Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/02/06 21:39:55.192 GMT+1

Anitza

Sakelakoa

Sakelakoa, mugikorra, telefono eramangarria, segapotoa, mobila...Izen asko eta anitz gauza berberarentzat. Beharrezkoa bilakatu zaigun zerbait da sakelakoa. Ezinbestekoa, gehiengo batentzat, bederen. Gutxiengo batentzat, guri sortutako beste behar bat baino ez da, eta agian arrazoia izango dute. Gizakiak telefonorik gabe bizitzen jakin izan duen bezala sakelakorik gabe bizitzen jakin izan du ere. Zerk aldatu dizkigu gure beharrak? Argi dago, ez dago zalantzarik. Beti bezala, publizitateak izan du errua. 

Eta gu sakelakoa bizitza aldatuko ez ligukelakoan, horixe larriena. Teknologia menderatzen dugula sinetsita gaude eta ez teknologiak gu. Baina sakelakoaren adibidearekin garbi asko ikus dezakegu haren menpe gaudela. Sortutako tresna berri bakoitzak bizitza erosoago bihurtzea du helburu, hau da, jarraitzen ditugun ohiturak aldatzea, tresna hori gero eta gehiago erabil dezagun eta ezinbesteko bilaka gaitzan. Ez dakit nik guztion onerako jolasten dugun ala gutxi batzuen onerako. Egia esan, joera horren eraginaren aurrean ez dut uste egitekorik asko izango dugunik, beraz, teknologia ahoz aho ibiltzen jarraituko dugu eta teknologia sortzearekin batera gure menderakuntza ereingo dugu etengabe.

 

Maradona

Bai, badakit gai honek aurrekoarekin ez duela batere antzik, baina, aitortu beharra daukat: futbola ikusten dudan bakoitzean, berdin dio zer partidu, argentinako izarrarekin gogoratzen naiz. Ingalaterrari sartu zion golak txundituta uzten nau behin eta berriro, mila aldiz ikusita ere. Uste dut zazpi edo zortzi etsai gailendu zituela, aise gainera, dotore, Ingalaterra guztiari bizkarra erakutsiz, inor ez baitzen Maradona gelditzeko gai. Eta gero, jokaldiaren bukaera. Mitologikoa. Futbola ahalik eta gol gehien sartzean badatza, jenio batek bakarrik hauts lezake arau hori. Eta nor Maradona baino hobeto. Dena baimentzen zitzaion. Eta eskerrak. Artista hutsa zen seinaletzat har genezake Andoni Goikoetxeak jo zion ostikada. Itzela izan zen, beldurgarria. Baina modu hori bakarrik topatu zuen Athletic-eko jokalari ohiak, edo agian bekaitza sentitzen zuelako. Bekaitza argentinakoak baloiarekin egiten zuena berak inoiz ez zuelako egingo. Bekaitza Maradonaren itzala berea baino hamar aldiz handiagoa zelako. Batek daki. Baina gauza bat argi dago: bera, eta ez Pelé, ez Cruyff, ez Zidane, gure begiek ikusi izan dezaketen jokalaririk onena dela.

 

Espainia-Frantzia

Partidu hau idazten ari naizen honetan jolasten ari dira Malagan, Espainian. Espainiarrek etxean jolasten dute, publikoa haien alde dute, harmaila guztiak banderataz beteta daude. Frantziaren baten bat ere badago, baina erdi ezkututa. Oilar bat ere ikusi izan dezakegu. Esatariak Espainiaren jokatzeko moduak espainiar guztiak liluratzen dituela dio. Espainiarrak ez dakit, baina ni ez nau liluratzen. Frantziaren jokoa, ordea, kontrastatuta dago. Haiek dira, hain zuzen ere, munduko txapeldunordeak. Zerbaitengatik izango da hori. Espainiarren jokoa atseginagoa da, hego-amerikarrek egiten dutenaren antza ikaragarria du. Horri europar gehienek ez dituzten ohiturak dauzkatela gehituko bagenio, europarrak ez direla ondorioztatuko genuke. Eta gauza bat ez zait batere gustatu: hasieran ez dute Marsellesakoa errespetatu. Gutxi batzuk izan direla esango dute, baina garbi asko entzun ahal izan da. Beti bezala, jakituria erakutsiz. Eta gu haiekin bizi behar. Batzuetan lotsa ematen didate. En fin.

Nork: aitzol.2008/02/06 21:39:55.192 GMT+1
Etiketak: maradona sakelakoa futbola | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/01/31 23:40:47.570 GMT+1

Hankaz gora

Hezkuntza hankaz gora dago. Gaur lanean frogatu ahal izan dut. Hezitzailea naiz, baina ez ikastetxe batean. Kontsumo-hezkuntzan dihardut, formakuntza-teknikari gisa hain zuzen ere. Gure lanean hainbat gai jorratzen ditugu tailer batzuen bitartez. Tailer batek ordu eta erdiko iraupena izaten du gehienez eta, zenbait jarduera anitz bitartez, kontsumoari buruzko gogoeta egin dezatelako asmoz pentsarazi eta elkarlanean lan eragiten diegu gurera datozenei.

Kontsumo eskolara etortzen den publikoa anitza da : 15 urtetik gorako edozein pertsona etor liteke formakuntza jasotzera. Beraz, nerabeak, ikasleak, langabetuak, adineko jendea…etor liteke kontsumo eskolara.

Gaur etorri zaizkigunak nerabeak ziren. DBH-ko 3.kurtsokoak, 15 urte zituzten. Normalean nerabeak hiztunak, bihurriak, lotsagabeak izaten dira. Baina baita kuriosoak, azkarrak, ikasteko gogoekin, gauza berriei irekiak ere. Talde oso bat etorri da, ia 30 ikasle, 30 nerabe. Bi tailer egin dituzte: erdiak Interneti buruzko tailerra nirekin eta beste erdiak Elikadurari buruzko tailerra lankide batekin. Nire lankideak eskarmentu handia dauka, izan ere, sei urte beteko ditu lan honetan eta berarengandik asko ikasi dut. Ba bera izan da gaurkoa gehiegizkoa izan dela esan didana. Lehertzeko zorian zegoela bukatu du tailerra, jaramonik egiten ez zioten nerabe batzuk adarra etengabe jotzen ari zirelako. Haiekin etorri den helduak, arduradunak, irakaslea baino gehiago zaintzailea zirudien. “Ixilik egon hadi, bestela kanporatuko haut”, “Ea, atera itzazue sakelakoak, mahai gainean jarri eta jo duena eramango dut”, “Ez nitaz barre egin, txo, bihar kontatuko diek eta hire gurasoei zer gertatu den hemen”. Horrela aritu behar izateak edonor suntsitzen du. Errespetua galdu dute. Irakaslearekiko errespeturik ez dute; funtzio horren garrantzia ahaztu edo baztertu dugu. Ez dakit, ordea, nahi gabe ala nahita.

Edozein irakasle-eskolan ikasle berri bati irakaslea izateko ikasketak zergatik aukeratu dituen galdetuko bagenio, hutsaren hurrengoa izango genuke erantzun. “Ez dakit”, “nota baxuena zuelako”, “zer egin ez nekielako”... eta abar. Baten batek, jakina, irakaslea izan nahi duelako erantzungo liguke. Pertsona horrek formakuntza jakin bat jasoko du, hainbat teknika eta ezagutza garatuko ditu, baina ikasitako guztia goitik behera eroriko zaio bere ikasleekin ezin duela ezta hitz egin ere konturatu orduko. Bere asmorik onenekin prestatuko zuen gaia, ezohiko aktibitateak eskainiko zizkien, lortzea ia ezinezkoa zen bideoa aurkituko zuen... dena alferrik. Ikasleek PSP-a dute buruan, telebistan ikusitako dantza-reality hori besterik ez dute buruan. Ikasleren batek kasu egingo zion, baina aldameneko gominaz ziurtatutako ilea duen mutilak oztopatuko zuen, borragoma eske ari zaiola. Egoera horren aurrean lehen lan-eguna dela dio irakasle berriak. Bihar lasaiago izango direlakoan. Baina gerraren bataila nagusienetako bat galdu du dagoeneko. Lehen egunetik arauak betearazi behar dira. Lehen momentutik haien eta irakaslearen artean dagoen tartea seinalatu beharra dago. Bata besteen gainean izango da, haiek irakasteko, ez menderatzeko, ez ikuspuntuak edota arauak inposatzeko. Gizaki orok mugak behar ditugu. Norbaitek kontrolatu behar gaitu. Pertsona horri esker ikasten dugu. Lehen momentuan zapalduak senti gintezke baina denboraren poderioz oreka eta ordena jakin batzuk beharrezkoak direla ohartuko ginateke.

Gaur gurera etorri direnek ez dute, ikastetxean behintzat, mugak jarriko dizkienik. Eta hauek bezala, askok eta askok, tamalez. Betidanik irakasleak autoritatea izan du. Orain, berriz, ikasleek inpunitatea dute. Horrexegatik hankaz gora.

Nork: aitzol.2008/01/31 23:40:47.570 GMT+1
Etiketak: irakaslea hezkuntza autoritatea | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/01/31 23:38:24.241 GMT+1

Egunerokoa

Zer idatzi zure bizitza aspergarria dela konturatu zarenean? Bada, horixe, aspergarria zarela zu ere. Guk geuk gure bidea egin beharra daukagu, guk geuk gure bizitzaren nondik-norakoak diseinatzen ditugu, nolabait esateko.

Ohikoa zaiguna aldatzeko gai ez bagara jai daukagu, akabo. Ez badugu burua altxatzeko gaitasunik ez dugu bizitzan sekula santan ezer lortuko. Ez profesional mailan, ez pertsona mailan. Beti geldirik egongo gara.

Zergatik horren ezkor? Hasieran azaldu dudana niri gertatzen ari zaidalako. Eta ez niri bakarrik, ziur aski. Altxatzen naizenean lanera joan behar, noski. Horrek denok berdintzen gaitu. Dutxa bat hartzen dut eta gero gosaria. Arrapaladan kalera, denbora ihesean dabilkidala. Betiko jendearekin topatu, betiko bidea egin eta gero, erlojuari begiradatxo bat ematen diot eta ondo noala baieztatzen dut. Zer poza, langile zintzoa naiz, sekula berandu ailegatzen ez den horietakoa. Bulegora igo, ordenagailua piztu eta ni baino beranduago edo goizago ailegatu diren lankideak agurtu.

Hortik aurrera, panorama zeozer aldatzen da, lankideekin egundoko giroa baitago. Ia beti txantxetan eta beti prest lana behar den bezala aurrera ateratzeko. Momentuz oso aberasgarria izaten ari zait lan-giro hau, ez daukat kexatzerik. Nik haiengandik ez dut, bederen, kexarik. Ez dakit aldrebes horrela izango den. Berdin dit, momentuz bide onean noala iruditzen zait. Ez dut kontrakoa pentsatzeko arrazoirik.

Ordu bata eta erdiak heltzen direnerako, dagoeneko joan gara. Etxerako bidean gaude. Baina ordu eta erdi geroago berriro bueltan izan behar. Denbora benetan eskasa, aukeran. Etxean, nahiz eta bazkari ezberdinak izan, egunero errepikatzen den gidoia antzezten dut: bakarrik bazkaltzearena. Bakardadearen laguntzarekin amak eta aitak prestatutako janariak jaten ditut, harik eta bi eta erdietan ama edo aita ailegatzen den arte. Orduan norbait ikusteko aukera izaten dut. Ala ez, hortzak garbitu beharra dagoelako eta berriro jantzi ere. Agurtzeko nahikoa denbora dudala esango didazue, baina ez pentsa, ordu bi eta erdietatik hirurak hogei gutxi arte hamar minutu besterik ez dira. Haiek arropa aldatzen dute eta nik hortzarekikoa egiten dut. Bakoitza, noski, gela ezberdin batean. Etxetik alde egiten dudanean agurtzen ditut arratsera arte, agur soil batez, bazkaltzen ari den inor ez molestatzearen norma urratu nahi gabe.

Berriro lanerako bidea. Goizean egin dudan bide berea. Alde zaharra zeharkatu beharra daukat. Eskailera mekanikoak nekezaren arabera erabili. Betiko jendearekin topatu, eta bost minutu falta direlarik: zer poza, langile zintzoa naiz, sekula berandu ailegatzen ez den horietakoa.

Hiruretan bakarrik egoten naiz, baina ordu erdi bakarrik. Nahi dudan eran joka nezake ordu erdi horretan, baina normalean, ezkutuko kameraren baten beldur, betebeharraren bat burutzen dut. Nire lankidea ailegatzen denerako, lanean harrapatzen nau normalean. Ez dakit hori ona ala txarra den, zer esango dutelakoan. Hortik sei eta erdiak arte lanean dihardut, giro onean, lehen esan bezala. Lanetik alde egiten dudanean betiko zalantza: egunkaria erosi ala pote bat hartu. Zalantza existentziala, ikus dezakezuen moduan. Egunkaria erosiz gero, etxean irakurtzen dut. Erosi ezean, tabernan. Okerrena etxerako bidean gertatzen da: buruari eragiten diot ez dakit zenbat buelta. “Berriro etxera, betiko ikuskizuna: aita eta ama sukaldean, elkarrekin hitz egin gabe, irratiak zer dioen entzunez. Berriro afariaz galdetuko zidatek eta neuk berdin zaidala erantzungo zieat. Bakarrik bizi banintz, ez litzatekek arazorik izango. Dena nere esku, dena nik erabaki behar. Ostia, ia eskailera mekanika puta hauekin irristatzen diat”. Eta berriro suspertzen naiz. Montehermoson nagoela ez dut oraindik egunkariarena erabaki. Gora tabernaren alboan igarotzen naizelarik norbait ezaguna tabernaren barruan ikuskatzen dut. Lotsatuta (zergatik, ordea?) bideari ekiten diot. Beste egun batean hartuko dut kafe goxo bat. Etxeko atarian nagoela, etxeko argiak piztuta ikusi ditut. Hor izango dira aita eta ama. Elkarren parean eserita, elkarri ezer esan gabe. Zer afalduko pentsatzen. Giltza sartu dut dagoeneko. Bueltatzen dut eta haragi egosiaren usainak sudurra bete-betean jo nau. Zazpi eta erdiak dira. Hiru ordu eta ohean izango naiz lagun onenarekin: edozein libururekin. Gaurko egunari bihar arte esaten diodala orriak pasatzeari ekiten diot, biharko eguna ezberdina izango delakoan. Agian.

Nork: aitzol.2008/01/31 23:38:24.241 GMT+1
Etiketak: ohitura | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/01/25 19:01:23.299 GMT+1

Iriyarena

Euskal Y-ren iragarki bat utzi didate gaur postontzian. Publizitate instituzionala omen. Noren kontura, ordea, argi dago: euskaldun guztien kontura, jakina. Euskaldun guztioi interesatzen zaigulakoan. Bada, nik hainbat zalantza daukat.

Umeei ez zaie axola, ez baitakite ezta trena zer den. Eta jakitekotan, nondik nora joan daitekeen eta nola mugitzen den ez lukete jakingo.

Nerabeek euren burmuinei arreta pizten dieten gauzak baino ez dituzte buruan. Trena zer den badakite, baina albistegiak ikusten ez dituztenez, Euskal Y-a zer den esan diezagutela nahiko bagenu, jai izango genuke. Eta neraberen bat jakinaren gainean balego, ziur ez duela berak eraikitako iritzia, hau da, beste batzuen ideiak xurgatuko zituela.

Unibertsitatean eta lehen lan-urteetan dabiltzanek entzungo zuten zen den, zer prozedura erabili den ingeniaritza-lan erraldoi hau diseinatzeko, zer jokabide izan duen Eusko Jaurlaritzak hainbat nekazarirekin... Baina beste guda baterako ari dira hauek prestatzen. Hain etsaia boteretsua da eta, hori gutxi balitz, inork ez du inoiz etsai hori ikusi: etorkizunaz ari naiz. Aurka ala alde egon, haiek formakuntza jaso beharra daukate, ikasketak bukatu behar dituzte, nagusiak esaten diena bete behar dute. Eta Euskal Y-ak lantegira goizago iristen laguntzen badu, onar dezatela.

Lan munduan guztiz murgilduta daudenek, hipotekaren bati aurre egin behar diotenek beste guda batean dihardute: fakturen aurka egiten ari dira hauek. Abertzaleak direla? Ezkertiarrak direla? Eskuindarrak direla? Espainolak direla? Horrek ez du garrantzirik. Ahotsa nahi adina altxa dezakegu lasai asko, baina lasai asko ere aipatutako fakturak etorriko zaizkigu.

Helduek politika egitasmoak aurrera ateratzen dituzte. Haiei esker munduak aurrera egiten du. Heldu guztiei esker? Ez dakit nik. Fakturei aurre egin behar ez dietenei esker bakarrik esango nuke nik. Eta horiek zeintzuk diren ondotxo dakigu. Betikoak. Beraz, Euskal Y-a betikoei interesatzen zaie, ez beste inori.

Behin azpiegitura osoa eraikita, ziur orain ezetz dioen batek baino gehiagok trena hartuko duela. Baliteke nik ere hartzea. Zertarako idazten duk orduan? Niri eta zuei pentsarazteko. Besterik gabe.

 

Ohitura mozorro duen pagotxa

Kontsumo irrazionalaren aurka egingo dut beti. Edozein kontsumo irrazional motaren aurka. Multzo horretan euskal ohitura sakratu bat sartu beharra daukat. Eta aitor dezadan aldez aurretik sagardoa maite dudala eta kritikatuko dudana nik ere bitan egin dudala. Horregatik, ezagutzen dudalako, iritzia eman dezakedalakoan nago. Ezagutuko ez banu, ez nuke ezer esango.

Txotx-ari buruz ari naiz. Sagardoa oso ona omen da, naturala, freskoa, eta konpainia egokiarekin hartuta ezinhobea. Baina sagardoa urte osoan zehar salgai dago, eta noiznahi har zenezake xerratzar bat idi  Zer esanik ez arrautz-opilak edo makailaua. Zergatik, ordea, joaten da hainbat euskaldun baserri edo eraikuntza xume batera etxean lasai asko eta askoz merkeago disfrutatuko lituzkeen produktu batzuen bila? Erantzuna zein den ez dakit. Zinez. Parranda mundial bat botatzearren bada, sentitzen dut baina horri dirua xahutzea deritzot. Sagardozalea denak, sagardoa egunero dastatzen du, ez sukaldari batek edo pertsonaia ospetsu batek “Gure sagardo berria” hitzak ahoskatu dituelako. Sagardoaren ekoizpena oso lotuta izan da euskal usadioarekin, baina ez Euskal Herri osoan. Astigarragan, Hernanin, Tolosan beharbada, baina Tuteran edo Agurainen ez dakit nik. Hedarazi nahi izan duten ohitura da sagardoarena eta sagardotegiena. Ez da, nire ustez, parranda guztien ama ezta munduko edaririk onenaren festa ere. Ohitura mozorroa daraman pagotxa besterik ez delakoan nago.

Dena den, ez diot sagardoa edateari utziko. Ezta euskalduna izateari utziko ere, jakina.   

Nork: aitzol.2008/01/25 19:01:23.299 GMT+1
Etiketak: sagardoa euskaly | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/01/24 20:28:21.899 GMT+1

Astelehen beltza

Ez dakit hau jende askori inportatuko zaion, niri behintzat bai. Munduko burtsetan aste honetan gertatu denaz ari naiz.

Egun batetik bestera munduaren azken hatsaren atarian geundela zirudien. Atzo, jendea zer gertatuko zain zegoen, irrikaz zegoen. Gaur, ordea eta batzuen mesederako egoera baretu da aspaldi gertatu ez den burtsaren indizearen igoera batekin. Lehengo baloreekin parekatu da burtsa azken igoerarekin, nonbait. Baina horrek guztiak zer garrantzia dauka guregan? Nola nabari ditzakegu aldaketa hauek guztiak?

Ezer baino lehen esan dezadan ikuspuntuak berebiziko garrantzia duela. Hau da, ez da gauza bera estatu batuarra izatea eta etiopiarra izatea. Kezkatuta egongo ginateke britaniarra izanda baina batere kezkatuta Zelanda Berriko natibo bat bagina. Ikuspuntuak eragingo du erreakzioa.

Burtsan dirua inbertitzen duen estatu batuar orok kezkatuta egon beharko zukeen pasa den asteartean. Estatu batuar ertainak, haatik, europar batek New Yorkeko denda garestienetan nahi duena erosten ikusteak, sutan jartzen ditu, eta sutan jartzeaz batera, kezkatu egiten ditu. Orain arteko ordena logikoa hankaz gora dago. Hots, orain arte haiek, estatu batuarrak, izan dira mundua kontrolatu dutenak, beste herrialde batzuetara joan direnak erosketak egitera haien herrialdean baino merkeago. Hara non europar xumeak munduko kapitalera etorri diren haien egoera ekonomiko ona aurpegiratzera. Hortik datorkie kezka, haiek barneratutako ordena logiko horren aldaketatik. Eta, noski, dolarrak boterea galdu badu, estatu batuen ekonomiak ere bai. Ez gara dagoeneko munduko liderrak, ez dugu jarraibidea berriro markatuko. Pentsaera aldaketa horrek eraginda edo, estatu batuarrek ez dituzte lehen horrenbeste erosketak egiten eta madarikatutako hitza zerumugan ikus dezakete: atzerapena, “recesión” edo dena delakoa. Betiere krisi hitza baztertuta. Hitz madarikatuaren agerpenak hiritar guztien erosketa-mailaren murrizketa ekarri du eta horrek ekonomia orokorrean eragina izan du. Eta, haiek kontrakoa pentsatuta ere, AEB-ek doministiku eginez gero mundu osoa gripeaz kutsatzeko bidea dagoen seinale. Horrexegatik, igaro den asteartean hain kezkatuta egon beharko zuketeen hainbat estatu batuarrek krisiaren atarian gaudela pentsatuko zuten.

Gertaera horiek guztiak, berriz, ez zuten berdin ikusi etiopiar gehienek. Gebreselassie kenduta, ia guztiek larritasun bat edo beste pasako zuten, egunero bezala, pasa den asteartean haien seme-alaben ahoetara zerbait eramateko. Globalizazioaz galdetuko bazenie, zertaz ari zaren erantzungo lizukete ziur asko. Zergatik kezkatu beharko ninduke Finlandian gertatzen denak? Amerikako Estatu Batuak non dauden? Zeintzuk dira hoiek ? (esan gabe doa, inor haserre ez dadin, ziurrenik etiopiar gehienak ni baino azkarragoak izango direla, Etiopia aukeratu dut beste edozein herrialde aukeratu nezakeen modu berean). Haiek hurrengo egunaren jana dute hizpide, beraien seme-alabak zer izango, baratzea hobeto nola ustiatuko. Bost axola Zara-k edo Microsoft-ek makina bat milio galdu izanak. Haiek euren elikagaiak ekoizten dituzte, euren seme-alabak hezitzen dituzte, euren etxeak aurrera daramatzate beste herrialde batean bizi direnak oztopatu gabe. Haiek duten ondasun oro bizitzeko behar duten guztia da, ez gehiago. Hau da, ez dute balizko dirua ibiltzen, guk egiten dugun moduan. Etiopiako burtsa haien eskuetan dago: haiek darabiltena baino ez da Etiopiako burtsa. Zelanda Berriko natiboekin gertatzen den bezala. Ijitoekin gertatzen den bezala. Hainbat eta hainbat giza-talderekin gertatzen den bezala.

Aspaldiko datu batek argi utzi zuen duela asko munduaren egoera: munduaren %20ak baliabideen %80 kontsumitzen duelarik munduaren %80ak baliabideen %20 baino ez du kontsumitzen. Oreka aspaldi galdu zela islatzen du horrek. Burtsa guri bakarrik axola zaigula islatzen du. Zer egin edo non jarri nire bizitza osoan irabazitakoa gehiago eduki ahal izateko hainbatek eta hainbatek sabelara zer eramana ez duten bitartean. Horra hor gizarte honen kontraesana. Horra hor edozein burtsaren beheranzko edozein marraren seinalerik argiena: jasangarritasuna utopia bihurtu dugu. Bakarrik gure baloreen jasangarritasuna dugu helburu. Horregatik nioen hasieran inportatzen zitzaidala. 

Nork: aitzol.2008/01/24 20:28:21.899 GMT+1
Etiketak: burtsa hipokresia injustizia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/01/18 16:00:40.284 GMT+1

Hasierakoa

Duela asko ez dudala ezer idazten. Ba, nire aitari jaramon eginez, eta ohitura onak ez galtzeko, berriro ekingo diot blogariaren zeregin nagusiari, hau da, idazteari.

Urte berria estreinatu dugularik gure buruari egindako promesei erreparatuko bagenie, hoietako zenbat bete ditugun pentsatu beharko genuke. Has gaitezen: gimnasiora joan (tamalez ez duzu horretarako denbora tarterik izan, lana dela eta); elikadura orekatuagoa eraman (lastima!, Aduriz sukaldariak hurrengo astebururen bat zer egin dagoeneko adierazi dizu "Gure sagardo berria" hitz madarikatuak ahoskatu zituenean); erretzeari utzi (hipotekaren igoerak lasai utziko bazintuzke sikiera...); ingelesa ikasi (zertarako, EGA ez badut?); eta abar luze bat. Irmo jokatu beharra dago urte osoan zehar, ez bakarrik hasieran. Abenduak ere zer esana dauka irmotasun horretan.

Bestalde, oso bestelako gai bat jorratuz, gobernatzen gaituen hiruko gobernuak Euskal Curriculum-a plazaratu du, eta ez da erantzunik gabe geratu, jakina. Asmatu nortzuk agertu ziren lehenengo: bai, antxetakoak. Euskadin bizi diren hiritarren eskubideak urratzen dituela, Euskadin bizi diren hiritarrei ez zaiela hizkuntza-aniztasuna bermatzen, elefanteek bost hanka izango dituztela Ibarretxeren kontsulta martxan jarriz gero...Euskadin bizi direnaz aritu ziren gehienbat. Nik dakidala Euskadin bizi direnei euskaldunak esaten zaie. Nik dakidala. Haien ustez, jakina, Euskadin (ez dut Euskal Herria kontzeptua erabili hoiekin ez duelako ezertarako balio izaten) bakarrik "vascos" bizi gara. Euskaldunak Lizartzan, eta Doña Reginak ederki asko menderatu eta isilarazi ditu, demokraziaren onerako, aizu. Laburbilduz, antxetakoak izan direla lehenak kexatzen baina lasai izan, hurrengoak ukabilakoak izango direlako. Denborak emango dit arrazoia, ikusiko duzue.

 

Nork: aitzol.2008/01/18 16:00:40.284 GMT+1
Etiketak: urte promesak curriculum-a berriaren euskal | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/12/07 19:59:42.673 GMT+1

Ta ze esangoizut ba?

Enplegu publikoa ia guztiok nahiko genukeen lana da, eta hori ia inork gutxik uka lezake. Hezkuntza Sailak plazaratu dituen oposizioen harira ari naiz.

Oposizio hauek arautzen dituen dekretoa (edo dena delakoa, berdin dit) irakurtzen aritu naiz eta ia-ia ezinezkotzat joko nuke lanposturen bat lortzea zeure kabuz aurkeztuko bazenu zure burua, hau da, txanda librean. Nolanahi ere, denbora asko eman duten pertsonek aukera handiagoa izateari guztiz bidezkoa deritzot. Zerbaitengatik sartuko ziren bere garaian, hori ezin uka. Baina dekretoak eta aginduak sortzen eta plazaratzen dituztenei egia esan dezatela eskatuko nieke. Txanda librean lanpostu bat lortzea loteria jokatu gabe hau bera suertatzea baino zailago dela aitor dezatela, alegia.

Estatuak (edo dena delakoak) gauza publikoez arduratzeari ondo deritzot, denon mesede jokatzen duelakoan. Lan guztiak enpresa pribatuetatik baletoz zerbitzuak murriztuak lirateke, konpetentziaren izenean arituko bailirateke, hiritarren mesederako jokatu ostean.

Enplegu publikoak dakarrena da bere esanetara egon beharra dagoela. Hau da, gobernuak aldatzen badira, enplegu horren esanahia edo jomuga alda daitezkeela. Hezkuntzaren kasuan are gehiago, zeren hezkuntzaren bidez, hainbat hezkuntza teorien arabera, administrazio bakoitzak lortu nahi duen hiritar perfektua sortu nahi izaten da. Eta gure Euskal Herrian garen hain matxino izaki, prest al geundeke Estatuaren mesede lan egiteko? Horra hor kontraesana: gure etorkizuna finkatu nahian, hainbat aldiz madarikatu dugun Estatuarentzat nahiko genuke lan egin. Zer egin? Batek daki...

 

Papá Noel, Errege Magoak, Olentzero, zein gailentzen zaio zeini? Galdera, nire ustez, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, kultura baten eredua zabaltzea dakarrelako. Papá Noel (Aita Noel nahiago baduzue, niri egia esan bost axola nola idatzi) Amerikako Estatu Batuetatik datorkigu, mendebaldeko eredu gordinatik. Errege Magoak espainiar arrotzari zor dizkiogu. Eta Olentzero, berriz, euskaldun peto-petoa omen. Lehenak eredu globalizatu baten isla izan nahi du, mundu osora zabaldu, eta berarekin dakartzan ohitura eta jokabideak guk har ditzagula. Bigarrenek kristau pentsamoldea ordezkatzen dute: hirurak Belenerako bidean, haur jaio berria omentzera. Eta azkenak, ordea, gure inguruetako mendietatik jaitsi den baserritar euskaldunaren papera jokatzen du, Euskal Herriaren ohituren parte izan nahi duela. Berdin dio nori bozkatu, berdin dio ere nongoak izan, berdin zer hizkuntzatan hitz egin. Den-denok erostera behartzen gaituzte hirurek.

Zertarako “euskal gabonak” aldarrikatu, mundu osoan kontzeptu bera zabaldu denean? Azken finean, den-denok kontsumismoan erori gara. Niri, egia esan, bost axola nork ekarriko dizkidan opariak (baldin eta badaude, jakina). Kontua da ni ere erori naizela. Inor ez da perfektua. Eta ez dakit beste mundu bat posiblea den, aspaldi galdu dut esperantza, egia esan. Baina zuek ez zaitezte larritu, eta utziozue zutabe tuntun hau irakurtzeari, merkatalgunean zuen zain izango dira eta.

 

Igaro den asteartean, abenduak 4, oker ez banaiz, TVE-ko bigarren katean, La 2-en alegia, dokumental puska bota zuten. Irakeko berreraikitze prozesuari buruz eta AEB-ek hortan izan duten paperari buruz. Ederra, benetan. Dokumentalaren ideia nagusia zen AEB-ek diru-kopuru sinestezinak xahutu dituztela herrialdearen azpiegiturarik berreraiki edo hobetu ez dutelarik. Diru asko sartu zuten Iraken, metalikotan, barra-barra, eta batere seguruak ez ziren lekuetan utzi. Horrek lapurretak ekarri zituen, eta okerragoa dena, kontratisten handinahia zorroztu. Azken horiek lan guztietako fakturak ikeragarri puzten zituzten eta horrela dirua erraz lortzen zuten. Lotsagarria. Baina, azken finean, munduaren jabeak izaten diren bitartean, ez dago hori gelditzerik. Kontuz ibili, Sam Osaba ez haserretu, bestela gure sosa eta gure bizitza eramango ditu.

Nork: aitzol.2007/12/07 19:59:42.673 GMT+1
Etiketak: enplegu irak publikoa olentzero | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/12/03 20:02:35.076 GMT+1

Hainbat nahiari buruz

Hainbat korronte pskilogikoren aburuz lanean dugun giroak emaitzak baldintzatzen ditu. Horrekin bat nator, baina beti bezala, psikologoek esan arte ez da egitzat jo (ez badakizue, psikologoez dudan iritzia ez da onena, baina bazter dezagun hori). Lana, lantokiaren tamainaren arabera, infernu edo zeru bilaka daiteke, lankideengatik batez ere.

Giro ona baldin badago, errazago egiten da lan, harremanek giroa eta komunikazioa lausotzen dituztelako. Baina lankideekin gaizki moldatuz gero, lana gorrotatzera hel gintezke. Pertsona oso kontuan izaten den honetan, lanak gure bizitzaren zati oso garratzitsua izan beharra dauka, gure nortasuna eta izaera garatu beharra dauka. Duela berrehun urte ez zen horrela, jateko besterik ez genuen lanik egiten. Orain garapen pertsonal osoa lortzeko da. Ez dakit lerdenegi bihurtu garen edo zer, baina lana beti izango da lana, hau da, besteentzat egingo dugu lan jana lortu ahal izateko. Gure gainetik norbait izango da beti.

Gaitik desbideratu naiz. Buelta gaitezen, beraz.

Lantokia neskez beteta badago eta mutila bazara, jai daukazu, zeren “haren”-ena filmetan bakarrik gertatzen da. Kontrako egoeran bazeunde, ordea, gauzak guztiz kontrakoak izango lirateke, hau da, seguruenik mutilen begikoa zinateke, eta inork ez lizuke deus inoiz ez aurpegiratuko. Kontuz, horrekin ez dut esan nahi neskak lankide txarrak direnik, baina nik uste dut askoz zailagoa dela mutil batentzat nesken giroan sartzea kontrako egoera baino. Bai, ikuspuntu matxista dela esan diezadakezue, baina esandakoa da ni egunero baieztatzen ari naizena. Beharbada ez naiz oso soziala, beharbada (psikologoek esango luketeen antzera) nire konplexuek balditzatzen naute. Ez dakit, baina nik lantokian lan egin nahi dut, eta noizean behin, afaritxo bat, baina ez gabonak iritsi direlako edota norbaitek lana aldatu duelako, zurikeriarik ez, mesedez.

 

Beste gai ezberdin bati ekingo diot oraingoan. Bidaiei, hain zuzen ere.

Enpreseen arteko lehiakortasuna zabaldu denetik oso erraza da merke bidaiatzea. Kontua da Interneten bilatzea edo bidai-agentziaz bidai-agentzia joatea, besterik ez duzu. Orain dela egun gutxi albistegiek Bilbotik Pariseraino 20 euro ordainduta joatea zegoela zabaldu zuten (eta publizitatea ez dela esango dute, hara bestea). Kontuak kontu, urte gutxi batzuetan munduak egundoko aldaketa pairatu du. Duela 50 urte jendeak (arruntena, langileak etabar, zeren beti egon dira dirudunak) ez zuen horrenbeste bidaiatzerik, ez zegoen ez horrenbeste aukera ezta horrenbeste lotura sozial gutxi ere. Lehen pobrezia askoz okerrago zegoen banatuta (oraindik ere ez dago ondo banatuta, baina...) eta herritik ateratzea (ez beharrak aginduta, noski) taxuzko bidaiatzat hartzen zen. Orain, kasu batzuetan, ia ez dugu etxea ezta bazkaltzeko ere zapaltzen, bakarrik lo egiteko eta kitto, eguna bukatuta. Mugikortasuna biderkatu egin da, ingurumenarekiko horrek dakartzan kalteekin, baina beste kultura batzuk eta beste mundu batzuk ikustea ahalegindu du. Kabiatik ateratzen lagundu digu egoera berri horrek, baita globalizazioa sustatzen ere. Alde batetik ezagutza sustatu da, baina garraio-konpainia handien diru-zorroa bete ere bai.

Eta zergatik bidaiatu? Bidaiarik gabeko oporrek dagoeneko ez dirudite oporrak. Aisialdia zer den ez dakigulako izango da hori, nire uste apalean. Denbora librea zer den ondotxo dakigu, baina aipatutako denbora hori sozialki eta indibidualki hazteko ez dakigu erabiltzen.

Geografia jakitea beharrezkoa da, nor gauden jakiteko, baina geografia zaletasun bihurtuko bagenu bidaia zentzuzkoagoak egingo genituzke, eta ez Benidormera edota Saloura joan beste nonbaitera joaterik ez dugulako. Arren.

Nork: aitzol.2007/12/03 20:02:35.076 GMT+1
Etiketak: bidaiak lankideak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/11/30 21:01:03.249 GMT+1

Harridura

Jakingo duzuenez, gaur, azaroak 30, 56 pertsona gutxienez hil dira Turkian hegazkin-istripu baten ondorioz. Berez, edozein istripu larria da, eta bizitzaren balioaz jabetzeko ezinbestekotzat jotzen ditut nik istripuak, azken hauek gure ingurukoen balioaz, zer dugunaz eta nork maite gaituenaz ohartarazten gaituztelako. Ezkor samarra da nik botatakoa baina hein handi batean, tamalez, egia izaten da.

Beste kontu bat da hedabideek kasu edo gertakari hauek nola tratatzen dituzten. Esklusiba saltzeko, berria inork baino lehenago saldu beharra dago, eta zenbat eta ozenago esan, orduan eta urrunago helduko da berria. Baina kazetariek bizitzaren etika gutxieneko bat errespetatzen ez dutelakoan nago. Hedabideek gizartea informatzeko balio izaten dutela esatea nahiko nuke, baina zenbait jokaerek kontrakoaz ohartarazi naute. Adibidez, biktimen zifrei buruzko tratamendua. Zenbat eta potoloagoa, orduan eta harrigarriagoa. Eta atzean dauden pertsonak? Nahiz eta nortasun agiri bat izan, ez dira bakarrik zenbaki bat, ezin dira ezer gertatu ez balitz bezala zenbatu. Hedabide gehienei ez zaizkie zenbakiak axola, berriak baizik. Eta kaltetuak gure artekoak baldin badira, horiek izango dute lehentasuna. Berdin da bostehun pertsona hil izatea hiru espainiar edo bost euskalherriko hil baldin badira. Eta ikeragarri haserretzen nau hau entzuteak : “ez da euskaldunik hildakoen artean”. Horrek zer axola du? Ez al gara den-denok berdinak? Ez al gaitu berdintzen ezta heriotzak ere?

 

Bestalde, gaurko Berria egunkariaren kontraportadan berri pozgarri bat irakurri ahal izan dut. Jatorri euskalduna duen neska brasildar bati espediente akademiko onenaren saria eman diote, ikasketak euskaraz egin dituelarik. Neska honen ibilbidea aipagarria eta eredugarria iruditzen zait. Euskaldun berria izaki, unibertsitateko ikasketak euskaraz egin ditu, eta ez bakarrik egin, denak liluratu ditu bere lanarekiko doaiari esker. Langile hutsa da, egunero lan egiten duen horietako bat. Beste modu batean esanda, gehienok egin ez genuen bezala. Zazpi hizkuntzatan hitz egiteko gai da, doktoretza egiten hasi da aurten eta dagoeneko EHU-n irakasle egiten du lan.

Ez dakit zuek, baina ni liluratu egin nau. Bera bezalakoa izatea nahiko nuke nik, hain azkarra, hain jakintsu, horrenbeste jakinminarekin. Eredutzat hartu beharko genituzke bera bezalako pertsonak eta ez prentsa arrosan edota kirol albistegietan agertzen direnak. Neska hori bezalako pertsonak dira mundua mugiarazten dutenak. Haiek gure etorkizuneko aginlariak beharko lukete. Baina gu ez gara haiek bezain azkarrak eta horregatik agintzen digutenak aukeratzen ditugu. Nik bera bezalako maisu bat izatea nahiko nuke, zinez.

 

Eta bukatzeko, aurreko paragrafoan esandakoarekin kontraesan izugarri bat. Sekulako poza hartu dut telebistan Belén Estebanek bizpahiru etxe dituela jakin dudanean. Benetan ari natzaizue, txantxarik ez. Poza zeren daukaguna merezitzen dugulako. Besterik gabe. Bera bezalako ezjakin batek bizpahiru etxebizitza izatea izugarria iruditzen zait (eta ezjakin hitza motz samarra geratzen zait, baina jaun dotore bat naizenez...). Mahaiaren inguruan eserita zeudenek onespen guztia ematen zioten emakume horrek daraman bizimoduari, hau da, beti gainerakoei gaizki esaka aritzeari. “Berak ez du errurik horrelako diru kantitateak ematen badizkiote”. Horixe besterik ez genuen behar. Zentzugabe hori defendatzea. Kulturaren gailurra, zalantzarik gabe. Aurreko paragrafoan esandakoaren aldean dena pikutara bidaltzeko gogo izugarria sentitzen ari naiz. Ez dut gehiago idazteko gogorik, zertarako, gainera? Berritsu batek ez dakit zenbat mila euro merezitzen baditu, beharbada Pedro Miguel Etxenike jaunari bere soldatatik kendu beharko genioke Estebanek merezi duena.

(Barkatu Etxenike jauna pizti horren alboan jarri izateagatik).

 

Nork: aitzol.2007/11/30 21:01:03.249 GMT+1
Etiketak: hedabideak belén esteban bizitza-ereduak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/11/29 20:15:56.936 GMT+1

Denetarikoa

Gaur ez datorkit burura gai zehatzik, beraz, denetarik pixka bat izango duzue. Salneurri berean, hori pagotxa, hori!

Lehenik, kazetari «ospetsu »  bati aditutakoari buruz. Berak Cesar Vidal du izena, eta hainbat irrati-katetan egin du lan. Uste dut azkenaldi honetan COPE irrati ospetsuan egin duela lan. Beraz, hasteko, atera kontuak. Gauza da tipo honek botatakoa. Euskarari buruz (vascuenceari buruz, bere esanetan) aritu da, eta ez oso ondo nire iritzi apalean.

Euskara hizkuntza txikia dela dio Vidalek, eta arrazoia du horretan, baina kontua da gero hizkuntza zaharkitua eta baliogabetuta dela esan duela, eta hor zalantzak sortzen zaizkit.

Eskoletan edota euskaltegietan ikasten den euskara, hau da, batua (nik neuk oraintxe bertan erabiltzen ari naizen euskara bera) tamalgarria dela dio, euskaldun zaharrak ikararatuta daudela horrekin eta ez dutela euskara mota horrekin ezer jakin nahi. Euskaldun zaharrek zer nahi duten ala zer ez duten nahi ez dakit, haiei galdetu beharko zaie. Suposatzen dut Vidalek berak Goierrin, Gernikan, Elizondon edota Iparraldean tokiko norbaitekin hitz egingo zuela horri buruz (eta Aznarren antzera euskara intimitatean praktikatu). Nik dakidana da euskara batuak, gustatu ala ez gustatu, aurrerapauso asko ekarri duela euskalduntze lanetan. Ni euskara batua ikasitakoa naiz, eta ez naiz horretaz damutzen. Are gehiago, ez dut arazorik izan ezagutzen ditudan euskaldun zaharrekin hitz egiteko, haiek ederki ulertzen baitigute.

Espainolari dagokionez, uste dut nahikoa frogatuta dagoela inork ez duela espainola estandarra, hau da, akademikoek edota hedabideek ahoan darabiltena, hitz egiten. Ez eta Valladoliden ere, han ere akatsak dituzte, ziur, guk hemen izaten ditugunak bezalakoak.

Vidal jauna, ez dakit euskara maite duzun (ezetz esango nuke), baina bederen ez gutxietsi herri baten asmoa, herri baten munduaren ikuspegia, herri baten hizkuntza. Hizkuntza hiltzen saiatuz gero herria ere hilko litzateke. Vidal jauna, segi ezazu irratian lan egiten baina mesedez, nahiz eta dotore hitz egin, utz gaitzazu pakean.

Hona hemen harribitxiak:

«El vascuence es una lengua tan primitiva que desconoce, por ejemplo, lo que serían universales, es decir, la idea de “árbol”, que es una idea que existe en lenguas avanzadas (no como el vascuence) en el vascuence no existe. El vascuence como lengua muy primitiva tiene las hayas, “loj pinos”, “loj chopos” pero no tienen “árbol”. Para hablar del árbol han tenido que tomar un préstamo del castellano, que es el “arbola”. Y en ese sentido, claro, es una lengua en la cual todavía el desarrollo de la mente humana no se da cuenta de que hay universales, vive todavía sobre la base de los particulares.» [...]

«No decimos que no se estudie el vascuence; pensamos que el vascuence hay que estudiarlo como otras lenguas minoritarias como el “cheroquí”, el apache o el georgiano. Es decir, nos parece que son lenguas que tienen que tener cátedras de estudio, que es muy interesante los estudios filológicos que se hacen al respecto y no digamos ya que exista un diccionario que permita que esa lengua sea entendida por gente que habla lenguas con un poder de comunicación extraordinario como es el español.» [...]

«Que encima no es el vascuence; es un engendro basado en el “batua” el que se habla en las Vascongadas. La gente que son euskaldunes, que son “euskaroparlantes” están horrorizadas desde hace décadas con eso que se habla en las vascongadas porque ni siquiera es el vascuence, es una lengua absolutamente de laboratorio, basada, además, en el dialecto vasco de Vizcaya, en el batua (sic).»

Bigarrenik, bekaitz handia ematen didate Springsteenen kontzertuan egoteko zortea izan zutenek. 58 urteekin eta sasoi betean, hori bai artista! Eta entzun dudan abesti berria, “Radio Nowhere” izenekoa, itzela iruditu zait. Munduko urre guztia emango nukeen kontzertu hori ikusi izateagatik. Horrek badaki jendea mugitzen, jendea dantzarazten, jendea hunkitzen. Zerbaitengatik izan da, da eta betiko izango da “The Boss”.

 

Hirugarrenik eta azkenik, Imazen eta Erraztiren agurrei buruzko zenbait hitz. Aldez aurretik argi gera dadila ez naizela Imazen aldekoa. Baina bere hurrengo lana zein den entzundakoan txundituta utzi nau Josu Jonek. Nora eta Harvadeko Unibertsitatera, 6 edo 8 hilabetez ikertzaile eta irakasle aritzeko. Euskal Herritik kanpo, eta politikatik at. Arraro samarra, ezta? Hemendik ihes egin nahi izango balu bezala. Nolanahi ere, nik ulertzen diot. Euskal politikak asko erretzen du, eta asko maite behar izan du politika (edota horrek ematen dion dirua) bere zientzilari ibilbidea albo batera uzteko. Harvard-en onartu badute, zerbaitengatik izango da, espero dut. Ez dut uste Aznarrekin Georgetown-en egin zuten bezala jokatu dutela Harvard-ekoek. Egia esan, nire Harvard-ekiko mirespena handia da, eta politikari baten fitxaketaz baliatu nahi izatea unibertsitate horren mailaren altuera ez legoke, nire uste apalean. Dena den, agur Imaz. Eta baita agur Errazti ere. Emakume hori itzal handiko emakumea izan delako asmoa daukat. Nik uste dut galera handia izan dela euskal politikagintzan, baina bakoitzak bere bizitza bizitzeko eskubidea dauka. Nahiz eta guztion lepotik kobratzeko den.

Nork: aitzol.2007/11/29 20:15:56.936 GMT+1
Etiketak: errazti vidal bruce imaz springsteen ta | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)