
Gaur maiatzaren bata ospatuko da mundu osoan. Ospakizunaren sorburua 1886ko maiatzaren bata da, egun hartan greba orokorra izan baitzen Amerikako Estatu Batuetan 18 ordu eta gehiagoko lanaldia gaitzesteko eta zortzi orduko lanaldia aldarrikatzeko. Iraultzaren epizentroa Chicago izan zen, inmigrazio-tasa altuko hiria -errusiarrak, poloniarrak, irlandarrak, alemaniarrak eta frantsesak-. Proposatutako lanaldia, aldiz, begi txarrez ikusi zen eta poliziaren errepresio oldarkorraren balek grebalari ugari hil zituen. Kaosaren erdian, ustez poliziaren aurkako bonba batek leher egin zuen. Polizia bat hil zuen. Gertakari hark "Haymarket-eko atentatua" izena hartu zuen eta sei langileren atxiloketa eta auzipetzea ekarri zuen, langileen erruduntasuna sekula frogatu ez zen arren. "Chicagoko martiriak" izena eman zitzaien. Seiei urkamendirako heriotza-zigorra ezarri zitzaien, nahiz eta biri bizitza osorako bortxazko lanen ordez konmutatu zieten. Bigarren Internazionaleko Biltzar Konstituzionalaren itxiera-ekitaldian, 1889ko uztailaren 20an, Parisen, 1890. urtetik maiatzaren bata ospatzea erabaki zen eta egunari Lanaren Eguna deitu zitzaion. Horrela, hiru urte lehenago gertatutakoa gogorarazi nahi zuten herrialde guztietan, aldi berean zortzi orduko lanaldiaren aldarrikapenari segida emanez.
Egoera ezberdinak, kapitalismo iraunkorra. Argi dago gaur egungoa ez dela 1886ko maiatzaren bateko egoera berdina, hura izanagatik 1890etik urtero ospatzen den egunaren abiapuntua. Langileriaren aldarrikapenak ere ez dira garai hartakoak. Garai hartan kapitalismoak bere aurpegirik basatiena erakusten zuen, amaigabeko ordutegi eta soldata miserableekin. Orain, ordea, kapitalismoak bizirik iraun behar du eta horretarako "neoliberalismoz" mozorrotu da, aurpegi gizatiarragoa erakutsi eta ekintza handiagoak "baimentzeko". Orduko lanaldia 18 ordukoa zen eta oraingoaren bataz bestekoa 8 ordukoa da. 2006an, aldiz, langileen gaitza prekarietatea da, bai bertako langileen kasuan, bai hirugarren mundutik gure herrialdera eta oro har Europara datozen inmigranteen kasuan. Horren seinale, Hego Euskal Herrian 2005ean sinatutako lan-kontratuen %92,6 aldi baterako kontratuak izan ziren. Antzeko zerbait gertatzen da Espainiako eta Frantziako estatuen gainerako lurraldeetan. Frantziako Estatuan hain zuzen, azken aste eta hileetan ikasleek eta langileek mobilizazio handiak egin dituzte. Garai hartako langileen erantzuna bateratuagoa zen, kapitalismoaren mailuak langileria osoaren aurka jotzen zuelako. Gaur egungo langileen erantzuna, ordea, nagusi den banaketa sindikala kontuan hartuta, kapitalismoak lan-harremanetan sorrarazi duen zatiketaren esklabu da. Orain lehen, bigarren eta hirugarren mailako langileak sortzen dira baliagarri den kontratu mota kopuru zenbatezinaren erruz -finkoak, etendunak, etengabeak, aldizkakoak, ordu batekoak, bost ordukoak, hile batekoak eta abar-. Era berean, lehen, bigarren eta hirugarren mailako langabetuak daude, batzuek sorospenak kobratzen baitituzte eta beste batzuek ez. Gauzak horrela, kapitalismoak kontrolpean dauzka langileak, ezarritako baldintzek ez baitute erantzun bakar eta bateraturik ahalbidetzen. Eta sindikatuak, salbuespenak salbuespen, erabat burokratizatu dira eta kapitalismoaren koltxoi bihurtu. Eta egoeraren kudeatzaileak, kasuan kasuko patronalak dira. Langileria zatituta eta sindikatuak burokratizatuta, kapitalismoak baldintzatutako kontsumismoak eta ongizateak aurrera egiten duen heinean, normala da maiatzaren batak gero eta kafeina gabeagokoak izateaà Egoerak langileak eta hiritarrak banatzen ditu eta pixkanaka-pixkanaka, eguna jaiegun bihurtzen da, aldarri-eguna izaten segi beharrean. Langileriaren zati handi batek aisiari eta atsedenari eskaintzen die egun seinalatuaà Kapitalismoak ez du kontzientziarik ez nortasunik galtzen eta bizirik irauteko beharrezkoak zaizkion baldintza berrietara moldatzen da, esplotatzen jarraitzeko, eta milioiak eta milioiak poltsikoratzeko etekinetan. Langileria, ordea, kontzientzia eta nortasuna galtzen ari da, eta gero eta elkartasun gutxiago erakusten du. Hortaz, kapitalismoa garaile da oraindik, zoritxarrez. Ezkutuan egindako hitzarmen lotsagarrien erruz, zenbait sindikatuk erantzukizun handia dute horretan guztian.
Inmigrazioa. Lan-prekarietatea baldin bada egungo lan-egoeraren ezaugarririk larrienetakoa, Hegoaldetik Iparraldera datorren inmigrazioak are arazo latzagoak eransten dizkio gure biziraupenari. Eta langileriak eta sindikatuek arazo hori konpontzea lehenetsi beharko lukete. Afrikatik milaka pertsona etortzen dira ezer gabe Europara, etorkinen paradisu partikularrera. Eta ehunka afrikarrek bizitza galtzen dute etortzeko saiakera frustratuetan. Ekialdeko Europatik eta Hego Amerikatik datozenak ez dituzte hain baldintza txarrak jasaten. Chicagon 1886an eta AEBetako beste hainbat hiritan bezala, egoera hori bolborategi handi bihur daiteke hainbeste liskar sutsuren artean. Maiatzaren batak eta urteak oro har egoeraren larritasunaz jabetzeko balio beharko lukete, Hegoak eta Iparrak elkarrekin lan egiten hasteko.
Euskal Herria,
Erresistentzia baten historia
Gure erresuma nafarrak 778. urteko gertakari bat izan zuen aitzindari, urte horretan Karlomagno emperadorearen armadak, Zragozako musulmanei eraso egitetik zetorrela, Iruñeko harresiak suntsitu bait zituen. Horren eraginez inguruko euskaldun guztiak batu egin ziren, armada erasotzaile indartsua zigortzearren. Euskaldunek Orreagan armadaren atzekaldea deuseztea lortu zuten, eta baita Errolan, emperadorearen ordekoa, hil ere. Euskal Herriaren Historia instituzionala honela hasi zen, eraso baten aurkako herri altxamendu batez, errepresioaren aurkako ekintza erraldoi batez.
La Chanson de Roland poema epikoak (literatura frantseseko lehendabiziko lan importantea eta espainolezko Cantar de Mio Cidaren parekoa, biak ere XII.mendekoak), modu okerrean musulmanei eragotzi zien erasoaren erantzunkizuna, eta horrek gure ondoko Historia ofizialen ohizkoak izango diren bi ezaugarri erakusten dizkigu: bata, ez dagoela Euskal Herririk; eta bestea, unean uneko armada zapaltzaileak bere gustora erabat moldatuko dituela gertakari historikoak.
Nafarroako Erresuma
Hitz bitan, esan genezake antzineko auskaldunak erromatarrekin ongi samar moldatzen zirela, gotuekin gaizki eta arabiarrekin ongi berriro.
Iruñeako Erresuma IX. Mendearen hasieran sortu zen eta X.aren bukaeran Iruñea eta Najerako Erresuma deitura berria hartu zuen. Gerokoa da Nafarroako Erresumaren jaiotza, eta XVI. Mende hasiera arte ere independentzia mantendu zuen.
Arabiarren ostean penintsula iberiarrean sortutako erresuma kristauetatik lehenetakoa izan zenez, Nafarroako Erresuma ez zen ingurukoak bezainbat hedatu. Aragoa eta Gaztelako erresumak, gaztelania bera bezalaxe, Nafarroaren mugetan jaio ziren, eta bera ez hedatzeari etekina ateratzen jakin zuten. Nafarroaren beheraldia eta Gaztelaren gorakada dela medio, XII. eta XIV. mendeetan batipat, Euskal Herriko mendebaldeko lurraldeei, gaurko Baskongadei, erakarriagoa izango zaie gaztelarrekin lotzea, nafarrekin baino.
Errege-erregina Katolikoek gauzaturiko Gaztela eta Aragoaren arteko batasuna, Nafarroako konkistaren atarikoa izan zen. 1512.an Albako Dukearen gudalosteek, Cisneros kardinalaren erginpean, Foixko Katalina erregina eta Albret-eko Joan errege nafarrak kanporatu egin zituzten, sekula aski argitu ez den Aita Santuaren bulda bat oinarritzat hartuz.
Konkistak iraungo zituen hurrengo hamar urteetan, Nafarroako independentziaren aldeko zenbait saio izan ziren. 1521.eko azkenekoan, lurralde osoa berreskuratu zen. Villalarren komunariei irabazi ondoren, armada espainarrak Nafarroaren kontra metatu zituen indar guztiak. Noaingo gudaldiaren bidez ekainaren 30ean erabat garaitu zituzten nafarrak eta beren aliatuak, eta milaka pertsona hil.
Hala ere, nafar talde batek –San Frantzisko Xabierren anaia batzuk tartean- Amaiurko gaztelua hartu eta bertan espainarrei aurre egin zien, urtebete beranduago amore eman arte. Gaztelu hau, Nafarroako beste gotorleku ugari bezala, erraustua izan zen, eta aurrerantzean nafarren azken erresistentziaren sinboloa izanen zen. Nafar lurren kokagune estrategikoagatik, hurrengo hiru mendeetan armadak ez zuen bertako koarteletatik aldegingo.
Koroa espainarrak Nafarroa hain berandu bereganatze honi buruz, hiru xehetasun dira aipatzekoak. Lehena, aski gogoan izan ohi ez dena, espainarrek Amerikako lurralde batzuk baino beranduago eskuratu zutela Nafarroa. Bigarrena, konkistak funtsean dinastia aldaketa besterik ez zuela ekarri; foru egitura ia bere hartan gorde zuen Nafarroak, berezko lege, muga, moneta eta Gorteak barne, Hego Euskal Herriko beste hiru probintziek bezalaxe, eta horrek etengabeko gatazka sortuko zituen Espainiako batze prozesu luzean.
Azkenik, kontuan hartu behar da Errege-erregina Katolikoek Nafarroak konkistatzea, Kontrarreforma eta Inkisizioaren garaipena ere izan zela. Gorte nafarra izugarri tolerantea izan zen eta XVI. mendea bukatu bitarteko urteetan kultura, erlijio eta politikazko irekitasun eredua izan zen, espainarrek konkistatu gabeko nafar lurralde kontinentalean; erresuma zati horretan letrek eta zientziek gorakada izugarria ezagutu zuten eta euskarazko lehen liburuak orduantxe argitaratu ziren.

«Bergarakoa naiz eta oso Bergarakoa. Bergara dut bihotzean eta buruan nahiz eta 40 urte hauetan handik kanpora bizi»" esan digu Telesforok.
1904ko abenduaren lehenean jaio zen Telesforo. Bere arbaso guztiak bezalaxe Olaso dorrean jaio zen. Gipuzkoaren ordezkari izan zen Madrilgo Gortean eta Euzkadiko Gobernuko ministro. Donibane Lohitzunen bizi da eta bere etxea 'euskal etxe' bilakatu da.
Harrera gozoa eta alaia egin digu Telesforok. «Hara nik hitz emana dut askatasunik ez den lekuan ez dudala idatziko. Beste batzuk ere etorri zaizkit elkarrizketa bat egin nahirik, baina ezezkoa eman diet. Baina Zeruko Argiari nola uka? Hemendik aurrera beste jokabide bat hartu beharko dut», erantzun digu zertara hurbildu gatzaizkion agertu diogunean.
Poesiak abertzaletutako poeta
Egia esan ez dakit nondik has. Zure haurtzarotik eta gaztarotik has gaitezke, behar bada.
Borroka giroa bizi nuen nik neure etxean. Azkainera ihesi etorritako aitajaun santakruztar bat banuen. Santa Kruz apaiza gauez heltzen bazen ere, badaezpada ere, beti etxeko leiho bat zabalik edukitzen zuen. Artean ez zen ETArik, baina begira gorabehera hoiek noiztik hasiak diren. Era guztietako jendea biltzen zen gure etxera: abertzaleak, karlistak, foruzaleak, Lardizabal, Gipuzkoako Buru Batzarreko lehendabiziko lehendakaria; Tirso Olazabal; D. Jaime honen etxera etortzen zen; Julio Urkijo eta abar. Hamarren bat urte nituen nik orduan, hamalauko gerratearen aurretik zen, hain zuzen ere. Orduantxe hil zitzaidan aita ere, gabon gauaz pianoa jotzen ari zela. Nere txikitako oroitzapenak hoiek dira.
Gero Madrila joan nintzen abogadu ikastera. Oso ikasle txarra nintzen, izugarri txarra, karrerarik ere ez nuen bukatu. Ni jatorriz españolista nintzen. Baina denetarik entzun bait nuen nere etxean eta borroka haundi bat bizi nuen neure barruan. Ni oso gaztea nintzelarik karmelita sartu zen Avilan nere arreba bat. Hamaseigarren mendeko Avila ezagutu nuen. Zoragarria, Castilla barruan sartu zitzaidan guztiz. Bergara eta Avilaren artean izugarrizko borroka sortu zitzaidan barruan. Biak batera nahi nituen. Baina ezin. Bata ala bestea hautatu behar nuen. Engracio de Aranzadiren "La Nación Vasca" irakurri nuen 22 urte nituela. Madrildik Bergara nentorren batean korapilo horrekin nentorren. Bietarik bat aukeratu behar. Ekainean zen. Gatzagan. Artalde bat zetorren, neska gazte bat artzai zuela. Laino zegoen. Neska kantari ari zen. Ez dakit zer gertatu zitzaidan une hartan: "Abertzale naiz", ohartu nintzen.
Eta euskara ikasteari ekin nion. Sukaldean eta jolas garaian euskaraz mintzatzen ginen haurrak etxean. Gure aitak erdaraz ari ginela sumatu izan balu munduaren azkena zela pentsatuko zukeen. Baina saloian, serioski, gizonezkoen eta emakumezkoen artean hitzegiterakoan erdaraz hitzegiten zen. Halako batean erabaki nuen behar nuela euskaraz benetan ikasi. Haur denborako euskara hura bakarrik ez nuela aski eta euskara jantziago bat ikasi behar nuela erabaki nuen. Ateneora joan nintzen. Ruiz de la Escalera Maidagan jaunak irakasten zigun. Gero Tolosa ondoko Urkizura joan nintzen, Isaak Lopez de Mendizabalek aurkitutako baserri batera. Euskara ikastera baserri batera joan nintzelako burutik nahastua nintzela pentsatu zuen batek baino gehiagok. Orain edonork egiten du hori, baina orduan oso gauza bitxia zen. Garai hartan ezagutu nituen Euskal Pizkundeak eman zituen gizonik haundienetakoak: Lizardi, Lauaxeta, Aitzol, Markiegi, A. Labaien, Orixe eta abar.
Jose Antonio Agirrerekin topo
Euskaraz ikasten hasi zinenean egin zenuen topo euskal idazleekin. Eta politikoekin, noiz?
Diktaduraren garaia zen. Aldi hartan egiten zen lehen euskal jaia zen. Seguran Lauaxetari saria ematen zioten. Laborda, Bergarako apaiz batekin topo egin nuen. «Aizu Telesforo —esan zidan —badakit baserrian zarela euskara ikasten. Ez zara bakarra. Joxe Antonio ere Bergarako zure hauzoan euskara ikasten ari da». «Joxe Antonio?», «Bai, bai. Abertzale egin da, guztiz abertzale da. Lehen ere bai, baina orain euskaraz ikasten ari da».
Bergarara joan nintzenean han ikusi nuen Joxe Antonio. Elkar besarkatu genuen. «"Señorito" honek jarraituko ote du?» pentsatu ote zuen susmoa dut, «jarraituko duzu» esan bait zidan. Nik mindurik hala erantzun nion : «eta zuk?».
Geroztik gure bizitzak bat izan ziren.
Errepublika heldu zenean, golpez eta hasera haseratik, plazaratu zen Jose Antonio Agirre. Euskal Herriak bazuen bere liderrra. Zergatik? Hiru gauza zekazkien:
1) euskara ikasi zuen eta euskaraz mintzatzen zitzaion herriari.
2) Abertzaletasuna orduan ere erdibituta zegoen. Komunioa eta partidua Agirrek batu zituen. Horrek itzal haundia eman zion.
3) Txokolate fabrika bat zuen Bizkaian, Getxon. Inork behartu gabe, bere borondate hutsez, langileen aldeko legeak jarri zituen. Kristau izateak, abertzale izateak eta oso soziala izateak eragin zion horretara. Sozial ikara haundikoa zen, aurreratuena bera zen.
Behar bada ez zen intelektual haundia izango. Baina gizona zen, gizon osoa. Herriak eta Jose Antoniok bat egin zuten.
Euskal Alderdian
Bide bat hautatu beharra izan zenuen, noski.
Barruko borroka erabakia nuen, abertzalea nintzen, euskara era landu nuen. Partiduren batean sartu behar nuen. Alderdiko bi lagun etorri zitzaizkidan. «Bilbora joan behar duzu beste bi lagunekin» «Baina nora?», «Euzkadira». Muxika bergararra. Barojaren libururen batetik ateratako gizon batekin, dena amets, dena indar, dena irudimen zen gizon batekin joan behar nuen. Harentzat gaixoak eta eriak ez ziren dena. Kanpaien eta herrietan sartzen ziren zaldien hotsak bakarrik entzuten zituen hark.
Durangora heldu ginenean, hura sorpresa! Plaza jendez bete-betea ikusi genuen. Halakorik ez nuen sekula ikusi. Ikurrin bat ikusi nuen. Ez dakit nondik atera zuten, kutxapetik edo. Haren aurrean pasatzen ziren neska eta mutil gazteak isil-isilik ikurrinari muin emanaz. Zornotzan ere gauza bera ikusi genuen.
Euzkadira heldu ginenean lehen aipatu midiku bergararrak militarki «Bergara a la orden» esan zuen. «Esperen órdenes» esan zuen besteak. Eta halako batean paper bat eman zigun. «Bergara se posesionará del Ayuntamiento, declarará la república vasca, se incautará de las armas de los somatenes y tomará Placencia». Midikuak irakurri zigun eta «Tomará Placencia» basoerdi bat hartzea balitz bezala irakurri zuen. «Bergara a la orden» eta berebilean sartu ginen. Bergara eta Plentziako bidegurutzean hala esan zigun; «Vamos directamente a Bergara o tomamos de paso Placencia». Guk, badaezpada ere, Bergarara joatea erabaki genuen.
Honelaxe hasi ginen politikagintzan.
Zer urrats egin zenituzten?
Lehenik herria abertzaletu. Bigarrenik, Errepublikak irekitzen zituen zirrikituez baliatu. Herrian egin behar zen lan bat, bestea berriz, Madrilen. Madrilen egin lanean meriturik ez dut nik. Basterretxea, Leizaola, J.A. Agirre eta abar ibili ziren. Irujo, Altzeta eta ni, esate baterako, herria berotzen ihardun genuen. Jose Antonio Agirrek, aldiz, bi lanak egiten zituen. Denbora hartan abertzale izateko jelkide behar zen izan. Partidua ez zen partidua izan, herri bat izan zen, ibilian zebilen herri bat. Gaur aukera haundiagoa du abertzale batek. Abertzale eta marxista, abertzale eta liberala, abertzale eta sozialista demokrata izan daiteke gaurregun.
6 urte haietan abertzaletasunak indar ikaragarria hartu zuen. Jelkidetasunaren urre-garaia, partiduaren urre-garaia izan zen hura. Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan pil-pil zegoen jendea. Pentsa ezazu herria nola zegoen: toki batean 30.000 lagun biltzen ziren mitina entzutera, bestean 40.000, bestean 50.000. Ezkiogan ere 50.000 lagun biltzen ziren: «Odola, odola, badator odola». Zer mistika zegoen garai hartan ikusten duzu. Beinola Isaak Lopez Mendizabal eta biok gasolinarik gabe geratu ginen bidean. Autobus bat zetorren ikurrin haundi batekin mitin batetik. "Gasolina" oihu egin genien. "Hori, hori, askatuta" erantzun zigun mutil batek. Honela ibiltzen ginen herriz herri, batean mitina egin, bestean batzokia zabaldu.
Euskal Herrian beste partidurik ere bazen. Nolako harremanak zenituen?
"Entre la libertad y la Revolución" liburua irakurtzekoa da. Orduko egunkariak eta aldizkariak ere irakurtzekoak dira. Nere iduria hauxe da eta hauxe diot geroari begira. Euskaldunon alde atera dira beti españolak oposiziñoan egon direnean. Baina agintea eskuratzen zutenean asko moteltzen zen adiskidetasuna. Ezkerrekoek agintzen zutenean "trogloditas, cavernícolas, capitalistas, reducto del Vaticano" ginen. Eskubitarrek agintzen zutenean, berriz, "Judios, masones, rojos, separatistas, rojo-separatistas y vendidos a Moscú".
Ezkertiarrek agintzen zutenean nahiko zuten estatutoa eman, askatasuna eman, baina nola eman troglodita batzuei? Eskubitarrek ere borondate ona izango zuten, noski. Baina nola askatasuna eman Moskurekin harremanak dituztenei? Oposiziñoak agintea hartzen duenean "paradisoan zaudenean oroit nitaz" gogorazi behar zaio.



Gerrateko Filosofia
Loretan zen arbola gerrateak zapuztu zuen. Gerrateaz, zertxobait?
Gure gerlako filosofia oso gauza inportantea da, nere ustez. Besteak ere odola eman zuten eta ez dut gutxietsiko, eskertzekoa bait da. Baina gerlari benetako nortasuna eman ziona Euskal Alderdia izan zen.
Bi jokabide garrantzizko aipatu nahi nituzke gerrari buruz. Mendearen haseran Europan gertatu zen iraultzarik haundiena gure jokabidea izan zen. Partidu kristau bat, partidu katoliko bat, Espainiako gotzai guztien aurka, eskubitar guztien eta dirudun guztien aurka jarri zen. Erdaraz esaten den bezala "lo peor de cada casa"-ko jendearekin elkartu zen: sindikalista, anarkista, komunista eta sozialistekin, alegia. Europak ez zuen konprenitu. Guri inguratzen zitzaigun guztiak beti galdera berdina egiten zigun: «cómo siendo católicos han podido ir con los comunistas?». Agirrek belarrira esan ohi zidan: «Telesforo, diskoa jarriko al diegu?». Gainera ez zen gizon bat jarri, talde bat jarri, herri oso bat baizik.
Bigarrenik gerla egiteko modua aipatuko nuke. Gerra ez dela honela irabazten esango didazu. Baina nik egia zor dizuet. Guk, etsaiak salbatuz egin genuen gerla. Guk mendian, trintxeretan, ahal bezainbat jende hiltzen genuen. Jakina ez zen guk asmatutako gerla, bortxaz ezarritakoa baizik. Denek egin zituzten lotsagarrikeriak, basakeriak.. eskubitarrek eta ezkerrek.. Baina basakeria bat egindako abertzale bat ez duzue ezagutuko. Gerlan hiltzen genuen, baina atzean ez. Azkeneko momentuak ziren. Artxandan zeuden gudariak, abioirik gabe, harmarik gabe, erretzen, azkenetan. «Zuek hemen geldi zaitezte, gu gartzeletako jendea salbatzera goaz». Eta halaxe egin zuten langilez jantzi, gartzelan sartu, etsaiak hartu handik eta beren lagunetara pasa. Eta berriro mendira borrokara, elkar hiltzera. Horrela ez dela gerrarik irabazten esango didazue. Baina hori horrela zen.
Hain gizonki jokatu zuen Herri honek zer esker izan du gero? Etsaiak salbatzeko herrian geratu ziren mutilak garbitu egin zituzten. Usurbil lekuko. Eta gaurko gazteriak jakin egin du hori eta gaurko gazteriak beste jokabide bat hartu du. Honetaz gero esan dezadan garbi neure iritzia: zeharo, arras, guztiz, ados naiz gaurko gazteriarekin, gaurko gazteria abertzalearekin eta burrukariekin.
1936garrenean gudarien ondoan izan nintzen, gaur gudarien ondoan nago. 36garrenean presoen ondoan nintzen, gaur ere presoen ondoan nago. Neretzat gerla bakar bat baizik ez da. Gerla hori bukatu egin behar da. Buka daiteke bihar bertan. Seguru naiz.Euskal erresistentzia ez da inoiz gaur bezain indartsua izan. Harremanetan hasteko gaur bezain prest ez da sekulan izan. Baina denek jakin behar dute -- eta hitzak ondo neurtuz esaten dut -- bai Europak, bai Espainiak, denek jakin behar dute preso guztiak kalera artean eta Euskal Herriari bere buru-jabetza aitortu artean, hemen, jaun-andreak, pakerik ez dago.
Batasunik Ez. Elkartasuna Bai
Inoiz baino indartsuago garela diozu. Bestalde ordea, inoiz baino alderdi eta zatiketa gehiago dago.
Zuk diozuna egia hutsa da eta horrek bi alderdi ditu. Alde batetik eragozpen haundi bat da, baina bestetik aberastasun ikaragarria. Gaur abertzaletasuna horri eskerrak, lehen sartzen ez zen toki askotan sartzen da. Gaur, beraz, euskal problema aberastu eta sakondu egin da.
Lehen batasun haundiagoa zen. Gaur hamar lagun biltzen diren lekuan hamar iritzi desberdin agertzen dira. Gauzak aurrera eramatea zailagoa da, sintesia lortzea zailagoa da, noski, baina aberastasun ikaragarria denik ezin uka. Atzokoarengatik gaurkorik ez nuke trukatuko nik.
Nere kantuari "Batasuna" izena jarri nionean gaizki jarri niola uste dut. Elkartasuna ezarriko nioke gaur. Ez dut uste batasuna behar dugunik. Elkartasuna behar dugu, behar dugu elkar-aditzea. Eta nik usaintzen dudanez, orain urtebete edo bi urte baino askoz hurbilago dugu gaur elkartasuna.
Abertzaleen programa minimoak eta sukursalisten maximoak ondo aztertzen baldin badituzu hor bada programa minimo bat egiteko oinarririk, ez etzirako (politikan ez bait da etzikorik) baina bai biharko programa bat egiteko. Hurbiletik urrunera hasi behar dela esan nuen lehen ere Zeruko Argian. Ez da dudarik, gu Eibarreraino goaz. Inor ez dadila engaina. Gu, askatasuna lortzera, Euskal Herria batzera eta euskaldun egitera goaz. Frantziako agintaririk haundiena aurrean baldin badut ere garbi esaten diot nik: guretzat Baionatik hasi eta Ebroraino ez da herri bat baizik eta gure nahia eta esperantza Euskal Herri askatu eta euskalduna egingo dugula da.
Baina Maltzagaraino bidelagun izan nahi duena zergatik baztertu behar dugu ?
Maltzagaraino iristeko Lizarragako Estatutoaren antzeko zerbait onartzeko gai direla uste dut Euskal Herrian diharduten alderdi guztiek. Lehenbizi alderdi abertzaleok egin behar genuke bat, Eibarreraino iritsi nahi dugunok. Gero Maltzagaraino iritsi nahi dutenak hartu geurokin.
Euskal Gobernua
Elkartasunaz mintzatu zara, Euskal Gobernuak bai ahal du honetan zerikusirik?
Neretzat oso delikatua da horretaz hitzegitea. Baina momentu honetan ezin daitekeela zeharka ibili iruditzen zait. Gauzak argi eta garbi jakiteko eskubidea badu Herriak.
Nik ohorerik jaso baldin badut nere bizitzan, ohorerik haundiena Euskal Gobernuko ministro izana izatea da. Neretzat oroitzapenik haundiena Gernikako egun hura izan zen. Ez zait sekulan ahaztuko. Baina gauza bat esan behar diot Leizaola jaunari. Nik zenbaterainoko errespetoa eta adiskidetasuna diodan badaki berak ondo. Eta ez da hitz diplomatiko bat, berak badaki ongi egia dela. Munduak presentatu dizkion momenturik zailenetan ikusi dut nik Leizaola jauna. Eta gizonki eta apalik, nik baino bulartsuago jokatu zuela aitortu behar dut. Berak eman izan zidan bai buruz, bai gizatasunez eta bai kementasunez exemplu. Emoziño guztiarekin eta zor diodan aitormenez esaten dut hori.
Baina gizon horrek ez duela gaur berak bete dezakeen egitekoa eta berak bete behar lukeen eginbeharra betezen uste dut: besoak zabalik dei bihozkor bat egin Gobernutik kanpora dauden alderdi guztiei, abertzaleengandik hasita noski, baina guztiei. Jaunak, Euskal Gobernuak 36garrenean, Euskal Herri osoaren izenean hitzegin zezakeen, faxistak kanpo. Gaur indar berriak sortu dira, Gobernuko ateak parez pare zabaltzeko garaia da; ez erregaluz eta limosnaz. Denei hotsegin, denen artean programa bat egiteko, gaurko helburuekin.
Hori egin dezake, egiten ahal du. Egin dezala eskatzen diot eta eskatzen diogu. Nik, behintzat, indar guztiz eta bihotz osoz segituko diot. 36garrenenan gauza haundia izan zena gaur gauza koxkor bat da. Gudariak kanpoan utziz, presoak kanpoan utziz, erresistentzia kanpoan utziz gauza koxkor bat litzateke. Horrela izatekotan ni ez natzaio jarraituko. Ez eta ez.
Nolako Eibar
Abertzaleok Eibarreraino iritsi nahi dugu, baina iritsi aurretik jakin nahi genuke nolatsuko Eibar izango dugun.
Gure herria soizialki zer izango den Herriak berak esan behar du. Ez dut uste, beraz, guk gaur herriaren etorkizuna hipotekatu dezakegunik. Bakoitzak herriari zer proposatzen dion esan behar du. Erabaki herriak erabaki behar du.
Nik hontan garbi esango dizut, nik neuk zalantzarik txikienik gabe eta zeharo gaitzesten dut kapitalismoa. Zeharo, guztiz eta zalantzarik txikienik gabe gaitzesten dut Espainiak Euskal Herrian daukan oligarkia. Oligarkia hori xehatu, desegin eta suntsitu egin behar dugu. Hori egiten ez baldin badugu berak txikituko gaitu. Horra garbi esan, jakin nahi duenak jakin dezan.
Hortik kanpo ni ez nabil teoria batentzat herri baten bila. Herri batentzat bide baten bila nabil, ni. Bide baten edo gehiagoren bila. Txapela batentzat gizon bila ez nabil ni, gizon batentzat txapela bila baizik. Euskal Herriak gaur sozial-molde bat behar izatea eta bihar beste bat gerta daitekeena bait da. Nere oinarritzat herria eta herria bakarrik hartzen dut eta momentu bakoitzean nere iduriz herri horrek, herri horren egoerak, beharrek eta problemek eskatzen duten soluziñoa ematen saiatuko naiz.
Etengabeko iraultza egin nahi dutenei errespeto osoa diet. Gure herriarentzat onuragarria izango da gainera. Baina nik neuk ez diot bortxaz herriari teoria bat ezarriko. Norbaitek etengabeko iraultza hori egin nahi baldin badu nik onartuko dut talde hori, baina ez diot lagunduko bortxaz ezartzen.
Venezia Erreferenduma
Eibarreraino iristearekin zerikusirik badu Veneziako Bienalak.
Veneziakoa? Urrats bat izan dela uste dut. Besterik ez. Euskal Herria, oraingo honetan, zeharo Nazio berezi bezala presentatu dugu. Onartu ere halaxe onartu da. Borroka luzeak eta gogorrak egin behar izan dira horretarako. Gure aurretik, geu hara heldu baino lehen, bidea zabaltzen ibili zirenak badute merezimendurik. Hurrengo urteetarako bide hori zabaldua geratuko dela uste dut, Venezian behintzat. Noiznahi eta nonahi kantuan esaten dudana egia bilaka dadin: "Ibiltzen aspaldi ikasia dugu, otsoak eskutik hartu gabe".
Eta laster omen dugun erreferendumari zer irizten diozu?
Erreferenduma? Baina zer erreferendum? Madrildik proposatzen digutena? Baietz esaten baduk, belarrondoko bat, eta ezetz esaten baduk bi? Hori bait da, Euskal Herriari gaur hautatzeko ematen zaiona. Ezetz ematen baduk bukerrarekin hago; eta baietz esaten baduk Madrilgo Gobernuarekin.
Joko zikin horretan ez gaitezke sar. Ez eta ez. Gure erantzuna hau da: atera itzazue lehenik preso guztiak kalera. Gero mintzatuko gara. Baina erantzun hau Euskal Herri osoak eman behar lioke, egun horretan, Madrilgo Gobernuari. Honelakoetan ez elkartzekotan, noizko gure elkartasuna? Noizko burua? Noizko abertzaletasuna?
Morroi zintzo bat bezala agindutakoa egin eraziz ibili zaitut denbora guztian, Telesforo. Nahi duzuna esateko, eskatzeko eta galdetzeko aukera ematen dizut. Esatekorik baduzu?
Bai. Zeruko Argiari zor haundia eta zaharra diola Euskal Herriak. Eta hau ez da loxintxa. Egia baizik. Dijoazkio, beraz, nere errespetozko goresmenak ere.
Bere Batzarre Nagusia laster egitekoa omen duen "Jel Alderdiari", berriz, abertzale mota guztien elkartasunaren aldeko urrats sendo eta luzea egin dezala, eskatuko nioke. Horixe da, egun, Euzkadi osoak bereziki eskatzen diona ere.
Zenbait gauza esanik ditut lehen ere. Baina hauxe gogoan hartzea nahiko nuke: Zutitu bedi Euskal Herri osoa presoak kalera atera arte.
Barkatu, Telesforo. Azken galdera duzu, Hego Euskal Herrira joateko asmorik bai ahal duzu?
Gogo haundia dut. Pozik hitzegingo nieke kanpotik etorri direnei, Txiki zenaren lagunei: gure herria zuena da, elkarrekin egin behar dugu lan denok. Baina preso eta atzerriratu guztiak etxeratu arte ez naiteke joan. Dena den laster izango nauzue zuen artean, gelditzen zaigun azken zubia pasatzeko garaia ia heldu bait da. Borroka irabazi dugula uste dut.

Herrialde, Zeruko Argia,1976-XI-28