. Tartean, herrialdearen iparraldean euren lurretatik atera eta hirietako etxe txikietan sartu dituzten indio inuiten familiak ere. Euren etxeetatik ateratako belaunaldia hirian bizitzera behartua izan da, baina tristura da nagusi euren aurpegietan. Asko eta asko kalean ikus litezke, mozkortuta eta noraezean. Belaunaldi berria hirian jaiotakoa da, baina etxeetako lau pareten barrualdean, euren betiko ohiturei jarraiki hezitakoa. Zaharrek belaunaldi gaztean jarria dute esperantza, urrutian, iparraldeko lurreetan, euren kideak denen eskubideen alde borrokan ari diren bitartean. Hau ikusita hasten da bisitaria herrialde honek naturarekin duen errespetuaren inguruan erreflexionatzen, eta gehienetan, balizko errespetu hori dudan jartzen.

 

Paisaia paregabea klima epela udaran, hotza baina atsegina neguan begientzako gozamena da Kanada. Bertakoak dira, ordea, herrialde hau ahaztezin egiten dutenak.  

 

 


Utzi iruzkina: