99 URTEZ ORDUA GAIZKI JO ZUEN ORDULARIA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2014-12-05 13:26

Nagore Irazustabarrena

ARGIA, 2014-11-23
Erromatar eguzki ordularia, hiriko lehen ordulari hura baino berriagoa eta zuzenagoa.
Erromatar eguzki ordularia, hiriko lehen ordulari hura baino berriagoa eta zuzenagoa.

Erroman, K.a. III. mendean ipini zuten hiriko lehen ordularia. Katanian (Sizilia) lortu zuten gailua, Lehen Gerra Punikoko gatazka baten ondorengo harrapakinen artean. Jakina, eguzki ordulariek funtzionatzeko funtsezko parametroetako bat erlojuaren kokapena da. Erromatarrek ederki zekiten hori, baina harrapakina hirian jartzea erabaki zuten berdin.

Bi hirien artean lau gradutik gorako aldea dago latitudean (Katania, 37,31ºI; Erroma, 41,53ºI), eta erlojuak ez zuen ia ezertarako balio, ordua zuzen jotzeko behintzat ez.

Hala ere ia mende osoa utzi zuten hantxe. Plautoren komedia batek dioen moduan: “Jainkoek nahas dezatela orduak asmatu zituena eta hiri honetan eguzki ordulari bat jarri zuena, eguna txukun ordenatutako zatitxotan zatitu baitit. Txikitan urdaila nuen ordulari bakarra, horietako edozein baino hobea eta fidagarriagoa.  Jateko ordua jotzen zidan beti, jatekorik ez zegoenean izan ezik”.


Utzi iruzkina: