2008/12/15 11:33:08.685 GMT+1
Lehen eta bigarren mailako herritarrak
Ordu berean, Bilboko Indautxu auzoko Espainiako Poliziaren komisaldegiaren atarian ehunka pertsona zeuden, itzelezko hotzarekin, mantekin eta ahal zuten guztiekin babesten. Etorkinak ziren, hemen "legez" bizi ahal izateko behar duten dokumentazioa berritzeko asmoarekin. Orduak eta orduak eman behar izaten dituzte ilaran, Espainiako Poliziari aldez aurretik txandak ematea ez zaiolako bururatu, edo ez duelako nahi. Goizaldeko 4:00retan joan, eta hainbat ordu ilaran egin ostean ezer lortu gabekorik ere bada. Mafia modukoak ere sortu dira, eta hainbat ordu ilaran egiteagatik dirua jasotzen dute trukean.
XXI. mendean egonda, Europa moderno honetan, horrelakoak gerta daitezkeenik sinestea ere kosta egiten zait. Baina, badakizue, Euskal Herrian ere lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak daude, ezarri diguten Konstituzio sakrosantu horrek beste zerbait esaten duen arren.
Nork: asieriturriagaetxebarria.2008/12/15 11:33:08.685 GMT+1
Etiketak:
etorkinak
immigrazioa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/12/14 14:05:23.092 GMT+1
Hauteskundeak irabazteko edozerk balio du?

Jesus Egiguren Gipuzkoako PSE-EEko buruari irakurri diot gaur: "Aldaketa politikoak bakea ekarriko du lau urtean". Herri honek asko sufritu du azken urteetan, alderdi sozialistak ere bai, eta ez zait zilegi iruditzen euskalherritarren bake nahiarekin horrela jolastea. Herri honen arazoa 40 urtean konpondu ez bada (eta alderdi sozialista 40 urte hauetan politikagintzako lehen lerrian aritu da), zergatik konpondu behar da hurrengo lau urteetan? Sozialistak nora begira aritu dira errezeta majikoa baldin bazuten? Indar polizialak eta gizarteak ETA zilegitasunik gabe uztea nahikoa direla uste du? Errezeta hori azken 15-20 urtean erabili dute, eta begira nola gauden.
Hauteskundeak irabazteko edozerk balio du?
Nork: asieriturriagaetxebarria.2008/12/14 14:05:23.092 GMT+1
Etiketak:
pse-ee
hauteskundeak
politika
egiguren
jesus
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/12/10 15:30:47.403 GMT+1
Bizitzeko eta hiltzeko eskubidea

Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpena onartu zela 60 urte betetzen dira gaur, eta oinarrizko giza eskubide bat indarrean jartzeak hautsak harrotu ditu Britainia Handian. Gaur gauean, herrialde horretako Sky Real Lives kateak eutanasiari buruzko dokumentala eskainiko du, eta bertan azaltzen da nola bere buruaz beste egiten duen argazkiko gizon horrek, Craig Ewert-ek. Baina berak bakarrik ezin egin, gaitz neurologiko sendaezina duelako, eta Suitzako ospitale bateko medikuen laguntzarekin egiten du, familiakoak ondoan dituela.
Right to die dokumentalaren egileak esan du ez duela morboa bilatzen, eutanasiaren inguruko hausnarketa baino ez duela eragin nahi. Nik ikusi dut dokumentalaren aurrerapen bat, eta ez zait iruditzen morboa edo irudi mingarririk jasotzen duenik. Neri behintzat dokumentalaren emisioak eta horren inguruan sortu den polemikak eman dit zer pentsatua eta zer hausnartua.
Eta argi dut: bizitzeko eskubidea oinarrizko giza eskubidea da, baina haren ondo-ondoan dago modu duinean hiltzeko eskubidea. Craig Ewertek Suitzara joan behar izan du bere borondatea betetzeko, bere herrialdean legezkoa ez delako. Gainera, bere poltsikotik ordaindu behar izan du tratamendua. Euskal Herrian ere ez da legezkoa oraindik eutanasia. Oraindik tabu eta aurreiritzi gehiegi dago gure artean heriotzaren inguruan. Rigth to die bezalako dokumentalek gai horren inguruko hausnarketa pertsonalak eta kolektiboak eragin badituzte, ondo etorria da.
Gure telebista publikoak ere egin beharko luke ahalegin txiki bat, gure artera dokumental hori (eta haunarketa hori) ekartzeko.
Nork: asieriturriagaetxebarria.2008/12/10 15:30:47.403 GMT+1
Etiketak:
eutanasia
to
right
die
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/12/09 15:30:33.476 GMT+1
Durangotik bueltan

Aurten ere egin dut 'euskaldunen Mekara' bisitatxoa, eta Durangon egiten diren guztiak egin ditut: liburuz, diskaz eta bestelakoez betetako erakusmahaiak ikusi (eta zerbait erosi), Goienkaleko arratsaldeko eta gaueko giroaz gozatu... eta aspaldian ikusi gabeko lagunekin egon. Goiko argazkian agertzen den mutil horrekin ez nintzen egon. Berarekin ez, baina bai bere lagun min batekin: Eiderrekin. Hark eman zigun gure Egoiren berri. Betiko legez, harritu egin nau berriro Egoik.
Egoi Urkiza 28 urteko galdakoztarra da. Galdakaotik urrun bizi ez garen arren, etxetik oso urruti ezagutu genuen: Bulgariako Varna hirian. Hara joan ginen oporretara, eta hegazkinean ezagutu genuen neskak, Eiderrek, aurkeztu zigun. Egoik bazeraman hilabete batzuk Varnan, kooperante gisa. Varnako txoko bereziren bat edo beste eta bulgariarren eguneroko bizitzako zenbait bitxikeri erakutsi zizkigun. Euskaldun bat bulgarieraz entzun nuen lehenengo aldia izan zen hura.
"Hau bai tipoa!" izan zen Egoi ezagutzean pentsatu nuen lehenengo gauza. Orduz geroztik, ez dut gehiago ikusi. Ipurterrea berez, leku batean denbora asko egoten ez dakien horietakoa baita. Eiderrek eman digu haren berri beste behin. Kanariar Uharteetan da orain Egoi. Belaontzi txiki baten munduari bira ematen!!!! Bere neskalagun Rasa eta honen aita Andrius kapitainarekin (lituanarrak dira) batera doa Ragaine bi belaontzian
Blog bat ere badu Egoik, eta bertan kontatuko dizkigu hurrengo bi urteetan izango dituen gorabeherak. Hemendik aurrera, Internetek jakinaraziko dit zertan ari den gure Egoi. Animo Egoi (Rasa eta Andrius)! Zu bai zu tipoa!
Nork: asieriturriagaetxebarria.2008/12/09 15:30:33.476 GMT+1
Etiketak:
bidaiak
egoi
urkiza
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/12/07 00:15:23.153 GMT+1
Kenny Greenen patua

Nire lanbidea dela eta, albiste politikoak arakatzen eta aztertzen eman behar izaten dut egunaren zati handi bat. Nire burua zurrunbilo horretatik ateratzeko premia izaten dut maiz, eta kirol prentsan murgiltzen naiz. Espainiakoan jakina, euskarazko kirol prentsa sortzen ez dugulako asmatu oraindik. Kirol albisteen ehuneko zati handi bat zaborra edo kea izaten dela aitortzen dut, denbora-pasa lelo bat, baina istorio humano asko topatzeko aukera ematen dit, prentsa serioak baino gehiago sarritan. Ahaleginduko naiz horietako batzuk txoko honetara ekartzen.
Istorio horietako bat asteon topatu dut. Kenny Green-en istorioa da. AEBtatik Europara etorri zen jokatzera, eta nik sarritan ikusi nuen jokatzen. Pibot ona zen. TAUk inoiz izan duen onenetakoa. 90ko hamarkadan hiru bat urtez aritu zen Gasteizen. Goi mailako saskibaloia utzi zuenetik pista galdua nion, baina kirol prentsan haren berri izan dut. Qatar-en da, homeless baten gisara. Hango saskibaloi talde bat entrenatzea onartu zuen. Qatar-en zela, amari minbizia topatu zioten. Mediku onenengatik galdetu zuen, eta Suitzara eman zuen ama. Tratamendu garestia ordaintzeko dirurik ez, eta mailegua eskatu zuen Arabakiako herrialde horretako banketxe batean. 200.000 dolar. Ama tratamendua jasotzen hasi zen, baina berehala hil zen.
Ama barik, diru barik... eta derrepentean, lanik gabe ere geratu zen Kenny Green. Lanik gabe, diru-sarrerarik ez, eta banketxea kontuak eskatzen hasi zitzaion. AEBko enbaxadara jo zuen, baina ez zioten lagundu; lanean hasteko esan zioten. Nola, ordea? Poliziak pasaportea kendua zion aurretik, paperik ez zeukan eta ez zuen inork kontratatuko...
Asteon e-maila igorri du Euskal Herriko egunkari ezagun batera, Qatar-go hiriburuko cyber batetik. Etxerik gabe dagoela azaldu du, hiru edo lau egun jarraian jan barik egona dela, sarri kalezuloetan egiten duela lo, polizia atzetik duela, ezkutatuta bizi dela...
Egoera gogorra iruditu zait. Eta sinestezina, goi-mailako kirolariaren patua bestelakoa izan behar dela sinetsita gaudelako guztiok. 35-40 urteko urrezko erretiratuaren bizitza.
Euskal Herriko egunkari hori Kenny Greeni laguntzeko hariak mugitzen hasi da. Ondo iruditzen zait. Baina zer gertatzen da gure ondo-ondoan bizi diren milaka Kenny Greenekin? Horiek ez dute laguntza merezi? Urrun daukagun errealitatea goratzen dugu maiz, eta ezkutatu hemen ondoan daukaguna. Txarto gabiltza horrela.
Nork: asieriturriagaetxebarria.2008/12/07 00:15:23.153 GMT+1
Etiketak:
green
kenny
saskibaloia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/12/06 12:40:25.474 GMT+1
Hitzik gabe

Abenduak 3. Bergara, 11:30. Telefonoz inoiz elkarrekin berba egin bagenuen ere, Juankar Arellano Azpeitiko Aralarreko zinegotzia ezagutu dut, argazki bat egitera joan naizelako bere lantokira. "Ea laster berriz ikusten gaituken", bota dit.
Elgoibar, 13:25. Kazetari bati deitu diot, iritzi artikulu baten egoeraren berri emateko. Berak eman dit berria, ezer baino lehen. "Asier, badakizu atentatua izan dela? Azpeitian. Hiru tiro sartu dizkiote Altuna y Uria enprasako arduaradun bati". Zuri gelditu naiz. Automata baten moduan, alderdiko arduradunei jakinarazi diet gertatutakoa. Irratia isiotu dut. Laster hasi dira Azpeitian gertatutakoaren berri ematen. Juankar Arellanori, ordu bi lehenago irribartsu utzi dudan zinegotziari, deitu diot, berria emateko. Telefono dantza hasi da. Hurrengo 24 orduak telefonoarekin emango ditut dantzan.
Azpeitia, 18:00. Bukatu da Inazio Uriaren hilketa aztertzeko ez-ohiko udalbatza Azpeitian. Juankar Arellano hurbildu zait. "Arratsaldeon. Aurretik inoiz elkar ikusi ez, eta begira. Laster elkartu behar izan gaituk berriz!". Lasai dago, baina azpeitiar gehienei bezala, barruan sentimendu bereziren bat badaukala nabaritzen zaio. Isaias Carrasco ETAk hil zuenean, bestelako giroa zegoen Arrasaten. Ezberdina. Sentimendu berak ziurrenik, baina horiek adierazteko beste era bat dago Azpeitian, sakonagoa.
Abenduak 4. Azpeitia, 11:30. Aralarrek prentsaurrekoa egin behar du udaletxean, Azpeitiko udal-gobernutik ateratzen dela esateko. Kazetari asko dago batzar-aretoan. Juankar Arellanorengana joan naiz. "Lasai, Juankar. Kazetari asko dago, baina lasai egon, hauek ez dute inor jaten eta". "Ni lasai nagok. Jendaurrean hitz egitera ohituta nagok". Azken 24 orduetako tentsioa nabari duen arren, lasai dago. Plaza-gizon itxura dauka. Hasi da prentsaurrekoa. Juankar isilik geratu da. Ezin du prestatuta zeukan agiria irakurri. Begiak bustiak ditu. Lehertu da. Azpeitiar askok dituzten sentimenduak adierazi ditu kamera mordo baten aurrean. Prentsaurrekoarekin aurrera jarraitu nahi du, baina ezin. Hitzik gabe geratu da. Ez naiz harritzen. Ni ere hitzik gabe nago ETAk Inazio Uriari, bere familiari eta hurbilekoei, Azpeitiari, AHTren kontrako borrokari... Euskal Herriari egin dion minaren aurrean.
Nork: asieriturriagaetxebarria.2008/12/06 12:40:25.474 GMT+1
Etiketak:
azpeitia
inazio
juankar
arellano
uria
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)