Leherketak astindu du hautsa...

garagardobat 1456132715842 garagardo bat | 2007-01-05 01:00

... bederatzi hilabete luzez txokoan bildurik zegoen hautsa. Esperantza genuen hauts hori hor geratuko zenarena, geldirik, norbaitek egunen batean jaso eta behinbetiko desagertaraziko zuelakoan. Berarekin gauza pilo bat eramanez. Aldiz txokoa garbitutakoan hautsaren azpian zegoena ikusi ahalko genuen. Han egongo ziren herriak urteetan eskatutako gauza asko, zorte apur batekin, denak. Zoriontsu izango ginateke hautsa biltzearen ondorioz lortutakoarekin gehientsuenok behintzat, beste batzuk tripakomin galantarekin, orain bertan gu gauden bezalaxe, beti egon behar baitu norbaitek tripakominez.

Baina urtea amaitu baino lehen, Madrilgo Barajas aireportuko T4 terminala leherketa, su eta kez josi da. Honekin bat, bi pertsona, lasai lasai, norbera bere autoan lo zeudela, bi ekuatoriar, hormigoi, kristal eta burdinez estalita geratu dira, bizirik ateratzeko inongo posibilitaterik gabe.

Entzun dudanean ezinezkoa zela pentsatu dut, ez nuen irratirik entzun nahi banekiena ez sinisteko.

Eta honekin txokoan zegoen menditxoa, gainbehera etorri da. Hauts ale bakoitza berriro ere, zegoen lekura itzuli da. Berarekin batera esperantzak menditxoaren azpitik desagertu dira.

Ez dakit dagoeneko zer pentsatu, zerbait egin dezaketenek beste aldera begiratzen baitute ezer gertatu izan ez balitz bezala.

Orainarte bederatzi hilabetez bake prozesua ezinezkoa zela ziotenek eskuak bata bestearekin igurtziz jaso dute berritxarra. Beste guztiek aldiz negar besterik ez dute egiten.

Inpotentzia ikaragarria sentitzen dut horrelakoetan, herriak hitzegin baitu, eta abertzale garenok aho batez eman dugu gure iritzia atentatu honen aurrean. Baina ez da horrelakorik aditu politikoen ahoetatik. Bestalde egon dira deklarazio publiko eta artikulu batzuk hedabideetan. Hemen bi:

Guillermo Arbeloa - HBko parlamentaria izandakoa

Fermin Muguruza - Aurkezpenik behar ez duen musikaria


Pozgarria da horrelakoak irakurtzea.

Agian izango da berriren bat egunotan, milaka hipotesi aditzera eman dira behintzat. Ahalik eta azkarren izatea espero dut, ez baitaukat gogorik berriro hauts guztia jasotzen hasi eta alferrik izateko.

Nire hautsazpiko esperantzak poltsikoan gorde ditut berriro, hautsa jasotzen hastean berriz menditxoaren azpian jartzeko. Agian, egunen batean menditxoa desagertzea lortuko dugu, ez al da beranduegi izango, nire esperantzak bizitzeko aukera izan nahi baitut.


Utzi iruzkina: