Euskarazko prentsaren berloratzea frankismorik minenean

lehengaia 1456150995227 Lehengaia | 2006-10-24 20:11

1936an hasitako gerra 1937an amaitu zen Hego Euskal Herrian, frankista, falangista eta errekete osteak Bilbon sartzearekin batera. Francoren erregimenak beste urte bi behar izan zituen Espainian gailentzeko, baina behin 1939az geroztik erabateko agintea erdietsi zuen. Horrek, gauza jakina da, ez zion ezelako mesederik egin euskarazko komunikazio-munduari, justu kontrakoa baizik: nola ordura arte Hego Euskal Herrian euskaraz kaleratu ohi ziren kazeta guztiak hala euskarak irratian izan ohi zituen agerraldi bakanak desagertu egin ziren, salbuespen barik. Bizitza publikoan euskarak zeukan presentzia oro ezabatu zuten, azken batean, frankistek (hona hemen euren agintaldiaren bilakaera eta beste zenbait kontu interesgarri).

Ondorioak, bistan denez, latzak izan ziren: euskaraz ziharduten ordura arteko idazle zein kazetari gehienak edo gerran hil ziren (zituzten) edo atzerrian zeuden. Erregimenak, gainera, luzaroan irauteko itxura zeukan. Kinka zail horretan, posibilismoaren aldeko hautua egin zuten batzuek; hots, orduko muga estuen barruan, garai hartako zirrikitu eskasak baliatuta, euskararen iraupena bermatuko zuten erakunde zein dinamikak berpizten / eraikitzen saiatu zirela.

Bide hori urratu zutenen artean Resurreccion Maria Azkue lekeitiar bilbotartua nabarmendu zen batik bat. Azkuek Erregimenarentzat batere susmagarri ez ziren lagun batzuenagana jo zuen (Julio Urkijo deustuar karlista, Antonio Arrue asteasuar frankista) Euskaltzaindia berriro abiarazteko asmoz. Baita lortu ere, haien bitartekaritza lagun, Diputazioekin eta orduko agintariekin tratuan jardun eta gero.

Azkueren azken urteetan haren aldamenean izan zen Alfonso Irigoienek ere lekeitiarraren eskolari eutsi zion eta horri esker lortu zuen, besteak beste, gerra osteko estreinako bertsolari txapelketak antolatzea (milaka lagun bildu ziren Bilboko Areatzan 1950eko hamarraldi amaieran) edota legeztatzea, Euskal Herrian estreinako biderrez, ikastola bat, non eta Bilboko bihotzean. Edozelan ere, horiek beste kontu batzuk dira eta hurrengo baterako utziko ditugu.

Kontua da Azkuek irekitako zirrikitu horiek apurka-apurka euskara hedabideetara itzularazteko bidea zabaldu zutela. Estreinako urratsa norabide horretan 1948an eman zen, Egan aldizkariaren jaiotzarekin batera. Aldizkari hori politika posibilistaren isla dugu, frankisten susmopean ez zeuden elkarte biren babesean jaio baitzen: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea batetik, eta Gipuzkoako Diputazioa bestetik. Ele bitan plazaratu ohi zen hasierako urteetan, eta izen handiko idazleek idatzi ohi zuten bertan, hala nola Gabriel Celayak, Jose Artetxek, Federiko Krutwigek edota Koldo Mitxelenak; haatik, 1954an Antonio Arrue, Koldo Mitxelena eta Aingeru Irigaraik kazetaren zuzendaritza euren gain hartu zutenean, euskara hutsezko bihurtu zen Egan.

Harrezkero ibilbide luzea egin du kazeta horrek: 1987ra arte (Koldo Mitxelena zendu arte, beraz) 74 zenbaki atera zituen. Mitxelenaren heriotza ostean 1988a kaleratzeke eman eta gero, 1989an beste talde batek hartu zuen bere gain aldizkariaren ardura eta gaur egun ere plazaratzen jarraitzen du.

 Frankismo garaian egin zuen ibilbideari gagozkiola, nabarmentzekoak dira haren ezaugarri batzuk: batetik, bere garaian izan zela belaunaldien arteko zubi eta erbestean ez zeuden euskal kulturako izen garrantzitsuen plaza nagusi; horrez gain, edukien aldetik ere ekarri zuen berrikuntzarik (zinema kritikei bide emanez, berbarako).

Egan-ek Euskal Herrian bertan eta Erregimenak ezarritako muga estuen barruan ekin zion, beraz, bideari. Urtebete geroago, 1949ko abenduaren 26an, Guatemalan erregistratu zuen Jokin Zaitegik euskara hutsezko beste aldizkari bat: Euzko Gogoa. 1950ean atera zen estreinako zenbakia inprimategitik. Kultura-gaiei emana zen batik bat: literatura, musika, filosofia, historia, linguistika, klasikoen itzulpenak (Shakespeare, Virgilio eta beste zenbait)...

Hasierako hileetan Orixe izan zuen Zaitegik lankide nagusi, eta Andima Ibiñagabeitia gero. Aldizkariak, berriz, aro bi izan zituen: Guatemalan lehena, 1950etik 1955era (27 zenbaki orotara, 1953an argitaratu ez zen arren), eta Miarritzen bigarrena (17 zenbaki 1956tik 1959ra). Denbora-tarte horretan banaketa- eta diru-arazo larriak izan zituen: egin kontu erbestean Euskal Herrian adina harpide zeuzkala (Txilen, Venezuelan, Frantzian, Argentinan...) eta izugarri zaila eta garestia zela horiei guztiei kazeta helaraztea.

Lan zail hori egin izana bada berez nahikoa meritu, baina beste lorpen bat ere aitortu behar zaio Euzko Gogoa-ri: Jaungoikua eta Lagi-Zarra lelopean hazitako belaunaldi zaharra (Nemesio Etxaniz, Antonio M. Labaien, Salbatore Mitxelena, Manuel Lekuona...) eta bestelako burubideak zekartzan belaunaldi berria (Txomin Peillen, Jon Mirande, Txillardegi, Gabriel Aresti...) bere orrialdeetan biltzen asmatu izana, hain zuzen.

Edozelan ere, bai Egan bai Euzko Gogoa kultura-aldizkariak ziren, ez kazeta berriemaileak. Euskarazko kazeta berriemaileak urte batzuk geroago hasi ziren loratzen Hego Euskal Herrian, ordena erlijiosoen magalean betiere: frantziskotarrek, berbarako, sortu zituzten Anaitasuna (1953-1982; ikus pdf honen 7. eta 9. orriak), Jakin (1956; hau ez da berriemailea, pentsamendu-aldizkaria baizik) eta Goiz-Argi (1958-1982); karmeldarrek Karmel (1956; aldizkari horri buruzko zehar-aipu batzuk hemen); kaputxinoek, azkenik, 1919an jaiotako Zeruko Argia berriz kaleratzeari ekin zioten 1954an (ikus testu honetan Zeruko deabruak pasartea). Kazeta elizkoi horien guztien arteko salbuespena Euskaltzaindiaren Euskera aldizkaria (urtean hiru zenbaki) izan zen, 1956an berragertua eta garai haietan eginkizun zen euskara batuaren eraikuntza-prozesuan garrantzi handia izan zuena.

Kontuak kontu, kazetaritza berriemailerako benetako jauzia 1960ko hamarraldian eman zuen Hego Euskal Herriko euskarazko prentsak, Espainiako legeak apur bat malgutu zirela baliatuta. Horiek horrela, Goiz-Argi  informazio orokorreko bihurtu zen 1960an (1982ra arte iraun zuen); Zeruko Argia-k ere, 1963an astekari bihurtuta, erlijio-gaien pisua arindu eta garaiko eztabaidei heldu zien (aldaketa handia izan zen hura, eta horri esker tokiko informazioan erreferentzialtasuna eskuratu zuen, bere orrialdeetara gazte-jendea erakartzeaz gain); Anaitasuna bilbotarra, azkenik, hamaboskari bihurtu zen 1967an eta belaunaldi berriek hartu zuten haren ardura (euskara batuaren eta abertzaletasun ezkertiarraren sustapenean nabarmendu zen aurrerantzean kazeta hori, harik eta 1982an desagertu zen arte).

Horrek guztiak zertzuk aldaketa ekarri zituen, hurrengo posta batean aztertuko dugu. Oraingoz, hementxe utziko dugu kontua. Ah, hori bai: ikasle-jende fina daukagu aurten ikasgaian (ez da zurikeria) eta Jakin-i buruzko lan interesgarri bi egin dituzte. Horien laburpenak bihar zintzilikatuko ditugu blog honetan bertan. Ordura arte, ondo ibili guztiok.     


Utzi iruzkina: