Astelehenean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute EAk, Aralarrek eta ezker abertzaleak.
Asteazkenean atxilotutako Ernesto Prat nafarra aske uzteko eskatu dute
ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek. Gernikako Akordioa sinatu duten
indar politiko horien iritzian, Praten atxiloketa «oso gertaera larria»
da. «Ez du herri honen gehiengoaren nahiarekin bat egiten, eta benetako
bake iraunkor baten aldeko lanaren kontra doa», azaldu dute
komunikabideetara igorritako ohar batean. Frantziako Poliziak
asteazkenean atxilotu zuen berriozartarra, Urruñan. 2008tik bizi da
Lapurdin, Guardia Zibilak Nafarroan ezker independentistaren aurka
egindako sarekada batean ihes egin ondotik. Ekin-eko kide izatea
leporatzen diote.
Atxilotu zuten egunetik Seysseseko espetxean
(Frantzia) dago Prat, eta astelehenean hura estraditatzeko Espainiako
Auzitegi Nazionalak egindako eskaera aztertuko du Paueko Auzitegiak.
Egun horretan, 12:00etan, Espainiako Gobernuak Iruñean duen egoitzaren
aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute ezker
abertzaleak, EAk eta Aralarrek.
Indar politiko horien arabera,
Prati leporatzen dioten ustezko delitu bakarra da antolakunde politiko
eta herritarretan parte hartzea. Gogora ekarri dutenez, 2008ko polizia
operazio hartan atxilotutakoek «tortura latzak» salatu zituzten, eta
hiru urtez izan ziren espetxean, epaiketaren zain. Gaur egun aske dira.
Prat
bezala, «ideia politikoak defendatzegatik» preso dauden euskal herritar
guztiak aske uzteko eskatu dute ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek.
«Estatuek beren biolentzia politikoan eten egin behar dute, eta
lehenbailehen konponbide prozesuan murgildu».
Nabarmendu dutenez,
Aieteko Adierazpenak eta ondorenean ETAk jardun armatua eteteko
hartutako erabakiak Euskal Herriak bizi duen «mendeetako gatazka
politikoari» irtenbide demokratikoa eta behin betikoa emateko «aukera
historikoa» ireki dute. Praten atxiloketak agertoki berri horretan
lekurik ez duela salatu dute. «Ez du zentzurik estatu espainiarrak eta
frantsesak iraganeko errezetak ezartzen jarraitzea, euskal herritarren
eskubideen urratzaile diren errezetak». Indar politiko horien arabera,
eragileen eta herritarren mobilizazioak mugiaraziko ditu estatuak.
Gernikako Akordioaren sinatzaileak Zaballako espetxearen aurrean
(Araba) bildu dira gaur goizean, Txus Martin euskal presoaren egoera
salatzeko. Horien izenean, Estitxu Ugarte Hiru sindikatuko bozeramaileak
esan du Martinen gaixotasuna Espainiako legediaren arabera presoa
kalean uzteko modukoa dela, eta, horregatik, Martin kaleratzeko eskatu
dute; eskaera hori, gainera, gaixotasun larriak dituzten beste euskal
presoentzat ere egin dute.
Etxerat-ek aste honetan salatu du Martin dela une honetan "osasun
egoera larrienean" den presoa. Nahasmen eskizo-afektiboa du, gaixotasun
larria. Joseba anaiak herenegun kontatu zuenez, gainera, haren osasun
egoerak okerrera egin du azkenaldian: "Orientazioa galduta ere etortzen
da bisitetara; hitz egitean, koherentziari eustea kosta egiten zaio, eta
egun osoa ia lokartuta ematen du. Ziegan berekin dagoen kideak esan
behar izaten dio bazkaltzera joan behar duela ere".
Itunaren ordezkaritza bat Bartzelonan izan da, eta ERC, ICV, SI eta CUP
alderdietako kideekin bildu da Parlamentuan. Gaur arratsaldean herritarrei aurkeztu diete akordioa, mahai inguru batean.
Herrialde katalanetako alderdi independentistek babesa
eman diote Gernikako Akordioari. Itunaren sinatzaile batzuk Bartzelonan
izan ziren atzo, akordioaren nondik norakoak azaltzen, eta Euskal
Herrian sortu den egoera berria sostengatzeko babesa azaldu zieten
hainbat katalanek.
Ezker abertzaleko Pernando Barrena, EAko
Lorena Lopez de Lacalle, Aralarreko Rebeka Ubera, Alternatibako Oskar
Matute, LABeko Igor Urrutikoetxea, EILASeko Josu Zalbidea, Egin Dezagun
Bidea mugimenduko Jon Garai eta Gazte Abertzaleetako Maider Karrere izan
dira Bartzelonan. ERC, ICV, SI eta CUP alderdietako kideekin bilerak
egin zituzten, Parlamentuan. Arratsaldean bilera gehiago egin zituzten
beste eragile batzuekin, eta 18:30ean herritarrei aurkeztu zieten
akordioa, mahai inguru batean. Han ere babes zabala jaso zuten.
ERC,
SI eta CUP alderdietako kideekin elkartu ziren aurrena. Bileraren
ostean, ERCko Pere Aragonesek, CUPeko Marc Sallasek eta SIko Toni
Strubellek agiri bat atera zuten. Ontzat jo zuten Gernikako Akordioa:
«Baikortzat jotzen dugu tradizio eta kultura politiko desberdinetako
eragile politiko, sindikal eta sozialak batzea Euskal Herrian bake eta
normalizazio demokratikoko egoera bat sortzeko». Hala, Akordioan
jasotzen den bezala, bakerako bidean elkarrizketa politikoak abiatzeko
eskatu dute, eta, horretarako, «indarkeria guztiak desagertzea» galdegin
dute.
Espainiako Gobernuari eskaera zehatzak ere egin dizkiote:
errepresioa bertan behera uzteko, indarrean dagoen eta euskal presoei
ezartzen zaien espetxe politika aldatzeko, alderdi politiko guztiak
legeztatzeko eta jarduera politikoagatik preso dauden pertsona guztiak
libre uzteko, hain justu.
Horretaz gain, gizarteari «indarra,
gertutasuna eta itxaropena» erakutsi dizkiote, «oztopo guztiak gainditu
eta aurrera jarraitzeko».
Hiru alderdi horietako ordezkariekin
bilera egin ostean, ICVko Dolors Camats, Jaume Bosch eta Jordi
Mirallesekin egin zuten bilera Gernikako Akordioko kideek.
Eskerrak
babesagatik
Bileren ostean, prentsaurrekoa eman zuten
Gernikako Akordioko kideek zein diputatu katalanek, Parlamentuan bertan.
Lorena Lopez de Lacallek, katalan hutsez, eskertu egin zituen
legebiltzarkideek adierazitako «elkartasuna eta eskuzabaltasuna».
Elkartasun hori betikoa izan dela azpimarratu zuen, gainera. Gernikako
Akordioa bakera iristeko jarraitu beharreko ibilbide orria dela
gaineratu zuen.
Oskar Matutek ere hartu zuen hitza. Espainiako
eta Frantziako gobernuak kritikatu zituen, oraindik ez dutelako bete
Akordioan eskatzen den puntu bakar bat bera ere. «Euskal Herriari
ezartzen dioten salbuespen egoera indargabetu gabe jarraitzen dute».
ETAk armak uzteko erabakiaren berri eman ostean Euskal Herrian itxaropen
garaiak direla azaldu zuen, baina ohartarazi zuen ez dela agerian ikusi
gatazkaren amaierara doan «urrats argirik». Alderdien legez
kanporatzeak amaiera izan behar duela esan zuen, eta euskal presoak
berehala Euskal Herriratzeko eta gaixo daudenak zein zigorraren hiru
laurdenak beteak dituztenak libre uzteko exijitu.
Pere Aragones
ERCko diputatuak «babesa, elkartasuna eta onena» opa dizkio Gernikako
Akordioari. Akordio horrekin Euskal Herria bakera eta erabakitzeko
eskubidera iristea nahiko lukeela adierazi zuen. Toni Strubell SIko
diputatuak, bestalde, Euskal Herriko gatazkari dagokionez «demokrazia
falta» egotzi zion Espainiari. Akordioa goraipatu zuen, «batasuna» lortu
duelako. Horretan Herrialde Katalanetan ere saiatu beharko liratekeela
uste du, gainera. CUPeko bozeramaile Marc Sallasek ere hitz egin zuen.
Elkartasuna adierazi zion euskal gizarteari, hark baitu, bere esanetan,
«gehien sufritu eta Estatuaren kontra gehien borroka egin». Datozen
urteak pasa dena bezain emankorrak izatea espero du.
Gaurkoan Gernikako Akordioa izenpetu genuen eragile politiko, sindikal eta
sozialok gatazka politikoaren konponbideari dagokion urteko balantzea egin nahi
dugu. Zalantzarik gabe, 2011. urtea garrantzi handikoa izan da. Aurten
itxaropenaren leihoa parez pare zabaltzea lortu dugu. Bidean traba eta oztopoak
izan badira ere, ilusioari oinarri sendoak jarri dizkiogu.
Gauzak horrela, balantzea
egiterakoan, 2010eko irailaren 25ean Gernika herrian sinatu genuen Akordioaren
baliagarritasuna berriro goraipatu nahi dugu. Orduan Gernikako Akordioa gatazka
politikoa konpontzeko ibilbide-orria zela adierazi genuen, 2011. urteko
jarduera horren erakusle izan dela esan dezakegu.
Gure lana Akordioak biltzen duen
ibilbide-orriaren ispilu praktiko bihurtu nahi izan dugu, gatazka konpontzeko
bidea erakutsiz eta prozesuaren aurkako erasoak salatuz, giza eskubide guztien
defentsa irmoa egitearekin batera.
Biktima guztiekiko aitortza adieraziz urteko jarduera amaitu genuen, baina
aurreko hilabeteetan Akordioa gizarteratzeaz gain, eragile sozial pila batek
harekin bat egitea lortu genuen. Konponbide osoaren alde egin dugu,
galtzailerik gabeko prozesua bultzatuz. Gaixorik diren presoen askatasuna,
legalizazioa eta jardun politikoagatik auzipeturikoen absoluzioa aldarrikatu
ditugu. Elkarrizketa politikoa sustatu dugu, guk nahi izanik ere, denekin
mintzatzea ezinezkoa izan den arren. Madrilek ezarritako harresiak gaindituz,
Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekiko harremanei ekin genien. Hartu-eman
haien ondorioz, Kolektiboak Akordioarekin bat egitea prozesu honetan mugarri
bilakatu egin zen.
Badira 2011 itxaropenaren urtea
egin duten bi gertakizun nagusi: Aieteko Nazioarteko konferentzia, eta batez
ere, ETA erakundeak hartutako erabaki historikoa, bere jarduera armatuari behin
betiko amaiera emanez. Aieteko Adierazpenak gatazka osoki konpontzeko alde
guztiek beren egin behar duten ibilbide zehatza biltzen du. ETAk Aieteko
Adierazpenari emandako erantzunak bide horri abiapuntua eman dio. Gainontzeko
eragileek, Espainia eta Frantziako gobernuak batetik, eta Euskal Herriko
eragile politiko guztiak bestetik, hurrengo pausoak emateko eszenatokian daude,
nahitaez. Guztion begien aurrean gehiegi luzatu den gatazka historikoa
amaitzeko abagunea baitago. Aukera paregabea eta tamainako ardura. Historia
lekuko, Euskal Herriko gizartea epaile.
Aurten behin eta berriz “egoera
politiko berria” esamoldea entzun arren, maiz egoera berria zaharrarekiko
antzekoegia begitandu zaigu. Estatuak blokeo egoerari eustera jo du. Beraien
begien aurrean sortzen ari zen agertoki berria gustukoa ez balute bezala, egoera
berria oztopatu nahi izan dute. Askotan iruditu zaigu konfrontazio armatuaren
luzapena besterik ez zutela nahi. Frantziar estatuak zeharka baino ez dio
Euskal Herriari begiratu, ardura guztiak espainiar estatuarengan utziz. Arazoa
berea ez bailitzan, errepresioa era selektiboan gauzatu du. Espainiar estatuak,
aldiz, prozesuaren aurka hasieratik gogor jo du, agertoki berri baten aukerak
uxatu asmoz. Urte osoan ETAren su-eten iraunkor eta orokor egoeran izanda,
Euskal Herrian atxiloketa politiko gehiegi salatu behar izan dugu, 73 guztira.
Gazte independentisten aurkako jazarpena ez ezik, jende askoren aurkako
eskubide zibil eta politikoen murrizketak ere salatu behar izan ditugu, baita
atxilotze eta torturatze mehatxua ere. Eragile askok legez kanpo jarraitzen du
eta tortura arriskuak indarrean dirau. Aurten 12 tortura eta 4 tratu txar
psikologiko salaketa izan dira, Mattin Sarasola eta Igor Portu torturatu
zituzten guardia zibilen absoluzioarekin batera.
Hala ere, beste hainbat
eskubidek ere urraturik jarraitu izan du. Euskal hiztunok pairatzen dugun
hizkuntza zapalkuntza egoera areagotu egin da Euskal Herri osoan. Euskal
herritarroi ez zaigu oraindik erabakitze eskubidea aitortzen, baina izateko eta
aritzeko eskubideak Euskal Herrian zatika aitortuta ere, ez zaizkigu ia inoiz
errespetatzen.
Agian egoera politiko berri
honetan Estatuaren jarrera ongien ezaugarritzen duena espetxe politika ankerra
da. Kalean eskubidez eta legez egon beharko luketen ehunka preso politikok
giltzapean segitzen dute, zigorra erruz beteta dutenak edo larriki gaixorik
daudenak kasu, baita baldintzapeko askatasuna eskuratzeko epea aski gainditua
dutenak ere. Gainontzeko euskal preso politiko guztiak lehenbailehen Euskal
herriko espetxeetara ekarri beharko lituzkete, Estatua beraien eskubideekin ez
ezik, beraien senideen bizitzekin jolasean ari baita. Espainiako gobernuak eta
Alderdi Popularrak ezin dute beraien hitzen gatibu izaten jarraitu. Euskal
Herriko gizarteari aditu eta kasu egin behar diote. Agertoki berrian sendo
aurrera egin dezagun, Estatuak urratsak egiten hasi behar du. Espetxe politika
aldatuz, euskal preso politikoen oinarrizko eskubideak errespetatzeak lehenengo
urratsa izan behar du.
Urtarrilaren
7an gu ere Bilbon izango gara, Estatuari urratsak emateko eskatuz, gatazka
konpontzeko pauso berriak emanez. Urtarrilaren 7an denok Gernikatik Bilbora,
amnistiaren bidean, gatazka amaitzeko presoak etxean nahi ditugulako.
Gernikako Akordioaren sinatzaileek
gatazkak biktimengan eragin duen mina aitortu dute gaur, Donostiako
Aiete jauregian egin duen agerraldian, adierazpen
batekin. Agerraldian izan dira ezker abertzaleko ordezkariak ere:
"Euskal Herrian indarkeria guztiek sortu dituzten mina eta oinazea
aitortzen ditugu, bai ETAren indarkeriak bai espainiar nahiz frantziar
estatuen errepresio estrategiak eta gerra zikinak hildako biktima
guztien senideei, baita kalte fisiko edo psikikoak jasan dituztenei ere,
gure dolua adierazi nahi diegu", esan dute adierazpenean.
Biktima guztien mina izan dute hizpide Gernikako Akordioaren
sinatzaileek, eta gatazkaren konponbiean bide orria Gernikako Akordioa
bera dela azpimarratu dute.
Gernikako Akordioa 2010eko urriaren 25ean sinatu zuten ezker
abertzaleak, Aralarrek, EAk, ABk eta Alternatibak, hainbat eragilerekin
batera, eta Akordioan biktimen aitortza jasotzen zen eman beharreko
pausoen artean: "Indarkeria mota guztien errealitatea eta gatazka
politikoak eragindako biktima guztien aitortza, adiskidetze eta
konponketaren beharra”.
Urriaren 17ko Aieteko Adierazpenean ere norabide horretan pausoak ematera deitu zuten nazioarteko adituek.
Gernikako Akordioa sinatu zuten taldeek Euskal Herriko "gatazkaren biktimak" aintzatestearen
beharra azpimarratuko duen testua aurkeztuko dute larunbatean,
Donostian. Aurkezpena ekitaldi publiko batean izango
da, Donostiako Bakearen Etxean.
Espainiako Poliziak Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide Oihana Agirre
atxilotu zuen ostiral gauean Donostian.
Gernikako Akordioa
sinatu duten eragileek gogor salatu dute azken atxiloketa hau. Komunikabideetara igorritako prentsa ohar batean
azaldu dutenez, «eskubide politikoen aurkako eraso larria» da Agirreren
atxiloketa, eta gisa horretarako erabakiek egungo testuinguru
politikoan lekurik ez dutela nabarmendu dute. «Bakea eta konponbidea
eraikitzeko prozesuaren aurkako erasoa da. Zigor eta atxilotze hauek ez
dute inolako heldulekurik, ez eskubideen ikuspegitik, ez justizia
ikuspegitik, ez eta demokrazia ikuspegitik ere», adierazi dute.
Itunaren
sinatzaileek gogoratu dutenez, Agirrek berak izenpetu zuen Gernikako
Akordioa AAMko ordezkari bezala, eta Donostiako Aieteko jauregian
eginiko nazioarteko bake konferentzian ere parte hartu zuen. «Azken
batean, Euskal Herrian konponbide osoa eman dadin eta bake egoera bat
ezar dadin lan egin du, akordio honetan biltzen garen beste eragile
askorekin batera».
Gernikako Akordioaren sinatzaileek babesa eta
elkartasuna helarazi diete Oihana Agirreri eta haren familiari, eta
atxiloketa hau salatzeko antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko
deia egin dute. Era berean, Euskal Herrian «konponbide osoa» eman dadin
lanean jarraituko dutela hitz eman dute. «Ibilbide horretan, pertsona
guztien eskubideak errespetatuak izateak eta prozesu demokratikoa
galarazten duten egoerak desagertzeak lehen mailako erronka izaten
jarraitzen du», adierazi dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek.
Herenegun
gauean atxilotu zuten Agirre, Donostiako Egia auzoan, eta handik
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzara eraman zuten. Haren auzia eta
beste hainbatena salatzeko antolatutako ekimen baten bezperan atxilotu
zuten Agirre.
Azaroan berretsi zuen Auzitegi Gorenak aurretik
Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurka ezarritako zortzi urteko
kartzela zigorra. Handik aurrera une batetik bestera atxilotuko zuten
jakitun zen Agirre.
Azken egunetan hainbat ekimen egin dituzte
Donostia inguruetan auzi hori salatzeko. Egia auzoko frontoian esaterako
—auzo horretakoa da Agirre—, jendetza bildu zen iragan asteburuan.
Aste honetan bertan ere alor askotariko hainbat lagunen babesa jaso zuen
Agirrek, eta haren aurka egindako «epaiketa politikoa» salatu zuten.
Giza harresia
Eleak
eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak antolatuta, Agirreren
auzia eta beste hainbatena salatu zuten atzo arratsaldean Donostiako
auzitegiaren aurrean, Egia auzoan. Hara gerturatutako herritarrek «giza
harresi» bat irudikatu zuten epaitegiaren aurrean. Guztien izenean,
Eleak-eko bozeramaile Joxean Agirrek hitz egin zuen. Abian diren auzi
«bidegabe» guztiak bertan behera uzteko eskatu zuen, eta «lan politikoa
soziala eta eskubideen aldekoa egin nahi duten herritarrak» aske uzteko.
Iruñean,
berriz, eserialdia egin zuten Josu Esparzaren euroagindu eskaera
salatzeko. Hura atxilotzeko agindu zuen Frantziako Justiziak azaroan.
Gernikako Akordioaren sinatzaileetako ordezkariek
hori ezagutzera emateko ekitaldia egin dute Bilbon. Etzi manifestatzera deitu
dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek Euskal
Herriak konponbidea nahi du lelopean.
2010eko irailaren 25ean, Euskal Herriko ia 30 alderdi politiko, sindikatu eta gizarte erakundek “Bake bidean aterabide demokratikoen Akordioa” izenpetu zuten Gernikan.
Akordio hau gizarteratzeko gure ahaleginak bideratzeko, Usurbilgo arlo zein sentsibilitate desberdineko 45 herritarrek Gernika-Usurbil (GU) eratu dugu.