EUSKALDUNOK BARREGARRI

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2008-11-15 20:13

Batzuetan pentsatzen dut egia dela esaera horrek dioena, herri bakoitzak daukana merezi duela dioen hori. Izan ere, noiz edo noiz erakutsi egiten du herri batek ez duela merezi aldarrikatzen duena, dela benetan merezi ez duelako, edo dela ez dakielako egoki aldarrikatzen. Eta, horrelakoetan, barregarri geratu ohi da herri hori. Euskal Herria egunotan bezalaxe.

 

Orain egun batzuk, euskal futbol selekzioaren izenean “jokatuko luketen” “euskal jokalari” profesionalek esan berri dute ez dutela egingo baldin eta eurek erabakitako izenpean egiten ez badute. Batetik, “jokatuko lukete” idatzi dut, ez baitakit nola esan ote dezaketen esan dutena oraindik ere inork ez badaki konbokatua izango den ala ez; bestetik, “euskal jokalari” kakotx artean idatzi dut, ez baitago esaterik euskal jokalariak direnik, ez behintzat aldarrikapen hori sinatu duten guztiak, dela jatorriagatik edo dela duten pentsamolde inkoherenteagatik.

 

 Etxebe por ti.Iraola por ti.Llorente por ti.

 

Nik neuk ez dakit Euskadiko ala Euskal Herriko selekzioa izan behar duen izena, eta, egia esanda, ezer gutxi axola zait hori. Badakit, ordea, nire herriak, euskal herriak (hizki xehez) baduela bere nortasuna eta, ondorioz, bere tokia dagokiola mundu mailan, edozertan ere. Baina jokalari horiek, Etxeberriak, Iraolak, Amorebietak eta aspaldion Llorentek ere, ez ei dakite oso garbi zer nahi duten. Aldarrikapen politikorik egitekotan, berori egunerokoa dela jakin beharko lukete, eta ez komeni zaienekoa bakarrik. Ezin baitute jokatu Espainiaren alde gaur eta Euskadiren edo Euskal Herriaren alde bihar; ez da zilegi bien izenean egitea batak bestea ukatzen duenean, eta are gutxiago bietatik ederki kobratuta jokatzea.

 

Bai, badakit, batzuek diote sekulako zigorra ezarriko lieketela Espainiarekin jokatuko ez balute. Benetan Euskal Herria (hizki larriz) defendatu nahi badute, ordea, zerbait sakrifikatu beharko dute inoiz. Espainiarekin jokatzeari uko egiteak sekulako oihartzuna izango luke mundu mailan (nahiz eta une latzak izan euskal futbolerako), eta ukazioarekin, izen baten edo besteren pean gure herriaren alde jokatuta baino fruitu hobeak lortuko lituzkete. Horixe da aldarrikapena, benetakoa, benetako konpromisoa, herri honetako askori falta zaiona. Futbolean ere, antza, indarra sudurpean Euskal Herriak.


Utzi iruzkina: