Hiru, bi, bat...!!

gaste 1456133099660 GASTE | 2007-06-19 21:53

Hiru egun besterik ez zaizkigu geratzen Untzaga plazan txanpainarekin San Juan jaien etorrera ospatzeko. Aurten inoiz baino gogo biziagoz itxaroten ari garen Sanjuanak izango dira, azken hilabeteotan jo ta su buru-belarri aritu gara jaietako programa sendotzeko asmoz GASTE gazte elkartekoak. Baina konturatu orduko iritsi dira hauek ere.

Lan hauek baloratzeko hiruzpalau gauza zehaztea besterik ez zaizkigu falta, azken xehetasunak ongi lotu, pilak ongi kargatu eta ostiral gauean izango den Skalariak-en kontzertuari itxaron; horrekin emango baitiegu herriko gazte askok jaiei hasiera.

Horrez gain, eskatzea libre denez, gure taldeak igandean irabaz dezala ere eskatzen dugu, 2007ko San Juan jaiak irrribarre gorri-urdin gogoratzeko. Goazen denok Ipuruara Rayo Vallecano garaitzera!

Giro Alaia Suspertzeko Talde Eibartarraren lehenengo jaiak izango dira hauek. Asteburu guztian zehar Eibarko bazter guztietan izango gara, San Juan santuari jaietako zapia ipiniko diogu, Zezen Plazako jokoetara ere joango gara, Urkizuko parkean txahala bat erreko dugu…ekintzak ez dira faltako urteko egunik luzeenetan zehar.

Nobedaderik garrantzitsuenetako bat, egongo garen leku guztietan furgoneta batekin egongo garela da. Berdea da GASTEren kolorea, eta berdea da furgonetaren kolorea. Azken ukituak…hori bakarrik geratzen zaigu jaiei ongietorria emateko!

Badakizue, Eibartarrok, pilak kargatu astebururako; animatu, parte hartu eta gozatu San Juan hauetan zehar. Denon artean jai hobe batzuk lortzeko lehen pausoa izango baita aurtengoa, urte askotan emateko geratzen zaizkigun pauso guzti horien lehenengoa izatea espero dugu…Gora San Juan!


Utzi iruzkina: