2010/03/14 21:27:53.636 GMT+1
Ulibarri programa, baliabide biltegia
Beraz, euskararen normalkuntzan laguntzen duten ikastetxe zein etapa ezberdinetako materialak bildu eta argitara ematen ditu.
Euskararen erabilera informalak lantzeko eskolako jarduerak
Hizkuntza formala zein informalean, harremanak euskaraz: EUSKEGIÑE, ikastetxeko euskara zaindaria.
Ahozko errejistroa. Herriko hizkeraren lanketa deklamazioaren bidez.
Hauek dira aurki ditzakezuen adibideetako batzuk, animatu eta murgildu Ulibarri programaren web orrian igerian.
Nork: Ekintza.2010/03/14 21:27:53.636 GMT+1
Etiketak:
euskara
baliabideak
ulibarri
programa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/03/14 21:16:50.860 GMT+1
Mintzakide
Mintzakide egitasmoa
Aspaldikoa da Iruñerrian hasi eta Tafallara hedatu den Mintzakide egitasmoa. Euskararen erabilera sustatzea du helburu proiektu honek (beste askok bezala) eta haur zein gazte zein helduei zuzendutakoa da. Nik proiektuaren berri ematera animatu nahi zaituztet, zuen ikasle, lagun eta auzokideen artean zabaltzera.
Benetan interesgarria, informazio guztia Mintzakiden.
Nork: Ekintza.2010/03/14 21:16:50.860 GMT+1
Etiketak:
gazteak
euskara
erabili
sustatu
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/03/10 16:10:07.088 GMT+1
MANTXUT: Harrapa zank!


Nork: Ekintza.2010/03/10 16:10:07.088 GMT+1
Etiketak:
mantxut
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/03/04 16:51:27.459 GMT+1
Gorka Julioren artikulu interesgarria: Nerabeak eta interneteko sare sozialak
Hedabideetan Interneteko sare sozialak eta nerabeak aipatzen direnean, beldurra sartzeko besterik ez da izaten. Gaiak gehienetan pederastak, liskarrak, erasoak… izan ohi dira. Baina zer egiten dute ba gazte hauek Interneten? Non ibiltzen dira? Zein dira haien lagun sareak?
Gehienek Messengerra erabiltzen dute beren artean mezu bidez komunikatzeko. Sare sozialen artean Tuenti da nagusi. Adina aurrera joan ahala, Facebook ere erabiltzen hasten dira, hurrengo pausoa balitz bezala.
Bi tresna mota dira, eta lehenengoan beraien sarea batez ere egunero edo oso maiztasuna handiarekin kontaktatzen dituzten pertsonak izaten dira. Tuenti, Facebook eta halako sareetan, aldiz, kontaktu horiez gain, beren bizitzako beste hainbat arlotako kontaktuak dituzte. Hau da kirol, aisialdi, eskolaz kanpoko taldeetako jendea eta beren lagunen lagunak, adibidez. Normalean, kontaktu gehiago kudeatzeko aukera ematen die eta, beraz, bere interesekin bat datozen pertsonak errazago aurkitzeko aukera.
Gehienbat, komunikatzeko erabiltzen dituzte. Hiperkomunikatuak bizi direla esan daiteke. Orain, inoiz baino gehiago, beren lagun eta ezagunek egiten dutena ezagutzen dute. Beren bizitzaren parte batzuk zabaltzea erabakitzen dute, argazkiak, bideoak… eta, batez ere, era ludikoan erabiltzen dituzte tresna hauek. Era berean, lanak egiteko edota informazioa trukatzeko ere erabiltzen dituzte. Hau da, norbaiti harrigarria irudituko zaio, baina ez dituzte lagun berri asko egiten. Normalean, sare hauek bere bizitza errealeko sareetako lagun eta ezagunak izaten dira.
Pribatutasuna eskubide bat denez, hori gauzatzeko ezagutzak izatea gomendagarria litzateke. Hasieran eta askotan ondoren ere balio lehenetsiekin konformatzen dira. Nahiago izaten dutelako zenbait gauza publiko egin. Hala ere, praktikaren bidez ederki asko ikasten dute eta kasu askotan ez dugu ezer izango haiei irakasteko; beraiek ondo dakite, esperimentatu ostean, zer eta zenekin partekatu nahi duten.
Entzuten diren
gauza beldurgarri gehienek, beraz, ez dute zentzu handiegirik.
Salbuespenak orokortzen saiatzen direlako. Eta, era berean, enpresa
pribatu handi gutxi batzuen eskuetan informazio hori guztia jartzea
inor gutxiri inporta zaio. Horretaz beraiek ez dira arduratuko.
Nork: Ekintza.2010/03/04 16:51:27.459 GMT+1
Etiketak:
sozialak
sare
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/03/04 16:41:50.717 GMT+1
Gazteen hizkera: kalkoak ez dira eritasunaren seinale; kontrakoa, osasun ona adierazten dute akaso.
Orreaga Ibarra eta Juan Karlos Lopez-Mugartza irakasleek Iruñeko gazte euskaldunak nola solastatzen diren eta gaztelaniak eta euskarak elkarri nola eragiten dioten ikertu dute. Azterketa egin ondotik, euskara batua ere bizia dela ikusi dute, tresna honekin neska-mutil donostiarrek eginen luketen gauza bera egitea lortu baitute Iruñeko gazteek.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi irakaslek ikerketa bat egin dute Iruñerriko gazte euskaldunak nola mintzatzen diren ikusteko asmoz. Solastatzeko eta identitatea markatzeko modu berezia dute neska-mutilek, eta hori islatzeko materiala bildu dute. Gainera, gaztelaniak eta euskarak elkarri nola eragiten dioten aztertu dute. «Gure lana ez da erakustea zein ongi edo zein gaizki hitz egiten duten, baizik eta deskribatzea euskara nolakoa den -argitu dute-. Bada euskara formal bat eta beste bat giro lasaian hitz egiten dena, eta azken hori ezagutu nahi genuen». Gai honi buruzko ikerketa soziolinguistiko bat egiteke dagoela pentsatzen dute eta hasiera eman nahi izan diote.
Etorkizuneko euskara bizia benetan nolakoa izango den, orain erabiltzen dena benetan nolakoa den, gazteek testuinguru formaletatik kanpo zer nolako euskara erabiltzen duten erakutsi nahi dute. Onartzen dute araurik gabe ez legokeela euskararik, baina ez dute sakratu egin nahi; beste euskara bat badagoela aldarrikatzen dute, ikertzeko interesgarria dena. Iruñean euskara akademikoa, batua, erabiltzen da, eta frogatuta dago gazteek ongi hitz egiten dutela: selektibitatean hagitz nota onak ateratzen dituzte eta hagitz ongi mintzatzen dira lan bat aurkeztu behar dutenean. Lagunartean, ordea, bertze era batera solastatzen dira: gaztelania sartzen dute, ingelesa ere bai, ergatiboa askotan ez dute behar den moduan erabiltzen...
Askatasun osoz
Orreaga Ibarrak eta Juan Karlos Lopez-Mugartzak gazteak grabatu dituzte. Hauek jakinaren gainean zeuden eta lagunartean biltzen ziren, irakaslerik gabe, lasaiago egoteko. Bazekiten askatasun osoz hitz egin zezaketela eta, gainera, ikertzaileek hori bilatzen zutela. 35-40 gazte bildu dira taldeka, toki eta egoera desberdinetan. 15 eta 25 urte bitarteko neska-mutilak grabatu dituzte egoera informaletan, aurretik prestatu gabeko elkarrizketetan: tabernan, etxean, telefonoz berriketan... Ludikotasuna bilatu dute. Irriek adierazten dute hori. Biraoak ere botatzen dituzte batzuetan. Anitzetan ageri dira sexuari buruzko erreferentziak, bi zentzuko hitzak, ironia... Hagitz autokontrol guti eta zuzenketa guti egon da elkarrizketa hauetan.
Ibarrak agertu duenez, askotan gazte izatearen seinale da arauen kontra joatea. Horrek ez du erran nahi araurik ez dagoenik; arau zehatz batzuk daude. Gauzak handitzea edo puztea ere beraien ezaugarria da: superguay, megafashion, dago zezen bat bezala, dago gazta bat bezala, mogollón... Lexikoan ere badituzte ezaugarri berezi batzuk. Irakasleak adibide batzuk jarri ditu: bokata, manifa, enrollatu, kutre, belarria jan... Bere esanetan, gazteek hor aurkitzen dute adierazkortasuna. Masoka, tío, paso, que sobrau, desfasatu, guapo, superguapo... Ez dira gauza bera «zeinen ongi!» eta «superguay»; ez dute indar bera. Hitzaldi batean baldin badaude ez dute halakorik erraten, baina kalean beraiek dira mugak jartzen dituztenak.
Helburua gazteen artean kontaktu soziala indartzea da, harremanak estutzea. Soziolekto bat da, ez dialekto bat.
Iruñean daukaten eredua euskara batua da, nahiz eta herrietatik etortzen diren euskaldunek beren ekarpena egin. Abiapuntu uniformizatu samar horretatik hasita, nola bete hainbat esparru? Ez da gauza bera tabernan edo bilera batean hitz egitea.
Lopez-Mugartza euskaldun berria da eta hau guztia nola bizi duen kontatu du: «Euskaldun berriok euskara garbia ikasi dugunez lotsa ematen digu erdal hitzak sartzeak, ematen du ez dugula hizkuntza menderatzen eta baten batek hori aurpegiratuko digula. Hortaz, bizitzako arlo guztietan euskara akademikoa erabiltzen saiatzen gara: umeekin, lagunekin... Euskaldun zaharrek, ordea, biraoak erdaraz botatzen dituzte indar gehiago emateko».
«Duela ehun urte euskara atzera zihoan, ez zuen prestigiorik, eta euskara eta gaztelania nahastea txartzat hartu dugula ematen du. Euskara akademikoa izan behar dela eta arauei estu-estu jarraitu behar diegula pentsatu dugu eta hori egin dugu belaunaldi batekook», jarraitu du azaltzen. Gazteek ere errudun konplexu txiki batekin hitz egiten dute, badakitelako ez direla euskara garbian ari, baina ez dute euskara akademikorik behar euren artean aritzeko. Gazteak ez dira gaizki mintzatzen, kontua da erregistro ezberdinak daudela, esparru asko dagoela hizkuntza baten barruan. Irakasleen iritziz, hizkuntza batek esparru bakarra badu, jai dauka, eta egoera ezberdinetara egokitzeak hizkuntza menderatzea erran nahi du. Egoeraren, hiztunen, formaltasunaren arabera, gazteek erregistro horiek sortzen dituzte. Arauek prestigioa ematen diote euskarari, baina hizkuntzak hiztunak behar ditu eta horiek sortzeko makina egunerokotasuna da, hizkuntza bizia.
«Errudun konplexu hori kendu behar dugu, bekatu egiten ari garelako sentsazio hori, oso osasuntsua delako eremu batzuetan. Geure burua askatu beharko genuke. Gazteek euskara erabiltzen dutela konturatzea berri ona da. Lehen ikasgelatik atera eta erdaraz egiten zen, ez zegoen gazte hizkerarik. Ikuspuntua aldatu behar dugu: hizkuntza mespretxatuari prestigioa eman zitzaion; ez du galduko. Orain hiztunen premia dugu, lasai eta gustura dabiltzan hiztunena, hiztun askeena. Horrek ez du arazorik sortzen; badakite noiz erabili behar duten erregistro bat eta bestea, hala gertatzen da mundu zabalean», defendatu dute.
Beraien aburuz, hagitz egoera onean gaude beste urrats bat emateko. «Behin prestigioa irabazita, joan gaitezen harago. Komunitate elebidun guztietan egiten da alternantzia bi hizkuntzen artean, baita hizkuntza nagusien artean ere, eta hori ez da hondamendiaren seinale. Ez gaitu izutu behar. Kalkoak ez dira gaixotasunaren adierazle; justu kontrakoa, osasun onaren seinale izan daitezke», ohartarazi dute.
Lopez-Mugartzari neska-mutilen jarrera gustatu zaio. «Ez da erraza gazte talde batengana grabagailu batekin joatea, susmagarria izan daitekeelako: zertarako grabatuko gaituzte? Arrazoia jakinda ere, pentsa dezakete azterketa egiten ari garela, beraien intimitatea epaitzera goazela. Baten batek esan digu ezetz, lotsagatik, arazoak ikusten zituelako, baina orokorrean jarrera ona izaten dute. Euskararen kontuekin oso helduak dira, euskaltzaleak dira, ikerketa hizkuntzaren onerako dela ikusi eta ateak ireki dizkigute», kontatu du.
Neska-mutilek beraien burua grabatu dute, izenik ez da inon agertuko eta lasai aritu dira berriketan. Hasieran, ez ziren beti bezala mintzatzen, baina berehala atzentzen ziren grabagailuaz. Batzuetan erori egiten zitzaien aparatua; bertzetan buelta eta buelta aritzen zen zinta eta grabazio batek bertzea ezabatzen zuen...
Ikerketa egin ondotik, irakasleek euskara batua ere bizia dela ikusi dute. Iruñeko gazteek donostiarrek egingo luketen gauza bera egitea lortu dute euskara batuarekin. Haientzat ez da tresna berria, eguneroko hizkuntza da.
Soziolektoen garrantzia
Batuaren eragina alde askotara heldu dela azaldu du irakasleak: jendea gehiago mugitzen da, ikasleak joan eta etorri ibiltzen dira... Ondorioz, euskalkien ezaugarriak gero eta gehiago lausotuko dira eta soziolektoak garrantzitsuagoak izanen dira. Iruñean elkartzen diren gazteek euskalkien ezaugarri nabarmenenei eusten diete, baina bertzela, nahiko hizkuntza antzekoa erabiltzen dute; haien arteko hizkuntza komun bat sortu dute.
«Gazteen hizkuntza hori bizi laburrekoa izan daitekeen arren, berrikuntzak eurengandik abiatzen dira eta ezaugarri batzuk hizkuntza orokorrean islatuko dira», azaldu du Ibarrak. Hemen aipatu ditugun esapide batzuk helduek ere erabiltzen dituzte, maiztasun eta askatasun gutxiagorekin, hala ere.
Gazteek komunikazio zuzena, laburra, berehalakoa nahiago dute; beraiek diote helduak baino zuzenagoak direla. Ez dute hitzaldia hainbeste hornitzen. Badituzte esparru aske batzuk, nagusien botererik gabekoak: graffitiak, Internet, gazteen aldizkariak, telefono mugikorrak... Lopez-Mugartzak eta Ibarrak baimena eskatu, eta ikasleek txat bidez izandako berriketaldi bat ikusi zuten, eta bitxia iruditu zitzaien nola idazten duten. Adibidez, «Euskaraz 2zi». Forma berriak sortzen ari dira, euskarri birtualari lotuak, baina horiek ez dituzte hainbeste aztertu. Kode txandaketa eta kalkoak ikertzen ari dira. Fitxak egiten dituzte; adibidez, pues hitza hartu eta zenbat aldiz erabili duten begiratzen dute. Hiztegi antzeko bat ari dira osatzen, gazteekin lotutako esapideei arreta jarriz.
Nork: Ekintza.2010/03/04 16:41:50.717 GMT+1
Etiketak:
hizkera
gazte
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)