Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2011/01/25 22:16:00.985 GMT+1

Interpreteak itxarongelan


Bartzelonan izan gara lau egunez, besteak beste semearen oftalmologoari bisita egiten. Eta ustekabean han ere interpreteekin egin dugu topo.

Klinikako itxarongelan, bazter batean, baziren arabiar itxurako lau lagun. Horietako bat ikusia nuen lehendik, Bartzelonarako aurreko bidaian haren ondoan kafea hartuta baikeunden. Astelehen arte ez dut jakin, haatik, nola duen izena; eta, jakin ere, nahiko modu xelebrean jakin dut, gainera.

Solasean bizi-bizi ari ziren interpretea eta ondoko gizonkote bizarduna. Halako batean, gizonak galdetu zion zerbait; "komuna non dagoen" pentsatu nuen neure artean, hara hartu baitzuen bizardunak. Handik gutxira ohartu nintzenez, ordea, oker nengoen.

Semea jende guztiari "hola"ka ari zitzaiola, hara non entzuten den harrabots halako bat: "¡Pero, aquí, y sin zapatos! ¡Por favor, no!". Lehengo gizonkotea zen, bi eskuak erakusten ari zitzaiola erizainari ahurrak gorantz zituela otoitzean ari zela adieraziz. Erizainak baretu gabe segitzen zuen, ordea. Eta, orduan, gizonkoteak hots egin zion gure interpreteari ume-irribarrez: "Ali!". Alik, ez bat ez bi, eskutik oratu zion gizonari, eta nora edo hara eraman zuen, otoitz egin zezan bakean.

Horretan, andre-gizon batzuk agertu ziren aretoan. Gizona gorra zen, eta ondoan zeinu-hizkuntzako interpretea zuen. Andrearen aldamenean beste neska bat jesarri zen, hura frantseserako interpretea. Haiek ere berriketan ari ziren, patxada ederrean.
  

Nork: Block.2011/01/25 22:16:00.985 GMT+1
Etiketak: bartzelona interpreteak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru