Eserita nagoen txoko honetatik kalea ikus dezaket, milímetro ukiezinez hornitutako leihoak bereizten ditu nire mundua eta munduaren mundua. Eta mundu horretan segunduak korrika ikus ditzaket autoak gidatzen, erosketak egiten, umeak ikastolatik jasotzen, fabrikara sartzen… segundu hutsak gara aspaldi hondatutako hondarrezko erloju baten baitan. bat gehiago gara, munduak ez dakit zenbat mila milioi segundu baditu, gu soilik horietako bat gara. Gure funtzio bakarra minutuak osatu eta hiltzea da, gero minutuok orduak bete eta egunen zorionak jaso ditzaten, baina beti ere asteen begirada zorrotzaren azpian eta hileen agintez, hileen gainetik urteek agintzen dute, eta hauei hamarkadek ematen dizkiete instrukzioak eta mendeek hartzen dituzte munduko erabaki nagusiak eta…
Gorantz begiratzen badut, beste segundu batzuk ikus ditzaket mendeak hiltzen. Makina horiz baliatzen dira segunduak mende berdeak hiltzeko eta batzuetan dinamita erabiltzen dute hilketa agerian utziz. Baina ni harrituta nago, hilketa progresiboaz inor ez baita mintzatzen eta hori egunero ikusten ari garela, nahi edo ez. Hormigoiaren diktadurak mende berdeak errepresioz kolpatzen ditu eta hauek ezin dute erantzun, ezin dira matxinatu, izan ere sustraiak lur azpian dituzte. Fidel gordetzen dute jaio ziren lekua, duintasunez hiltzen dira txerri itxurako segunduen aurrean. Baina badakit mende asko dituen amalurra ez dela hain pasiboa, badakit sufritzen ari dela eta ez dituela segunduak gustoko, badakit mendeen iraultza aurki pairatuko dugula. Guk ez badugu defendatzen amalurra, egun batean bere burua defendatzen hasiko da eta segundu alaiok negar egingo dugu amaieraren aurrean…
Has gaitezen amalurra defendatzen, , AHTrik ez!
Erantzunak
Nork: indezent.2006/11/16 16:11:23.366 GMT+1
Mendeak hasi dituk jada matxinatzen. Naturak gero eta bortizkeria handiagoz erantzuten die segunduon erasoei; zer bestela, lubiziak, lehorteak, lurreran berotze progresiboa... Mendeen zamapean jarri dugun kakatzar guztia noizbait itzuliko zaigu, eta denok zipriztinduko gaitu; baita makina horien jabeak ere. AHTa eta A-1ari esker basoa zena basa eta hauts bihurtzen ari da, eta basa asfaltu bihurtuko da, eta orduan makinen jabeak aberastuko ditugu. Egin duten min guztia denbora apur bat irabazteagatik ahaztuko dugu; segunduok maite baitugu, ezeren gainetik, bizkor iristea.
Nork: txomin_hood.2006/11/17 13:32:24.837 GMT+1
Nork: kipula maltzurra.2006/11/21 13:13:59.660 GMT+1
Nork: perexil hipermetropea.2006/11/22 10:25:55.527 GMT+1
Nork: kipula maltzurra.2006/11/22 17:01:38.029 GMT+1