Aralarrek bat egin du greba deialdiarekin, langileen eskubideen aldeko greba delako

lezokoaralar 1456151068873 LEZOko ARALAR | 2009-05-18 22:31

Datorren ostegunerako, maiatzaren 21erako, sindikatu abertzale guztiek deitu duten greba orokorraren aurrean, gure atxikimendua agertzearekin batera, honakoa agertu nahi du Aralarrek:

Bizi dugun krisi egoera, inoiz ezagutu gabeko egoerarik kritikoena eta latzena da. Egungo eredu ekonomikoa agortua dagoela erakusten du krisi honek, eta ondorioz, ezinbestean, krisi honi aurre egiterakoan errotik aldatu behar da eredua, bestelako produkzio eredu bat, eredu jasangarri baterako bidea egin behar da. Krisia bera eragin duten neurriekin krisia gainditzea ezinezkoa da.

Krisiaren aurrean gobernu ezberdinek hartu dituzten neurriak desegokiak eta okerrak izan dira. Arazoaren errora jo beharrean, diru publikoaren xahutzea eta inprobisazioan oinarritutako planak aurkezten dihardute etengabe, finantza erakunde eta enpresa handien onurak zainduz, bereziki, eta diru publiko horrekiko inolako kontrol neurririk ezarri gabe.

Eredu fiskala aldatzea ezinbestekoa da. Berriz ere, gehien irabazten dutenentzat aurreikusten dira onura fiskalik handienak. Politika fiskal progresiboa beharrezkoa da, diru bilketa handitzeko. Eta horrekin batera, iruzur fiskalari aurre egiteko neurriak zorroztu behar dira.

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak zein Espainiako Gobernuak, inolako eraginkortasunik ez duten politika antisozialak jarri dituzte abian krisiaren aitzakian. Langileetaz erabat ahaztuta. Krisia gehien sufritzen eta pairatzen ari direnentzat neurri eraginkorrik hartu gabe.

Ezinbestekoa da enplegu iraunkorraren eta kalitatezkoaren alde egitea. EREak sistematikoki erabiltzearen kontra gaude, eta langileekin adostu gabeko ERErik, zein irabaziak dituzten enpresen ERErik ez onartzea exijitzen dugu. Horretarako, ezinbestekoa da lan harremanetarako marko propioa edukitzea, ez soilik enplegu politika aktiboak izango dituena, lan harremanak bere osotasunean kudeatuko dituena baizik.

Eta langileak izaki krisia gehien sufritzen ari direnak, hauekiko babes neurriak hartzea ezinbestekoa da. Babes soziala handituz, eta inbertsio publikoa lanpostu berrien sorrerara bideratuz. Bazterketa eta prekarietateari aurre egiteko politikak ezarri behar dituzte gobernuek. Halaber, premiazkoa da gastu soziala Europar Batasuneko bataz bestekoarekin parekatzea. Zerbitzu sozialetan kalitatezko lanpostuak sortzea aldarrikatzen dugu.

Honen guztiaren aurrean, eredu neoliberala errotik aldatzeko beharra aldarrikatu nahi du Aralarrek datorren maiatzaren 21eko grebaren atarian. Eta greba hau greba sindikala dela gogorarazi behar diegu alde bateko eta besteko politikariei. Langileen eskubideen aldeko greba delako egiten dugu bat, eta alderdi politikoei eskatzen diegu ez dezatela inolako erabilerarik egin greba honen gainean, jokoan dagoena asko delako. Horregatik, Aralarrek, aldarri argia egiten du grebaren aurrean: “Langileon eskubideengatik, maiatzaren 21ean, denok kalera”.


Utzi iruzkina: