Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2007/09/11 19:57:42.834 GMT+2

DEATH PROOF, ZERGATIK EZ?

 Komeni da filme hau ikustera inolako aurreiritzi moralik gabe joatea. Tarantinok indarkeria tratatzeko duen moduaz ez gara ariko, nahikoa hitz egiten baita horri buruz. Ez dut uste zuzendariaren helburua jendeari sufriaraztea denik, alderantziz, gozatzeko modu entretenigarri bat eskaintzen dio. Ez zait iruditzen indarkeria hori guztia hain doakoa denik, bere zentzua du, ez indarkeriak berak, ez pertsonaien inguruko topiko guztiek, indarkeria hori eta topiko horiek guztiak sormen lan bihurtzeak baizik. Horrek duen edo ez duen esanahia filosofoen eskuetan utziko dugu. Bestela, norberak atera bitza bere ondorioak. Niri gustatu zait. Death Proof filme ona da. Zergatik ez?

 

Ondo zuzenduta dago. Elkarrizketa luzeak, Pulp Fiction-en (1994) egiten duen modura, esan genezake 60. hamarkadako zinema abangoardistatik datozela. Kasu honetan, filmearen lehen zatian hiru neska “txoro” (berak hala ezaugarritzen ditu) ditugu, eta gustatzen zait haien artean nola jartzen dituen harremanetan: elkarri naturaltasun osoz hitz egiten diete, (naturaltasun deformatua litzateke, karikaturizatua, nahi bada, “sasi-naturaltasuna”, baina “sinesgarria”, edozein kasutan) eta Godard-ek berak egingo lituzkeen mozketak egiten ditu editaian. (Godard-en muntaiaz esan izan da edozein tokian mozten zuela, pentsatu ere egin gabe, eta zorte handia zuela, gero ondo geratzen baitzen askotan. Mi diccionario de cine, Fernando Trueba, 2006. Esan beharrik ez dago ez natorrela bat iritzi honekin, ez Godard-en kasuan, ezta Tarantinorenean ere).

 

Eta zer esan filmeak duen tentsioaz? Ez da suspentsezko tentsioa, ikusleak ondo asko baitaki zerbait gertatuko dela. Tarantinok sunpentsioa erabiltzen du, alegia, etorriko dena etorri baino lehen gertatzen den horretan jartzen du arreta, eta esaten digu: “Bai, badakizue zer gertatuko den, baina itxaron pixka batean, lehenengo ikusi pertsonaiak, aztertu egoera, pentsatu nola gertatuko den”. Eta gertatzen denean, besterik ezin duzu egin: momentuaz gozatu.

 

Bigarren zatian, goitik behera aldatzen da kontua. Hasiera beretsua da: neska “txoroak” eta elkarrizketa luzeak. Baina oraingoan ikusleak beste zerbait espero du, eta Tarantinok eman egiten dio: “Inoizko jazarpen eszenarik onena”. Grand Theft Auto bideojoko sailaren estilora, baina pantaila handian: demasa.  

 

Eta gidoia... zer axola dio horrek? Izan ere, zer da gidoi on bat?  Zein sinesgarritasun maila behar du istorioak? Tarantinok lortzen du sinesgarri egitea... edo ez, nahi ez bada. Berdin dio, Death Proof jolasa baita, jolas hutsa, jolas betea. “Bizitzaren misterioa” argitu nahi duten kritikariek eman dezatela izena sekta batean, baina ez bitez joan Tarantino ikustera. Hori ba J.

 

Tarantino eta Godard

 

“Tarantino eta nire artean dagoen alde handiena zera da: zinema nigan bizi dela eta Tarantino zineman bizi dela”. Jean Luc Godard

 

Tarantinok biziki miretsi izan du Godard. Elkarrizketa eszenak zuzentzeko modua aipatu dugu lehenago. Hona hemen bien arteko lotura pare bat:

 

- Vivre sa vie: Film en douze tableaux (Jean Luc Godard, 1962) filme bikaineko dantza eszenari omenaldia egin zion Tarantinok Pulp Fiction-eko Uma Thurman eta John Travoltaren eszena famatuan. (Dirudienez, zuzendari amerikarrak Bande à part -Jean Luc Godard, 1963- filmeko eszenan oinarritzeko esan zien Thurman eta Travoltari Pulp Fiction-ekoa egiteko)

 

Ikusi hemen filme honetako dantza eszena zoragarria: http://www.youtube.com/watch?v=ekQZPozjCX8

 

- Biak abiatzen dira zinemagintzaren ezagutza handi batetik, eta beren filmeetan “keinu”ak egiten dizkiete beste garaietako filmeei. Godard-en À bout de soufflé-n (1960), Jean Paul Belmondok kearekin putz egiten dio Bogart-en txartel bati, eta Tarantinok Jules et Jim (Francois Truffaut, 1961) filmearen txartel bat azaltzen du.

Nork: DrRobert.2007/09/11 19:57:42.834 GMT+2
Etiketak: godard tarantino death zinema proof | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/09/11 16:44:37.700 GMT+2

DONT LOOK BACK: BOB DYLAN eta CINÉMA VÉRITÉ

Kazetaria: Irakurri duzu Biblia?

Dylan: ummm... ez

Kazetaria: Zure kantuetan esaten dituzun gauza askok Bibliarekin dute zerikusia...

Dylan:  Begiratu bat eman diot... tira, ez, ez dut irakurri.

 

1965, Erresuma Batua. Bob Dylan izar amerikarra bira egiten ari da irla osoan. Berekin daude Joan Baez, Donovan, Alan Price (Animals taldeko piano-jotzailea), Albert Grossman (bere managerra) eta beste hainbat eta hainbat. Horien artean, da D.A. Pennebaker, kamera eskuetan, Cinéma vérité kutsua duen dokumentala grabatzen.

 

Gertutasun eta errealismo ikaragarria duen filmea da. Interesgarria eta ikusi beharrekoa: ez Bob Dylan-en jarraitzaileentzat bakarrik, 60. hamarkadako giro artistikoa ezagutu nahi duen ororentzat ere bai: publikoaren erreakzioa, prentsa, fans-ak, artisten arteko harremanak eszenatokitik kanpo, kamerinoetako uneak, kontzertuak, haserreak, borrokak, txantxak... denak du tokia filmean. Dylan-ekin bira bat egitea bezala da: berekin dago kamera, berekin gaude gu.

 

Dont Look Back (1967) aitzindaria izan zen musika dokumentalgintzan, filmea dokumental moduan ulertzen badugu behintzat. Orain gure eskuetara heldu da, bi DVD, liburuxka bat eta opari txiki bat dakartzan pack batean: gustagarria, zirraragarria eta ona.

 

Cinéma vérité: zenbait ohar

 

Europan 1950. hamarkadan sortu zen zinema egiteko modu berria izan zen, Ameriketara, eta, bereziki Kanadara zabaldu zena. Aurrekariak eta eraginak (Neorrealsimo italiarra, Nouvelle Vague-a) izan bazituen ere, 60. hamarkadan jo zuen goia mugimendu honek. Zinema mota honen helburuetako bat zinemagintza klasikoak ezartzen zituen mugak gainditzea zen. Zinema klasikoan filmea narrazioaren mende bazegoen, Cinéma vérité-n (Egiazko zinema) ez zen gidoi egituraturik, ezta narratiba klasikoak filmea “ulertzeko” ematen zuen erraztasunik ere. Honela, logika horretatik haratago, ikusleak egoera antzeman eta hain ulergarri ez diren istorio eta pertsonaiak interpretatu behar zituen. Freskotasuna, askatasuna eta “beste” errealismo bat, psikologikoagoa, “egiazkoagoa”, dira Cinéma verité-ren  ezaugarri.

 

Kamera eskuan eta zuzeneko soinuarekin, unea hartu eta pantailaratzean datza bere teknikak. Aktorerik gabe askotan, merke, eta lantalde txikiarekin, errealizazioak inprobisaziorako eta bat-bateko sormenerako bide ematen du. Dokumentaletik asko du, baina istorioak bere modura azaltzeko gai ere bada. Frantzian jarraitzaileak izan zituen, eta mugimendu honen inguruan kokatu izan dituzte Jean Rouch eta Jean Luc Godard bera ere. Kontrako azaldu zirenak ere izan ziren, Francois Truffaut, esaterako, honela mintzatu zen urte batzuk geroago El placer de la mirada-n (Cahiers du cinéma, 1987) argitaratu zen artikulu batean:

 

“Nire ustez Cinéma vérité-ko filmeak oso onak dira zuzendari, ekoizle eta aktoreentzat, baina ikusleari ez diote ezer eskaintzen; honelako filmeek doakoak behar lukete. (...) Beste modu batera esanda, jendeari ordainaraz diezaiokegu gezur antolatu bat ikusteko, baina ez egia desordenatu bat erakustearen truke”.

 

Eztabaidak eztabaida, zinea egiteko era berritzaile honek eragin ukaezina izan du ordutik hona egin den zinemagintzan, zuzendari askok errealismo kutsu hori ematen baitiote beren filmeetako hainbat eszenari. Nabarmena da, adibidez, Dogma 95 mugimenduarekin duen antzekotasuna.

Nork: DrRobert.2007/09/11 16:44:37.700 GMT+2
Etiketak: vérité bob dylan zinema | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/09/08 14:18:11.052 GMT+2

Liv Ullmann

“Aktore ona naiz, talentua dut. Gaztea nintzenean, ez nekien nola erabili talentu hori, baina zuzendari egokiarekin lan eginez gero, berak laguntzen dizu barrukoa ateratzen. Bergmanek aktore ona naizela uste du, eta nik badakit bera genioa dela: eman didan konfidantza oso garrantzitsua izan da niretzat.”

 Begi urdin zoragarriak eta edertasun sentsual paregabea ditu ageriko ezaugarri Liv Ullmann-ek. Artista handia da, zuzena, zintzotasun harrigarriz iristen den horietakoa. Kameraren aurrean, negar egiten eta eragiten daki, irribarre malenkoniatsu sakona du, eta ezinezkoa da, segundo batzuetan berari begira egonez gero, berarekin ez maitemintzea. Karrera luze eta oparoa osatu du, osatzen ari da. Horregatik emango diote aurten Donostia saria. Liv Ullmann-ek gure txokoak zapalduko ditu, gure airea arnastuko du, eta gure etxetik oso gertu egingo du lo, Euskal Herriko zerupean. Zorionekoak gu!

 Japonian sortua (Tokio, 1938, abenduak 16), eta Norvegian hazia. Teatro aktore ezaguna izan zen, Ingmar Bergmanek Persona (1966) filmean munduratu zuen arte. Etorkizun handiko aktorea zela eta, Bergmanek begiz jo zuen, eta  Farö irlara (Suedia) eraman zuen, Bibi Anderson-ekin batera,  Persona filma egitera. “Ez dakit zergatik hautatu ninduen, agian persona erraza, eramangarria, naizelako” esan zuen Ullmanek urte batzuk geroago.

 Film hau, zuzendari suediarraren ezagunenetakoa izateaz gain, bien arteko amodioaren sorleku izan zen. Honela azaldu zuen Bergmanek berak, 1986an, Linterna Mágica liburuan, Liv Ullmannekin bizi izan zuen amodio istorioa: Persona egiten ari ginela maitemindu ginen. Hankasartze izugarri baten ondorioz, Farö-n bertan etxe bat eraiki nuen Liv-ekin bizitzeko, baina berari zer nahi zuen galdetzea ahaztu zitzaidan. Urte batzuk eman zituen nirekin. Gure deabruen kontra borrokatu ginen ahal genuen bezala. Los Emigrantes (1971) filmean Kristina-ren papera proposatu zioten. Hura egitera joan zenean, biok bagenekien gure artekoa bukatuta zegoela.”

 Liv Ullmannen bizitza, beraz, ezin da ulertu Ingmar Bergman gabe. Lagun minak eta kide artistikoak izan dira Bergmanen heriotzera arte (2007). Alaba bat izan zuten elkarrekin 1966an, Linn Ullmann, egun idazle sonatua dena. Aipatutako Persona-z gain,  Bergmanen film askotan hartu du parte: La hora del lobo (1967), La vergüenza (1968), Pasión (1969), Gritos y susurros (1972),  Secretos de un Matrimonio (1973), Cara a cara (1976) El huevo de la serpiente (1977) Sonata de Otoño (1978, Ingrid Bergmanekin batera) eta Saraband (2003).

 1994an aktore izateari utzi zion zuzendari aritzeko. “Orduan hitz eman nuen, Ingmarrek eskatuz gero baino ez nintzela itzuliko”, azaldu zuen.  Honela, Saraband (2003) filmean ikusi genuen berriro Secretos de un Matrimonio-ko (1973) protagonistaren paperean. “(Ingmar Bergmanekin) berriro lan egitea oso naturala egin zait, etxera itzultzea bezala izan da. Orain (Bergman) gizon baketsuagoa da. Farö-n bizi da oraindik, bakarrik, ez da ia inorekin egoten, beno, tarteka telefonoa erantzuten du”, esan zuen aktore Norvegiarrak, pixka bat penatuta, 2004an egindako elkarrizketa batean.

 Sofie (1992), Kristin Lavransdatter (1995), Encuentros privados (1996) eta Infiel (2000) filmak zuzendu ditu, azken biak Ingmar Bergmanek berak idatziak. Kritika bikainak jaso ditu guztietan.

 Jan Troell-en (Malmo, Suedia, 1931) zuzendaritzapean ere film ugari egindakoa da:  La novia de Zandy, La Abdicación, Los emigrantes (1971) eta El Nuevo Mundo y Los pioneros.

 Oskarretarako hautagai izan zen Los Emigrantes (1971) eta Cara a cara (1976) filmeetan egindako lanengatik, eta kontaezinak dira bere aktore karreran jaso dituen sariak. Bat aipatzearrean, 1988an Donostiako Zinemaldian jaso zuena La amiga (1988) filmarengatik.

 Bi liburu zoragarri ere idatzi ditu: Senderos (1977) eta Opciones. Liburuotan bere burua biluzten du, bere bizitza kontatzen digu, bere amodioak, bere esperientziak... ikuspegi hunkigarri eta gertuko batetik.  

Batik bat zinemagintzan eta idazketan aritu bada ere, ez da geldirik egoteko emakumea: Europar Zinemako Zuzendarien Federazioko lehendakari da, eta UNICEF-eko enbaxadore izan da hogei urtetan. Ezaguna da, aldi berean, errefuxiatu politikoen alde egiten duen lanagatik.

 

 

 

 

Nork: DrRobert.2007/09/08 14:18:11.052 GMT+2
Etiketak: ullmann donostia liv zinema bergman | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

2007/09/03 18:54:32.383 GMT+2

Donostiako Zinemaldian zer ikusi

Nire aurrerapentxoa, oraindik dena ez badakigu ere:

 

Zabaltegi-perlak:

CARAMEL

Libano-Frantzia
Directora: Nadine Labaki.
Antzezleak: Nadine Labaki, Yasmine Al Masri, Joanna Moukarzel, Gisèle Aouad.

Emanaldi bereziak

 

HELP!
(LAGUNDU!) (bertsio berritua)

Britainia Handia
Zuzendaria: Richard Lester.
Antzezleak: John Lennon, Paul McCartney, George Harrison, Ringo Starr.

 

 

Zabaltegi- Zuzendari berriak

 

DIE ANRUFERIN

Alemania
Zuzendaria: Felix Randau.
Antzezleak: Valerie Koch, Esther Schweins, Franziska Ponitz.

Zabaltegi Bereziak

 

LUCIO

Espainia
Zuzendariak: Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga.
Dokumentala

Sukar izoztua

 

Danimarka: Offscreen. Christoffer Boe,  2006.

Suedia: A Hole in My Heart. Lukas Moodysson, 2004

 

 

Sail ofiziala

 

 

 

EASTERN PROMISES (EKIALDEKO PROMESAK)

Estatu Batuak
Zuzendaria: David Cronenberg.
Antzezleak: Viggo Mortensen, Naomi Watts, Vincent Cassel.

ENCARNACIÓN

Argentina
Zuzendaria: Anahí Berneri.
Antzezleak: Silvia Pérez,  Martina Juncadella, Luciano Cáceres,  Osmar Núñez,  Fabián Arenillas, Carlos Portaluppi

LA MAISON

Frantzia
Zuzendaria: Manuel Poirier.
Antzezleak: Sergi López, Bruno Salomone, Bérénice Béjo, Barbara Schulz.

FLAWLESS (PLAN AKATSGABEA)

Britainia Handia
Zuzendaria: Michael Radford.
Antzezleak: Michael Caine, Demi Moore, Joss Ackland, Lambert Wilson.

 

 

Nork: DrRobert.2007/09/03 18:54:32.383 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2007/08/27 23:29:11.288 GMT+2

Nire 20 film gogokoenak

Ordena da gutxienekoa. Niri gehien eragin didaten filmak dira. Asko eta asko gelditu zaizkit aipatu gabe...

1.- À bout de souffle (Jean Luc Godard 1960)

2.- Fresas salvajes (Ingmar Bergman 1957)

3.- Jules et Jim (Francois Truffaut 1961)

4.- Roma cittá aperta (Roberto Rosellini 1945)

5.- La naranja mecánica (Stanley Kubrick 1971)

6.- Idioterne (Lars Von Trier 1998)

7.- Vértigo (Alfred Hichkock 1958)

8.- Una película hablada (Manoel de Oliveira 2003)

9.- Festen (Thomas Vinterberg 1998)

10- The Apartment (Billy Wilder 1960)

11.- Citizen Kane (Orson Welles 1941)

12.- Russian Ark (Aleksandr Sokurov 2002)

13.- Las invasiones bárbaras (Denys Arcand 2003)

14.- Carretera perdida (David Lynch 1997)

15.- The Big Lebowsky (Joel eta Ethan Coen 1998)

16.- Cómo ser John Malkovich (Spike Jonze 1999)

17.- Casablanca (Michael Curtiz 1943)

18.- Blowup (Michelangelo Antonioni 1966)

19.- Il Decameron (Pier Paolo Passolini 1971)

20.- La comunidad (Álex de la Iglesia 2000)

 

Nork: DrRobert.2007/08/27 23:29:11.288 GMT+2
Etiketak: filmak zinema gogokoenak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/08/26 23:15:23.086 GMT+2

Caótica Ana Julio Medem (2007)

Gure alderdi ilun eta tragikoenak, memorian galduta ditugun horiek, ezagutzeko aukera emango baligute, zer egingo genuke?  Hori da Anak istorio honetan erabaki behar duena: barruan duenari aurre egin, ala ihesi joan.

 

Ana margolari gaztea aitarekin bizi izan da 18 urte bete arte Eivissa (Herrialde Katalanak) irlako kobazulo batean. Ana pertsona askea, alaia eta baikorra da, bere margoek adierazten duten moduan, baina badu berak oraindik ezagutzen ez duen alde ilun bat. Egun batean, Frantziako emakume aberats bat azaldu eta Madrila joateko aukera emango dio. Bertan, bere inkontzientean ezkutatuta duena ezagutzen hasiko da.

 

Medemek maisuki zuzentzen du, beste behin ere, bere azken lana. Planifikazio aberatsari metafora bisual eta sentimenez betetako eszenak gehitzen dizkio, eta, ohi duen moduan, forma eta edukiaren arteko oreka txukuna lortzen du: “Caotíca Ana”-n ez dago ezer kasualitatez jarrita, dena da zentzumen eta sentipenen eragingarri.

 

Gidoia, une batzuetan, ez da sinesgarria ez bazara Medem-en mezuan barneratzen. Protagonistaren barne gatazka da axola duena, filme klasikoen jarraipen logikoaren gainetik. Honela, hipnosiaren munduan barneratzen gaitu, eta hipnotizatzaile batek lan egiten duen moduan, atzera kontatzen hasten da, 10etik 0ra heldu arte. 10 pausu horiek egituratzen dute filma, 10 segundok, hamaika bizitzak, beldur askok, eta beldur horri aurre egiteko indarrak.

 

“Caótica Ana” Julio Medem-ek soilik egin zezakeen filmea da. Zuzendariaren begirada gailentzen da uneoro: berak hipnotizatuko gaitu, eta Ana bihurtu. Gure barnean dugun minari, gure iraganaren tragediari begiratzera gonbidatzen gaitu.Gonbidatu, ala behartu, ikusleak hipnotizatzailearen eskuetan egongo baikara. Zuzendari handi batek baino lor ez dezakeena lortzen du Medem-ek: zinema aretoan sartzen dena berak nahi duen tokira berak nahi duen moduan eramatea.

 

Zer izan ginen garena izan baino lehen, biak bereiz badaitezke? Zer izango garen geuk erabaki dezakegu, iragana baino ez delako idatzita dagoena. Baina, iragan hori irakurtzen al dugu? Prest zaude zure beldurretan barne-bidaia bat egiteko? Hala bada, ikusi Julio Medem-en azken proposamena, eta ondoren erabaki: nolakoa izan nahi duzu?

 

http://www.juliomedem.org/caoticaana/index.html

Nork: DrRobert.2007/08/26 23:15:23.086 GMT+2
Etiketak: julio medem ana caotica kritika zinema | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)