Portfolioa (III) Hizkuntza ereduak dantzan 3.1

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2007-04-23 19:09

Hizkuntza ereduei buruzkoak dira hurrengo artikuluak. Orotara, 8 artikulu dira. Gaurkoan zortzi baino, lau komentatuko ditugu eta aste honetan bigarren partea etorriko da.

Oharra: ezin izan ditut artikuluak eurak linkatu, Berriako webguneko hemerotekan arazo bat ei dagoelako. Ea hurrengoan.

1-“Urduri”, Anjel Lertxundi (Hitz beste saila), Berria 2005eko martxoaren 24a

2-“Hizkuntz ereduen politika koloka utzi du Jaurlaritzaren azterketak”, Anakoz Amenabar, Berria 2005eko apirilaren 26a 

3-“Kartak mahaiaren gainean daude”, Asier Iturriagaetxebarria (Analisia), Berria 2005eko apirilaren 26a 

4-“Sindikatuak, aldaketaren alde”, A. Solabarrieta, J. Goikoetxea, Berria 2005eko apirilaren 27a
 
5-“Garai hartako premien ondorioa”, Asier Iturriagaetxebarria, Berria 2005eko apirilaren 29a
 
6-“Goliaten aurka borrokan”, Asier Iturriagaetxebarria, Berria 2005eko maiatzaren 1a

7-“Eskolatik haratago doan arazoa”, Asier Iturriagaetxebarria (Analisia), 2005eko maiatzaren 1a
 
8-“Atzerritarrentzako kontzentrazio eskolak”, Iñigo Bilbao, Berria 2005eko maiatzaren 5a 

Zortzi artikulu hauetatik zazpik erreferentzia egiten diote aldez edo moldez Hezkuntza Sailak 2005ean kaleratu zuen ikerketa bati. Lehenengoak, ordea, ez dio horri erreferentzia egiten (ikerketa kaleratu aurretik idatzitakoa da-eta), baina gaiarekin lotura badu eta, horregatik, ekarri dut multzo honetara.

Hausnarketa honetan artikulu guztiak orokorrean iruzkindu ostean, banaka komentatuko ditut, labur-labur bada ere. Has gaitezen, bada.

Ereduek euskalduntzen duten ala ez, eta zein neurritan. Horixe da ikerketa honek frogatu nahi izan duena. Eta, nola ez, emaitzak ikusita kalapita ederra ere sortu, bide batez. Denek eduki dute zer esana, zer hausnartua eta zer pentsatua. Denetariko iritziak entzun eta irakurri ditut, denetarikoak eta zenbait kasutan kontrajarriak ere. Iritziak iritzi, nik ondorio hau atera dut: A ereduak ez du inor euskalduntzen eta B eta D ereduek bai, baina baldintza batzuen menpe. Eta baldintza horiek gehienak eskola barrukoak izan beharrean, eskolaz kanpokoak dira, batez ere gurasoak (eta hauen hizkuntza gaitasuna) eta inguruaren egoera soziolinguistikoa.

Lehen artikulua Anjel Lertxundik egunero Berrian argitaratzen duen zutabea da. Zutabe hori, esan bezala, ikerketa aurretik idatzitakoa da, baina ikerketarekin zerikusia duelako ekarri dut hona, bloke honetara. Lertxundiren arabera, norbait urduri egon beharko litzateke ikasketa guztiak euskaraz egin duen batek EGA ateratzen ez badu. Hausnarketa honek zuzenean garamatza eskolaren papera epaitzera euskalduntzeari dagokionez. Eta horrek zuzenean garamatza Hezkuntza Sailaren ikerketara.

Bigarren artikulua informatiboa da. Hezkuntza Sailaren enkarguz egindako ikerketaren emaitza orokorrak ematen dizkigu. Ikerketak eredu ezberdinetan dauden 16 urteko ikasleen euskara maila neurtu du Europako hizkuntza azterketak modelo hartuta. Emaitzen artean nabarmentzekoak dira datu orokorrak: A ereduko inork ez du gainditu, B ereduko bi herenek ez dute gainditu eta D ereduko heren batek ez du gainditu. Horrez gain, 4 adituen iritziak ere jasotzen dira delako artikulu honetan. Bakoitzak bere irakurketa egiten du datuen gainean. Denek nabarmentzen dute ereduen porrota eta hortik haratago joan beharra aldarrikatu.

 

Hirugarren artikulua aurreko artikuluaren harira datorren analisia da. Emaitzak aztertzen ditu eta ondorioak atera. Nik neuk ere ondorio bat atera dut delako artikulu horretatik. Nire ustez, B eta D ereduen atzean ezkutatzen den porrota ez da eskolaren ardura. Jakina eskolak zeresana daukala gai honetan, baina, nire ustez, kanpoko faktoreak erabakigarriagoak dira eskola baino. Izan ere, B eredu batek zonalde erdaldun batean norbait euskalduntzea miraria litzateke. Bestela, D eredua ere horrelako baldintzetan ez du bermatzen ehuneko ehunean euskalduntzea. Eskolak bere mugak ditu hizkuntza gutxiagotu baten irakaskuntzan eta gure kasuan muga horiek begi bistakoak dira.

Laugarren artikuluak sindikatuen iritzia biltzen du ikerketaren emaitzei buruz. Denek aipatzen dute sistemaren porrota, baina niri bereziki deigarria egin zait UGT sindikatuaren iritzia. Hauen ustez, funtsezkoa da euskararen erabilera gizartean gehiago sustraitzea emaitza hobeak lortzeko. Erabat ados nago horrekin. Gainera, eurek esaten dute logikoa dela desorekak sortzea, gizartea eta eskola euskalduntzean abiadura ezberdinean doazelako. Iruditzen zait bete-betean asmatzen dutela euren gogoetan. Gizartea eta eskolaren artean egin behar dute lasterketa (euren metafora erabilita), erreleboka. Ezinezkoa da eskolak errelebo guztiak ematea eta gizartea bide bazterrean begira egotea (eta gehienez ere txaloak ematen). 

 


Utzi iruzkina: