Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2011/01/10 19:04:23.127 GMT+1

10 liburu

Lagun batek eskatu zidan soziolinguistikari buruz 30 liburuen zerrenda egiteko, eta ni esanekoa naizenez, egin egin dut. Baina 30 beharrean, gaur 10 liburu ekarriko ditut hona. Bihar beste 10 eta etzidamu azken 10ak.

Denak euskarazko liburuak dira (neure buruari jarritako erronka da), eta ez daude ordenatuta. Ez dute hurrenkerarik, okurritu ahala, zerrendara ekarri eta listo. On egin deizuela irakurketak.

1- Amorrortu, E., Ortega, A., Idiazabal, I., Barreña, A. Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak: nahiko liburu berria da, 2009koa. Ikerketa lana da, Euskal Herrian bizi diren hainbat erdaldun mahai baten inguruan jarri eta euskararekiko dituzten usteak, jarrerak eta iritziak galdetu zitzaien.

2- Falcon, X. Lluis Aracilen idazlan hautatuak: LLuis Aracil Kataluniako soziolinguistikan itzal handia izan du (eta du). Xabier Falconek apailatu zituen bere idazlan garrantzitsuenak eta euskarara ekarri ziren. Kataluniako soziolinguistikara hurbiltzeko saio aparta da.

3- Arratibel, N., Azurmendi, MJ, Garcia, I. Menpeko hizkuntzaren bizi-kemena: bizitasun etnolinguistikoaren gainean egindako azterketa da. Nekane Arratibel eta Iñaki Garciaren doktore tesien laburpena da. Lehenengoak bizitasun etnolinguistikoa motibazioarekin jartzen du harremanetan eta bigarrenak, berriz, erabilerarekin. Euskaraz gutxi dira taxu honetako liburuak.

4- Zenbait autore, Etorkizuna aurreikusten 99: gaztetxoak eta euskara: ikerlana da. 1999an hainbat gaztetxoei elkarrizketa egin zitzaien. Euskarari buruz eurek zituzten iritziak, usteak eta abar ekarri zituen ikerketa honek. Helburua zen etorkizunari begirako zantzuak eta lorratzak aurreikustea.

5- Crystal, D., Hizkuntzen iraultza: hizkuntzen gainean mundu mailako ikerlaririk handienetakoa da Crystal. Eta liburu hau dibulgatiboa da oso. Hizkuntza gutxituak babestearen aldeko mezua dakar liburu honek, bere laburrean.

6- Erize, X., Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoa: euskararen historia soziala irauli zuen Xabier Erizek lan honetan. Paradigma aldaketa ekarri zuen. Bere lana atera arte, euskararen historia soziala atzerakadaren historia zen, galeraren historia. Bere ustez, ordea, harrigarria da euskarak gaur egun arte iraun izana. Eta horien zergatiak bilatzen ditu. Bere ustez, ez euskaltzaleen lana, ez isolamendua ez dira gai iraupena azaltzeko. Bizitasuna da bere ustez gako nagusia. Historia sozialaren ikerketan nire ustez mugarri ederra paratu zuen Erizek, nahiz eta egia esateko gutxi izan diren gero bidexka horretatik abiatu direnak.

7- Xamar, Orekan. Herri eta hizkuntzen ekologiaz: dibulgazio lan ederra. Euskal Herrian eragin gehien izan duen autorea euskaraz eta era dibulgatiboan ekarri zigun Xamarrek, bere lan gogoangarri honetan. Ezinbestekoa euskarazko soziolinguistika ulertzeko.

8- Xamar, Euskara jendea: euskararen historia sozialari buruz egin den lan mardul eta dibulgatiboena, benetako luxua. Euskararen historia euskaldunon historia da, ez lurralde baten historia. Gure historia gure begietatik, euskaldunon begietatik egiten du Xamarrek.

9- Intxausti, J. Hizkuntzen aldeko mugimendu sozialak: Kataluniako, Quebeceko eta Euskal Herriko hizkuntzen aldeko mugimendu sozialak aztertu zituen EHUk ikastaro batean eta han esandakoak liburu batera ekarri zituen gero.

10- Odriozola, J.M, Soziolinguistikaren atarian: Joxe Manuel Odriozola izango da Euskal Herrian soziolinguistikari buruz gehien argitaratu duen pertsona (liburu zein artikuluak). Soziolinguistikaren atarian jarri gura gaitu liburu honek (nahiz eta egileak aitortzen duen ez gaudela egoera horretan). Soziolinguistikako barrunbeetan argitxo batekin abiatzeko lan ona da honako hau.

Nork: garaigoikoa.2011/01/10 19:04:23.127 GMT+1
Etiketak: euskara soziolinguistika hizkuntza soziologia sl | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (2)

Errenferentziak:

...ru"> 2 All 0 Influential $(window).load(function(){$('#side-ad-block').oneriot_ads();}); 10 liburu - Garaigoikoa blogak.com/garaigoikoa/10-liburu – Erreferentzia:  Twitter Trackbacks for 10 liburu - Garaigoikoa [blogak.com] on Topsy.com 2011/01/12 09:44:39.516 GMT+1

...raigoikoa/">Garaigoikoa Hizkuntzaren soziologia, soziolinguistika eta beste 2011/01/11 18:23:04.074 GMT+1 10 liburu + 10 liburu Atzoko zerrendaren jarraipena.11- Odriozola, J.M, Euskalgintzaren lekukoak: Odriozolak liburu honetan...

Erreferentzia: 10 liburu + 10 liburu - Garaigoikoa 2011/01/12 10:08:17.111 GMT+1

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru