MALCOLM X: Botoa edo bala (2)

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2007-11-14 17:36

Zelan eman ahal dizkiozue eskerrak gizon bati zuena den gauza bat emateagatik? Orduan zelan emango dizkiozue eskerrak zuena denaren parte bat baino ez emateagatik? Ez duzue ezer aurreratu, eman dizuetena zuena baldin bazen. Hori ez da aurreratzea. Eta asko gustatu zait zelan esan duen Anaia Lomaxek, zelan esan duen atzera egin dugula eta 1954an ginen leku berean gaudela. Atzerago gaude 1954an baino. Segregazioa handiagoa da orain 1954an baino. Arrazari buruzko ezinikusi, gorroto eta indarkeria handiagoa da gaur, 1964an. Non dago aurrerapena?

Eta orain beltz gazteak badatoz etorri. Ez dute entzun nahi "beste masailaren" kontu hori, ez. Jacskonvilleko horiek gaztetxoak ziren, Molotov cocktailak botatzen ibili zirenak. Beltzek ez dute hori sekula egin orain arte. Baina erakusten du jokabide berri bat azaldu dela. Pentsabide berri bat dago bidean. Estrategia berri bat dago bidean. Hilabete honetan Molotov cocktailak izango dira, hurrengoan esku granadak, eta hurrengoan beste zerbait. Botoak edo balak izango dira. Askatasuna edo heriotza. Heriotza honi buruzko diferentzia bakarra da oraingoan erreziprokoa izango dela. Badakizue zer den "erreziprokoa"? Anaia Lomaxen berbetako bat da. Ostu egin diot. Normalean ez dut halako hitz handirik erabiltzen, normalean ez naizelako jende handiarekin ibiltzen. Jende xumearekin ibiltzen naiz. Konturatu naiz jende xume pilo bat bilduta jende handi pilo bati itzelezko egurra eman dakiokeela. Ez dute ezer galtzeko, eta dena dute irabazteko. Eta berehala esango dizute: "tangoa egiteko lagun bi behar dira; ni banoa zu ere bai".

Eskubide zibilen zentzu osoaren interpretazio berri hau egitean, nazionalista beltzek, nazionalismo beltzaren filosofia besarkatzen dutenek, uste dute eskubide zibilek aukera berdintasuna esan gura dutela, Anaia Lomaxek aipatu duenez. Hara, eskubide zibilek aukera berdintasuna esan nahi badute, badugu arrazoirik eskubideok lortzen saiatzeko, guk inbertitutakoa batzen baino ez gabiltza eta. Gure amek eta gure aitek izerdia eta odola inbertitu zuten. Hirurehun eta hamar urte eman ditugu lanean herri honetan txakur txiki bat ere hartu barik ordainetan. Txakur txiki bat ere hartu barik, diot. Eta uzten diozue gizon zuriari hona etortzen esatera zein aberatsa den herri hau, baina inoiz ez zarete gelditzen pentsatzera zelan aberastu zen hain arin. Zuek aberastu zenutelako, horregatik.

Ikusi oraintxe bertan hemen bilduta dagoen jendea. Pobreak dira. Banan banan hartuta, pobreak dira. Gutako bakoitzaren astebeteko soldata hutsaren hurrengoa da. Baina hemengo guztion soldatak batuz gero, otzara asko beteko ditugu. Asko da hori. Hementxe bertan dagoen jendearen urtebeteko soldatak batzen badituzu, aberastu egingo zara. Aberats baino aberatsagoa izango zara. Gauzari horrela begiratuta, pentsa orain zelan aberastuko zen Osaba Sam, ez hemengo jende mordoskarekin, baizik eta milioika beltzekin. Zuen eta gure aita eta amekin, horiek ez zutelako zortzi orduko txandetan lan egiten, horiek goizeko "ez da ezer ikusten¨-etik gaueko "ez da ezer ikusten"-era lan egiten zuten, eta hutsaren truke, gizon zuria aberastuz, Osaba Sam aberastuz. Horixe izan da gure inbertsioa. Horixe gure ekarpena, gure odola.

Ez da bakarrik gure lana doan eman genuela, gure odola eman genuen. Armetara deitzen zuen bakoitzean, gu ginen lehenak uniformea janzten. Gizon zuriaren gudu zelai guzti-guztietan hil ginen. Gure sakrifizioa handiagoa izan da gaur egun Amerikan dagoen beste inorena baino. Gure ekarpena handiagoa izan da, eta gure ordaina txikiagoa. Eskubide zibilek, nazionalismo beltzaren aldekoentzat, hau esan nahi dute: "Emaguzu orain. Ez itxaron datorren urtera arte. Emaguzu atzo, eta hori ere berandu da".

Tarte bat hartuko nuke orain gauza bat esateko. Zurea den gauza bat eskuratu nahian zabiltzanean eskubide hori ukatzen dizuna kriminala da. Ulertu ezazue hori. Zurea den gauza baten atzetik zabiltzanean eskubide legal guztiak dauzkazu zurea dela aldarrikatzeko. Eta zurea dena ukatzeko zerbait egiten duena legea hausten dabil, beraz kriminala da. Eta halaxe nabarmendu zuen Auzitegi Nagusiaren erabakiak. Legez kanpo utzi zuen segregazioa.

Horrek esan gura du segregazioa legearen aurkakoa dela. Horrek esan gura du segregazionistak legea hausten dabiltzala. Segregazionista kriminala da. Ezin dakioke beste izenik eman. Eta segregazioaren aurkako manifestazioak egiten dituzuenean legea alde daukazue. Auzitegi Nagusia alde daukazue.

Orain: nork egiten dizue traba legea bete nahi duzuenean? Polizia Departamentuak berak. Poliziak, txakurrekin eta makilekin. Segregazioaren kontrako manifestazioa egiten duzuenean, dela eskolen segregazioaren kontra, etxebizitzen segregazioaren kontra edo dena delakoa, alde daukazue legea, eta aurka egiten dizuena ez dago legearen barruan. Legea hausten dabiltza; ez dira legearen ordezkari. Segregazioaren kontrako manifestazioan zaudetenean inork polizia txakur bat zuen kontra botatzeko ausardia daukanean, hil ezazue txakurra. Hil ezazue, benetan diotsuet, hil txakurra. Berriro diot, bihar kartzelan sartzen banaute ere: hil ezazue txakurra. Horrela geldituko dituzue. Orain: hemen dauden pertsona zuriek halako ekintzarik ikusi gura ez badute, joan alkatearengana eta esaiozue agindu diezaiola poliziari txakurrak barruan uzteko. Hori da egin behar duzuena. Egiten ez baduzue, beste norbaitek egingo du.

Honelako erabaki bat hartzen ez baduzue, zuen umetxoak hazten direnean, begiratuko dizuete eta esango dute: "lotsagarria". Honelako jarrera argi eta garbia hartzen ez baduzue; ez dut esan nahi kalera joan eta indarkeriaz jokatzen hasi behar zaretenik; baina aldi berean diot ez zenuketela indarkeria-ezaren bidetik jo behar, zuekin indarkeria-ezaren neurriren bat erabiltzen ez den bitartean. Nik indarkeriarik gabe jokatzen dut nirekin indarkeriarik gabe jokatzen dutenekin. Baina indarkeriaz hartzen nautenean, orduan zoratu egiten naiz, eta ez naiz nire ekintzen jabe. Eta halaxe egin beharko lukete beltz guzti-guztiek. Legearen barruan zaudela dakizunean, zure eskubide legalen barruan, zure eskubide moralen barruan, justizia zure alde dagoela dakizunean, orduan eman bizia sinesten duzunaren alde. Baina ez zaitez bakardadean hil. Zure heriotza erreziprokoa izan dadila. Horixe esan nahi du berdintasunak. Batentzat balio duenak bestearentzat ere bai.

Eremu horretan sartzen garen neurrian, lagun berriak beharko ditugu, aliatu berriak. Eskubide zibilen borroka maila goragoko batera eraman behar dugu: giza eskubideen mailara. Eskubide zibilen borrokan diharduzuenean, agian ez dakizue, baina Osaba Samen jurisdikziora mugatzen zabiltzate zuen burua. Zure borroka eskubide zibilen aldeko borroka den bitartean, kanpoko inork ezin du zure alde hitz egin. Eskubide zibilak herri honetako barne arazoen arloan sartzen dira. Gure anaia afrikarrek, gure anaia asiarrek eta gure anaia latinoamerikarrek ezin dute ahoa zabaldu Estatu Batuen barne arazoetan sartzeko. Eta eskubide zibilak diren neurrian, Osaba Samen jurisdikzioko kontua dira.

Baina Nazio Batuek badute Giza Eskubideen Karta deritzon gauza bat; giza eskubideez arduratzen den batzorde bat dauka. Beharbada itaundu egingo diozue zuen buruari zergatik Afrikan, Hungarian eta Asian egindako basakeria guztiak NBEren aurrean aurkeztu diren eta beltzen arazoa, berriz, sekula ez den aurkezten NBEn. Konspirazioaren barruan sartzen da hori. Betiko liberal amarruzale begi urdin horrek, zuen eta nire laguna ei denak, gure alde ei dagoenak, gure borroka bultzatzen ei dabilenak eta guri aholkuz laguntzen, horrexek berak ez dizue inoiz giza eskubideen konturik aipatzen. Eskubide zibiletan inguratzen zaituzte. Eta hainbeste denbora ematen duzue eskubide zibilen arbolari begira zaunka, jakin ere ez dakizuela lur berean giza eskubideen arbola hazten dela.

Eskubide zibilen borroka giza eskubideen mailara eramaten denean, aurkeztu ahal izango dugu herri honetako gizon beltzaren arazoa NBEko nazioen aurrean. Batzar Nagusiaren aurrean aurkeztu ahal izango dugu. Osaba Sam munduko epaitegira eraman ahal izango dugu. Baina hori giza eskubideen mailan bakarrik egin daiteke. Eskubide zibilek bere mugen barruan lotzen zaituzte, bere jurisdikzioan. Eskubide zibilek haren poltsikoan sartzen zaituzte. Eskubide zibilek esan gura dute Osaba Sami zu ondo tratatzeko eskatzen zabiltzala. Giza eskubideak jaiotzez dituzu. Jainkoak eman dizkizun eskubideak dira. Lur honetako nazio guztiek onartutako eskubideak dira giza eskubideak. Eta norbaitek zure eskubide zibilak urratzen dituenean munduko epaitegiaren aurrera eraman dezakezu.

Osaba Samen eskuei odola darie, herri honetako gizon beltzen odola. Munduko hipokritarik handiena da. Eta ausardia dauka -bai, hala da!- mundu librearen buruzagi agertzeko. Mundu librea! Eta zuek hor, "Egingo dugu" kantatzen. Zabal ezazue eskubide zibilen borroka giza eskubideetara. Eraman Nazio Batuetara, gure anaia afrikarrek gure alde egin dezaketen lekura, gure anaia asiarrek gure alde egin dezaketen lekura, gure anaia latinoamerikarrek gure alde egin dezaketen lekura, eta 800 txinatar gure alde egiteko zain dauden lekura.

Jakin dezala munduak zein odoleztatuta dituen eskuak Osaba Samek. Jakin dezala munduak zelako hipokresia dagoen hemen. Izan bedi botoa edo bala. Jakin dezala berak botoa edo bala izan behar dela.

Gure auzia Wasghington DCra daramazuenean erruduna den kriminalaren etxera daramazue; otsoarengandik ihes egin eta azeriarengana joatea bezalakoa da. Konpontxo eginda daude denak. Zurikeria politikoa praktikatzen dute guztiek eta zu pepelerdo baten moduan geratzen zara munduaren aurrean. Hemen zabiltza Amerikatik bueltatxo bat ematen, halako batean armadara deitu eta atzerrira bidaltzen zaituzte, berunezko soldadutxo baten moduan, eta bertara heltzean jendeak galdetzen dizunean zergatik ari zaren borrokan irribarre lerdo batez erantzun behar duzu. Ez, eraman ezazue Osaba Sam epaitegira, eraman ezazue munduaren aurrean.

Botoa diodanean askatasuna esan nahi dut, besterik ez. Ez dakizue -eta honetan ez nator bat Lomaxekin- botoak dolarrak baino gehiago balio duela? Frogatu nezake? Bai. Begiratu NBEri. Nazio Batuetan herri pobreak daude; herri pobre horiek euren botoen indarrak batu ditzakete eta gelditu egin ditzakete herri aberatsak. Nazio batek boto bat, boto guztiek berdin balio dute. Eta Asiako eta Afrikako eta munduko alderdi ilunagoetako anaia horiek bat egiten dutenean, euren botoen indarra nahikoa izango da Sam geldiarazteko. Edo Errusia geldiarazteko. Edo munduko beste edozein zati. Beraz, botoa garrantzitsuagoa da.

Baldin eta oraintxe, herri honetan zuek eta ni, 22 milioi afroamerikar -ze horixe gara, Amerikan dauden afrikarrak-... Afrikarrak zarete, besterik ez. Eta, egia esan, urrunago helduko zarete zuen buruari afrikar deitzen badiozue beltz deitzen badiozue baino. Afrikarrek ez dute egurrik hartzen. Zuek baino ez duzue hartzen egurra. Afrikarrentzat ez dute eskubide zibilen legerik onartu behar. Oraintxe bertan afrikar bat gura duen lekura joan daiteke. Egin behar duzuen gauza bakarra da buruan trapu bat jantzi eta listo: nahi duzuen lekura joan zaitezkete. Beltz izateari utzi, besterik ez. Izena aldatu. Adibidez, hartu Hugagaguba izena. Horrek erakutsiko dizue ze tontoa den gizon zuria. Gizon tonto batekin zabiltzate tratuan. Oso azal beltzekoa den nire lagun batek behin turbantea jantzi zuen eta Atlantako taberna batera sartu zen, horiek euren burua "des-segregatu" deitzen hasi aurretik. Zurien jatetxe batera sartu zen, mahai aurrean jesarri, janaria zerbitzatu zioten eta galdetu zuen: "zer gertatuko litzateke hona beltz bat sartuko balitz?" Eta hantxe dago bera, ikatza baino beltzago, baina buruan turbantea daukala. Zerbitzariak aurpegira begiratu eta zera erantzun zion: "Halakorik! Muturbeltzak atrebitu ere ez dira egiten hona sartzen gero!"

Beraz, bere aurreiritzi eta juzkuekin egunetik egunera burua eta argitasuna galtzen dabilen gizon batez ari gara. Ikaratuta dago. Ingurura begiratu eta ikusten du zer gertatzen ari den herri honetan, zelan denboraren pendulua zuen alderantz doan. Menia sinatu behar izan zuen. Zer da hori? Amerikak ez du meniarik sinatzen baina! Gaiztoa da. Baina orain jada ez da gaiztoa. Gaiztoa da hidrogeno bonba darabilen neurrian, baina ezin du erabili beldurrez-eta ea Errusiak berea erabiliko duen. Errusiak ezin du berea erabili, beldurrez-eta Samek berea erabiliko duen. Beraz, arma gabe daude biak. Ezin dute arma erabili, bakoitzaren armak indargabetu egiten duelako bestearena. Beraz, zelaian bakarrik gerta daiteke ekintza. Eta gizon zuriak ezin lezake beste gerrarik irabazi zelaian. Joanak dira egun horiek. Gizon beltzak badaki, gizon marroiak badaki, gizon gorriak badaki, eta gizon horiak badaki. Beraz, gerrillen gerra egiten diote. Hori ez da Samen estiloa. Gerrilleroa izateko, bularra izan behar duzu, eta Samek ez dauka. Nik diotsuet.

Informazio apur bat eman gura dizuet gerrillen gerraz, zeren... baina lehenago, lehenago.... Bularra eduki behar da gerrilleroa izateko, bakarrik zaudelako. Ohiko gerragintzan tankeak dauzkazu eta jende mordo bat ondoan zuri laguntzeko: hegazkinak buru gainean eta zera horiek denak. Baina gerrilleroa bakarrik dago. Fusila, zapatilak eta katilu bat arroz, hori baino ez duzu behar... eta bular handia. Pazifikoko irla horietako batzuetan, amerikar soldaduak lurreratzen zirenean, batzuetan japoniar bakar batek armada osoa gelditzen zuen. Eguzkia ezkutatu arte itxaron, eta eguzkia joandakoan parean zeuden. Aiztotxoa hartu eta sasirik sasi irristatzen zen, eta amerikarrarengandik amerikarrarengana. Soldadu zuriek ezin zuten horrekin. Pazifikoan gerra egindako soldadu zuri bat ikusten duzunean, dardakadan dago, gaixo dago nerbioetatik, itzelezko beldurra sartu ziotelako gorputzean.

Gauza bera pasatu zitzaien frantsesei Indotxina frantsesean. Urte batzuk lehenago arroza ereiten egondako laborariak elkartu egin ziren eta Indotxinatik bota zuten frantses armada guztiz mekanizatua. Ez da behar halakorik: gerragintza modernoak gaur egun ez du funtzionatzen. Gerrillaren garaia da hau. Gauza bera egin zuten Aljerian. Aljeriarrak beduinoak besterik ez ziren, arma hartu eta mendietara jo zuten, eta De Gaullek eta bere gerra makineria handiosoak ezin izan zituen gerrilla horiek gainditu. Mundu honetako inongo lekutan ez du irabazten gizon zuriak gerrillen gerra. Ez da haren abiadura. Gerrillen gerra Asian eta Afrikako zenbait lekutan eta Latinoamerikako zenbait lekutan zelan nagusitzen ari den ikusita, guztiz inuxentea izan behar zara edo benetan asko gutxietsi behar duzu gizon beltza pentsatzen ez baduzu egun batean itzarri egingo dela eta ikusiko duela edo botoa edo bala izan beharko dela.

Amaitzeko, gauza pare bat esan gura nuke orain dela gutxi New Yorken zabaldu dugun Meskita Musulmanaren inguruan. Egia da musulmanak garela eta gure erlijioa islama dela, baina ez dugu erlijioa politikarekin, ekonomiarekin edo gure jarduera sozial eta zibilarekin nahasten... jada ez. Gure erlijioa gure meskitarako uzten dugu. Gure zerbitzu erlijiosoak amaitu ondoren, musulman bezala hartzen dugu parte ekintza politiko, ekonomiko, sozial eta zibikoan. Gure komunitateko jendea zigortzen duten gaitzekin, gaitz politiko, ekonomiko eta sozialekin, amaitzeko helburua duen edonorekin elkartzen gara, edonon, edonoiz, edozein bidez.

Nazionalismo beltzaren filosofia politikoak esan nahi du beltzak bere komunitateko politika eta politikariak kontrolatu beharko lituzkeela; ez besterik. Komunitate beltzeko gizon beltza berriro hezi beharra dago politika zientzian, jakin dezan politikak zer eman behar dion ordainetan. Ez bota botorik sastarretara. Botoa bala bezalakoa da. Ez eman botorik jomuga ikusi arte, eta jomuga urrunegi badago, gorde egizue botoa patrikan.

Nazionalismo beltzaren filosofia politikoa eliza kristauetan irakasten ari dira. NAACPen irakasten ari dira. COREren bileretan irakasten ari dira. SNCC-Ikasleen Koordinazio Batzorde Ez-biolentoaren bileretan irakasten ari dira. Musulmanen bileretan irakasten ari dira. Ateo eta agnostikoak besterik biltzen ez diren lekuetan irakasten ari dira. Leku guztietan irakasten ari dira. Beltzak nazkatuta daude gure askatasuna lortzeko erabiltzen ohitu garen duda-mudazko, oin punttetako, epelkeriazko planteamenduarekin. Askatasuna nahi dugu orain, baina ez dugu lortuko "Egingo dugu" kantatuz. Borroka egin behar dugu egin arte.

Nazionalismo beltzaren filosofia ekonomikoa oso sinple eta garbia da. Bakarrik esan nahi du gure komunitatearen ekonomia kontrolatu behar dugula. Zergatik kontrolatu behar dituzte zuriek gure komunitateko denda guztiak? Zergatik kontrolatu behar dituzte zuriek gure komunitateko bankuak? Zergatik egon behar da gure komunitatearen ekonomia gizon zuriaren menpean? Zergatik? Gizon beltz batek ezin badu bere denda eraman komunitate zuri batera, esadazue zergatik eramango duen gizon zuri batek bere denda komunitate beltzera. Nazionalismo beltzaren filosofiak berarekin dakar komunitate beltza ekonomia gaietan ber-hezteko programa bat. Ikustarazi behar zaio gure jendeari gure komunitatetik dolar bat ateratzen dugun bakoitzean gu bizi ez garen komunitate batean gastatzeko, gu bizi garen komunitatea pobreagotu egiten dela, eta dirua gastatu dugun komunitatea, berriz, areago aberastu.

Eta gero galde egiten diozue zuen buruari zergatik zuek bizi zareten lekua ghettoa edo auzo txiroa den beti. Eta zuei eta niri dagokigunez, ez dugu gure dolarra galtzen bakarrik gure komunitatetik kanpo gastatzen dugun bakoitzean; gizon zuriak gure komunitateko denda guztien kontrola dauka, eta, beraz, dolarra gure komunitatean gastatzen dugunean ere, iluntzean dendariak dolarra hartu eta hiriaren bestaldera eramaten du, beste toki batera. Hormaren kontra gaitu.

Hortaz, nazionalismo beltzaren filosofiak esan gura du eliza guztietan, erakunde zibiko guztietan, elkarte guztietan sasoia dela gure jendea ohartzeko gure komunitatearen ekonomia kontrolatzearen garrantziaz. Gu baldin bagara denden jabeak, gu bagara gure negozioen arduradunak, gure komunitatean industriaren bat sortzen saiatzen bagara, gutarrentzako lanpostuak sortzen ari garen egoera batera pasatuko gara. Zure komunitatearen kontrola hartzen duzunean, ez zara hasi behar zentroko inongo latigomariri greba edo boikota egiten, edo haren enpresan lan egitea belauniko eskatzen.

Nazionalismo beltzaren filosofia sozialak bakarrik dio elkartu egin behar garela desagerrarazteko gure komunitatearen morala suntsitzen dauden gaitzak, bizioak, alkoholismoa, drogazaletasuna eta gainerako guztiak. Guk geuk jaso behar dugu gure komunitatearen maila, igo egin behar dugu gure komunitatearen maila, geure gizartea edertu behar dugu, gure lagunarteetan pozik egon gaitezen, bueltaka ibili barik bere barruan nahi ez gaituen lagunartean sartzeko zirrikitu baten bila. Beraz, hauxe diotsuet: nazionalismo beltzaren berri ona zabaltzean asmoa ez da gizon beltzak gizon zuria ber-ebaluatzea -ezagutzen duzue dagoeneko- gizon beltzak bere burua ber-ebaluatzea baino. Ez aldatu gizon zuriaren pentsaera: ezinezkoa da hori. Eta Amerikaren kontzientzia moralari dei egitearen kontu guzti hori dela eta: Amerikaren kontzientzia erreka jota dago. Kontzientzia arrasto guztiak galdu zituen aspaldi. Osaba Samek ez dauka kontzientziarik.

Ez dakite morala zer den. Ez dute gaitz bat desagerrarazten gaitza delako, edo legez kanpokoa delako edo inmorala delako; desagerrarazten dute baldin eta euren existentzia arriskuan jartzen badu, besterik ez. Beraz, denbora galtzen zabiltzate Osaba Sam bezala moraltasun kontuan kiebra jota dagoen gizon baten kontzientzia moralari deiez bazabiltzate. Kontzientziarik izango balu, aspaldi edukiko zuen zuzenduta kontu hau, inork gehiago estutu barik. Beraz, ez ez gizon zuriaren gogoa aldatu behar. Geure gogoa aldatu behar dugu. Ezin diogu guri buruzko iritzia aldatu. Guk elkarren gainean dugun iritzia aldatu behar dugu. Begi berriez ikusi behar dugu elkar. Neba-arreba moduan ikusi behar dugu elkar. Berotasunez elkartu behar gara, guk geuk arazo hau konpontzeko behar dugun batasuna eta harmonia eratu ditzagun. Zelan egin genezake hori? Zelan saihestu genezake jeloskortasuna? Zelan saihestu genitzake gure komunitatearen barruko susmoak eta banaketak? Nik esango dizuet.

Ikusi dut zelan joaten den Billy Graham hirietara berak Kristoren Ebanjelioa deitzen dion baina nazionalismo zuria besterik ez den hori zabaltzera. Mundu guztia astintzen du baina sekula ez du eliza bat sortzen. Eliza bat sortzen saiatuko balitz, eliza guztiak aurka aterako litzaizkioke. Beraz, Kristoz berbetan hasten da eta esaten du Kristo onartzen duena joateko Kristo dagoen edozein elizatara; eta horrela lortzen du elizak berari laguntzea. Beraz, hartuko dugu orritxo hori Billy Grahamen eskuliburutik.

Gure ebanjelioa nazionalismo beltza da. Ez dugu inongo erakunderen existentzia kolokan jarri nahi, baina nazionalismo beltzaren ebanjelioa zabaltzen ari gara. Nazionalismo beltza predikatzen eta praktikatzen dagoen eliza bat ikusten duzuenean, bertako kide egin. NAACP nazionalismo beltzaren ebanjelioa predikatzen eta praktikatzen badago, egin zaitez NAACPko kide. CORE nazionalismo beltza predikatzen eta praktikatzen badago, egin zaitezte COREko kide. Egin zaitezte gizon beltzaren aurrerapenaren aldeko ebanjelio bat daukan edozein erakundetako kide. Eta bertara bazoazte eta ikusten baduzue oin-punttetan eta erdibideetan dabiltzala, irten hortik, hori ez delako nazionalismo beltza. Beste leku bat aurkituko dugu.

Eta horrela, erakundeak ugaldu egingo dira eta gora egingo dute tamainan eta kalitatean eta abuzturako, asmoa daukagu nazionalismo beltzaren biltzarra egiteko, nazionalismo beltzaren filosofia politiko, ekonomiko eta sozialean interesa daukaten herrialde osoko ordezkariekin. Ordezkariok bildu ondoren, mintegi bat egingo dugu; eztabaidak izango ditugu; mundu guztiari entzungo diogu. Ideia berriak eta konponbide berriak eta erantzun berriak entzun gura ditugu. Eta orduan, egoki ikusten badugu beltzen alderdi nazionalista sortzea, sortu egingo dugu beltzen alderdi nazionalista. Botoa edo bala izango da. Askatasuna edo heriotza izango da.

Garaia da zuek eta nik utz diezaiogun herri honetan jesarrita geratzeari senatari latigomari batzuk, iparraldeko latigomariak eta hegoaldeko latigomariak Wasghington DCn jesartzen diren bitartean euren gogoz erabaki arte zuek eta nik eskubide zibilak izan behar ditugula. Ez dago gizon zuririk niri esango didanik ezer nire eskubideez. Neba-arrebok, gogoan izan beti hau: gizon zuriari askatasuna emateko senataririk edo kongresistarik eta presidenteen aldarrikapenik behar ez bada, gizon beltzari askatasuna emateko ez da behar ez legerik ez Auzitegi Nagusiaren erabakien aldarrikapenik. Jakinarazi egiozue gizon zuriari: hau askatasunaren herria bada, izan bedi askatasunaren herria; askatasunaren herria ez bada, aldatu hori.

Prest gaude elkarlanean jarduteko arazoari zuzenean heltzeko benetako interesa daukan edonorekin, edonon eta edonoiz, indarkeriarik gabe etsaiak indarkeriarik ez darabilen bitartean, indarkeriaz etsaiak indarkeriara jotzen duenean. Zuekin lan egingo dugu hautesleen zerrenda egiteko kanpainan, zuekin lan egingo dugu errenta-grebetan, zuekin lan egingo dugu eskolen boikotetan; ez dut sinesten inongo integraziotan; kezkatu ere ez nau egiten, badakidalako ez duzuela lortuko, edozelan ere; ez duzue lortuko hiltzearen beldur zaretelako; hiltzeko prest egon behar zarete, gizon zuriari zuen presentzia inposatu gura badiozue, hemen Clevelanden Mississipiko latigomari horiek bezain biolento jarriko delako. Hala ere, lan egingo dugu zuekin eskolen boikotetan eskola sistema segregatuaren kontra gaudelako. Eskola sistema segregatuak burua elbarritua duten umeak sortzen ditu. Baina ez dut esan nahi eskola bat segregatua dela horra doazen ume guztiak beltzak direlako. Eskola segregatuak esan nahi du eskola kontrolatzen duela harekin inongo zerikusirik ez daukan jende batek.

Utzi esplikatzen. Barruti edo komunitate segregatua da komunitate bat non jendea bizi den baina kanpotarrek kontrolatzen duten komunitatearen politika eta ekonomia. Alderdi zuriari inoiz ez diote komunitate segregatua deitzen. Beltzen alderdia da komunitate segregatua. Zergatik? Gizon zuriak bere eskola kontrolatzen du, bere bankua, bere ekonomia, bere politika, bere gauza guztiak, bere komunitatea. Baina zu beste inoren kontrolpean zaudenean zu zara segregatua. Dagoenetik eskasena edo txarrena emango dizute, baina zurea izateagatik ez zaude segregatua. Zurearen kontrola izan behar duzu. Gizon zuriak berea kontrolatzen duen legez, zuk ere zurearen kontrola izan behar duzu.

Badakizue zein den segregazioa desagerrarazteko modurik onena? Gizon zuriak beldur handiagoa dio segregazioari integrazioari baino. Segregazioak esan gura du bere paretik kentzen zaituela, baina ez zaitu bidaltzen bere jurisdikziotik kanpo egoteko bezain urrun; banaketak esan nahi du alde egiten duzula. Eta gizon zuriak arinago utziko dizu integratzen, banatzen utzi baino. Beraz, zuekin egingo dugu lan eskola sistema segregatuaren kontra, kriminala delako, guztiz suntsigarria delako, pentsa litezkeen modu guztietan, halako hezkuntza elbarritzailea jasaten duten umeen bururako.

Azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxienekoa, gauza bat esan behar dut eskopeta eta pistolen inguruko eztabaida biziaren inguruan. Nik honetaz esan dudan gauza bakarra da gobernuak beltzen bizitzak edo ondasunak defendatzeko gogorik edo gaitasunik erakutsi ez duen aldeetan sasoia dela beltzek euren burua defenda dezaten. Konstituzioaren emendakinen bigarren artikuluak eskopeta bat edo pistola bat izateko eskubidea aitortzen digu zuei eta niri. Konstituzioaren arabera, legala da eskopeta bat edo pistola bat izatea. Horrek ez du esan nahi eskopeta bila joan behar zaretenik eta batailoi bat osatu behar duzuenik kalera joateko jende zuriaren bila, nahiz eta eskubidea izango zenuten, esan gura dut, justifikatuta egongo zinateketen. Baina hori ilegala litzateke eta guk ez dugu gauza ilegalik egiten. Gizon zuriak gura ez badu gizon beltzak eskopeta eta pistolarik erosterik, egin dezala gobernuak bere lana.

Horixe da guztia. Eta ez utzi gizon zuriari zuengana etortzen galdetzera ea zer uste duzun Malcomek dioenaz. Ai, ene, Osaba Tom ederrak eginda zaudete gero! Egundo ez lizueke halakorik galdetuko pentsatuko balu "amen!" erantzungo diozuela. Ez, Osaba Tom bihurtu nahi zaituzte. Beraz: kontua ez da eskopetadunen taldeak osatzea eta kalera irtetea inoren bila, baina, 1964an sasoia da, gizona baldin bazara, beste gizon hari jakinarazteko.

Bere lana egin gura ez badu gobernuak eta zuei eta niri eman gura ez badigu gure zergek ordaindu behar omen duten babesa, mila milioikada horiek denak defentsako aurrekontuan gastatzen baditu, ezin izango da ba marmarrean hasi zuek eta nik 12 edo 15 dolar gastatzeagatik tiro bakarreko edo tiro biko pistola batean. Ulertuko duzuela espero dut. Ez joan hortik jendeari tiro egiten, baina irakurtzen dugunean -neba-arrebok, eta batez ere hemen zaudeten gizonak; zuetako batzuek Kongresuko Ohorezko Dominak daramatzazue, eta honenbesteko bizkar handiak dauzkazue, zera baino bular zabalagoa, giharrak zera baino handiagoak- eliza batean bonba bat ipini dutela eta odol hotzean hil dituztela, ez pertsona nagusi batzuk, baizik eta lau neskatila, otoitzean zeudenean gizon zuriak irakatsi zien Jainko horri berari, eta zuek eta nik ikusten dugunean gobernukoak datozela eta ez dutela aurkitzen hori egin duena.

Hara, gizon hau Eichman aurkitzeko gai da, Argentinako lekuren batean ezkutatu arren. Bizpahiru soldadu amerikar hiltzen dituzte han, Vietnam hegoaldean, inoren kontutan sartzen dabiltzan soldaduak, eta gerra barkuak bidaliko ditu gizon honek, muturra sartuko du inoren etxean. Kubara bidali nahi zituen tropak, berak hauteskunde libre deitzen dien hori antolatzera behartzeko, latigomari txatxu honek, bere herrian bertan hauteskunde librerik ez daukanak.

Ez. Zuen bizitza osoan berriz ere ikusten ez banauzue ere, bihar goizean hiltzen banaute ere, gauza bat esaten hilko naiz: botoa edo bala, botoa edo bala.

1964an beltz bat jesarrita geratu behar bada ikusten zelan senatari latigomariren batek blokeatzen dituen jende beltzaren eskubideei dagozkien legeak, zera, hobe dugu zuek eta nik gure burua lotsaren lotsaz urkatzea. Berba egiten duzue 1963an Washingtonera egindako manifestazioaz; ez duzue ezer ikusi. 1964an gehiago dator.

Eta oraingoan ez dira iaz bezala joango. Ez dira joango kantatzen "Egingo dugu". Ez dira joango lagun zuriekin. Ez dira joango beste inork egin dizkien pankartekin. Ez dira joango joan-etorriko txartelekin. Joaneko txartelekin joango dira. Eta ez badute nahi armada ez biolento hori bertara joatea, esaiezue eten dezatela blokeoa.

Nazionalista beltzak ez dira zain geratuko. Lyndon B. Johnson Alderdi Demokratako burua da. Eskubide zibilen alde badago, joan dadila Senatura datorren astean eta garbi esan dezala. Oraintxe bertan joan dadila eta esan dezala. Joan dadila bertara eta salatu dezala bere alderdiaren hegoaldeko adarra. Joan dadila oraintxe bertan eta jarrera moral bat har dezala. Oraintxe, ez gero. Esaiozue: ez itxaron hauteskundeetara arte. Gehiegi itxaroten badu, neba-arrebok, bera izango da erantzule herri honetan sortzen denean egoera bat zeinek klima desberdin bat ekarriko duen, eta klima horrek lurrean ernalduko ditu hazi batzuk zeinetatik haziko diren jende honek ametsetan ere sekula ikusi ez dituen landareak. 1964an botoa edo bala da.

Eskerrik asko.


Utzi iruzkina: