Blogak.com

Create a new blog   Log in to your blog

2009/05/05 15:04:17.159 GMT+2

Politikariekin nazkatuta

Egun egokia izan daiteke honako hau publikatzeko. Gaur gertatuko da, jende asko diktadura ostetik itxaroten dagoen momentua. Aldaketa dator gobernura, euskal gobernura. Pozik dira batzuk, triste beste batzuk, beldurrez boterean zeudenak. Uste dut ahalmen berezia dugula euskaldunok. Ez gara gai batzeko baina gure euskaldun izaeraren aurka daudenak elkartzeko gai gara. Elkar ezinikusi izugarria duten bi partidu politiko elkartzeko gai gara. Eta gainera birritan. Nafarroan nahikoa ez eta erkidegoan ere berdina da panorama. Ea ikasten dugun helburu berdina dutenek elkar hartuta errezago egiten dutela bidea bakoitzak bere aldetik baino. Gertatu den guztia ikusita, nazkatuta nago politikariekin. Argi dago politika beharrezkoa dela gure bizitzan baina hori baino argiago dago garbiketa sakona behar dutela partidu politikoek. Koherentzia galdu dute.

 

Boteretik aterako direnak ez dute lotsarik. Urte hauetan zehar ederki akomodatu dira beraien jezarleku zaharkituetan.  Orain beldurrez daude egindako irregulartasun guztiak aireratuko dituen gobernu berriak. Hori ez gertatzeko, beraien idealak ahaztu (baldin bazituzten) eta galtzak jeitsi dituzte. Ez zaie axola ezer boterea ez bada. Beraien zilborrera begira ibili dira eta konturatu gabe beraien jezarleku erosoetatik ostika batez kanporatu dituzte.  Haserre daude, oso haserre. Frontista omen da gobernu berria. Baina isilik egotea komeni zaie, ez baita hautsak harrotzeko garaia.

 

Boterera sartzera doazenak ez dute lotsarik. Joku zikina erabili dute boterera iristeko. Ideia batzuk ilegalizatu dituzte boterera iristeko bidea errazteko. Gainera harroputz antzera dabiltza eta ez dira konturatzen Gaztelako lurraldeetan ura leporaino dutela. Baina lehenengo lehendakari ez abertzalea izango da aizu! Ez al du merezi helmuga horrek! Beraien politika ezingo dute aurrera eraman ez dute eta inongo babesik edukiko “salbatzaileetatik”. Hainbesteko egurra jasan eta gero gure lurretatik kanpora, hemen beraiekin “adiskidetu” dira. Akats larria.

 

Bere burua “salbatzailetzat” daukatenek ez dute lotsarik. Ideia zaharkituekin eta azpijoko eta jokutria guztiak erabili baitituzte gakoa beraiek izan dezaten. Ezer ez omen zuten eskatuko lehendakari konstituzionalista bat ikusi nahi zutelako boterean. Momentuz parlamentuko lehendakaria eskuratu dute eta ikusiko da zer gertatzen den pataten lurraldean.

 

Babes ofizialeko etxeen bultzatzaileek ez dute lotsarik.  Oraindik ere beraiek egindako etxeak ari dira aurpegiratzen. Botereak itsutu du. Ez dira beraien ezkerreko politika jendeari erakargarri bihurtzen. Krisi garaian, dena zuten irabazteko eta dena galdu dute. Gehiegi egin dio men orain arteko botereari.  

 

Parlamentuan egoten utziko ez diotenek ez dute lotsarik. Aukerak bata bestearen atzetik galtzen dabiltza. Politika beti helburu berera mugatzen dute.  Ez dira konturatzen herriak ez duela hori soilik buruan. Garbi erakutsi dute masa handi bat mobilizatu dezaketela baina ez dira gai hori taxuz antolatzeko. Ez diete, egia esan, asko lagundu beltzez jantzita eta eskuan mailu bat dutela ibiltzen diren gizonek.

 

Ezker abertzale berritzat saltzen direnek ez dute lotsarik. Nabarmen joan dira ilegalizatutako bozken bila. Politikekin, ideiekin eta ekimenekin lortu behar da hori. Ez besteak kritikatuz.

 

Kanpainan “independenteak” zirenak ez dute lotsarik. Hain independenteak dira, bakarrik geratu direla. Bipolartasunak agian eragina izango zuen baina ez dute asmatu kanpainan.

 

Hau dena guztiagatik esaten dut garbiketa sakon bat behar dela politikagintzan. Puntu bakoitzean sakonago sartu naiteke.  Orduak pasa genitzake denei buruz hitzegiten. Denek hitzegiten dute baina poltsikora begira eta ez herriari.Hau dena guztiagatik eta nahiz eta agian makarra eta gogorra iruditu irtenbide bakarra ikusten dut. Denak irla batera bidaldu eta herriak boterea hartzea.

Posted by: palaxio.2009/05/05 15:04:17.159 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2008/12/23 15:57:51.021 GMT+1

Erosketetan

 

Ez dut oso gustuko erosketak egitea, onartu beharra daukat. Baina gabonekin batera gure koadrilan ohitura eta tradizio errotua dugu lagun ikusezina egiteko. Hori dela eta kapitalera joan nintzen erosketen aholkulari bezela lagun handi bat hartuta.

 

Autobusez hurbildu ginen bertara. Nahikoa izan nuen gure errepideen bikaintasun eta gorentasunaz oroitzeko. Orain dela gutxi izandako luizi baten ondorioz itxita dago Getaria eta Zarautz besarkatzen dituen kostaldeko errepidea, hori dela eta Miatik (Meagas bezela ezagunagoa agian) joan behar izan genuen. Baina han ere obrengatik karril bat itxita zegoen. Semaforoan nahiko zorte edukita azkar samar pasa ginen bide sigi-sagatsuan barna. Mian gure idolo getariarrak jaso eta Zarautzen autopistan sartu ginen. Beste edozein tokitan ordaintzen den errepidea seguruagoa eta luxuzkoa dela esan daiteke. Hemen berdina gertatzen da, lokatza eta errebuelta guztion eskuragarri, errepide zabal zabalak ( beldurra ematen du kamioi bat aurreratzea) eta obren zantzurik ez. Donostiara iritsi eta Alderdi Eder gehiago edertu asmoz ari diren obrek ere trafikoa kolapsatzen dute gure kapitalean. Aspaldi zalantzan jarria nago zein ikusiko dugun lehenago gure herriaren askatasuna ala obren bukaera. Zein baino zein utopikoago, zein baino zein ametsago.

 

Arropa erosi asmoz sartu ginen denda multinazional horietako batzuetan. Eta guztietan pauta berdinak jarraitu ditu patuak. Krisia dagoenik ere ahaztu egiten zaio bati erosketen zurrunbilo hura ikustean. Neurri ñimiñoak nonahi eta ni inoiz baino “jetsiberri” sentsazio handiagoarekin. Heldu izan nahi duten haurrak eta gazte izan nahi duten andreak burrukan nork eskuratuko modako kamiseta. Dendak goraino jendez lepo, gustuko gauzak gutxinaka bisitatutako dendetan. Koadrodun alkandorak eta kolore morea erakusleiho guztietan. Ezin dut jasan erosketen inguruko parafernalia kapitalista guztia.

 

Gustuko zerbait erosi lagun ikusezinari eta liburu batzuk ikuskatzera joan ginen lehenagoko San Martin merkatal azoka zegoen liburu dendara. Han ibili nintzen saltseatzen orrien artean. Kostatu zitzaidan euskal libururen bat bilatzea, egia esan, gehienak (ez esateagatik denak) euskal literaturaren sailean zeuden kokatuta. Sail izugarri handia zen, ez zeuden hogei liburu ezberdinetik gora eta horietatik lauzpabost itzulpenak. Lotsagarria eta iraingarria ere iruditu zitzaidan bi hizkuntza ofizial dituen herri batean hain baztertua ikustea hizkuntza bat. Ia esan nezake frantsesez liburu gehiago zeudela euskeraz baino, eta zer esanik ez ingelesez. Durangoko azokan liburu berriak eta euskeraz han zeudenak baino gehiago atera ditzake argitaletxe batek. Lotsagarria diot, berriz ere. Hango sentsazio mingotsak (ordaintzeko zegoen kolak ere lagundu zuen)  etxera bueltatzeko deliberoa hartzera behartu gintuen.

 

Autobusa hartu, bidean obrei azken gainbegiratua eman jubilatuen pare eta etxera. Bi ondorio nabarmen atera ditut: aurrena, denda handiek ez dutela nabarituko krisiaren kanpai hotsik eta bestea gero eta gehiago gorrotatzen dudala erosketak egitea.

 

Gabonak ondo pasatu eta zentzuz eta tentuz gastatu!

Posted by: palaxio.2008/12/23 15:57:51.021 GMT+1
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2008/12/01 18:55:18.197 GMT+1

Laboa lanbrotan

Gaur lanbroak izkutatuta jaiki dira gure bazterrak. Euskal kulturak bere izen eta izan handienetako bat galdu du. Mikel Laboak azken hatsa eman omen du ospitalean. Euskal herrian hutsune mingarria utziko duena, gaur euskaldun asko nigarrez daudela jinen dira ohera. Gaur eguneko euskal kultura ulertzeko ezinbestekoa zen, elementala, Watson doktorea. Utzitako ondareak ez du preziorik. Berreskuratutako doinu eta letra zaharrak, euskal poeten hitz musikatuak eta lekeitioak errepikaezinak izango dira. Baina lasai bera ere lanbro artean egongo da, maite ditugun bazterrak izkutatzen soterriari koplaka. Hitzak ebaki ez dizkiogulako kantuan, biziberriturik. Hitzak ebakiz gero ez zen Laboa izango, eta guk Laboa dugu maite.

Posted by: palaxio.2008/12/01 18:55:18.197 GMT+1
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2008/11/18 17:07:57.871 GMT+1

Bueltan

Denbora dezente nabil ordenagailu aurrean idatzi gabe (horrek ez du esan nahi ez dudanik idazten). Hasierako helburuak beteta erlaxatu egin naiz. Hitzek ere krisia jasango ote dute? Ez dakit baina berriz ere saiatuko naiz zenbaki gorriak atzean uzten. Hitzek ez baitute hipoteka eta maileguetaz ulertzen. Ez dute arazorik hilaren bukaerara iristeko ( nahiz eta zentsura usaitu toki batzuetan). Eta lan gabe ez da geratuko inoiz beti egongo baita zer kontatua.

Azken finean bueltan nator, ez dakit zein maiztasunekin, hori bankuek gu itotzeko asmaturiko sistema baita. Saiatuko naiz hilean behin edo bi hilean behin idazten. Eta nork daki agian hitzak birfundatuko ditugu G 20-k bezala. Hemen ez rezesiorik. Aurrera begira nago, egindakoa gogoan dudala.

Alla kuidaus krisia

Posted by: palaxio.2008/11/18 17:07:57.871 GMT+1
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2008/08/05 12:08:03.029 GMT+2

Herri bat, gaztetxe bat, hilabete bat!

Askok gutxi uste zutena gertatzen ari da. Eternitate oso bat daramagula dirudi, bizitza guztia eta aurretik pare bat reenkarnazio. Baina hilabete besterik ez da pasa argazki polit hartatik. Oraindik lanean dihardugu, erresistentzian indartsu. Oraindik ez dugulako ezer lortu, ematen badu ere jada betidanik eta betirako izango dela. Askok uste genuena ( egun hartan ez ordea) baina gehienok sorpresan harrapatu gintuena.

 

Uztailaren 9a. Egun beroa, sargori zegoen. Zazpietan eginda zegoen deia. Gaztetxearen aldeko argazkia ateratzea zen helburua. Jendetza bildu zen. Kamixeta urdinak soinean. Txankletak oinetan. Eman o hartu. Erdibidekorik gabe. Esandako hitzek larruazala gogortu zidaten, oilo ipurdia jarri zitzaidan. Argazkia gaztetxea izango zenean aterako genuela. Nola sinetsi hainbeste amestutako unea momentu hartan zihoala salto egitera ametsen mundutik gure mundura? Kalejira osatu zen, suspensearen eta harriduraren kalejira. Gaztetxea okupatzera gindoazen. Gazte askoren indarra harturik bandera bezala. Herriarena behar zuen (behar duen) eraikin hutsa hautsetik libratzera. Emozioa, ilusioa eta urduritasunaren nahas-mahasa.

 

Erkiberen aurrean denok elkarri begira. Hainbeste urtetan herdoildutako katetzarra moztu ezin. Baina katearen erresistentzia alperrik zen. Ilusioaren eta ametsen gurpila martxa harturik zegoen. Ez zegoen katerik, ez zegoen paretarik hura geldituko zuenik. Denak gainetik egin genuen salto emozionaturik. Animo oihuak  nonahi, noiznahi. Barrutik botatzen ari ziren azken pareta. Adreiluek ere ez zuten geldituko gurpila. Pixkanaka sartzen joan ginen. Emozioak eragindako builak, ilusioak emandako besarkadak, ametsak esnatutako txalo zaparradak. Ez zegoen inon leku hoberik gure gazte proiektua aurrera eramateko. Lanerako prest guztiak. Ez zuen axolik denak txankletetan egotea. Gaztetxea genuen, beste ezeren gainetik gaztetxea.

 

Bertan ixuri ditugu udako lehen izerdi tantak. Orduak orduen atzetik egon gara bertan. Lanean, jolasean, hitz egiten, eztabaidatzen, bileratan, lotan, jaten, festan. Denerako lekua baitago, denerako denbora baitago. Lo egiteko gelak txukundu, garbitu, desinfektatu eta erresistentziako koltxoiak garraiatu. Lorategia atondu, zegoen zakar guztia atera, zuen etxe zaharkituaren kiratsa haize berriz aldatu.

 

Orduz geroztik, gure bizitza aldatu da, herriaren dinamika aldatu da. Aldatu ez, hobetu esatea egokiago litzateke. Belaunaldien arteko zubia da gaztetxea. Inoiz harremanik izango ez zenuen jendearekin mundua konpondu duzu. Eta ez ordu txikitan bakarrik. Zure bizi esperientzia besteekin partekatu duzu. Zure jakituria besteenarekin aberastu duzu (eta ez trivialean bakarrik). Eguzkitik ilargira egon zara bertan zer gerta, zer suma. Sekreten kotxeak eta aurpegiak buruz ikasi dituzu disimulo ezak salatuta. Ekitaldi ugari egon dira, bakarlariak, mota guztietako taldeak, hitzaldiak, filmak, altxorraren bila ibili zara ( nahiz eta altxorra uztailaren 9an aurkitu genuen), umeentzat jokuak egin dira, paella txapelketan parte hartu duzu, adineko herritarrei txokolatea eskaini diezu.

 

Sistematik at antolatzen ikasi duzu, galtzear dauden baloreak berreskuratu dituzu, hala nola, elkartasuna, auzolana eta borondatea, jende aurrean hitz egiteko mamua kendu duzu asanbladetan, zure ideiak ( ezberdinak badira ere) aireratzen ikasi duzu, ingurunearekiko eta pertsonekiko errespetua handitu duzu ( nahiz eta batzuk ikasgai hori pendiente eduki), gaztetxeak behar izan duenean laguntzeko prest izan zara ia kondizio eta mugarik izan gabe.

 

Azken finean hilabete batean, lehenago agonian zegoen gazteria eta herria berpiztea lortu dugu. Kolorez eta doinu alaiez (zurrungak nahiz ez izan oso alaiak) bete dira bizitzak. Balore mordoxka sustatu dira, ekitaldien agenda suspertu da, inguruan ditugun artisten obrei ateak zabaldu dizkiogu, izan musikan, argazkigintzan edo dantzan. Herriari toki autogestionatu eta libre bat eskaini diogu, inongo lider edo bururik edukiko ez duen leku justu bat. Oasi mundu injustu honetan. Hori dena hilabete batean lortu dugu. Honela jarraituz gero gure mundua zertxobait hobetzen jarrai dezakegu. Antolakuntza honetan eta lanean gogor jarraituz. Bigarren hilabetearen bila goaz.

Posted by: palaxio.2008/08/05 12:08:03.029 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2008/06/13 11:17:57.858 GMT+2

Berriz azterketetan

Burua erlaxatu nahiko nuke. Apunteetatik eta kalkuluetatik atera. Orri zuri bat bezala utzi. Baina zaila egiten zait.
Azken finean bizitza egunero egiten duzunaren apunte eta gaizki eginiko kalkuluen ibilbidea baita. Zurian utzi ezin dudan orri bat. Egunero pasarte berri bat betetzen duena.

Posted by: palaxio.2008/06/13 11:17:57.858 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2008/05/20 12:08:42.505 GMT+2

Pentsatzen

Gaur urduritasunak lokartu nau. Insomnioa gainditu dudala amestu dut. Ez dakit zer pentsatu, burua hutsa daukat, planez betea. Azterketak datoz, uda dator. Reboluzio altuetan dabilkit burua. Gauza gehiegi, hutsune gehiegi, denari aurre egiteko.

Agian lasaiago hartu beharko ditut gauzak. Eta udaz, disfrutatu. Buruak (eta eguraldiak) uzten badit.

Posted by: palaxio.2008/05/20 12:08:42.505 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2008/05/13 20:44:24.147 GMT+2

Gero arte aitona!!

Aurreko astean zoritxarreko hainbat gertaera minbera gertatu ziren nire inguruan. Astea ondo hasierazi nahi zidaten ezkutatu ezin zena ezkutatu nahian. Kasua da Irlandan nengoela lagun bat bisitatu asmoz eginiko bidaian murgilduta (urak baretzen eta bere onera bueltatzen hasten direnean idatziko dut bidaiari buruz). Aitona mundu honetatik joan zitzaidan ospitalean emanik bere azken hatsa. Saiatu ziren nik ez igartzea baina ez da horren erreza. Ez da samurra izaten aireportutik ia zuzenean hileta elizkizunera joatea eta gutxiago hainbeste maite dudan pertsona batena baldin bada zitatutako kasua. Hurbilekoak jada txarrena pasatuak zeuden (zaila den arren hori pasatzea). Nahiz eta konfirmaziorik ez nuen, nahiko ziur nengoen egoeraz. Orain astebete pasa ondoren, gogorra egiten zait zu ez zaudela hemen konturatzea.

 

Faltan botatzen dut zure egoskortasuna igandetako bazkaritako eztabaidetan. Zure presentzia hutsa nahikoa zen denak zuri adi jartzeko esan behar zenuena entzuteko. Faltan botatzen dut zure etxera joatean txirrina jo ondorenean erantzuten nuen ahots ozena. Faltan botatzen dut zuk hain ondo zaintzen zenuen txoriaren kantua. Jada ez du berdin kantatzen, berak ere zure falta nabari du. Faltan botatzen ditut zure bromak bizarra egin gabe joaten nintzenean edo neska noiz eraman behar genuen zure etxera xaxatzen zenigun momentua. Faltan botatzen dut guk hain izorratuak eramaten genituen trasteak konpontzeko erabiltzen zenuen alanbrea. Faltan botatzen dut erramua igogailuan. Faltan botatzen ditut zure txikitako, gazte garaiko eta soldaduskako kontuak. Faltan botatzen dut amonari zuk bakarrik eragiten zenekien irribarre hura. Faltan botatzen dut zure etxera sartutakoan egindako “Iamari”-aren erantzuna. Faltan botatzen dut puzkerra botatakoan pastillei kulpa nola botatzen zenion. Faltan botatzen ditut zure esplikazioak. Faltan botatzen ditut “hau ta hori ta hura ta zea ta bea”. Faltan botatzen dut txikitan lapa biltzera eta zaharrago ginenean kamamila bila joaten gineneko garai hura. Faltan botatzen ditut esan nahi ez zenituen “pertsona” haiek. Faltan botatzen ditut zure komentario politikoak. Faltan botatzen ditut ezkutuan jaten zenituen goxoki, gaileta eta pataten istorioak amonaren ahotik entzutea. Faltan botatzen zaitut.

 

Jada ez dira berdinak izango igandeko bazkariak. Denok gaude triste, hutsune handiegia da inork betetzeko. Jada ez zaitut gehiago aurkituko Amaiako plazan amonarekin pasian aterata, ahoan zuhaixketako hosto bat duzula bixera buruan daramazula. Jada ez dira gehiago itzuliko patxizarrak zure balkoira. Jada herrian egiten ari diren obrek ez dute zure gainbegiraturik izango. Jada ez zara gehiago joango eskoilerara edo paolera. Jada ez dizugu denok batera kantatuko soziedadean. Jada ez zaitut ikusiko nire bertsoekin malkotan emoxionatuta.

 

Zaila da azaltzea utzitako hutsunea nire bihotzean, nire bizitzan. Hitz gutxi hauek nire omenaldirik sentituena da. Zuk zenion bezala “hil arte bizi” zara. Azken momentura arte izan zaren gizon handiaren zantzuak erakutsiz. Horrek egiten baitu bizitza, ahal duzun ondoena bizitzeak. Zuk hori egin eta lortu duzu. Lasai deskantsatu ezazu, guk zainduko dugu amona. Lasai egon badu eta nork segia zuk hasitakoa. Lasai, bilobengan biziberrituko zera eta. Ondo segi bizitza berrian. Ez zaitut ahaztuko sekula. Noan lekura noala bihotzean eramango zaitut. Gero arte aitona!

Posted by: palaxio.2008/05/13 20:44:24.147 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2008/04/24 10:30:00.782 GMT+2

Erdi libre

Askotan erabakiak hartzea baino zailagoa izaten da erabakiak jendeari helaraztea. Asko kostatu bazitzaidan erabakia hartzea gehiago kostatu zait adieraztea. Askatu dut. Kostata bada ere. Askatu naiz berriz beste kasu batean preso gelditzeko. Gero ikasleok ondo bizi garela diote.

Baina zergatik bizi erdi preso bizi ahal bada erdi libre!!

Posted by: palaxio.2008/04/24 10:30:00.782 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2008/04/22 11:05:27.804 GMT+2

Zorionak EAJ (barkatu PNV)!!

Aspaldian pixkanaka bada ere, gizartearen bozka intentzio aldatzen ari zarete. Orain gutxi ezinezkoa iruditzen zitzaidan kasua gertatu da. Gerra garaiak jasan eta zuengatik dena eman duen pertsona batek zuengan sinisteari utzi dio. Euskal Herriarengatik zuek baino askoz gehiago egin du, zin dagizuet. Orain gutxi zuengatik dena emango zukeen, orain ordea ezin zaituzte tragatu.

Ibarretxe, Urkullu eta enparauak bejondeizuela!!! Ez nuen uste inork lortu zezakeenik baina lortu duzue. Eta ni pozik nago. Ez dakizue gezurra besterik saltzen. Pixkanaka bada ere etorriko zaio bakoitzari berea. Garaian, pikuak.

Posted by: palaxio.2008/04/22 11:05:27.804 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

Babeslea: Casas Rurales Pais Vasco