Desjabetuak babesteko prentsaurrekoa


Atzoko partez prentsaurrekoa eskaini genuen gure Informazio Gunean.

             

Bi puntu nagusietara zuzendu nahi izan dugu prentsaurreko hau, alde batetik kaltetu zuzenak eta desjabetuak udal administrazioetatik jasaten ari diren desinformazio eta oskurantismoa salatu eta berauk babestu, eta bestetik datorren larunbatean Bilbon egingo den nazio mailako manifestaziorako deialdia zabaldu.

Manifestu osoa hemen dezute eta azpikaldean laburpentxo bat.

"Gaurko agerraldian Informazio Gunearen bi helburuak uztartu zituen deialdi bati buruz hitz egin nahi genuke. Pasa den asteazkenean Goierrin AHTa dela eta, desjabetuak izan daitezkeen hainbat pertsonekin bildu ginen. Bertan, Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak duen informazio urria eman genien:

  1. Ordizia-Itsasondo zatiko (3 km tunel) eraikuntza proiektuan azaltzen diren 24 desjabetuen zerrenda eta ezaugarriak. Zati horretako eraikuntza proiektua 2004ko azaroan egin zen eta Itsasondoko Udalak herritar guztion eskura du Udaletxean.

  2. Ordizia-Itsasondo zatian ukituak izan daitezkeen 31 akuifero, putzu edo galerien zerrenda. Esan beharra dago eraikuntza proiektuan puntu horiek zerrendatuak besterik ez direla agertzen eta azterketarik egin gabe daudela. Datu horiek ere, Itsasondoko Udaletxean aurki daitezke.

  3. Beasaingo bi zatien inguruko eraikuntza proiektuaren planoak besterik ez dauzkagu. Eraikuntza proiektua 2005eko urtarrilean egin bazen ere, ez Eusko Jaurlaritzak eta ezta Beasaingo Udalak ere, ez digu planoez gain informazio gehiagorik eman. Beasaingo alkatearen esanetan, desjabetuak izango liratekeen 30 pertsonen izen-abizenak baditu baina ez ditu publiko egingo eta orain arte behintzat, desjabetuei ez die inolako informaziorik eman.

Nola liteke Beasaingo Udalak 2005eko urtarrilean egin zen eraikuntza proiektua ez izatea eta Itsasondoko Udalak bai? Desjabetuak izango liratekeen pertsonen izen-abizenak baldin baditu zergatik ez die informazio hori eman nahi?

  1. Gainontzeko herrien inguruko batere informaziorik ez dugu. Udal guztiek informaziorik ez dutela diote.

Noiz iritsiko da informazio hori? Goierriko herrien zatiko eraikuntza proiektuak eginak omen daude. Non daude? AHTaren obrak hasita dauden momentu honetan nola liteke desjabetuek beren lur, etxe eta baserrien etorkizunari buruzko informaziorik ez izatea?"



Utzi iruzkina: