“We are six people, from Basque Country. We came from Oslo and we go to Nordkapp…”. Edonora iritsi eta beti esplikazio bera: Oslotik atereak ginela, eta gure pulketatik tiraka Nordkappera gindoazela. “Why?” galdetzen ziguten sarri gure zarpei begiratuta. Gogoan dugu Josuk zeharkaldiaren amaieran emandako erantzuna: “Posible delako, merezi duelako”. “Hiru pauso, hiru norabide”. Izen politagorik ez zitzaigun okurritu Eskandinaviako penintsula luzexkan gauzatutako triatloi luzea bataiatzeko.
Josu Iztueta, Beñat Azurmendi, Pablo Dendaluze, Nerea Irazusta, Ane Miralles eta Ramon Olasagasti joan ginen eskiatzen, pulketatik tiraka Oslotik Nordkappera 1998ko otsailaren 2tik maiatzaren 3ra. 2.000 kilometro inguru izan ziren Norvegia, Suedia, Finlandia eta Laponiako elurretan.
Markox Sistiagak, Mikel Troitiñok, Ane Mirallesek eta Josuk hartu zituzten piraguak 1998ko udazkenean, eta Oslotik Helsinkira joan ziren palakadaz palakada irailaren 17tik azaroaren 19ra. 1.500 kilometro inguru kanaletan eta itsaso zabalean. Piraguak izotz-apurtzaile izan zitezkeenik ere!!!
Eta 1999ko apirilaren 18tik maiatzaren 24ra etorri zen “eskurtsioa”. Aitor Elduaien, Josune Gorostidi, Joxean Zubelzu, Ane Miralles, Ramon Olasagasti eta Josu bizikletan joan ginen Oslotik Kirkenesera. 3.500 kilometro guztira, gauerdiko eguzkira bidean.
Hamar urte aurki, Holmenkolleneko tranpolinetik, elurra bera baino zurbilago, abiatu ginela. Elur asko geroztik. “Rewind” eman diogu memoriari, eta Durangoko azokako izotz haiek agertu zaizkigu iruditan, liburua argitaratu berri, karparen kanpoko mahaitxo hartan. Egia esan, hotz gehiago pasa genuen abentura literarioan aurreko hiru pausoetan baino. Hotz hori apurtzen Joxeanen irudiak agertu dira gero, infernuko hauspoarekin bazterrak berotzen. Hark ere ikasi zuen azkenerako: “We are six pipol…”. Aitorrek Martini labana zorrotz harekin ebakitako behatz puska hura ez, bihotz puska bat utzi zuen Eskandinaviako lurretan. Josunek Orbeako pedalkada eta une gozo haiek berritu zituen beste Orbea baten gainean…
Markoxek Pernille burutik kendu ezinik jarraitzen du eta ontziolaren kanpoaldetik Pasaiako portuaren bokalea bistaratzen duelarik, itsasoratzeko gogoari ezin dio eutsi egun ere. Itsasoari loturi bizi da Markox. Mikelek ere bai, itsasoan segitzen du, Zarauzko olatuen gainean, surfa erakusten, eta, inoiz, bere kayak-katamarana ere hartzen du. Ane “apaizac” baino hobeto bizi da. Anek ere pauso bakoitzeko ekarri zuen oroigarriren bat: kozkorreko on bat, berak eskuz egindako piragua bat, egurrezko eski zahar batzuk –nori bururatuko ote zitzaion haiek oparitzea ere?– eta gure pulketan joan ziren eskolako umeen lanen ilusio bera, aldiro.
Beñaten irri-marrak ere gogoan iltzatuta dauzkagu, eskiatzaile harrituaren biñeta eder haiek. Hark ere bai, kaskezurrean sartuta dauzka Vassalopeteko zintzarri soinuak, besteak beste. Ederra izan zen eskapada hura ere. Ramonek ere oroitzapen gozoak ditu “Hiru pauso” istorio hartakoak, bere 26 urtebetetzean Laponiako kota hartan jandako Gorrotxategineko turroia baino gozoagoak. Edo, Norvegiako fiordoetako Pulpitu harrian, Joxeanen soinuak alaiturik 27ak bete zituen bezain biziak.
Pablok eta Nereak ere, Svalbard uharteko ganbara goxo hartako berotasuna sumatu dute Dina eta Peruren begietan. Ganbaran bai… Esaerak beti arrazoi. Hamaika joan ginen eta hamaika gehiago gara geroztik.
Durangotik Letxukaleraino iritsi dira oroitzapenak. Letxukalen abiatu zen dena, nola ez. Beno, ulertzen da, Letxukale esandakoan Josuren burua esan nahi dugu. “Ideia bat zebilkiat buruan, komentatuko diat…”. Akabo, galduta zaude. Zorionekoa zu. “Play” emango diogu berriro oroitzapenen zintari: “We are six people…”. Egon-egon, eman pauseari, telefonoa ari da hoska. Josu da…
-Bai?
- Zemuz? Buruari buelta eta bueltaka ibili nauk. Laster hamar urte dituk “Hiru pauso” abiatu zela eta bazebilkiat ideia bat…






Erantzunak
Nork: Joxean.2007/12/14 14:04:46.099 GMT+1
Nork: Josune.2007/12/17 13:31:52.920 GMT+1
Nork: Aitor.2007/12/17 21:15:27.588 GMT+1
To be continued...
Nork: Beñat.2007/12/19 22:34:23.921 GMT+1
ezagutu nuen, txikia tamainaz, baino aberatsa izaeraz.
Kirol haren inguruan zebilen jendea, kalean ezagutzen
nituenengandik ezberdina zela ikusten nuelako eta
ondorioz, ingurua ezberdin begiratzen ikasteko aukera
eman zidalako. Baziren gustoko beste kirolak ere,
baino fondoko eskiak eta batez ere bere inguruak
bazuten halako erakargarritasun berezi bat, gauza
gutxirekin asko egin zitekela ikusi arazten ziguten
gizaki itxura zuten hainbat adibide. Gizatasuna,
txorakeriarik ez, zaletasuna kutsatu eta
partekatzeko ilusioa, bizitzarekiko jarrera, ondo
pasatzeko gogoa…
Eta hortik abiatuta, bidaiak, hizketaldiak, otorduak,
lagunak… ikuspuntu eta esperientzia ezberdinez
aberasteko aukera itzela. Esperientzia ezberdinen
engranajea, zubi eta orkestako zuzendari dugu
Josu eta beste hainbatengan ere eragina izango
duelakoan nago. Urte askotarako.
Betiko gauza berak beste leku batetatik ikusi
daitezkela konturatzen laguntzeagatik, zorionak 50
aldiz!
Nork: Beñat.2007/12/19 22:37:54.440 GMT+1
Nork: Ane.2007/12/20 10:02:32.396 GMT+1
Uharte galdu haietako kiosko borobil batetik open see
ikusten geundela mundutik urrun baina modu berean erabat
munduaren parte ginela sentitzen nuen. Muxu eta besarkada
haundi bat.
Nork: Markox.2007/12/20 10:37:55.647 GMT+1