Emakume

errailak 1456132321117 Burdinazko izaratan | 2013-03-08 17:25

 

Emakumeen eguna da Bilbon. Uso honek berehala egin du ibaiaz bestaldera alde. Emakume. Hitz pisutsuegia uso kaletar honentzat.

Zeru erdia lainotuta, bestea argi, lepoak errealitate batetik bestera biratzen du. Berdintasun publikoa, zenbakizkoa, aparentea, alde batean. Bestean hodeiak, Egon bada eguzkia, emakumeen lurra eta bizitza izan baden bezala, baina ez da ikusten.

Begiak biraka, zubi bana ezker eskuin, oskarbiaren pean bata, lainopean bestea. Gizartea doa beraietan, Gran Viatik edo Gran Viarantz, udaletxetik, udaletxerantz, lurrera begira. Gaurko egunak hala eskatzen duelako, baina gaur bakarrik eta beste inoiz ez,  zubitik doazen horiek begirada jasoko dute zerura. Batzuei urdina begitanduko zaie, grisa besteei. 19.30ean aterako dira oihu moreak Arriagatik, ordurako ez naiz Bilbon egongo.

Gero gu gaude, egun oro ematen dugunak banku honetan, gaur animoz eta apatiaz bihar, pentsamenduak ibai berde nazkagarri honi kontatzen. Egun madarikatu bezain zorioneko hartatik begirada zerutik jaitsi ezin dezakegunok kontraesanak ureztatzen ditugu gure larruan, erdi-hegan, erdi-oinez bizi garenez.

Emakumea, Usoa ez da itzultzen hona. Nik ere izua nion hasieran. Baina ez dizut ogi apurrik botako, ez bazatoz berdin da. Zuk nahi adina egin dezakezu hegan eta, horregatik, ez duzu ezer ulertzen.

 


Utzi iruzkina: