OXI!

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2015-07-09 18:30

BERRIA, 2015-07-07 / Anjel Lertxundi

Guk agindu eta zuek, isil-isilik, esandakoa bete. Diruak boterea eta hitza ditu bere, eta diruaren belarriak txit gorrak baitira pobrearen ahotik irteten diren kexuentzat, troikak, diruaren ahotik mintzatzen den bozgorailuak, obedientzia isila, otzantasun isila, menpekotasun isila agintzen zien europar Estatu zorpetuei. Eta denak, mutu. Horra Espainia, troikak gehien txalotu duen lurraldea: Europa libreko Estatu batek inoiz erakutsi ote du, gerran edo oste batean ez bada, Espainiak Rajoyren mututasun kronikotik erakutsitako menpekotasun morroiagorik? Gure kopla zaharrak zorrotz laburbiltzen du jarrera: «Otso agertu nitzan argalen aurrean, zakur leial bezala nausien oinpean».

Denak isilik, beraz, harik eta igandean greziarrek oxi! (ez!) esan zuten arte. Oxi atzekoz aurrera irakurtzen bada, ixo! euskarazkoa ateratzen zaigu. Isilik obeditzea eskatzen zien troikak, baina Grezia izan da duintasunari eutsi eta oxi! esanez ixo! agindu diena.


Utzi iruzkina: