Aurrekoan esan nuen bezala, azken Bat aldizkaria
Erramun Baxok-en omenez egin dute.
Hasierako
artikuluek Erramunen bizitza goraipatzea dute helburu. Ekarpen
intelektuala eta militantea, euskalgintzan beti ere. Bejondeizula
Erramun, eta blog xume honetatik ere zorionak, 80 urte ez dira gutxi-eta.
Horien ostean Erramuni eskainitako lanak datoz:
Lehenengo hirurak (
"Ipar Euskal Herrian, euskararen irakaskuntza eskaintzaren egituraketa" Jean-Claude Hiriart;
"Hizkuntza antolaketaren bideetan" E. Baxok;
"Hizkuntza-politika Ipar Euskal Herrian: nondik nora? ibilbidearen azterketa" Jean-Baptiste
Battitu Coyos) Ipar Euskal Herriari buruzkoak dira. Hirurek Iparraldeko
hizkuntza politikaren nondik norakoak aletzen dituzte eta hain
ezezaguna zaigun errealitatera hurbiltzen gaituzte.
Laugarrena (
"EAEko euskararen belaunez belauneko familia bidezko transmisioa"
Pablo Sagardoy Lizuain) EAEko familia transmisioa ikertzen du. Hurrengo
post bat erabiliko dut artikulu hau komentatzeko. Horren ostean,
Kontseiluak kontsumitzaileen dekretuari buruz egiten duen irakurketa dator eta
Nafarroa Oinez jaian egindako ikerketa soziologikoa da hurrengoa (honek soziolinguistikaz gutxi dihardu, baina tira).
"Identitate Etnolinguistikoa (IELa) Euskal Autonomi Erkidegoan (EAEan)".
Maria-Jose Azurmendi. Artikulu honek ikasle unibertsitarioen arteko
ikerketa baten emaitzak jasotzen ditu. Nahiko tekniko eta korapilotsua
da ikerketa bera. Identitate Etnolinguistikoa (IEL) aztertzen du.
Ondorioen artean badira nabarmentzeko moduko batzuk:
- Nagusiki, bi IEL daude: IEL euskalduna eta IEL
espainiarra-euskalduna (edo alderantziz). Hirugarren bat ere badago,
baina ez da oso ohikoa: IEL espainiarra.
- Tarteko IELa (espainiarra-euskalduna) muturreko bi IELen arteko
zubilana egin beharko luke, baina gurean ez da horrela: lerrokatuago
dago espainiarrera euskaldunera baizik.
- Paradoxa bat badago: IEL euskalduna dutenek hobeto baloratzen
dute espainiera IEL espainiarra-euskalduna dutenek euskara baino.
"Hizkuntza-gutxiengoen talde-bizindarra, kultura-autonomia eta ongizatea".
Richard Y. Bourhis, Rodrigue Landry. Oso artikulu interesgarria,
ezinbestekoa esango nuke. Bizindar etnolinguistikoaren teoria azaltzen
dute, era arin eta labur batean. Horrez gain, Fishman-en Reversing
Language Shift famatua ere hartzen dute aintzat, eta moldaketa berriak
erantsi. Adibidez, etxea-auzoa-gertuko komunitatea, hauek hurbiltasun
soziala deitzen dute. Egiten dituzten oharrak eta ohartarazpenak
Fishman-en teoria ontzen laguntzen dute, nire ustez. Sintesi ederra
egiten dute eta eskertzekoa da. Oso maila altuko artikulua gure Bat
aldizkarian.
Idatzi artikulu bat