Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2010/03/12 18:01:35.447 GMT+1

"Andoainen guretzat ez da ezer egiten, ez dago ezer"

Erreportari Gazte Sariaren edizio berrirako lau orduko ikastarotxoa jasotzen ari dira DBH 4.mailako ikasleak, Andoainen. Lehen egunean galdeketa egin zen ikasleen artean, besteak beste, ikasle bakoitzari nor elkarrizketatuko lukeen edota zein gairen inguruan egingo lukeen erreportajea galdetu zitzaion.

Askoren artean bada gai bat ikastetxe ezberdinetako ikasleen artean agertu dena: Gazteria, eta gazteriari dagozkion arazoak.

Horietaz klasean jarduterakoan "Andoainen guretzat ez da ezer egiten, ez dago ezer" kexatzen dira. Egia ote aisialdirako aukerarik ez dagoela 14-16 urte bitarteko gazteentzat? Haur irakurtzen ari bazara zein da zure iritzia? Zer duzu esateko? Zure ekarpena interesgarria da, anima zaitez parte hartzera!

Ea ba bota zuen erantzunak:

Nork: Andoain.2010/03/12 18:01:35.447 GMT+1
Etiketak: gaztea aiurri udala saria andoain erreportari | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/03/11 15:54:06.066 GMT+1

Jone Otxoa-Aizpuruari elkarrizketa


2010-III-05 | Andoaingo Udaleko Euskararen Normalkuntzarako Lansailak herriko hiru ikastetxeekin batera kazetaritza eta komunikazio tailerra martxan jarri du, bigarren urtez jarraian. DBHko Aritz Altuna, Axel Garcia, Sara Gomez, Nahia Madinabeitia, Leire Montero, Maialen Oiarzabal, Nerea Ormaetxea, Naiara Sarasua eta Jon Jauregi ekimenean parte hartzen ari diren ikasleak dira. Kazetari lanetan ipini eta Jose Otxoa-Aizpurua Euskadi Gazteako esataria elkarrizketatu zuten. Herrian bertan elkarrizketatu zuten, Urigain Kultura Etxean hain zuzen.

JONE OTXOA-AIZPURUARI ELKARRIZKETA
Andoaingo ikasleek, Kazetaritza eta komunikazio tailerrean, Jone Otxoa abeslari eta kazetariarekin solasean aritu ziren. Jone Otxoa, Anoetan jaio zen duela 23 urte. Anoetako Herri Ikastolan aritu zen DBH amaitu arte. Handik Tolosako Laskorain Ikastolara joan zen Batxillergoko ikasketak egitera. Tolosatik Leioara egin zuen jauzi Jonek, Ikusentzunezko Komunikazioko Lizentziatura egitera. Gaur egun, Donostian Magisteritzako ikasketekin ari da anoetarra.

Nondik datorkizu irrati eta kazetaritzako zaletasuna?
J.O: Batxilergoan hautaketa egiteko garaia iritsi zenean, zein aukera zeuden begiratzen hasi nintzenean, Ikus-entzunezko Komunikazioko karrera bazela ikusi nuen. Betidanik,gustatu izan zait hitz egitea, komunikatzea, orokorrean komunikabideak asko gustatzen zaizkit. Gehiegi jakin gabe heldu nion bide horri. Batzuek bokazioz garbi izaten dute zein hautaketa egin, ez zen hori nire kasua izan.

Euskadi Gaztean hasi baino lehen, zer iritzi zenuen irrati honen inguruan? Orain bertan lanean ari zarela, zer iritzi duzu?
J.O: Lehen, kotxean entzuten nuen eta goizean iratzartzeko ere erabiltzen nuen irratia. Atsegina zen, entretenitu egiten zuen eta horrez gain musika entzuteko aukera ere ematen zuen. Orain bertan ari naizela, mundu hori zer den ezagutzeko balio izan dit. Musika eskaintzeaz gain, gehienbat entretenitzea helburu dugula esango nuke.

Nola egiten da zure programa teknikoa?
J.O: Teknikoki, irrati formula, hau da ahotsa jartzen duena eta tekniko lanak pertsonak berak egiten ditugu. Mahia txiki eroso bat dugu, programa desberdineko ordenagailuak ditugu eta norberak antolatu behar du errealizazioa egiteko garaian zer nola egingo de. Programa hastean, hor duzu mahaia, ordenagailua eta mikroa, egia esan praktikarekin hartzen da erraztasuna. Phader desberdinetara bideratzen da guztia eta horrekin egiten dugu lan. Bolumenaren iturriak dira eta kantutik kantura loturak emateko aukera ematen du.

Noizbait gertatu al zaizu zuzenean aritu eta airean ez zeudela pentsatuta norbaitekin hizketan jarraitzea?Noizbait gertatu al zaizu, ordenagailuak jarri beharreko kantua edo iragarkia ez jartzea?
J.O: Airean nagoela sekula ez zait pasatu, badakit jendeari pasatu izan zaiola baino. Mugikorrak, norbait sartzean...argi gorriari tentuz ibili behar izaten da. Ahalegintzen naiz ez pasatzen. Ordenagailuarena berriz, pasatu izan zait. Hori ekiditeko bigarren aparailu bat dugu, batek ez badu behar bezala erantzuten, bestearekin soluzionatu behar izaten da. Behin edo behin gertatu izan zait kantua jarri eta komunera joan eta bueltan etortzerako kantua blokeatua izatea. Azkenean, minutu bateko gauza izaten da eta ahal den egokien konpontzen saiatzen gara.

Zer motatako korreo elektronikoak iristen zaizkizu?Zein da irratian jartzeko eskatu dizuten kanturik kaskarrena?
J.O: Nik irrati formula egiten dut. Kanpoko mezuak ez ditut jasotzen, informazioa gehitzeko barneko zerbait ez bada behintzat. Jendeak parte hartzeko Top Gaztea deituriko programa dugu. Bigarren galderaren harira, ez dut jaso kanturik. Guztia ongi zehaztuta eta aurrez prestatuta izaten dut nire kasuan.

Lana bukatu eta etxerako bidean zoazela, musika entzuteko gogorik izaten al duzu?
J.O: Ez beti. Lau orduko saioa egin ondoren, batzuetan ez dut gogorik izaten. Egunak izaten dira baina batzuetan isil-isilik bueltatzen naiz etxera. Nire saioa goizean izaten da, eta eguna indarrez hartzeko bolumen altuan izaten dut eta sarritan nahikoa izaten da horrekin.

Mikrofono aurrean noizbait trabatu al zara? Zuzenean izan aurretik ikastaroren bat egin al zenuen?
J.O: Askotan trabatu izan naiz,egun batzuetan besteetan baino gehiago. Gogoan dut Fito y los Fitipaldisen Por la boca vive el pez estean asko trabatu eta guztiz blokeatuta geratu nintzen. Hautaketa probak egin ondoren, ikastaro txiki bat egin nuen. Aurrez, ikasketetan ari nintzela, mahaia ezagutzeko aukera izan nuen eta saiotxoren bat ere egin genuen. Hala ere, denborarekin eta praktikan jarriaz hartzen da erraztasunik gehiena. Nire kaxara ere lantzen aritu nintzen. Hautaprobak pasatu eta zuzenean hasi aurretik, ordubeteko saioak grabatzen nituen aparteko estudio batean. Profesional batek begiratu eta aholkuak ematen zizkidan.

Seguruago sentitzen lagundu zidan zuzenekora jauzi egin aurretik. Zein musika mota eta zein irizpideren arabera jartzen duzue?
J.O: Denetarik apur bat. Dance musika eta nazioarteko esaterako asko jartzen da. Irizpideei dagokionean, esatariok ez ditugu irizpideak markatzen, astero-astero zuzendaritzak erabakitzen du. Kantuak zenbatetan emitituko diren ere zehazten dute. Guri, ordenagailuan zerrenda agertzen zaigu eta horren arabera jartzen ditugu abestiak.

Txolarre Irratian izan gara. Bertan ere lanean aritua zara?
J.O: Bai, Txolarre kolaborazioak egiten nituen. Hilean behin argitaratu berri zen diskoa bat aurkezten nuen. Beraien musika jarri eta horrela... Kantaria zara eta diskoak kaleratu dituzu.

Momentu honetan zein egoeratan aurkitzen zara?
J.O: Oraintxe apur bat aparte utzia dut. Etxean nire kaxara aritzen naiz baino nahiko lanekin nabil gainontzean. Astez ikasketak, asteburuan lana eta musika...guztia uztartzea zaila egiten zitzaidan eta momentuz apur bat alde batera utzia dut.

Zer musika entzuten duzu zure aisialdian?
J.O: Apur bat denetarik entzuten gustatzen zait. Batez ere euskal musika atsegin dut eta talde berriak, zaharrak, guztiak jarraitzen saiatzen naiz.

Zein dira zure erreferentziak irratigintzan?
J.O: Esatariei dagokionean, erreferentzia argirik ez daukat. Aspalditik lan honetan dabiltzan profesionalak entzutea gustatzen zait, beraien lana niretzat baliagarri izan daitekeela iruditzen baitzait.

Zer nolako albisteak entzutea duzu gustuko?
J.O: Normalean autoan noanean, puntuetako albisteak entzuten ditut, modu ona iruditzen baitzait, eguna ematen ari dena jarraitzen joateko. Irratitik datozen bost minutukoak baliagarri zaizkit.

Andoain herriko zer ezagutza daukazu?Etortzen al zara Andoinera?Zein iritzi duzu herriari buruz?
J.O: Andoainera festetan etortzen naiz, Aiurri ere ezagutzen dut lantxo batzuk egin izan baititut, ikaskide batzuk ere baditut hemen...Herria gertuko egiten zait, baina Anoetatik Tolosa aldera gehiago jotzen dugu.

Nola izaten da zure lana egun normal batean?
J.O: Goizeko 6:10ean jaiki, 10minututan prestatu, kotxez Miramonera joan eta zazpietan saioa hasten dut. 6:40tarako bertan izaten naiz, ezer izanda ere jakinaren gainean izateko. 7:00tatik 11:00tara estudioan aritzen naiz neroni bakarrik. kantuak eta publizitatea jarri, kontu batzuk esaten. Etxera itzultzea, hor hasten da nire eguna.

Aisialdian zer egiten duzu?
J.O: Musika sortzea, lagunekin egotea, kirol pixka bat egitea, bazkari-afariak egitea, zinea,parrandak egitea, azken aldian gutxiago baino.

Non ikusten duzu etorkizunean zure burua, irakasle, esatari? J.O: Zaila da esatea baina. Iaz interneteko ikastaro batzuk ematen aritu nintzen eta orduan piztu zitzaidan irakasle izateko harra. Jendearekin konektatzea gustuko nuela konturatu nintzen. Etorkizunean, ez dakit, irratigintzan zaila da lekua aurkitzea, horretan nabil baina irakaskuntzak ere tentatzen nau. Haur txikiekin lanean aritzeko gogoa ere badut. Nire burua ez dakit non ikusten dudan, hori etorkizunak berak erakutsiko du.

Beste gaiei buruz zer iritzi duzu, adibidez, AHT proiektuaren inguruan?
J.O: Nire herria alde batetik bestera zeharkatu du eta informazio falta handia dagoela esango nuke. Jendeak ez daki zer izango den, zertarako, zergatik eta informazio falta horren aurrean hutsune hori azpimarratuko nuke. Bestetik, horrelako proiektu erraldoia beharrezko ote den galdera egingo nuke, non gauza asko hankaz gora jarriko dituen eta oraingo sistema ez ote dagoen berritzerik.

Nork: Andoain.2010/03/11 15:54:06.066 GMT+1
Etiketak: gaztea aiurri udala saria jone andoain erreportari euskadi | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/03/11 13:30:09.592 GMT+1

Erreportari Gaztea Saria, prestaketa lanak

Andoainen Kazetaritza tailerra martxan dagoen bitartean, Erreportari Gaztea Sarirako lanak aurkezteko ikastaro txikia jasotzen ari dira DBHko 4.mailako ikasleak. Zeregin horretan Aiurriko Jon Ander Ubeda ari da. Aurreko astean Aita Larramendi Ikastolan aritu zen, aste honetan La Salle Berrozpe ikastetxean ari da eta hurrengoan Leizaran ikastetxean arituko da.
Aurtengoan gainera berrikuntza nagusia dago: Lanak aurkezteko eta saritzeko egutegia aurreratu egin da. Udaberrian aurkeztu beharko dira erreportajeak, eta aurkeztutako horien guztien artetik onenak sarituko dira ikasturtearen amaieran. Animo, gazteok! Has zaitezte ideiak lantzen.

Nork: Andoain.2010/03/11 13:30:09.592 GMT+1
Etiketak: gaztea aiurri udala saria andoain erreportari | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/03/11 13:05:31.497 GMT+1

Kazetaritza gogoko duten ikasleen tailerra martxan da



Otsailean abiatu zen kazetaritza eta komunikazio tailerra, iazko ereduari jarraituz. Talde honetara gerturatzen ari den ikasle kopurua handitzen ari da, piskanaka. Hona, Jon Ander Ubeda kazetariaren aholkularitzapean, Andaingo ikasle gazteek Manu Etxezortu Euskadi irratiko kazetariari eginiko elkarrizketa. Ikasleek egingo duten elkarrizketa saioen artean lehena izan zen honakoa:

Gaztetatik kazetaritzan murgilduko zinela uste al zenuen?
M.E:
Nire kasuan bokazionala izan da lanbidea  aukeratzea. Betidanik nahi izan dut kazetari izan. Betidanik, irrati entzulea izan naiz, uste dut horixe izan dela kazetaritzara gerturatu nauena. Txikitatik irratia izaten genuen egun guztian piztuta sukaldean, telebista egongelan baikenuen. Era guztietako saioak entzuten nituen, kirolak, magazineak, albisteak...Oso harrigarria iruditzen zitzaidan tramankulu hark hotsak eta ahotsak  eskaintzea. Garbi nuen, haietako bat izan nahi nuela.

Garai hartan zeintzuk izan ziren erreferentzia irratigintzan?
M.E:
80ko hamarkadaren hasieran, arratsaldez, euskarazko saioak ematen hasi ziren Herri Irratian, eta hantxe zaletu nintzen. Izen propioak ematekotan, garai  hartan lanean ari ziren Txaro Arteaga, Maialen Iriarte, Xabier Montoia,... Gerora, Euskadi Irratia martxan jarri zenetik, 82ko udazkenetik, saio guztiak entzuten nituen. Martin Tejeria, Kostaldeko Trena saioa egiten duena adibidez. 80ko hamarkada amaiera aldera beste belaunaldi bat hasi zen lanean, Jaime Otamendi,Arantxa Iturbe...gerora beraiekin lan egiteko aukera izan nuen.

Hasierako irratsaioetan, lotsatu izan al zara inoiz mikroaren aurrean? Nola bizitu zenuen momentu hori?
M.E:
Ikasi arte kosta egiten da. Oroitzapen bitxia, nire ahotsa lehen aldiz entzun nuenekoa. Irudiarekin gauza berbera gertatzen da, ez baitzaude zure ahotsa entzutera edota zure irudia ikustera ohituta.

Unean uneko informazioa kontatzean, ezbehar larriren bat  kontatzeko garaian nola sentitu zara?
M.E:
Mikrofono aurrean urduri jartzen zara hasieran baina gerora kontrolatzen ikasten duzu. Gogoan dut Madrilgo atentatuak gertatu zirenean, zuzenean lanean ari nintzen. Ez genuen sinesten zer gertatzen zen eta ezin ginen jabetu atentatuaren neurriaz. Lehendabiziko momentu haietan, albisteak gainditu egin gintuen. Jendearen testigantzak bildu, gertakariak zehaztu... bat eta beste aritu ginen eta etxera joan arte ez nintzen jabetu benetan zenbaterainokoa izan zen. Kanpotik hotzago ikusten da.

Inoiz izan al duzu arazorik beste komunikabideren batekin? Nolakoa da mantentzen duzun harrremana?
M.E:
Ez daukat aparteko kexarik. Beste komunikabideek ongi tratatzen gaituzte eta batipat euskarazko komunikabideekin harreman ona daukagu. Elkarlan handia dago, telebistako jendeak irratian kolaboratzen du eta alderantziz... Euskal Herria mundu txikia izanik eta euskarazko eremua oraindik txikiagoa izanik,badago konpetentzia bat baina baita elkarlana ere.

Andoaini dagokionez, non ikasi zenuen eta non pasatzen zenituen arratsaldeak?
M.E:
14 urte bete arte Larramendi Ikastolan ikasi nuen, eta 90eko hamarkadatik egoitza berria dago baina, nik 83an amaitu nituen. Batxilerra egitera Donostiako La Sallera joan nintzen. Arratsaldeak ahal zen tokian pasatzen genituen. Kalean ibiltzen ginen, plazan, Bekoplazan eta Arrate frontoian ere arratsalde asko pasatakoak gara. Ondoren beheko tabernetan gehienbat, Itzalan, Xaximetron, Txuri-beltzen... aisialdirako ez zegoen toki askorik. Geroztik gauzak asko aldatu dira, hor dago Bastero...

Gaur egun, non igarotzen dituzu arratsaldeak?
M.E:
Kalean ibiltzea gustuko dut, mendian ere bai apur bat, hondartza oso gustuko dut, Leizarango Trentxikiko bidean paseatzera joaten naiz... horiek dira aisialdiko nire planak.

Gauetan non ibiltzea gustatzen zaizu? Festatzalea al zara?
M.E:
Festetan ibili naiz eta ibiltzen naiz baina inoiz ez naiz festazale amorratua izan. Gure garaiko jendeak oso irudi berezia du Santakruzekin. San Juanak ere gustuko genituen baina oroitzapen politagoa dugu Santakrutzetakoa.

Demagun Donostian zaudela eta norbaitek Andoainen zer moduz bizi zaren galdetzen dizula, Zer erantzuten diozu?
M.E:
Primeran bizi naizela. Kanpokoek Andoain herri itxusia dela esan dezakete, akaso ez du izango ondare historikorik, edo herrigune bitxirik, egitura aldetik zatar xamarra dela esango nuke. Baina baditu paraje zoragarriak: Leizaran, Buruntza, Belkoain... Andoainek badu bere xarma. Norbaitek esan izan dit nortasun gutxi duela, baina kanpoan ongi saltzen dut herria. Niretzat herri zoragarria da.

Elkarrizketa amaitu eta gero, solasaldi polita sortu zen elkarrizketa egin zioten ikasleen eta Manu Etxezorturen artean. Irratia, telebista, Andoain... gai askoren inguruan jardun zuten denek ere. Ikasleek tailerrarekin aurrera jarraituko dute.

Nork: Andoain.2010/03/11 13:05:31.497 GMT+1
Etiketak: udala andoain manu aiurri etxezortu | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2010/03/11 12:56:27.090 GMT+1

Andoaingo ikasleak First Lego txapelketan

Lehenik Euskadi mailan sormen eta diseinu berritzaileen saria lortu zuten. Ostera, Katalunian talde-lanaren saria lortu zuten aurreko otsailaren 21ean. Txapelketa honetan, 10 urtetik 16ra bitarteko ikasleek har dezakete. Bartzelonan eta aparailu mugikorren sortzaile eta programatzaile onenak bildu ohi dira. Esperientzia oso polita izaten ari da La Salle Berrozpeko ikasleentzat, baina oraindik ez da amaitu. Klaseak amaitu ondoren, nazioarteko txapelketarako prestatzen ari dira.

Nondik izan zenuten txapelketa honen berri?
A.K:
Eskolara bi pertsona etorri ziren txapelketaren berri ematera. Zuzendariak baiezkoa eman eta ikasleen artean hautaketa egin zen. DBHko 4.mailako bi geletatik, bosteko bi talde osatu genituen.
I.A: Zalantzak genituen aukeraketa egoki bat egiteko garaian. Iazko 3.DBHko ikasleen artean ondoena ibili zirenei eskaini genien aukera. Azken batean, sari moduko bat bezala izan da ikasleentzat.

Zer lan prestatu zenuten?
I.I:
Hasieran guztia Legoa izango zela pentsatzen genuen, baina proiektua prestatzeko hainbat  lanketa egin behar izan genituen. Batetik, proiektu zientifikoa aurkeztu behar zen, hau da, arazo bat planteatu eta horri konponbidea aurkitu behar genion. Bestetik, proiektu teknikoa egin behar zen, robotarekin sortzen ziren arazoei konponbidea aurkitzea zen helburua eta azkenik, robotarekin misio desberdinak egin behar ziren ahalik eta puntu gehien lortzeko.

Zer nolako misioak egin behar zituen zuen robotak?
A.K:
Bazen eraztun batzuk jasotzeko misioa, piboteak ekiditea, zubi azpitik pasatzea, bide zehatz bat egin eta oztopoak botatzea, sentsoreekin lan egitea…
I.I: Hori guztia egiteko robota ordenagailuz programatu behar izan genuen. Ibili beharreko denbora, egin beharreko bidea, mugimendua…
I.R: Programa bloke batzuetan banatzen zen, bertan sartzen genuen informazio guztia. Ondoren robotari kable bat konektatu eta programazioaren arabera mugitzen zen aparailua.

Euskadiko txapelketan eta Espainia mailakoan hain ongi ibiltzea espero al zenuten?
I.R:
Ezta pentsatu ere, Deriora iritsi ginenean apur bat larritu ginen. Konfiantza gehien entrenatzaileak izan zuen.

Zein ibilbide egin duzue? Nondik zehar ibili zarete?
I.R:
Euskadi mailako Txapelketa Derion jokatu zen, bertan proiektu teknikoagatik saritu gintuzten. Lehen aipatu dugun bigarren taldeak ere lortu zuen sari bat, baina Espainiakora sailkatzeko ez zien balio izan. Ondoren diru laguntza bila ibili gara, antolatzaileek matrikula soilik ordaintzen baitzuten.
I.I: Kutxak, Euskadiko Kutxak, Udaletxeak eta La Salle Berrozpe eskolak eskaini ziguten laguntza ekonomikoa.

Motibazio berezirik sortu al dizue hain ongi ibiltzeak?
A.K:
Nazioarteko txapelketara iristea ikaragarria izan da guretzat.
I.R: Momentu honetan aukera desberdinen aurrean gaude. Europara, Amerikara edo Asiara joan gaitezke, plazen arabera.
I.I: Txapeldun nagusiak berak aukeratzen du nora joan nahi duen. Gainontzeko  zazpi sailkatuek berriz, plazen arabera jokatzen dugu. Dossier bat egin behar dugu bertan aurkezteko. Momentu honetan dossierrarekin ari gara lanean.
Lehenik plaza tokatu behar zaigu.

Nork: Andoain.2010/03/11 12:56:27.090 GMT+1
Etiketak: andoain lego aiurri first | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)