Kenny Greenen patua

asieriturriagaetxebarria 1456131115699 Hori ere esan nahi dut | 2008-12-07 00:15




Nire lanbidea dela eta, albiste politikoak arakatzen eta aztertzen eman behar izaten dut egunaren zati handi bat. Nire burua zurrunbilo horretatik ateratzeko premia izaten dut maiz, eta kirol prentsan murgiltzen naiz. Espainiakoan jakina, euskarazko kirol prentsa sortzen ez dugulako asmatu oraindik. Kirol albisteen ehuneko zati handi bat zaborra edo kea izaten dela aitortzen dut, denbora-pasa lelo bat, baina istorio humano asko topatzeko aukera ematen dit, prentsa serioak baino gehiago sarritan. Ahaleginduko naiz horietako batzuk txoko honetara ekartzen.
 
Istorio horietako bat asteon topatu dut. Kenny Green-en istorioa da. AEBtatik Europara etorri zen jokatzera, eta nik sarritan ikusi nuen jokatzen. Pibot ona zen. TAUk inoiz izan duen onenetakoa. 90ko hamarkadan hiru bat urtez aritu zen Gasteizen. Goi mailako saskibaloia utzi zuenetik pista galdua nion, baina kirol prentsan haren berri izan dut. Qatar-en da, homeless baten gisara. Hango saskibaloi talde bat entrenatzea onartu zuen. Qatar-en zela, amari minbizia topatu zioten. Mediku onenengatik galdetu zuen, eta Suitzara eman zuen ama. Tratamendu garestia ordaintzeko dirurik ez, eta mailegua eskatu zuen Arabakiako herrialde horretako banketxe batean. 200.000 dolar. Ama tratamendua jasotzen hasi zen, baina berehala hil zen.

Ama barik, diru barik... eta derrepentean, lanik gabe ere geratu zen Kenny Green. Lanik gabe, diru-sarrerarik ez, eta banketxea kontuak eskatzen hasi zitzaion. AEBko enbaxadara jo zuen, baina ez zioten lagundu; lanean hasteko esan zioten. Nola, ordea? Poliziak pasaportea kendua zion aurretik, paperik ez zeukan eta ez zuen inork kontratatuko...

Asteon e-maila igorri du Euskal Herriko egunkari ezagun batera, Qatar-go hiriburuko cyber batetik. Etxerik gabe dagoela azaldu du, hiru edo lau egun jarraian jan barik egona dela, sarri kalezuloetan egiten duela lo, polizia atzetik duela, ezkutatuta bizi dela...

Egoera gogorra iruditu zait. Eta sinestezina, goi-mailako kirolariaren patua bestelakoa izan behar dela sinetsita gaudelako guztiok. 35-40 urteko urrezko erretiratuaren bizitza.

Euskal Herriko egunkari hori Kenny Greeni laguntzeko hariak mugitzen hasi da. Ondo iruditzen zait. Baina zer gertatzen da gure ondo-ondoan bizi diren milaka Kenny Greenekin? Horiek ez dute laguntza merezi? Urrun daukagun errealitatea goratzen dugu maiz, eta ezkutatu hemen ondoan daukaguna. Txarto gabiltza horrela.


Utzi iruzkina: